argia.eus
INPRIMATU
Basoa jan
  • Basoa behera, basoa gora. Gure etorkizuneko ingurumen politikaren ardatza beharko lukeenaz, suak kiskaltzen ez duen artean ez gara gogoratzen. Orain bai, Portugalgo zorigaiztoko sutearen ondoren, denon ahotan basoa. Eukalipto urdina dela (Eucaliptus globulus), pinu beltza dela (Pinus radiata), bertako edo kanpoko espezieak direla... Badaukagu bai, zer hitz egin, proposatu, elkar hartu, adostu eta bideratu basoaren etorkizunaz. Baina suak pasatako lurraren azala berritu eta birsortzen den bezala, suaren puria pasatakoan egin beharko da.

Jakoba Errekondo 2017ko uztailaren 10
“Baso jangarri” esaten zaio azken urteotan hedatuz doan nekazaritza ikuspegi berri bati. Argazkian, arakatza. (Arg.: Jakoba Errekondo)
“Baso jangarri” esaten zaio azken urteotan hedatuz doan nekazaritza ikuspegi berri bati. Argazkian, arakatza. (Arg.: Jakoba Errekondo)

Purialdian bada, baita ere, basoari begiratzeko era berri bat. “Baso jangarri” deitzen da azken urte hauetan hedatzen ari den nekazaritza ikuspegi berri bat. Ia atzo arte basoa izan da gure bizimoduaren oinarria. Bertatik eskuratu izan dugu energia (egurra, adarra, ikatza, iduria...), ura, materialetarako zura, erritoei eta espiritualitateari eusteko landareak eta usteak, inaurkinetarako azpigaia (zarba, garo, orbel...), aziendarentzako larreak eta bazkak, sendagaiak (belar, sustrai...) eta geuretzako jakiak (perretxikoak, landareak, animaliak, fruituak...).

Jakiak sortzeko erabilpen horri helduta, etorkizunean jaki ugari sortuko duten basoak sortzeko asmotan dabil jende mordoxka bat. Nola diseinatu, sortu eta mantendu baso jangarriak? Bi baldintza: non biziko da baso hori eta zer bildu nahiko dugu gero. Horien arabera egiten dira moldaketak eta landaketak. Izan ere, bada zer landatu. Hasteko, zuhaitzak eta arbolak etortzen dira burura: fruitu arbola ezagunak, baina baita ezezagunak edo aspaldi bazterrera utzita ditugunak ere: otsolizarra, gurbea, basagurbea, hostazuria, gurbitza, sagarmina, maaltza; ezkurrak ematen dituzten haritz, ametz, erkametz, arte, artelatz eta abarrak; pinaziak ematen dituzten pinuak, pagoa... Zuhaixkak ere badira emaile oparo askoak: laharra, endalaharra, ahabia, mugurdia, arakatza, arkakaratsa, erramua...

Jaki sortzaile izateaz gain, beste erabilpenetan pentsatuz basoa sortzen duenak asmatuko duela iruditzen zait: aisialdia, didaktika, etnobotanika, paisaia kulturala...