argia.eus
INPRIMATU
Irakurleak galdezka
  • Kaixo Jakoba. Ardiak dauzkat, eta landetan ez zait asunik egiten baina bazterretan asko egiten zait, nire iritzian ardien korotzek eta txizek dakarte hori, zer egin nezake asunok galarazteko? Gainera, ardiak dabiltzan landetan “asto patana” (menda) egiten da, zer egin daiteke galtzeko?

    Jon Rekalde (Usansolo)

2017ko uztailaren 03a

Kaixo Jon. Ardiak eta aziendak ibiltzen diren tokietan, bide, landa, larre eta abarretan ohikoa da asuna bezala batana edo menda azaltzea. Zeuk ondo esaten duzun bezala aziendaren gorotza eta txizen ondorio da. Hondakin horiek nitrogeno asko dute eta pilatzen den tokietan erruz etortzen dira, indarrean, bi landare horiek.

Galtzeko azienda kendu beharko litzateke, baina hori zaila izaten denez landareak moztu eta moztu beste aukerarik ez duzu. Biek lurpean sustrai sendoak dituzte eta horiek hustu behar dira. Moztu eta moztu, indarra kendu eta pixkanaka akabatzeko. Mozteko lan hori, kalte handiena egiteko ilgora denean egin.