"Antzerkia askatasun espazioa da, eta gaixotasun mentala dutenak ohituta daude halakorik ez izatera"

  • Psikologoa da Clàudia Cedó, baita antzerki-zuzendaria eta antzerkigilea ere. Banyoles (Girona) du bizitoki eta han sortu du, artea eta psikologia uztartuz, gaixotasun mentala duten 120 lagunek osatutako Escenaris Especials egitasmoa.

“Gurea ez da terapia. Estigmak eragiten du autismoa edo gaixotasun mentala duten lagunek horretaz baizik ez hitz egitea”. (Arg.: Escenaris Especials)
“Gurea ez da terapia. Estigmak eragiten du autismoa edo gaixotasun mentala duten lagunek horretaz baizik ez hitz egitea”. (Arg.: Escenaris Especials)

2006an otu zitzaizun psikologia eta artea fusionatzea. Nola sortu zen ideia?

Psikologia eta antzerkia uztartuta lor zitezkeen helburuak ezagutzeko jakin-mina nuen aspalditik. Psikologia ikasketak amaitu berri nituen, eta antzerkia ikasten ari nintzela jabetu nintzen antzerkigintzan egiten nituen jarduerek barruko emozioetan eragiten zidatela. Konturatu gabe, psikologiaren bitartez ere landu zitezkeen gauzak lantzen hasi nintzen antzezpenaren bitartez. Beraz, erabaki nuen erabilgarria litzatekeela esperientzia horri forma eman eta Escenaris Especials proiektua abiatzea.  

Erreferentziazko proiekturen batean oinarritu zinen bide horri ekiteko?

Artea askok landu dute terapiaren alde. Adibidez, erreferenteetako bat dut Jacob Levy Morenoren psikodrama. Hark ere psikologia eta antzerkia uztartzen zituen, baina, arazo psikologikoak lantzeko interesa zituzten kideak aukeratzen zituen antzerkiaren bitartez, haien arazoak antzeztu eta lantzeko.

Zertan da desberdina Escenaris Especials?

Gurea ez da terapia. Guri interesatzen zaigu, adibidez, drogadikzioaren kontrako borrokan dauden ikasleek antzezlan bat egitea gai horretaz; agian eurek heriotzaz hitz egin nahi dute, edo sexuaz, edo beste gairen batez. Beraz, zentzu horretan gaiak irekiagoak dira; izan ere, estigmak eragiten duena da autismoa edo gaixotasun mentala duten lagunek horretaz baizik ez hitz egitea, eta hori bazterketa da. 

Antzerkigintza, bere horretan, terapeutikoa da?

Zalantzarik gabe, eta horretan oinarritzen gara. Alegia, antzerkia egitea guztiontzat da positiboa. Antzerkigintza askatasun espazioa da, nahi duguna filtrorik gabe esan eta egiteko. Baliabide bat da, gertatzen dena da kolektibo hau bereziki ohituta dagoela askatasun espaziorik ez izatera. Tira, guk ez dugu terapiarik egiten, baina terapeutikoa bada, izan.

(Argazkia: Proscenium)

Hamargarren urteurrena ospatzen ari zarete. Emaitzekin pozik?

Azken hilabeteetan hainbat ekitaldi antolatu ditugu, baina bereziena azkena izan da: urteurren gala. Oso pozik gaude emaitzarekin. Sari banaketa izan zen, oso hunkigarria. Hamar urte hauetan egin ditugun 54 antzezlanak ekitaldian aipatu genituen eta, hein batean, aitzakia izan zen ibilbide guztiaren errepasoa egiteko. 

Nola eragiten die sari banaketa baten bitartezko aitortzak zuen ikasleei?

Kontuan hartuta Hollywooden mailako gala bat antolatu genuela, ikasleek ilusio handiz bizi izan zuten. Aktore ezagunak etorri ziren eta aukera izan genuen aldarrikapena egiteko. Izan ere, gisa honetako galetan normalean gaixotasun mentala duten pertsonak ikusezinak izaten dira, erabat.

Bakarrik hasi zinen. Zeintzuk osatzen duzue gaur egun lantaldea?

Oraintxe 120 ikasle ditugu eta lantaldea handitu da. Marta Iglesias psikologoa eta antzerki zuzendaria da, ni bezala. Ana del Barrio arduratzen da ekoizpen arloaz, eta behin espektakulua sortzen dugunean, jende gehiagok parte hartzen du, kontu teknikoak, eszenografikoak eta diseinu lanak egiteko.

Nola lortzen duzue finantzazioa?

Hasteko, antzerki saioak eskaintzen dizkiegun hamar fundazioek urteko kuota bat ordaintzen dute. Horretaz aparte, Banyoleseko Udalaren, La Caixaren, Psikologoen Eskolaren eta beste hainbat elkarteren diru-laguntzak jasotzen ditugu. Gure erronka da finantzazioa bilatzen jarraitzea ekonomia ez dadin izan edonor proiektuan murgiltzeko arazo bat.

Zein da zuenean parte hartzen duten ikasleen profila?

Profilak askotarikoak dira: ahalmen urritasuna duten helduak, gaixotasun mentala dutenak, autismoa dutenak, urritasun neuromotoreak dituzten haurrak eta adikzioen kontrako borrokan daudenak, besteak beste.

Eta zein da haien beharrik garrantzitsuena?

Euren askatasuna sustatzen duten ekimenen beharra dute. Baina behar hori orokorra da, ez bakarrik bazterketa jasaten dutenentzat, baizik eta gizartearentzat, oro har. Haur garenean, askatasunez jolasteko espazioekin arazorik ez dago, baina koskortzen garenean, espazio horiek desagertzen dira erabat. Eta osasun mentalerako funtsezkoak dira. Desberdintasunari balioa emango bagenio, kultura izugarri aberastuko litzateke, eta, artea baliabide bikaina da horretarako.

Zaila da artea eta terapia uztartzen dituen proiektu bat altxatzea?

Egoera asko hobetu da hamar urte hauetan, baina lan handia dugu aurretik. Zaila da gizarteari eta erakundeei ulertaraztea psikologia eta artea uztartzen dituzten proiektuak ezinbestekoak direla. Sekulako lana egiten ari gara, eta jendea ez da konturatzen. Ez dago erantzukizunik, eta borroka etengabea da.          

Duintasuna

“Psikologia ikasketak amaitu nituenean espetxeetan eta desintoxikazio zentroetan lan egiten nuen. Erraietan izan dut beti psikologia eta antzerkiarekiko interesa. Beraz, 2006an, Banyolaseko Udalari proposatu nion Escenaris Especials proiektua. Ideia zen espetxeetan zeudenei, autismoa zutenei eta alkoholismoaren kontra borrokatzen ari zirenei ikastaroak eskaintzea. Hamar urte hauetan lortu ditugun emaitzak sekulakoak izan dira. Erakunde publikoak ohartu egin behar dira gure lanak zenbateraino laguntzen dien bazterkerian dauden pertsona horiei duintasuna lortzen”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antzerkia
2024-02-28 | dantzan.eus
Lau pastoral plazaratuko dira 2024 urte honetan

Aurtengo urtea emankorra izango da pastoralei dagokionez, lau pastoral emango baitira; bi Zuberoan eta beste bi Zuberoatik kanpo: Iruñean (Nafarroa) eta Xarneguko (Lapurdi-Nafarroa Beherea) zonaldean. Gure herriko lau historia ezagutaraziko dira oholtzan antzerki,... [+]


Xabin Fernandez eta Intza Alkain. 'Kanpora sartzen' antzezlana
"Zuen bizitzan lehen aldiz, herrian ikusiko duzue GIBa"

2013an, medikuaren telefono deia jaso zuen Xabin Fernandezek (Legorreta, Gipuzkoa, 1985). Diagnostiko garbia eman zioten: GIBa. “Seropositiboa zara”. Bizitzak 360 graduko buelta eman zion orduan. Mamuak agertu zitzaizkion: beldurra, amorrua eta lotsa, besteak beste... [+]


Eguneraketa berriak daude