Zor hotza

Errautsak azaleratu du minbizia, modu gordinenean. Ez genuen uste... baina, suak erakutsi digu ustel zirela usteak: miseria gorria dago Bilbo handi eta distiratsuaren baitan. Eta lur-gainera agertzen da hura noizean behin, gizarte-zorren zizare akusatzaile.

Askoren gustukoa ez litzatekeen eraikin degradatu batean hil dira etxe bereko bost kide, sugarretan erreta eta ke beltzetan itota... Non? Bada, Zorrotzako Landan: Athletic futbol-taldeak partidak jokatzen dituen katedraletik ordu laurdenera, Deustuko Jesuitek kudeatzen duten unibertsitate ospetsutik kilometro gutxira, eta Gurutzetako eskualde-ospitale erraldoitik lau jauzitara.

Zorrotzako sutean hil diren lagunen kopuruak eta beraien arteko hurbiltasun familiarrak azalera ekarri du gizartean gordean daukagun arazo eta kontraesan bat: oparotasun eta joritasunaren ondoan –haren baitan eta erdian– ghettoak dauzkagu.

Bazterketa eta auto-bazterketa kasuak gero eta gehiago dira gure artean. Halere, kontzientziak lasai dauzkagu. Katastrofea heldu arte, jakina. Orduan, denak txalapartari.

Ghetto bihurtzeak bilakatzen du esklusioen gaixotasuna sendaezin eta kroniko. Hirigintzan, politika zentripetuak behar dira, zentrifugoak baino gehiago. Politika, pentsamendu eta jarduera inklusiboak behar dira, ez esklusiboak. Ez da erraza bazterketa-kasuetan; eta, agian, zailagoa da auto-bazterketaren kasuetan.

Edozelan ere, ez dago onartzerik horren degradatuak diren inguruak –etxe bakanak nahiz auzune oso-osoak–, ezagunak baitira arriskuak. Ez dago onartzerik inork negozioa egitea hondaturik eta umildurik diren inguru horiek merkaturatuta. Administrazio publikoek badute hitza eta eskua kontu horietan. Esnatu beharra dute; modu eraginkorrean esnatu ere.

Inoiz, inkisizio inmobiliarioarengandik ihesi, beren buruaz beste egin dute gure auzokideek etxea ordaindu ezinean, bertatik indarrez kaleratuko dituzten mehatxupean, nora joanik ez dutela. Inoiz, heriotza aurkitu dute herritarrek gau batean, bazter-auzo batean, baldintza zantarretan bizi izanda, gizarte oparotsu honetara egokitu ezinik edo egokitu ez nahirik. Inoiz, auzotik kaleratuak izan dira auzotarrak, bestelako bizitza-eredu bat posible dela erakutsi gura izan dutelako eraikin zaharretan. Kasuistikak ez du muga argirik.

Halere, izugarria da konturatzea mingaina zein isilik daukagun immolazioen sastadak azaldu arte. Ez dugu oraindik gure egin etxebizitza eskubidea dela, propietatea bainoago. Ahula da hori bereganatzen ez duen gizarte-kohesioa. Eta, ikusteko dira begiak. Entzuteko, belarriak. Kitatzekoak, zorrak.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


ASTEKARIA
2017ko uztailaren 02a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude