EPPK, urratsez urrats askatasunaren bidean

  • Oso ausarta da EPPKren erabakia. Lehenbiziz bere bizitzan, badaki aurrerantzean bera izango dela bere buruaren guztiz jabe, ez duela ETArekin partekatu beharko ezer, molde batez edo bestez ETA desagertzera doalako eta presoek arduratu beharko dutelako beren etorkizunaz, beti ere euskal gizartearen laguntzarekin.


2017ko uztailaren 17an - 10:08

Hori da deigarri egiten den beste puntu nagusietakoa, egin beharreko bidea gizarteari begira egiteko borondate irmoa. EPPK-k badaki bere helburuak bete daitezen nonbaiten baldin bada sostengurik, hori euskal gizartean bilatu behar dela. Presoen esparru sozio-politikoak beti eman die babes politiko edota humanoa eta orain, espetxe politika aldaketaren aldarrikapenean, euskal gizarte ia osoaren sostengua dute. Euskal Herrian PP, UPN eta gutxi gehiago dira aldaketa ezaren gotorlekuan. Eta bai, sostengu hori orain arte ez da nahikoa izan espetxe politika aldarazteko, baina beti izan da lagungarria espetxean eusteko, senideak laguntzeko edota Madrilgo agintarien ankerkeria salatzeko. Ez da gutxi.

Urratsik garrantzitsuena 2013an iragarritakoaren garapena da: EPPK-ko kide bakoitzak bere bide propioa egin ahal izango duela Espainiako legediak eskaintzen dituen zirrikitu guztiak baliatzeko. Askatasuna helburu nagusi, Euskal Herrira gerturatzea, espetxe batean edo gehiagotan biltzea, gaixoak etxeratzea, baimenak izatea… denak balio du kalera bidean. Denak, salbu eta damutzea eta espainiar agintearekin kolaboratzea. Asko laburbilduta, hor dira EPPKren politika aldaketaren gakoak. Eta bide horretan kontraesan asko izan daitezkeela jakitun –adibidez, zer da damutzea? Nork jartzen ditu marrak?–, malgutasun handiz jokatu beharko dutela adierazten dute.

Iraganeko zama ere hor da

Dudarik gabe, bazen ordua! EPPK-k ikuspegi bat izan du orain arte eta EPPKtik kanpo izan diren beste askok beren bidea egin dute edo egiten ari dira: batzuek kalera ateratzeko eta beste batzuek ezker abertzalearen bide berria salatzeko. Barruan dagoenak hartu behar ditu dagozkion erabakiak, hori da kanpotik begiratuta begirunezko araurik oinarrizkoena. Ikuspegi horretatik, pena da hau 2013an erabaki zela eta 2017ra arte ez dela bide bihurtu.

Konponbideari begira, EPPK-k batez ere etorkizunari begiratu dio, logikoa den bezala. Baina iraganak zama sekulakoa utzi du kasu honetan ere, eta komeni da kontuan hartzea, euskal gizartearen erantzukizunaren tamaina ulertzeko: ETA-Madrilgo Gobernua negoziazio saio bakoitzean presoen eta errepresaliatu guztien egoera bideratzeko hainbat aukera galdu ziren, eta enbor haien mozketak ere badira egungo ezpal hauek.

Edozein modutan, guztiak etxean izan arteko bidean, garrantzitsuena da orain baldintza hobeak direla atzo baino presoen egoera urratsez urrats hobetu ahal izateko.  


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EPPK
2023-04-17 | ARGIA
EPPK-k berretsi du "denen sufrimendua" amaitzeko urratsak emateko prest dagoela

Apirilaren 17an Preso Politikoen Nazioarteko eguna dela eta, agiri bat kaleratu du kolektiboak, eta gogorarazi du urruntze eta sakabanaketa politika bukatu izana “luzaz itxarondako albistea” zela.


2020-07-03 | ARGIA
Marixol Iparragirreren askatasuna aldarrikatu dute bere aurkako epaiketaren aurrean

Uztailaren 8an eta 9an egingo da espainieratu zutenetik izango duen lehenbiziko epaiketa. Marixol Askatu ekimenak Iparragirreren askatasuna aldarrikatu du, egungo ziklo politikoan “epaiketa oro soberan” dagoela esanez.


2020-05-30 | ARGIA
EPPK: "Patxi Ruizen muturreko erabakiaren aurrean sektore jakin batek izan duen jokabidea oso larria da"

"Aipatu sektore horrek, EPPKko kide, EH Bildu, Etxerat, Sare eta Sorturi erasotzeko baliatu nahi izan du egoera hau guztia, Patxiren egoera konpontzeko ezer ez egitea egotziz eta, areago dena, egoera orokorraren errua ere leporatuz", dio Euskal Preso Politikoen... [+]


2019-07-08 | Hala Bedi
Jose Angel Ochoa de Eribe baldintzapean aske geratu da

Urkabustaizko bizilagunak gaixotasun larria du.


2019-04-17 | ARGIA
EPPK-k "beharrezkoak diren ekarpenak" egiten segituko duela berretsi du

EPPK-k  agiri berria plazaratu du Preso Politikoen Nazioarteko Egunean. Egoera “gordina” dela adierazi du, baina ez duela “atzera” eginen erran du ere.


Eguneraketa berriak daude