Sastraka inbaditzaile bat agertu da Nafarroa, Aragoi eta Kataluniako artasoroetan. Teosintea, teosintle nahuatl hizkuntzan, Zea familiako landarea da, artoaren senidea beraz. Rosa Binimelis (Castelló, 1979) ingurumen zientzietan doktorea da, eta azken urteotan teosinteaz ikertzen aritu da. Sastrakak lurralde ugari okupatu du, baina orain arte galderak erantzunak baino gehiago direla dio ikerlariak.
Zer da teosintea eta zergatik da hain arriskutsua hedatzea?
Artoaren arbaso basatia da. Mexiko eta Ertamerikan du jatorria eta han, oraindik ere, artasoroetan haztea ohikoa da. Espainiako Estatuan ordea ez; 2009an Aragoiko hainbat laborarik artoaren antzeko landarea atzeman zuten beren artasoroetan. 2014an teosintea zela baieztatu zuten Aragoi eta Kataluniako gobernuek. Mexikon ez bezala, teosinteak kalte ekonomiko handiak eragin ditu bi erkidego horietan. Ez dakigu zergatik, baina teosintea oso azkar zabaltzen ari da artasoroetan, eta horrek bi espezieen arteko hibridazioa sustatu du. Ondorioz, produkzioa nabarmen murriztu da hainbat eskualdetan. Zorionez hibridazioa teosintetik artora ematen da gehienbat, eta ez alderantziz, hau da, landare gehienak emankorrak dira oraindik. Gainera, orain arte ez da arto transgenikoarekiko nahasketarik eman. Gure landare endemiko bat gene transgenikoekin nahastea eta landare horrekiko kontrola galtzea oso arazo larria litzateke.
Zeintzuk izan daitezke hibridazio horren ondorioak laborantzarako?
Orain arte bi landareren arteko nahasketa gertatu da soilik. Baina nahastutako landare horiek teosinteareakin hibridatzeko zubia izan daitezke. Hau da, artasoroak kutsa ditzake, baita transgenikoak ere. Aragoi eta Kataluniako arto transgenikoa intsektizida izateko sortu da. Teosintearekin nahastuz gero, kontrolik gabe hedatzen ari den landare inbaditzailea sendotuko lizateke. Uste dugu teosintea ez dela arto transgenikoekin nahastu, baina ez da ikerketa seriorik egin.
Teosinteak Amerikan jatorria izanda, nolaz iritsi da Atlantikoaren beste aldera?
Egia esan, ez dakigu. Oso gutxi ikertu da teosinteaz, hemengoa Nikaragua, Guatemala edo Mexikoko espeziearen familiakoa ote den ere ez dakigu. Hainbat teoria dago. Hazi sorta baten bitartez iritsi zela diote batzuek. Hainbat nekazarik aitortu digute hazi-enpresa baten soroetan teosintea atzeman zutela. Hala izan balitz, arduragabekeria larria zatekeen, espezie inbaditzailea hedatzen lagunduko zuketelako. Dena den, enpresek beti ukatu dute eta ez dago frogatzeko modurik.
Ba al dakizu zein den egoera Nafarroan?
Narroari dagokionez ezjakintasuna da nagusi teosintearen inguruan. Espainiako Arto Hazi Ekoizleen Elkarteak ohar bat publikatu zuen Nafarroan teosintea hedatzen ari zela esanez. Horrez gain, guk ez dugu beste informaziorik jaso. Aragoin eta Katalunian ez bezala, Nafarroako Foru Gobernuak ez du sastraka horren jarraipenik egin, guk behintzat ez dugu aurkitu. Ez dakigu zein eskualdetan agertu den, ezta zenbat hektarea kaltetu duen ere. Nafarroako Gobernuaren ardura da nekazariei teosintearen berri ematea, haiek neurriak hartu ditzaten landarea ez barreiatzeko. Gobernuaren parte-hartzerik gabe nekez gelditu daiteke hedapena. Aragoiko Gobernuak hiru urterako debekatu du artoa landatzea teosinteak kaltetu dituen soroetan.
2009an agertu zen teosintea. Zergatik behar izan dute hain denbora luzea botere publikoek eta ekoizleek plagaren berri emateko?
Gaztea denean, teosintea identifikatzea nahiko zaila da. Hasieran basartoa zela uste zuten. Teosintea Amerikako landarea denez, ekoizleek ez zuten espero hura hemen agertzea. Dena dela, galdera horri haiek erantzun beharko liokete.
Teosintea kontrolik gabe zabaltzeko arriskua dagoela uste duzu?
Iberiar penintsulan agertu den espeziea guztiz inbaditzailea da. Ikuspegi biologotik oso landare emankorra da, hazi gogorrak ematen ditu eta ekosistema mota bat baino gehiagora egokitzeko gaitasuna du. Egungo nekazaritza intentsiboak, gainera, ez du laguntzen. Monolaborantza eta errotaziorik gabeko nekazaritza landare inbaditzaileen paradisua dira. Teosintea kontrolatzeko eraginkortasuna hartuko diren neurrien araberakoa izango da.
Aragoiko hainbat eskualdetan artoa landatzea debekatu dutela aipatu duzu. Zer beste neurri har daiteke?
Orain arte proposatutako hainbat neurrik pestizidekin dute zerikusia. Baina pestizidak ez dira irtenbiderik egokiena; hasteko, artasoroetan erabiltzeak pertsonen osasunerako izan ditzakeen ondorioengatik. Bestalde, jakin badakigu landare inbaditzaileek herbizidekiko erresistentzia garatu dezaketela. Soroen jarraipena funtsezkoa da. Teosintea lehen faseetan identifikatuko balitz, haren hedapena errazago mugatuko litzateke. Ekosistema heterogeneoak sustatzeak ere, hau da, kultibo ezberdinak landatzeak, teosintea ugaltzeko baldintzak murriztuko lituzke. Traktore eta makinen zainketa garrantzitsua da halaber. Nekazari eta abeltzainek maiz partekatzen dituzte makinak, eta modu horretan haziak soro batetik bestera barreiatzen dira. Ezinbestekoa da, beraz, instituzioen eta nekazarien parte-hartzea teosintea kontrolatu ahal izateko.
“Kataluniako Unibertsitate Zentralean doktore eta ikertzailea naiz, Vic-eko campusean. Ekonomia ekologikoa eta ingurumen-gatazkak ditut aztergai eta elikadura burujabetzan sinisten dut, garapen sozial eta ekonomikorako bide gisa. 2005etik transgenikoen inpaktu sozioekonomiko eta etikoak ikertzen jardun dut. Besteak beste Argentinan eta Uruguain izan naiz ondorioak zeintzuk diren ezagutzeko. Azken bi urteak teosintearen ikerkuntzan murgilduta eman ditut, hainbat laborariren abisuari jarraiki”.