Goizuetan lainoa lehertzen duenean...

  • Errioan marmitak garbitzen ari zela sentitu zuen Manuelek lehendabiziko ur-kolpea. “Baina zer da hori, olatua?” pentsatu zuen. Bere herrian, Hernanin, tanta bat ere ez zuen bota goiz hartan, Goizuetan ordea “baldeka”. Urumea zazpi metro igo zen ia ordubetean eta erasoak sorpresan harrapatu zituen denak duela 70 urteko igande goiz hartan, baita mezan zeudenak ere. Goizuetan lainoa lehertzen duenean... apaizek ere kontuz ibili beharra baitaukate.

Ilustrazioa: Ainara Azpiazu 'Axpi'

1947ko abuztuaren 24a zen, San Bartolome eguna. Goizuetako festen ondorengo igandea. Mañoli Loiartek goizeko sei eta erdietako mezara joateko ohitura zuen, eta egun hartan ere halaxe egin zuen. Meza entzun ostean, Alduntzingo bidea hartu zuen; Goizuetatik atera eta Hernanirako bidean, Urumean behera errepide ertzean dagoen jauregian lan egiten baitzuen markesitentzako neskame.

Goizuetan hiru meza izaten ziren igandetan, eta Antonio Elizaldek, zortzi eta erditakora joateko prestatzen ari zela, entzun zituen lehendabiziko trumoi hotsak. Mezaren lasaitasunean, elizaren babesean gutxik esperoko zuen bertatik ateratzean aurkituko zuena: “Gu mezan ginela gailendu zen hura –ekaitzaz ari da Antonio–. Han nonbait, Goizueta gainean, lainoa lehertu ziken. Botatzen zuen... ez euria tza-tza-tza. Zorroan nola ateratzen da ura ontzia hustuta? Horrelaxe!”.

Plaza urez betetzen hasia zen eta Zubi Haundia urak ia estali zuen. Nola zen posible hura? Ordu bete lehenago oinez pasatzeko moduan zen eta erreka… Arrosa izeneko emakumea Zubi Haundia zeharkatzen saiatu zen, urak gerriraino zituela. Baserrira joan beharra zuela eta erreka pasatzeko modu bakarra hura zuen. “Jendea ujuka hasi huen, ez pasatzeko eta ez pasatzeko. Azkenean mako bati heldu eta pasa zuten. Ura ikaragarrizko indarrarekin zihoan, eta ordurako zubia, plaza eta eliza hartuak zituen.

Aldakatarainoko urak eliza barruan

Milagros Narbartek ere ez du ahazteko egun hura. Ama oso elizkoia zuten eta eliza urak hartu zuela entzun zuenean, laguntzera joan zen lasterka. “Elizan aulkiak izaten ziren erdiz behera emakumeentzat, erdiz aurrera bankuak, gizonezkoentzat. Aldakataraino iristen zen ura, eta aulki guztiak dantzan zebiltzan uraren gainean. Don Juan parrokoa bizkarrean hartuta atera zuen elizatik Miguel Sukuntza korrikalariak”.

Plaza urez betetzen hasia zen eta Zubi Haundia urak ia estali zuen. Nola zen posible hura? Ordu bete lehenago oinez pasatzeko moduan zen eta erreka…

Denbora gutxian urak herria hartu zuen. Hurrengo egunean Udalak idatzitako agiriak ere hala zioen: “Zazpi metroko altuera hartu zuen urak Goizuetan eta eliza eta plaza aintzira bat bailiran geratu ziren”. Milagrosek gogoan du oraindik: “Errekatik ateratako urek olatuak sortzen zituzten plazan, itsasoko olatu hilak bezala, plat, plat...etxeen hormen kontra jotzen zutenean.”

Mañoli Alduntzinen zegoen jadanik, Goizuetatik 2 kilometrotara. Bertan, ez zuten sumatu ere egin euritea. Arduratua zegoen, ordea, markesitak zortzi eta erdietarako mezatik bueltatzen ez zirela ikusita. Ez zuen asko behar izan ezohiko zerbait gertatu zela ohartzeko: “Jauregiko leihotik erreka ikusten zen, gero eta gehiago ura, gero eta gehiago ura... Errekan behera elizako aulkiak eta sepulturak zetozen! Orduan konturatu nintzen, urak eliza hartu zuela”.

Urumea ziztu bizian zihoan Hernanira bidean: zuhaitzak, abereak... aurrean harrapatzen zuen guztia arrastaka zeraman. Antoniok gogoan du, garai hartan Goizuetan telefono bakarra zegoela. “Hernanira deitu omen zuten, urak hazita zihoazela eta kontuz ibiltzeko. Hernaniarrek, ordea, han eguzkia zela... gero sinetsiko zuten, noski”.

