Birzentratzea

Udako etenaldiaren bezpera hauetan, larriki espantatua dute Abiadura Handiko Linearen ondorioz, distantziak laburtuko direla ikaragarri: Paristik Bordele 2 oren eta Baiona 3 oren eta erdira egonen dira. Beldurtzekoa: errazagoa Parisera joatea, Maulera edo Garazira baino.

Kontuak gogorarazi dit Bordeleko Victoire-n duela gutxi nola kafea zintzur kontra sartu zitzaidan 2,20 euro eskatu zizkidatenean. Kafeko. Bi ginen: 4,40 euro. Ez berezia, ez ebakia, kafe huts sinple bat. Eta horra non aldekoak azaldu zidan, natural-naturalki: “Orain Bordele Paristik bi ordutara da”.

Tupustean galdegin nion ea hango prezioak zergatik jasan behar ziren. Ufatu zuen. Horretan utzi genuen, iduriz arras koherente eta arrazionala behar zukeen argumentuan zerbait huts egin nuelakoan. Mollat etxean diru gastatzera joateko enbeiak oro haizatu zizkidan.

Bai, Bordele Paristik bi ordutara da jada eta baliteke luza gabe baionesei Bordeleko prezioak aplikatzea: argi ez lukeenarentzat, kafea garagardotara konbertituz, kaña 4 eurotan ateratzen da. Mozkortzeko jornalaren erdia gastatu behar.

Trenaren adibidea interesgarria da, gaia aztertu duten zenbaitzuek aspaldian ondorioztatu baitute trena kanpainetara heltzeak eragin aldaketak, on eta gaitzak, aurrerapen ororen gisan. Gure kasuan, gure bizimolde eta kulturen asimilazioa bideratu zuen, garai berean berekin batera ekarri zituelako beste aldaketa zenbait eta aitzinamendua irudikatzea kanpotar kolonizatzailearekin alderatu eta parekatuz, haren baloreak hobetsiz, guretako zer den on irakatsiz. Larzabal, Erdozaintzi, Luku edo Irigoienek ez diote besterik.

Bordele da hurbilago, paristarrentzat eta Parisetik, eta gu handik hurbilago bihurtzea du xede, gure bizimoldean, prezioetan, kezka eta gainerateko guzian eraginez. Argumentu bat gehiago AHTren kontra. Mugikortasuna bultzatzean, mugimendu mota jakinak dira bilatzen, turistenak eta probintzialen izpirituenak.

Hain zuzen ere, trenbidea aipatzean mobilitatea aipatzen baitzaigu eta batez ere “deszentralizazioa”. Kontu erretorikoa da. Bi mende dira, lege eta dinamika desberdinak direla, hura bera helburu dutenak. Aurkezten direnean, aipatzen da botere instituzionala, baliabideak, dena delakoak, deszentralizatzeko asmoa, Paristik, eta helaraztea probintzietara. Saltzen zaigun moldean, pentsa dezakegu probintzien probetxu dela, delegatzearen ideiarengatik, hots, hemen erabakitzeko edo garatzeko. Periferiara helarazten dira botereak, instituzio eta trenak baina ez guk erabiltzeko, zentroan denaren luzapena izateko baizik. Gure kasuan, frantses botere, kultura, bizimoldea, erabakiak, gure ziloetaraino helarazteko.

Nondik behatzen zaion, deszentralizazioak, zentralitate gehiago suposatzen du. Mobilitateak, imobilismo gehiago. AHTak turistifikazio eta akulturazio gehiago. Deszentralizazioa, ororen buru, zentralizazioa da, periferiko guzia erdiguneari beha jartzekoa eta norberarenetik deszentratzea da, gurea denetik urruntzea, ahantziz zer garen eta non.

Preseski, udako parentesi luzexka ideki aitzin, aipatu beharra dut ekimen interesgarria, agian gugan birzentratzen laguntzekoa: Euskal Herriko Unibertsitate Herrikoiak, agorrilaren 11 eta 12an Baigorrin antolatuko dituen Antilletan Bizi jardunaldiak. Hor jorratuko diren gaiak: identitatea, kreolizazioa, kulturen hibridazioa, elkarbizitza, uniformizazioa, kolonizazioa eta (bistan dena, hain modan baita) “damua”. Dinamika sozialez gehiago jakinez beti baikara gugan zentratuagoak.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude