argia.eus
INPRIMATU
Familia giroan
  • Euskadiko Orkestra Sinfonikoak amaitu du 2016/1017 denboraldia. Eta azkeneko saioaren protagonista orkestra gonbidatu bat izan da, Orchestre Nationale Bordeaux Aquitaine hain zuzen ere, Paul Danielen batutapean. Kontzertu ederra, biribila egin zuten, benetan. Soinu landua, enpastatua, fraseaketa leuna, intentsua dastatu genituen hasieratik bukaeraraino. Kontuan hartuz Gasteizko Principal Antzokiaren deabruzko akustika (beti esaten dudan bezala) mirari bat da hain inpresio ona ematea. Bi obraz osatu zen egitaraua, oso ezberdinak, baina biek bazuten ezaugarri komun bat: lan pasionalak direla.

Montserrat Auzmendi del Solar 2017ko uztailaren 05
Txaikovski eta Waltonen obrak. Orchestre National Bordeaux Aquitaine. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak gonbidatua Zuzendaria: Paul Daniel. Gasteizko Principal Antzokia. Ekainaren 21a.

Txaikovskiren Biolin eta orkestrarako kontzertua, op. 35 obrak oso elementu bitxiak ditu, eta justu horrek ematen dio edertasun arraro hori. Hasten da gai gozo batekin, gero inon agertzen ez dena obra osoan; dantza moduko pasarteak mugimenduetan kokatuta. Esan bezala, perfekzio inperfektua du lan honek eta hori oso erakargarria da. Aldi honetan bertsio sendoa izan genuen, Vadim Gluzman biolin jolearen eskutik. Bakarlari honek (Ukrainan jaioa baina israeldar nazionalitatea duena) errusiar tradizioko jotzeko era du. Soinu biribila eta boteretsua, ñabardura anitzekoa, alde erromantikoa azpimarratzen duena. Horrez gain, erraztasun aparta erakusten du zailtasunak gainditzeko. Bere eskuetan guztiz sinplea zirudien partiturak, eta denok dakigu nolako zailtasunak dituen. Orkestrak ere benetan ongi bete zuen bere lana. Soinu orekatua azaldu zuen, inoiz zapaldu gabe bakarlaria, efektu politak lortuz.

Saioaren bigarren zatian, William Waltonen 1. Sinfonia, si bemol minorrean entzun genuen. Esan daiteke Ingalaterrako obra ezagunenetako bat dela, bere aberastasun musikalengatik eta melodia edertasunarengatik. 1935. urtean amaitu zuen Waltonek lan handi hau, eta askotariko eraginak begi bistan daude lau mugimenduetan zehar: Sibelius, Stravinski, Prokofiev, eta Ravel (oso nabaria Andante con malinconia hirugarren mugimenduan) hor daude. Baina, han eta hemen hartutako ttantta hauekin, Waltonek jakin zuen estilo berezi eta distiratsu bat lantzen. Bordele-Akitaniako Orkestra Nazionalak azpimarratu zuen lanaren distira eta adorea, bertsio boteretsu eta zirraragarria eginez. Bis bat bota zuten, gainera: Edward Elgaren Enigma bariazioak obratik hartutako pasarte bat. Gutizia.