Errioa olatua bezala

Manuel Garayarren aitak Hernaniko Lastaolako zentralean egiten zuen lan, Goizuetatik 26 kilometrora. Eta hantxe, lanean, harrapatu zuten Goizuetatik deitu zutenean. “Manuel, lainoa lehertu duk Goizuetan eta urak hazita zatozek –esan zion aitak–. Kontuz ibili baserrian”. Lizarra baserria erriberan zegoen eta kontuz ibili beharra zuten uholdeekin.

Ama Donostiako Bretxatik iritsi zenean egunero bezala merkatutik hutsak zekarzkien esnetarako marmitak garbitzera joan ziren. Urumea baxu zetorren eta ez omen zegoen arriskurik. Erriora sartu orduko, ordea, olatu txiki bat sumatu zuen Manuel gaztetxoak. Begirada altxa zuenean ikusi zuen zetorrena: “Olatua bezala, kolpean igotzen hasi huen errioa. Ordu betean urak baserriko kupel guztiak dantzan jarri zizkian eta justuan-justuan ez huen iritsi ukuilura. Lau bat metro igo huen gure inguruan”.

Bizilagun asko abereak ukuiluetatik salbatu nahian hasi ziren. Luis Elola hernaniarrak ere arriskuan ikusi zituen bere jabetzak, eta etxera igarotzeko Karabeleko zubia gurutzatu nahian urak eraman zuen.

Ur-kolpea hiru kilometro beherago dagoen Hernaniko Karabel auzora iritsi zenean, La Voz de España egunkariko kronista trenean zegoen eta “Urumea unean-unean nola igotzen zen” ikusi zuen. Hurrengo egunean gertaturikoaz idatzi zuen: “Minutu gutxian bere ibilgutik ateratzen hasi zen Urumea eta inguruko lur guztiak estali zituen. Karabeleko zubitik atera behar izan nuen, ibaiak zubiaren bi aldeak urez estali baitzituen”.

Bizilagun asko abereak ukuiluetatik salbatu nahian hasi ziren. Luis Elola hernaniarrak ere arriskuan ikusi zituen bere jabetzak, eta etxera igarotzeko Karabeleko zubia gurutzatu nahian urak eraman zuen. Izan zen hura laguntzeko bizia arriskuan jarri zuenik, baina Luis desagertu egin zen.

Igo bezain azkar egin zuen behera berriro ere errioaren mailak. Urak bere tokira bueltatu ziren arren, uholdearen arrastoek egun asko iraun zuten Urumea bailaran, eta urteak, egun hori bizi izan zuten herritarren gogoan.  

Biharamuna: amuarrainak erriberako putzu-zuloetan

Uholde osteko egunean Goizuetako alkateak agiria idatzi zion Nafarroako Gobernadore Zibilari: “Abere asko itota hil dira, labore asko suntsituak, herriko hiru zentral lohiaz estaliak, etxeak urez beteak eta eliza aintzira bihurtua. Momentu honetan herria urik, argirik eta telefonorik gabe dago. Itxita daude Leitzarako bidea eta Hernanirakoa, herria guztiz isolatua geratu da: 4 milioi pezetako galerak izan dira. Herritarrak zerbitzu guztiak ostera ere martxan jartzeko ahaleginetan ari dira, bai eta zentralak garbitzeko lanak egiten ere.”

Jose Antonio Apezechea ere ibili zen zentralak garbitzeko lanetan. “Uholde hori batzuentzako txarra zen, baina gu bezalakoentzat, ona. Jende asko zen orduan lanik gabe, eta jornalak oso baxuak ziren”. Gogoan du Goizueta eta Leitza artean zazpi puntutan puskatu zela errepidea. “Hilabeteko jornala 16 pezeta gehi soldata bazen, uholdearen ostean bost duro ordaintzen hasi ziren eguneko; sekula harririk ikusi ez zutenak ere harginak ziren orduan”. Goizuetarrak eta Leitzarrak ibili ziren konponketa lanetan baita aranaztar eta lesakarrak ere, “denentzat jornala bazen orduan”.

Hernani inguruan ere ez zen nolanahikoa izan biharamuna. Manuel Garayarren erriberan landaturiko lupulu eta uzta guztiak galdu ziren. Arreta deitu ziona, ordea, elektrizitateko posteen kontra zegoen egur pila zen, “meta bezala, baserrirako urte osorako egurra bildu genian”. Sekula ahaztuko ez duena, ordea, erriberako putzu-zuloena da: “Ura jaitsi huenean, putzuak geratu hituen punturik baxuenetan, eta putzuetan amuarrainak! Eskuz harrapatzen ibili ninduan”, kontatu digu barrez.

Karabel auzoan goiza tristeagoa izan zen. Luis Elolaren gorpua errio ertzean azaldu zen goizeko lehen orduan, itota.

 

Errepikatu al daiteke antzeko fenomenorik?

Lainoa lehertu zuen eremua oso mugatua izan zen. Lekukoen esanei kasu eginez, 5.000 Ha-ko zabalera izango zuen. Goizuetako herrian bertan elizaz behetik dagoen Olaberriko erreka ez zen mugitu ere egin. Ordea, elizaz goitik urrutiagotik datorren Zumarresta eta gertuago dagoen Urdiñola errekak esaterako, zeharo haziak zetozen.

Testigantzen arabera, Urdiñolan gertatutakoak azaltzen du zergatik joan zen ur-kolpea edo olatua Urumean behera. Jose Antonio Apezecheak ere hala kontatzen du: “Euria ikaragarri bota zuen eta erortzak edo ur-jauziak izan ziren. Urdiñola erreka txikiaren ertzean gaztainaren enborrak ziren moztuta eta paratuta. Erortzak enborrak goitik behetik hartuta, Leitzako mugan den zubi txikira eraman zituen eta zubi hura trabatu gaztainondoekin. Atzetik etorritako adarrek, lurrak eta orbelak uraren pasadizoa itxi zuten. Orduan bazter guztiak, denak, urak hartu zituen”.

Euskal Herriko beste lekuetan ere bizi izan dituzte antzeko fenomenoak. 1913an, esaterako, Baztanen, Bidasoa ibaian 12 metro zabal eta 5 luzeko olatua sortu zen; bertako herri eta inguruetan hemezortzi zubi birrindu eta bi emakume hil zituen. 1915ean berriz, Legazpin, Aizkorrin lainoa lehertu, eta urak kalte handiak sortu zituen herrian eta inguruetan.

Fenomeno meteorologiko asko errepikakorrak izan ohi dira. Ganix Esnaola Aldanondo EHUko ikertzailea eta irakaslea den atmosferaren fisikariak bere iritzia eman digu gertatu zena kontatzeko, eta berriro ere gertatu ote daitekeen argitzeko:

“Uholdea, azken finean, fenomeno meteorologiko baten emaitza baino ez da. Kasu honetan seguraski aurreko egunetatik zetorren ezengorkotasun egoera batetik garatutako ekaitz konbektibo bat izan zela dirudi, oso lokalizatua eta litro asko askatu zituena Goizueta inguruan, oso denbora gutxian. Posible al den errepikatzea? Meteorologian halako fenomenoekin probabilitateaz hitz egiten dugu, eta bai, dudarik gabe aukera badago berriro ere halako edo antzeko episodio meteorologiko bat gertatzeko. Galdera, ordea, ez da gertatuko den ala ez, baizik eta zein maiztasunekin gerta daitekeen. Hori erantzuteko nahikoa daturik ez dugu oraindik. Hala ere, gertatuta ere inork ezin du ziurtatu ibaiak erantzun bera izango duenik. Garai hartako Urumearen ezaugarriak eta egungoak ez baitira berdinak.”


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ibaiak
Ur kontsumo arduratsua lantzen hasi eta erreka garbiketa herrikoia antolatzen bukatu dute Legutioko ikasleek

Ikasleekin uraren gaia lantzeak askorako eman du Legutioko Garazi eskolan: ikastetxeko komunetako iturri eta dutxetan ura alferrik ez galtzeko modua ezarri dute, eskolako ortuan euri ura aprobetxatzeko sistema planteatu dute eta herriko errekatik zaborra ateratzen 70 bat lagun... [+]


Alfredo Ollero Ojeda
“Ibaiak haien ibilguetan gero eta sakonago hondoratzen ari dira”

Euskal Herria zeharkatzen dutenen artean ibairik handiena da Ebro. Haren ertzean mintzatu gara, Ollero bizi den Zaragozako sarreran, lertxunaren ibili geldoa, txorien kanta zoroa eta ibaiaren emari barea lagun, udaberria 33 gradura lehertu den arratsaldean, zorionez arbolen... [+]


2023-02-12 | Estitxu Eizagirre
“Ta argiya iñ zan” emanaldia
Energiaren dilemak Urumea ibai barrutik

Ibai ondoan bizi dira Ainhoa Gutiérrez del Pozo eta Eli Pagola Apezetxea. Zentral hidroelektrikoekiko jakinminari tiraka hasita ikerketa eta zinema uztartzen dituen arte esperientzia prestatzen ari dira, Hernaniko Sormen Bekari esker: arte ikerketa honetan, harremanetan... [+]


Eguneraketa berriak daude