"Azken mohikanoen sindromea kausitzen dut hainbat abertzalerengan"

  • Baionan sortu zen 1973an, baigorriar familia batean. Alabaina, Donibane Lohizunen hazi eta hezi da tipitatik. Herri Berri taldeko hautetsia da bere herrian. EH Baiko hautagaia izan da azken bi hauteskunde legegileetan, VI. barrutian. Historialaria da. Elkar argitaletxeko editore lanetan ari den politikaria: “Historialariaren eta politikarien funtzioak ez dira erraz uztartzen, politikak anitzetan erabiltzen du historia, eta ez honen mesederako preseski” erran digu.

Peio Etxeberri-Aintziart
2017ko uztailak 16
“Donibane Lohizuneko jendeak ez gaitu ikusten euskaldun eta abertzale gisa bakarrik, beren bizitza hobetzeko alternatiba gisa baizik”.

12.665 hauteslek eman dute boza EH Bairen alde. Zein da emaitzen balorazioa?

Espanturik gabe, emaitza baikorki hartu dugu. Lehenik, hauteskunde legegileak zailenak direlako, Frantziako Asanblea Nazionalerako diputatua hautatzen baita. Abertzale bat hautatzea arraroa da. Alta, EH Bai hirugarren indarra izan da Ipar Euskal Herrian. Boz kopurua eta portzentajea emendatu ditugu. Testuingurua zaila da: hauteskunde legegileak presidentzialek baldintzatuta daude, boz horien ondoren hautesleriak hautatu berri den presidenteari eman ohi dio boza berriz ere. Hexagonoko zortzi hilabeteko kanpainaren ondoren –ezkerraren eta eskuinaren primarioekin  hasi zena– gu agertu gara, azken unean. Baldintza horietan boz kopuru hori lortzeak balore izugarria dauka. Gainera, abstentzioa inoiz baino handiagoa izan da, eta guk goiti egin dugu gure tipian.

Hauteskunde-barrutitik barrutira, zer azpimarratuko zenuke?   

VI. barrutian, Donibane Lohitzunekoan, eta IV.enean, Biarnorekin lotzen gaituen barrutian, ongi ari garela, baina BABn (Baiona-Angelu-Biarritz) dela gure puntu ahula. Hiri handietan emaitzak txarrak ditugu, emendatzen ari bagara ere –egiari zor Miarritzen ere aitzina egin dugu–, orokorrean ez dugu lortzen aski emendatzea.  

Nola emendatu daitezke emaitzak BABn?  

BABn edo hirietan ez dago patu txarrik. Adibidez, 2001ean, Donibane Lohitzunen, Herri Berri sortu berria zelarik, %11,5 egin genuen, ez zen izan portzentaje alimalekoa, baina bozetik bozera lan eginez, herriko lanetan presente egonez, hamasei urte berantago, bozen %26 egiten dugu. Oposizioko lehen taldea gara Herriko Etxean, lau hautetsirekin. Eta Donibane Lohitzunek antza gehiago dauka Biarritzekin, Ezterenzubirekin baino. Alegia, BABn ere emendatu daiteke. Baina horrek eskatzen du eguneroko politikan presente egotea. Hiriko abertzaletasunaren arazo estrategikoa ageri da hor. Miarritzen ez dugu herriko bozetan zerrenda abertzalerik. Hautagai abertzaleak, erosotasunez beharbada, besteen zerrendetan aurkezten dira, gehienak eskuineko zerrendetan. Nola nahi duzu gero emendatzea gainerako hauteskundeetan? Nola nahi duzu sinesgarritasuna lortzea, ez baduzu mezu propiorik legegileetan zure aldeko boza eskatzeko. Herri lanean eta herriko bozetan dago gure soluzioa, horiek ez baditugu sakon lantzen nekez emendatuko gara hirietan.

Alta, EH Baiko sei hautagaiak gero eta ageriago izan zarete herri nahiz hirietan?  

Baiki. Gure adina azpimarratzekoa da, 40 urte ingurukoak gara. Beste hautagairekin alderatuta, gazteak gara. Gure indarra horretan datza. Aire freskoa ekarri dugu politikara, abertzaletasunaren mezua aldatzen ari gara. Duela urte zenbait “gu euskaldunak gara, zuek ere izan zaitezte” erraten genion jendeari. Mezu bakar horrekin kostaldeko hirietan “gu euskaldun?” zioten. Oraingo mezua aldiz, hauxe da: “Izan zaitezkete euskaldun, eta bizitzaren arlo hauetan –etxebizitza, enplegua, garraioa, hondakinak...– soluzioak aurkezten dizkizuegu, besteek ez dituztenak edo haien bestelakoak”. Donibane Lohitzunen etxebizitza aipatu dugu azken kanpainan eta sinesgarritasuna lortu dugu. Jendeak ez gaitu ikusten euskaldun eta abertzale gisa bakarrik, beren bizitza hobetzeko alternatiba gisa baizik. Mezu koherente hori da gure arrakastaren gakoa. Gazteak gara, ezkertiarrak, teknikoki seriosak, pedagogia politikoa ere egiten dugu, ez gara dogman eta mezu sinplistetan erortzen.

“Kasu, gehienetan 'notableak' gehien kritikatzen dituztenak dira haien partez 'notable' bilakatu nahi dutenak”
 

Gakoa, beraz, tokian tokiko hautagaitza abertzaleak eta EH Bai uztartzea da.

Bai. Herri Berri hautagaitza adibide ona da, baina ezin da parekatu EH Bai eta Herri Berri. EH Bai alderdi abertzale ezkertiar eta ekologikoa da, Herri Berri aldiz anitz zabalagoa da. Herri Berri taldean nukleo abertzale bat dago, eta inguru hurbilean abertzaleak ez direnak. Adibidez, PCFko Ivette Debarbieux (Alderdi Komunistako kidea) Herri Berrin sartu da, aitzineko bozetan PCFko eta PSko zerrendetan egon ondoren. Emakume horrek ez du bere alderdia utzi, baina gu ezagutu ahala dinamika abertzalean sartu da. Esaterako, Bake Bidea ekimenean ari da. Ez nuen uste Legebiltzarrerako hauteskundeetan gu sostengatuko gintuenik, PCF alderdiak eta Frantzia Intsumisoak beren hautagaia aurkezten baitzuten. Guregandik aski urrun ziren jende batzuk pixkanaka ari dira hurbiltzen, sinesgarriak bilakatzen ari gara ikuspegi irekia eman dugulako gurekin batera aritzeko. EH Bai ari da zabaltzen. EH Baiko dinamika biziosoa ari da birtuosoa bilakatzen. Uztaritzeko Herriko Etxearen eta Bruno Carrere auzapezaren bilakaera horren adibidea da. 

Abertzale batzuek hauteskunde legegileetan  parte-hartzea sistemari jokoa egitea dela diote.

Ez naiz ados horiekin. Sistematik kanpo egon daiteke, baina jarrera horretan azken mohikanoen sindromea kausitzen dut: “Ari gara desagertzen eta desagertzeko prest gaude, aratz eta garbi”. Nik ez dut desagertu nahi. Areago, ez desagertzeko eta nire alternatiba sustraitzeko sisteman egon behar dut eta berau barnetik aldatu. Sistematik kanpo egonik jendeak marjinal bat bezala hartzen nau eta desagertuko naiz. Nik arazoei aurre egin nahi diet aktiboki. Herriko merkatuan ibiltzen naizenean, “zer erran behar diot ene auzokideari hobekiago ulertua izateko?”, galdetzen diot ene buruari. “Euskalduna naiz, zure sistemak itotzen nau, ez dut zurekin deus jakin nahi” erraten badiot, “nor da zozo hau?” pentsatuko du. Abertzale batzuek nahi dute garbi egon, besteok borrokaz tronpatzen garela diote. Gure bidea kritikatzen duten horiek ez ditut inon ikusten, artikulu batzuetan edo ostatuetako terrazetan “zuek denbora galtzen duzue hauteskundeetan” erranez ez bada. Zein da haien alternatiba? Gu tronpatzen garela esatea alternatiba proposatu gabe, arduragabekeriatzat jotzen dut.     

Abertzaletasuna bihurgune batean dago betiere Iparraldean.

Hain segur. Ni ez naiz abertzalea bakarrik, hiritarra ere banaiz. Kontzientzia hiritarra daukat, jendartea begiratzen dudalarik ez diot soilik ene ikuspegi abertzalea eskaintzen, moraltasuna defendatu nahi duen ikuspegia baizik. Ni Peio Etxeberri-Aintziart burges tipi bat naiz, badut lana, etxe bat, ez naiz pobrezian, baina jendea langabezian ikusten dut: paperik gabeak, beltz edo arabiar estigmatizatuak, elbarriak eta abar. Eremu politikoa abandonatzen badut, ez badut alternatibarik proposatzen, areago, ez badut bozkatzen beste batzuk uzten ditut ene izenean hautuak egiten. Demagun, Fronte Nazionalak (FN) aginduko balu, ondorioak ez nituzke baitezpada nik sufrituko, jende horiek baizik. Bozkatzen dudalarik, beharbada elikatzen dut sistema, baina hasteko pentsatu nahi dut pertsona horien alde ere bozkatzen dudala. Kritikatzen gaituzten horiek argi eta garbi egoten ahal dira, baina hein batean egoistak dira.

Emmanuel Macronen Errepublika Martxan alderdia garaitu da. Emaiguzu fenomeno politiko berri horren zure aburua.  

“Diputatu berriak ezagututa, Macronen alternatiban areago handitzen zaizkit zalantzak. Kargurik izan ez duten pertsona gisara ekarriak dira, politika aldatuko dutenak, eta ez da egia”

Egoera arras berria da eta nehork ezin du Macronen bosturtekoak zer emanen duen aurreikusi. Orain arte, V. Errepublikan alternantzia klasikoa ezagutu dugu, eskuina eta ezkerra aldizkatuz. Aldaketak Estatuaren arazo estrukturalari erantzun nahi dio epe ertainean, krisi egoerari lotua dena gainera. Krisiak hiru hamarkadatan iraun du eta azkenekoan areagotu da krisi ekonomikoa, soziala eta klimatikoa dela eta. Jendea ase da, eskuin eta ezker klasikoek ez baitute aterabiderik atzeman langabeziaren arazoan. Hauteskundeetan abstentzioa handituz doa, eta eskuin muturra eta ezkerra handituz joan dira: FN eta Frantzia Intsumisoa horren adibidea dira. Fenomenoa hauek ere Europan eman dira. Frantziako Estatuan ez zela gertatuko uste zuten, baina hemen ere gertatu da, eta ez bakarrik arrazoi estrukturalengatik, arrazoi koiunturalengatik ere bai. Politikariek ez dute krisia konpontzen laguntzen, gainera haien politikan irregulartasunak izan dituzte, beren lagunak enplegatzen dituzte modu fiktizioan, hots, sosa ebasten dute.

Sistemako botereek Macronengan ikusi dute nolabaiteko irtenbidea.

Macron ohartu zen jendea ase zela, aspertuta, eta botere esparruan sartzeko leiho bat behar zuela, leiho hori eskuinak eta ezkerrak eskaini diote. Eskuinak primarioetan François Fillon hautatzean –hautagai eskuindarrena, tradizionalista– Macroni zentroa zabaldu zion. Alain Juppé izan balitz, Macronek ez zukeen espazio hori ukanen. Ezkerrean berdin, bosturteko agintaldi txarra eta gero Benôit Hamon hautatua izan zen, ezkerrenean zegoena. Manuel Valls izan balitz ezberdin zitekeen egoera. Horrek guztiak ekarri dio Macroni espazio zabalago bat. Nehork ezin du erran zer emanen duen, berak dio, ezkerretik eta eskuinetik elikatzen dela, baina nik ez dut sinesten esparru zabal horrek epe luzera iraun dezakeenik. Areago, nahasketa horretan eskuina aterako da garaile, liberalismoa. Horrek ez du gehiengoa aseko. Urte batez edo biz atxikiko du, komunikazioari esker, baina une batez hainbat gaietan hautu bat egin beharko du, eta orain dituen sostenguak galduko ditu.

Florence Lasserre-Davide eta Vincent Bru dira Ipar Euskal Herriko diputatu berriak, Macronen aldekoak.

Diputatu horiek ezagututa, Macronen alternatiban areago handitzen zaizkit zalantzak. Kargurik izan ez duten pertsona gisara ekarriak dira, politika aldatuko dutenak, eta ez da egia. Batetik, Lasserre-Davide, Jean-Jaques Lasserreren alaba, Angeluko eta Departamenduko hautetsia da, ez da bilkuretara joaten, ez du deus egiten. Colette Capdevielle diputatu ohiaren aurka lehiatu da kanpainan, ez zituen dosierrak ezagutzen, ez zen gauza eztabaidetan deus esateko. VI. barrutiko diputatu berria Vincent Bru da, Kanboko auzapez 30 urtez, Departamenduko hautetsia ere bai, duela bost urte Les Républicains-eko Michèle Alliot-Marie diputatu eskuindarraren ordezkoa izan zen. Bayrouren MoDemek behartu zuen Macronen En Marche alderdira pasatzera. Hori al da politika aldatzea? Hala ere, jendeak biak hautatu ditu, Macron uhinak bultzaturik.  Abstentzioa handitzeko arriskua gero eta handiagoa da, baita jendeak politikariak uzkur begiratzeko ere.  

Alta, François Bayrouk Moraltasun Legea ezarri nahi zuen politikan. Zer iritzi duzu?

Jendeok –emakume eta gizonek– egiten dugu politika. Gizakiak garen ber baditugu mugak, muga moralak. Boterea eta sosa jokoan direlarik, politika profesionalizatzen hasten delarik, “ez dut nire kargua eta karrera galdu nahi, ez jendartean ohorea galdu nahi” joera nagusitzen da. Goxoa da hautetsia izatea, balore erantsia dauka. Horrek dena erotzen du politikaria, ez bakarrik Parisen, han batez ere, baina gu herriko hautetsiak ez gaude arrisku horretatik kanpo, gure herriko etxeetako kargu tipiak ere ekartzen digu ohorea –ez baitezpada sosik, ez dugu sosik irabazten– Enbatak edota EMAk iraganean kritikatu genituen ohorea eta notabilismoa. Kasu, gehienetan notableak gehien kritikatzen dituztenak dira haien partez notable bilakatu nahi dutenak. Beraz, mugimendu abertzaleak hautetsi gehiago ukan ahala, arrisku hori dauka. Bere tipian, hainbat herritan hasia da jokamolde hori zabaltzen. Guk ere, abertzaleok, lanjer hori dugu, eta zepo horretan berean eror gaitezke. Beraz, has gaitezen gure etxean berean joera hori garbitzen.


EH Bai kanaletik interesatuko zaizu...
2017-08-10 | Euskal Irratiak
"Cortiko Nazioarteko Egunek balio dute erabiliak diren bideak aztertzeko eta trukatzeko"

Corsica Libera mugimendu independentistak gomitaturik, Kortsikan, Corti herrian elkartu dira asteburuan Kataluniako, Euskal Herriko, Kurdistango, Sardiniako, Bretainiako, Polinesiako, Kaledonia Berriko edota Guyanako militanteak.


2017-07-21 | Mikel Asurmendi
"Azken mohikanoen sindromea kausitzen dut hainbat abertzalerengan"

EH Baiko hautagaia izan da azken bi hauteskunde legegileetan, VI. barrutian. Historialaria da. Elkar argitaletxeko editore lanetan ari den politikaria: “Historialariaren eta politikarien funtzioak ez dira erraz uztartzen, politikak anitzetan erabiltzen du historia, eta ez honen mesederako preseski” erran digu.


2017-04-08 | ARGIA
Otegi: "Presoak, biktimak eta desmilitarizazioa jarri behar ditugu mahai gainean orain"

Arnaldo Otegi eta Anita Lopepek prentsaurrekoa eskaini dute EH Bildu eta EH Bairen balorazioa egiteko.


2016-05-29 | Lander Arbelaitz
Ezker abertzalea berpentsatzen

Gogoeta garaiak bizi ditugu Euskal Herriko panorama politikoan. Ezker Abertzalea bere burua berpentsatzeko prozesu ugaritan sartuta dago. Horrez gain, hainbat herri mugimendu aurrera begira egin beharreko bidea oinarritik planteatzen ari dira, barneko botere harremanak aztertzen eta antolaketa ereduak aldatzen.

Kide gazteak pixkanaka protagonismoa irabazten ari dira, baina zeri ematen diote garrantzia hauek? Zerk mugitzen ditu politikan? Zein dira erronkak beren ustez? Zein gaik kezkatzen... [+]


2015-03-30 | Mikel Asurmendi
Sarkozy garaile, PS hondatua, FN geldiarazia eta EH Bai indartsu

Hautesleen erdiak besterik ez du bozkatu. Zentro-eskuinak 67 departamenduetan irabazi du, ezkerrak 34etan. Departamentuetako 28 kontseilu ezkerretik eskuinera pasa dira. Fronte Nazionalak (FN) bat bera ere du lortu. Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusia eskuinak sostengatutako zentristen eskura itzuli da. EH Baik emaitza onak lortu ditu Iparraldean.


2015-02-08 | Mikel Asurmendi
"Helburu bakarrerantz abiatu nahi dugu, erritmo ezberdinetan"

Larzabale, 1975. Euskal filologoa. Irakaslea. EH Baiko eleduna. Martxoko departamenduetako  bozetan hautagaia Amikuze eskualdean. EH Bilduk eta EH Baik Euskal Bidea aurkeztu zuten –Irungo FICOBA erakustazoka– egunaren bezperan elkarrizketatu genuen Donibane Garazin.


2015-01-27 | Mikel Asurmendi
EH Bai: "Helburu bakar baterantz abiatzea da Euskal Bidearen asmoa, erritmo ezberdinetan"

EH Bilduk eta EH Baik Euskal Bidea aurkeztu dute hil honen 24an Irunen. EH Baiko eledun Anita Lopepek honela erantzun digu egitasmoari buruzko galderei.


ASTEKARIA Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude