Harrisburg eta Detroit, bi udalerri erraustegiak kiebrara eramanak

  • AEBetako hiri handietako alkateek erabaki dute zaborrak erraustetik lortutako energia ez dela berriztagarria. Erraustegiak aspalditik ezagutzen baitituzte AEBetan, udal agintariak ohartuak dira labe erraldoiok zaborrekin batera herritarren zergak ere kiskaltzen dituztela urte luzeetarako, ondorengoei utziz kutsadura eta eskoriekin batera diru zor itzelak, Harrisburg eta Detroiteko jendeek ondo dakiten moduan.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2017ko uztailak 16
Pennsylvaniako ‘Penn Live’ hedabidetik hartutako argazkia 2007koa da: artean Harrisburgeko alkate zen Stephen Reed erraustegia zaharberritzeko hurrengo kreditua sinatzera doanean, atarian herritar talde bat dauka zain, protestan daramatzaten afixek diotel
Pennsylvaniako ‘Penn Live’ hedabidetik hartutako argazkia 2007koa da: artean Harrisburgeko alkate zen Stephen Reed erraustegia zaharberritzeko hurrengo kreditua sinatzera doanean, atarian herritar talde bat dauka zain, protestan daramatzaten afixek diotelarik “Ez asmakizun gehiago” eta “Gure dirua erretzen”. 2009an alkatetza galdurik, 2017 honetan, urtarrilean, epaileek bi urteko espetxe zigorra ezarri diote erraustegiarekin egindako ustelkeria eta lapurretagatik.

Ekainean burututako 85. Biltzarrean AEBetako auzapezen elkarteak, 30.000 biztanle baino gehiagoko udaletako alkateak biltzen dituenak, energia berriztagarrien zerrendatik kanpo utzi du hondakinen errausketa.

Donald Trumpek abian jarri duenean Barack Obamaren garaian energia berriztagarrien alde ezarritako neurriak mozteko bidea, AEBetako alkateen elkartea atera zaio erdira, berresteko 2035erako lortu nahi dutela energia kontsumoaren %100 berriztagarri izatea. Errauste planten lobbya izan da alkateen arteko adostasuna lehertzen saiatu den erakundeetako bat, haserre udalek ez dutelako zaborren errausketa berriztagarritzat jotzen, Huffington Post-ek kontatu duenez.

Ekologistak pozarren daude eta erraustegiaren kontrako taldeak ere bai. PFPI Politikaren Gardentasunaren aldeko Elkartasunako Mary Boothek esan du: “Erraustegiek energia ekoizteko plastikoak eta beste material kutsagarriak erre beharra dauzkate eta orduko-megawat bakoitzeko gehiago kutsatzen dute ikatzezko zentralek baino. Errausketa teknologia zikina da eta ez du merezi energia berriztagarritzat har dezaten”. Baina horregatik bakarrik egin diote aurre lobbyari hiri handietako alkateek? Ziurrenik erraustegien diru kontuekin eduki duten esperientzia gaiztoak ere izan du zerikusirik. Bat baino gehiago baitira azken hamarkadotan zaborren errausketak hondamendira eraman dituen udalerriak. Harrisburg eta Detroit aipatzen dira, nagusiki.

Pennsylvaniako hiriburu Harrisburg (50.000 biztanle) munduan ezaguna da Three Mile Islandeko zentral nuklearrak 1979an izandako istripu larriagatik. Energia atomikoaren segurtasuna zalantzan jarri zuen istripu hark, Jack Lemon eta Jane Fondaren Txinako sindromea filmari ateak ireki zionak, lurrikara eragin zuen munduan. Askoz oharkabeagoan pasatu zen 2011ko lurrikara, hiria hankaz gora jarri zuena: urrian kiebra deklaratu zuen alkateak udalaren zorrei eta hartzekodunen presioari eusteko epaileen laguntza eskatzeko.

1972an abian jarria, AEBetako lehenengotako erraustegiak hasieran 15 milioi dolar kostatu behar bazuen laster joan zen garestitzen ia 100 milioitako gastuak eragin arte. 2000 urterako zaharberritu baten beharrean zegoen, Washingtoneko agintariek kutsaduragatik ixterik nahi ez bazuten. Udalak arazo larria zeukan, erraustegiak urtetan pilatutako 100 milioitako zorrei aurre egin eta aldi berean planta zaharberritzeko sosak bildu behar.

Stephen Reed alkatearen zorionerako –hala uste zuen– errausketan negozioa egin nahi zuen Barlow Projects konpainia txikiarekin egin zuen topo. Honen proiektua arazo guztien soluzioa izango zelakoan, 2003an lotu zuten 125 milioiko kreditu berria. Baina kontratistak ez zuen lortzen lana osatzerik eta 2007an erraustegiaren ustiatzea Covanta konpainia erraldoiari eman zion udalak, mundu osoan erraustegiak dauzkanari. 2007an 60 milioi dolar gehiagoko mailegua. Badoaz…  

2009an galdu zuen alkatetza Stephen Reedek 30 urtez Harrisburgeko jabe izan ostean. 2012an auzitegiaren aginduz udalaren auditoria eginda, perituek ebatzi zuten legeak baimentzen duena baino askoz gehiago zorpetu zuela Reedek udalerria. 2013an udal berriak onartu behar izan zuen kiebra kudeatzeko Washingtoneko agintariek ezarritako neurri paketea, tartean erraustegia saltzea, herritarrei zergak igotzea eta udalaren ondasun haboro saltzea.

Diru errausketa itzela

Alkatetzatik epaitegietara, 2015ean fiskalak erabaki zuen Harrisburgeko eskandaluan erraustegia zela arazo nagusia eta alkate ohia auziperatzea eskatu zuen lapurreta, ustelkeria eta frogen desagerraraztea egotziz. Epaileak delituetako batzuk iraungitzat jo zituen, ez ordea diru publikoen lapurretarena eta 2017ean Stephen Reed bi urteko espetxe zigorrera kondenatu zuen.

Detroit da erraustegiak hondamendira eramandako hirietako beste bat. ARGIAk kontatu izan ditu Detroiten malurrak, autogintzak oparotasunaren zeruetara jasotako Detroit nola erori den langabezia, txirotasun eta miseriaren amildegiraino. Ez da hain ezaguna kiebrara eraman zuten arazoetako bat bere erraustegia izan zela.

1986an eraiki zutenean labe handiak izan behar zuen Detroit biziberritzeko gakoetako bat, orduan puntako teknologiatzat zeukatenak enpresa berri ugari erakarri behar omen zituelako errestan. Evergreen elkarte ekologistako ekintzaileek ez zuten lortu beren protestekin geldiarazterik munduko erraustegirik handienetakoa.

Laster ikusi zen energia garbiarena gezurra zela. Hasteko, kiratsa, hasieran bezala oraindik gaur ere kexu askoren iturri dena, The Guardian bezalako egunkariek ere kontatua dutena. Baina herritarrak haserrarazten dituen usain txarraz gain, kutsadura larri baten iturri ere da: nitrogeno oxidoa, dioxido sulfurikoa, karbono monoxidoa, beruna... Michigan estatuko kutsatzaile nagusietakoa bilakatu zen erraustegia. Herritarren eta batez ere haurren artean ugaritzen ari ziren gaixotasunen albisteak zabaldu ziren. Michiganeko Ingurumen Babeserako Agentziak espedienteak ireki dizkio Detroit Renewable Energy konpainiari.

Eufemismoak erruz baitarabiltza industriarik kutsatzaileenak, konpainiaren filialak deitzen dira Detroit Thermal, Detroit Renewale Power, Detroit Renewable Cooling... Denak dira mundu osoan zabaldutako Atlas Holdings konpainiaren adar. Konplexurik gabe aldarrikatzen du kiebra jotako enpresetan inbertitzea dela bere negozioa.

Baina kutsaduraz gain, erraustegia bihurtu zen Detroiteko udalaren finantzen zulo estali ezina. Sekula ez du sortu agindutako etekinik, ez hasieran eta ez gero ere.  Ireki eta berehala, 1991n, inbertsore pribatuei saldu behar izan zien udalak, baina dagoenekoz munizipala ez izan arren herritarrek jarraitu behar izan zuten haren zorraren bonoak ordaintzen. Denetara, Detroit Zero Waste elkartearen kalkuluetan, detroitarrek 1.200 milioi dolar pagatu dituzte.

Detroiteko erraustegiaren arazoetako bat da handiegia dela. Horregatik Detroitek erre beharra dauka beste hirietatik ekarritako zaborra martxan jarraitu ahal izateko. Zorrak iraun zuen azken urteetan –ordainketak 2009an amaitu ziren– kanpotik hondakinak zekartzatenek tonako 13 dolar pagatzen zuten, baina Detroiteko herritarrena tonako 150 dolarretan ateratzen zen.

Ez da harritzekoa AEBetako alkateen elkarteak ez onartzea errausketa energia berriztagarrien artean. Bizkaiak dauzkan zorrak eta Gipuzkoak oraintxe bereganatu dituenak zein amildegitara eramaten duten ondo ikasia dute.

Kanal hauetan artxibatua: Hondakinen kudeaketa  |  Zor bidegabea

Hondakinen kudeaketa kanaletik interesatuko zaizu...
2017-09-11 | ARGIA
"Errausketarik Ez!" hamahirugarrenez aldarrikatu dute Donostiako Kontxan

“Errausketarik ez”, “Osasuna bai” eta “Alternatiba badago” aldarrikatu dute Donostiako banderaren bigarren estropada igandean Kontxako hondartzan. Gipuzkoako agintariek Zubietan planta eraikitzeko lanak abian jarri dituzten arren, amore ez emateko deia egin dute, proiektua kaltegarria delako herritarrentzat eta alternatiba hobea badagoelako.


Katalunian laster 172 udalerri gehiagok ezarriko dute Atez Ateko bilketa

Albistea Kataluniako Hondakinen Agentziaren buruak eman du abuztuan: urte eta erdiko epean 172 udalerri gehiagotan ezarriko dutela Atez Atekoa, 490.000 herritarri zerbitzu emateko.


Errausketaren Aurkako Mugimenduak "Gaixotu nahi ez dutenen martxa" deitu du Donostiako Aste Nagusian

Abuztuaren 16an, azteazkena, 19:00etan hasita, “Gaixotu nahi ez dutenen martxa” izaneko performania eginen da Donostiako Aste Nagusiaren baitan, Errausketaren Aurkako Mugimenduak Aingura kofradiarekin elkarlanean deiturik, erraustegia salatzeko.


Ozeanoetako plastikoaren arazoari aurre egiteko ur bihurtzen diren poltsak

Juka landarearen zuntzekin egindako poltsa asmatu dute, uretan sartzean disolbatzen dena. Ez da toxikoa eta ongarri bezala ere balio dezake.


ASTEKARIA Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude