Orrialderik onenetakoak

Hodei berdeak. Jon Alonso. Susa, 2003

Jon Alonsoren hitz-lauzko lana –bere adar anitzetan: narrazio, nobela, saiakera, horien arteko nahasketa posible guztiak– balio segurua dela badiot, ez naiz orain arte esan gabeko ezer esaten ari. Besterik da hitz-lauzko lan horren barne hierarkizazioa aldakorra izan daitekeela esatea. Esan nahi dut, bere garaian tarte honetara ekarri banuen Camembert helburu, eta aitortu banuen “aldarrikatu beharreko liburua” dela, gaur ekarri nahiko nuke Hodei berdeak, Jon Alonsoren orrialderik onenetakoak bertan daudelako ustean. Noski, hau ez da konpetizio bat, ez bada, orrialde bikainen artean aukeratu ahal izanik, irakurlearentzako pagotxa sekulakoa.

Hodei berdeak, beraz, liburu interesgarria ikuspuntu askotatik, hasteko planteatzen duen jolas metaliterarioarengatik: nobela gisa hasten da kontakizuna –“nobela hori, izan, bada. Edo nobela itxura duen zerbait, behintzat, osorik eta erabat bukaturik ez dagoen arren”–; baina nobela horren gaineko oharrak irakurtzen hasiko gara halako batean –“sasi-nobela horren osagarri litezkeen ohar edo zehaztapen hauek idatzi baititut”–. Azkenerako, ustez lau eskutara idatzitako liburu bat irakurtzen ari garela jabetzeko: “Nire lehengusu Xabierrek idatzi zuen nobela bukatugabearen zirriborroa, baita nik berarekin proiektu honetan ibili nintzen denboran –gehi bere zirriborroa leituta burura etorri zaizkidanak–, idatzi ditudan ohar guztiak ere”.

Hodei berdeak, beraz, liburu interesgarria ez bakarrik egituragatik, berdin harrapatzen dituen kontuengatik. Kokatzeko, kronologikoki, “etorri zen Iruñeko Aberri Eguna, Vuelta a España-n jarritako lehergailua, salbuespen-egoera. Etxebarrieta hil zuten”. Eta politikoki, bada, batetik, geopolitika kontuak, hala nola yankeeekiko harremana –“Francoren Espainia nola pasatu zen etsai izatetik aliatu estrategiko garrantzitsua izatera”–, eta zehatzago EAJk izan zuena –“sozio erabilgarriak izan ziren garai batez”–; baina interesgarria, batez ere, indarkeriaren gaineko dilemaz ari delako, eta gurean sentsibilitate diferenteek borroka armatuarekiko hartu zuten jarreraz: “EAJk borroka armatuaren justifikaziorik onartzen ez duen honetan, bere jarrera beti ‘baketsua’ izan dela dioen honetan, garrantzizkoa da gogoraraztea ez zela hori bere jarrera 1968-69 urteetan”. Tesi orokorra izanik gurea ez dela zeozer originala, nabarmenduz “gure pieza-izaera, gure txikitasuna, gure nazioartekotasuna”, eta berriz ekarriz ideia higatu baina zentzurik batere galdu ez duena: “Aje edo bestondo izugarria bezalakoa da gurea (...) mozkor historiko baten ondorioa”.

Hodei berdeak gaurkoan, beraz, Jon Alonsoren orrialderik onenetakoak bertan daudelako ustean, eta auskalo garai buelta hartako, XXI. mende hasierako euskal literaturako orrialderik onenetakoak.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude