Bagenekien zertara eta zergatik

  • Errekaleorren, elkartasun uholdean egin den kontzertu sortaren kronika.


2017ko uztailaren 16an
Willis Drumond Errekaleorren jotzen. Argazkia: Dos Por Dos.
Willis Drumond Errekaleorren jotzen. Argazkia: Dos Por Dos.

Asteotan ikusi dugu: Eguraldi makurra zetorrela eta, azken momentuan –eta eztabaida luzeen ostean, ziur– EHZ jaialdiaren antolatzaileek bertan behera utzi behar izan dute urte guztian mimoz prestatzen aritutako jaialdia; erantzuna, elkartasun erauntsia herri, hiri eta beste hainbat txokotan.

Halako zerbait pasa zaigu Gasteizen maiatzaren erdi aldetik aurrera: alkateak, gau txar bat pasa ostean-edo, goiz euritsu batez ertzainek babestutako Iberdrolako langileak bidali zituen Errekaleorreko auzokideei argindarra kentzera. Hortik aurrerakoak badakizkizue.Eta honek ere, noski, sortu du beste elkartasun uholde bat.

Argindarra kentzera joan zitzaizkienetik Errekaleorreko biztanleek hainbat elkartasunezko bisitari izan dituzte, tartean gure inguruko talderik esanguratsuenetako asko: Joseba B. Lenoir, Anari, Berri Txarrak, Willis Drummond, Izaki Gardenak, Harresian Zulo… Hartuko luke Udalak halako kartela berehala izango diren Gasteizko jaietarako. Baina, zorionez, bada oraindik talonarioei irabazteko gai denik. Ezin da diruz antolatu hain denbora gutxian halako kontzertu sortarik, eta ekainean, gainera. Eta argindarrik gabe, noski!

Baina zergatik jotzen da aldarrikapen momentu hauetan zuzeneko emanaldiak antolatzera? Taula gainetik kantu eskaintzan aritzeak, zer eragiten dio entzuleari? Eta musika-taldeek ere zergatik jo nahi izaten dute halako gogoz? Behin entzun nion lagun bati taula gainera igotzea ere zerbait politikoa zela. Nola, non, zertara, zergatik, noren aurrean, zenbat aldiz, zenbat denboraz… Galderak erantzun behar dira, erabakiak hartu. Eta erabaki horietakoren bat uztarritik ateratzen denean, mugitzen da zerbait.

Errekaleorren ikusi ditugun emanaldietan ez ohiko erantzun batzuk eman zaizkie galdera horiei: Willis Drummond astelehen buruzuri batez ikustea, sarrera doan zela; Anari pozez entzutea kantuan hasterako, musikan aritzeak halako auzoak ezagutzeko eman dion aukeragatik; edo Berri Txarrak manifestazio baten amaiera ekitaldian jo eta su; edota Izaki Gardenak, atsedenean behar lukeenean, inoiz baino indartsuago.

Entzulerik gabe, ordea, ez dago ezer. Musikariek egiten dituzten galdera berdinak egin behar izaten ditugu geuk ere, askotan modu inkontzientean. Aditzea bera ere bada politikoa, noski, beraz. Joaterako, denok genekien zertara gindoazen; hura ez zen eman eta hartu hutsa.

Zertara eta zergatik ziren batzuek eta besteok erantzun genituen galderak. Eta denok ere erantzun bera izateak eragin zuen halako indar estatiko bat, agintekeriaz kendutako argindarra bueltatzerainokoa ia.

Beldurra izaten da, halakoetan, bertaratzearen zergatia ez ote den lausotuko, emanaldiak berak sortutako euforiak ez ote duen bestea estaliko. Kasu honetan, ordea, espero dezagun –hala nahiko nuke– errekak egingo duela bere bidea, bide luzea.


ASTEKARIA
2017ko uztailaren 16a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontzertuak
Zuzeneko kronika
Behin baziren baionar batzuk...

Willis Drummonden agur besta

Non: Intxaurrondoko kultur etxean, Donostian

Noiz: Urtarrilaren 5ean

Gonbidatuak: Zetkin, Elvis Caino DJ, Indezen DJ eta Zumitrenko DJ.

------------------------------------------------

... esango dugu noizbait. Joan ikustera, baina... [+]


Eguneraketa berriak daude