"Orain, festa feminista gehienetan dantzatzen da reggaetoia"

  • Politikoki perreatzen erakutsi digunetako bat da Romina Bernardo argentinarra: “Lesbian reggaeton” kontzeptua asmatu zuen, eta musika-genero horretako kantuak sortzen ditu Chocolate Remix izenpean. Urtetan isilarazi dena ekarri nahi du dantzalekura, eta ospatu: lesbianen aukera, bizitza eta harremanak. Bermeon bildu ginen harekin, Talako kantinan kontzertua eskaini aurretik.

Bermeon hitz egin dugu Romina Bernardo aka Chocolate Remixekin (argazkia: Dani Blanco).
Bermeon hitz egin dugu Romina Bernardo aka Chocolate Remixekin (argazkia: Dani Blanco).

Txantxa gisa abiatu ei zenuen proiektu hau 2013an. Orain, ordea, disko bat atera duzu, eta bigarren aldiz ari zara kontzertuak ematen Europako hainbat herrialdetan. Zelan bizi izan dituzu lau urte hauek?

Harrigarria izan da, ez bainuen espero horrela gertatuko zenik, baina, egia esan, nahiko modu naturalean etorri da dena. Bestalde, nahiz eta hasieran txiste moduko bat izan, etxean grabatutako kantua internet bidez zabaldu eta hilabetera eskaini nuen lehen kontzertua, beraz, nahiko azkar bihurtu zen txantxa huts bat baino zerbait gehiago. Ni neu orain dela bi urte hasi nintzen kontua serio hartzen.

Zer dela-eta?

Hasieran, txantxa bat zen musikaren ikuspegitik ere: jolasean aritzen nintzen, eta ea zer ateratzen zen hortik. Tartetxo bat behar izan nuen identitate sendoago bat topatzeko. Kontzeptualki oso-oso zehaztuta zegoen proiektua hasieratik, musikaren aldetik, ordea, ez. Nik gitarra jo izan du beti: lehenengo aldiz ari nintzen ekoizten eta kantatzen! Bilaketa moduko batean ibili nintzen, eta momentu batean, zenbait gauza lortu nituen, zenbait irizpide bete, maila pertsonalean premiazkoak zitzaizkidanak hau proiektu musikal gisa lantzeko: soinu bat, kantatzeko modu bat…

Zure iritziz, zergatik lortu du halako arrakasta “lesbian reggaeton” honek?

Uste dut, hein batean, reggaetoiak berak duela meritua. Genero hori sinplekeriatzat eta musikalki eskastzat jotzen da, baina argi dago reggaetoiak baduela halako flow bat, bere-berea, eta indarra daukala beste hamaika faktore gorabehera: jendea dantzan hasten da, arreta ematen dio…

“Reggaetoiari egozten zaizkion diskurtsoen gainetik, nire iritziz, espazio batzuetan lotsa handia zegoen dantzatzeko”

Bestalde, hainbat pertsonak ezin zuten genero horretaz gozatu hainbat arrazoi direla medio, bazegoen halako muga ia moral bat. Beraz, muga horiek eraldatuta eta gauza potenteagoak eginda, jendea engantxatu egin da.

2013. urtea, Buenos Aires hiria. Zer-nolako harremana zeukaten LGTB komunitateak eta reggaetoiak?

LGTB espazio arruntetan, hots, hain militanteak edo politizatuak ez zirenetan, reggaetoi asko jartzen zen. Espazio horietan, beste diskurtso akademiko batzuek ez zeukaten halako indarrik, eta aiseago dantzatzen eta gozatzen zen. Espazio militanteagoetan berriz, gogoan dut kontzertuak egin nituen lehenengo aldietan jendeak dantza egin nahi zuela, baina ez ziola bere buruari baimenik ematen.

Zer ote zen arbuio horren iturria?

Klase ertaineko espazio horietan, eta Buenos Aireseko klase ertaina eta Europakoa antzekoak dira, beste modu batean ulertzen dira gorputza, dantza eta beste hainbat gauza. Nire iritziz, oroz gain, reggaetoiari egotz dakizkiokeen beste diskurtso horien guztien gainetik, lotsa handia zegoen. Nik han ikusten nituen denak mugitzeko gogoz, baina ez zitzaien posible iruditzen, ezta milioi bat urtean ere, lau hankan jarri eta dantzan hastea. Uste dut horrek zerikusi handiagoa zeukala beste kontu batzuekin: moralarekin, egokitzat jotzen denarekin, zer den cool eta zer ez…

Egoera aldatu egin da, ezta?

“Estilo hau ez da rocka baino gutxiago, kontua da ea zenbateraino lantzen duen berea musikari bakoitzak”

Bai, hain justu ere, orain halako ikono bat bihurtu da reggaetoia feminismoaren barruan, hainbat diskurtsoren ondorioz. Besteak beste, June Fernandezek esandakoa oso potentea izan zen. Hasieran arbuiatzen zen, baina mugimendu horren guztiaren ondoren gogo biziz hartu zen eta orain festa feminista gehienetan reggaetoia dantzatzen da. Are, festa feminista erradikaletan reggaetoia da gehien dantzatzen den musika-estiloetako bat.

Eta reggaetoiaren ohiko eszenan jo al duzu inoiz?

Huts-hutsean reggaetoiarenak diren espazioetan ez dut sekula jo, ez. Paradoxikoa da. Egia esan izugarri gustatuko litzaidake horrelako toki batean aritzea, baina iruditzen zait nik egiten dudanak hautsak harrotuko lituzkeela oraindik ere horrelako tokietan, beraz ikusiko dugu. Reggaetoiaren eszena, 2013an, aparteko mundutxo bat zen, eta halakoxea da oraindik ere; lotuago dago logika mainstreamarekin.

Argazkia: Dani Blanco.

Argitaratu berri duzun diskoko kantuei buruz hitz egin nahi nuke. Tartean dago txantxa gisara zure etxean grabatu eta internet bidez zabaldu zenuen estreinako kantu hura: Nos hagamos cargo. Hori iruditu zait diskoko kanturik reggaetoneroena.

Guztiz ados nago. Kantu horren bidez gogora ekarri nahi nuen bere garaian gehien markatu ninduen reggaetoia, 2000ko hamarkadako eskola hori. Hein batean omenaldi bat da, eta hain zuzen Daddy Yankee omendu nahi nuen. Gauza asko esan daitezke haren lanari buruz, baina Daddy Yankee eta Gasolina kantuagatik ez balitz, neu ez nintzateke hemen egongo.

Estilo honi kritikatzen zaion gauzetako bat da musikaren aldetik eskasa dela. Zeure diskoa askotarikoa da hala ere. Zer aldatu da lehen abesti hura sortu zenuenetik?

Reggaetoi asko entzuten dut, eta aztertzen dudanean zer-nolako gauzak egiten dituzten ekoizleek, ikusten dut bila eta bila dabiltzala. Hasi nintzenean, gauza zaila eta konplexua iruditu zitzaidan. Gainera, digitalki ekoizteko bide horrek zabaltzen dizkizun aukerak ez dira sekula agortzen. Musika estilo orotan ikertu daiteke asko, baina zentzu horretan, reggaetoia ez da rocka baino gutxiago, kontua da ea zenbaiteraino landu nahi duen berea musikari bakoitzak. Nik neuk soinuak ikertu nahi nituen, bestelako erritmoak txertatu... Ez nuen nahi halako reggaetoi-formula bat topatu, eta gero abestiak katean ekoitzi.

Nola sortzen dituzu abestiak?

Normalean, oinarri nahiko sinple batekin hasten naiz, eta horren bitartez halako klima bat sortzen dut, giro bat, sentipen batzuk… Oso garrantzitsua da klima deitzen diodan hori bilatzea. Gero, hortik abiatuta hasten naiz pentsatzen ea nondik joko duen letrak.

Hain zuzen ere, reggaetoiari egozten zaion beste akatsetako bat da hori, eduki sexistak zabaltzearena. Zuk zeuk nola lantzen dituzu letrak?

“Emakumeen arteko sexuaz aritzean irudi zerutiarra edo pornografikoa ikusten nituen; nire asmoa bere horretan erakustea da”

Niretzat oso-oso garrantzitsuak dira kantuen hitzak, bai soinu diren aldetik, baita edukiaren aldetik ere. Edukiari berebiziko garrantzia ematen diot. Reggaetoiean asko erabiltzen da errima, eta nik neuk barra-barra baliatzen dut. Marko bat ezartzen du, eta horrek mugatu egiten du zer hitz erabil dezakezun, munduan dauden milioika hitzen artean. Muga horiek lagundu egiten dizute sortzen: hasten zara pentsatzen ea nola nahastuko dituzun hau eta beste hau, eta hortxe topatzen dituzu gauza magikoak.

Hainbat kantutan oso modu esplizituan agertzen dira lesbianen arteko sexu-harremanak. Zeure musikaren helburuetako bat zen lesbianak ikusgarri egitea, eta iruditzen zait bereziki sexuaren eremu hori ekarri duzula lehen lerrora.

Hain justu ere, horixe zen proiektuaren oinarrietako bat. Nik garai hartan, emakumeen arteko sexuari buruzko oso gauza gutxi ikusten nuen telebistan-eta. Gainera, emakumeen arteko sexuaz hitz egiten zen bakoitzean aipatzen zen halako gauza zerutiar bat, zera, bi aingeruk topo egin balute bezala han nonbait… Ez zeukan inongo loturarik haragiarekin. Gero, bazegoen beste iruditegi bat, pornoan ohikoa dena, gizon heteroen begiradari zuzendua. Iruditzen zitzaidan ez zutela errealitatea islatzen, ez batak, ez besteak. Hortaz, nire asmoa zen emakumeen arteko sexua bere horretan erakustea.

Eta propaganda apur bat egin nahi nuen, noski! (Barreak). Azken batean, mundu honetan, jaiotzen zarenez geroztik hartzen zaituzte heterosexualtzat, eta saldu egin behar dira bestelako sexualitateak, jendeak jakin dezan aukera hori badagoela eta ondo dagoela, ez dela arazo bat eta gozatuko duzula.

Argazkia: Dani Blanco.

Bien bow abestiak jatorri berezi samarra du, ezta?

Reggaetoiko kantu ia denetan erabiltzen da denbow izeneko erritmo bat. Sorburuan dance estiloko erritmo bat zen, baina Shabba Ranks musikari jamaikarraren kantu bati zor dio izena eta ospea. Kontua da kantu hori oso-oso homofoboa dela. Ingelesezko bow hitzak makurtu esan nahi du eta kasu honetan harreman homosexualei egiten die erreferentzia. Kantuak hauxe zioen: “Gona daraman gizona bow da, beste emakume bati begiratzen dion emakumea bow da, altxa eskua ez bazara bow”, eta abar. Gero, gaztelaniazko bertsioak egin zituzten Nando Bum eta El General musikariek, reggaetoiaren aitzindariak biak. Nando Bumena oso esplizitua zen, El Generalena apur bat lausoagoa, baina jatorrizkoaren mezua gordetzen zuten biek eta sekulako arrakasta bildu zuten.

Eta zuk buelta handi bat eman diozu…

Bai, asmoa zen kantuaren remake bat egitea, erantzun gisa; iraina neuretzat hartu dut, eta esan: bai, bow naiz, oso bow, eta harro nago.

Kantu horretan bertan, beste hauxe diozu: “Oso bow gara, homosexualak, maritxuak, bollerak, bisexualak, intersex eta transexualak; denetarikoak gara salbu eta neoliberalak”.

Esaldi hori egoera berezi batean sortu zen. Azken hauteskundeen ataritan geunden, orain Macri ultra-eskuindarra daukagu gobernuan, eta kanpaina handia egin genuen hori gerta ez zedin. Ekitaldi handi-handi bat antolatua genuen, baina bertan behera geratu zen euriaren ondorioz, beraz plaza batean bildu ginen kantari guztiak, eta free style-an aritu ginen. Nik feminismoaren eta aniztasunaren alorra ordezkatzen nuen, beste kantari batzuek beste aldarrikapen batzuk zeuzkaten, baina denok gentozen bat: ez genuen nahi eskuinak irabazterik Argentinako hauteskundeak. Testuinguru zehatz horretan sortu zen ideia, baina eskuina mehatxuka dabilen edozein egoeratara ekar daiteke.

Askotarikoak garela diozu Bien bow abestian, eta askotarikotasun hori haragi bihurtu duzu Como me gusta a mí kantuaren bideoklipean.

Lesbianismoa eta horren barruko aniztasuna ospatzeko asmoz sortu nuen Como me gusta a mí: hementxe gaude, hauxe gara, eta jakin dezala mundu guztiak. Azken batean, historikoki, kontrakoa egin da: gure kolektiboa isilarazi.

Bestalde, bideoa grabatzea gauza ederra izan zen. Badago talde bat, El Tortazo izenekoa, eta hortxe gaude Buenos Aireseko lesbiana guztiak eta esango nuke beste hiri batzuetako zenbait ere. Argazki erotikoak eta halako gauzak konpartitzen ditugu talde horretan, eta hantxe bertan bota nuen bideoklip bat grabatu nahi genuela eta ea inork etorri nahi zuen. Itzela izan zen, zeren berehala esan zidaten mordo batek baietz: ez zen inongo hautapenik edo halakorik egin, beraz emaitza benetakoa da, gure kolektiboan dagoen aniztasun errealaren isla.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-04-21 | Iker Barandiaran
Amorrazioa, jarrera eta kantuak

Madrilgo queer mugimenduan kokatzen nuen taldea, eta orain gutxi bere esentzian –zuzenekoan– ezagutzeko aukera izan nuen. Orduan jakin nuen Argentinan jaio baina gaztetan Madrilera joandako Belenek (ahotsa eta gitarra) sortu zuela taldea, eta Mariarekin (bateria eta... [+]


2024-04-14 | Iker Barandiaran
Errekak ez du planeatzen

Garai batean, buruz genekizkien The Dark Knight filmeko Jokerren esaldi guztiak, “kaosaren agentea” zenez gero. Horrelakorik zuen, esaterako, bere jokabidea azaltzeko: “Plan bat duen tipo bat al dirudit? Badakizu zer naizen? Autoen atzetik korrika doan txakur... [+]


2024-03-24 | ARGIA
Korrika: 23 edizioetako kanten bilduma

43 urte igaro dira AEK-k lehenengo Korrika antolatu zuenetik 1980an. Lekukoak egindako ibilbideen, leloen, abestien eta omendutako pertsonen errepasoa jarraian.


Eguneraketa berriak daude