Eibar, 1840. Juan Manuel, Mateo, Casimiro eta Petra Orbea Murua neba-arrebek errebolberrak eta pistolak egiteko Orbea Hermanos lantegia sortu zuten. Hamarkada bakarrean armaginen herriko enpresarik handiena izatea lortu zuen eta, mendea amaitu baino lehen, 1890ean, fabrika elektrifikatzea erabaki zuten. Horretarako zentral hidroelektriko txiki bat eraiki zuten, eta negozioa egokitzeko eta dibertsifikatzeko inolako arazorik ez zutela erakutsi zuten: zentraleko energia soberakina saltzen hasi ziren, suzko arma laburrez gain.
1895ean hil zen lau neba-arrebetan azkena. Enpresak 50 langile zituen orduan; 1906an, aldiz, 400dik gora (eta hiru zentral hidroelektriko). Baina marka guztiak Lehen Mundu Gerrarekin hautsi zituzten: 1916. urtean soilik 725.183 arma esportatu zituen Orbeak.
Jakina, Gerra Handiarekin batera amaitu zen armagileen pagotxa. Hala, pixkanaka, Orbeak gero eta arma gutxiago ekoiztu zituen. Makina-erremintaren esparruan sartzen hasi ziren, tornuak, fresatzaileak edo zulatzeko makinak eginez. Baina, hasieratik Orbea altzairuzko hodiak egitengailendu zen, eta bide horretan hasi zen haur kotxeak, gurpildun aulkiak eta, batez ere, bizikletak egiten.
1940ko hamarkadan enpresak 1.000 langile zeuzkan eta urtean 50.000 bizikleta ekoizten zituen. Eta ez zen metalezko egiturara mugatzen, txirringen ia osagai guztiak bertan egiten baitziren.
Hogei urteko egonkortasuna ekarri zuen ildo berriak, baina 1960ko hamarkadan gizartearen motorizazioak eskaera nabarmen jaistea eragin zuen. Horretara ere egokitzeko ahalegina aurrez egina zuen Orbeak, hamar urte lehenago Frantziatik zetorren Velosolex sistemaren bidez motordun bizikletak ekoiztu baitzituen. Baina ez zen nahikoa izan. 1969an ordainketa-etendura iritsi zen eta enpresa ixtekotan egon zen. Orduan, Esteban Orbeak 1.500 langileei utzi zien marka, eta haiek kooperatiba sortu zuten. Leihaketarako bizikletetan espezializatuta, berriro ere lehiakor izatea lortu zuten.
Denboraz, txirringetako altzairua aluminio, karbono... bihurtuko zen. Eta, azkenik, urre. 2008ko Joko Olinpikoetan, Samuel Sanchezek errepidean eta Julien Absalonek BTTn metal horretako domina bana irabazi baitzuten Orbea bizikleten gainean.