Zarata ala musika?

  • “Hau duk miseria!” esan du Joxe Luix Beasainek. Eskuak urritz-makilan jarrita dituela, begirada galdua balu bezala, inguruko bailaretara zuzentzen ditu begiak. “Hau duk tristura hau...” esan du jarraian. Joxe Luix bezala, parean ditugun bailaretara begira geratu gara gu ere, bere begiek ikusi dutena sumatu nahian edo. Alferrik gabiltza, ordea. Joxe Luixek ez du ezer ikusi. Isiltasuna entzun du. Ardirik eta zintzarririk gabeko mendiaren isiltasuna.


2017ko uztailaren 02an
Joxe Luix Beasain “Barberua” ardi artean. Argazkia: Jon Mari Beasain.
Joxe Luix Beasain “Barberua” ardi artean. Argazkia: Jon Mari Beasain.

“Hemen ardiak? Denean! Ba al dakik zenbat ardi ibiltzen zen?” esan digu. “Etortzen hituen mendira martxo-apiril aldera eta abuztuan ematen genizkian bibelarrera, baserrira, ahariarekin biltzeko” jarraitu du. Joxe Luix Beasain Barberua ardi artean jaio zen eta ardi giroan igaro ditu bere bizitzako momentu gehienak. Aitona artzaina, aita artzaina eta bera ere artzain ibilia baita Hernaniko Ereñotzu auzoan, Urumeako bailaran. “Sasi-ardiak eduki nizkian. Baita behiak ere: betizuak!”.

Gure elkarrizketa, ordea, sasi-ardi eta betizuen bidetik atera gabe hizketaldi luze eta ezezagunean sartu da. Nork pentsatuko zuen gaur soinu, zarata eta musikaz hizketan jardungo ginenik. Nork pentsatu gaur zintzarriak izango zirela gure elkarrizketaren erritmoa markatuko zutenak.

“Boza” duten zintzarriak eta zintzarri “motelak”

Beasainek mimoz eta maitasun handiz gordetzen ditu urteetan zehar bere ardiek eta behiek erabilitako zintzarriak. Eta oso ondo daki zein zintzarrik duen soinu polita, zein zintzarrik pattala:  “Honek soinu itsusia dik, hau moteldua zagok” esan digu zintzarri txiki bat astinduaz. Zintzarria bezala, gure belarriak ere “motelduak” egon, eta ez dute soinua horren itsusi hartu. Gure aurpegia ikusita, Beasainek dena ulertu du: “Egon, egon. Ikus ezak hau, ikusi. Honek soinua kategorikoa dik” esan digu beste zintzarri bat hartzen duen bitartean. Eskuan hartu, eta alde batetik bestera astindu du. “Aditzen al duk? Honek tiiiiinnn berezi bat dik, zintzarri honek beste boza bat dik”.

Soinu bat, ardi bat

Beasainek 95 ardi izan zituen eta haien herenak, 30 inguruk, zuten zintzarria. Zein ardiri jarri erabakia “formaren arabera edo ardiaren izateko eraren arabera” hartzen zuen. “Artzain bakoitzaren burutazioak izaten hituen: ardi honek muturra kurbatua zuela, hau txikiagoa zela…” artzainak berak erabakitzen zuen nori jarri. Ardi bakoitza ezagutzen zuen moduan, ardi bakoitzak bere izena zuen bezala, jakiten zuen zintzarri bakoitzaren soinua zein ardiri zegokion. “Ikusi nahiz ez ikusi, zakar artean edo garopean ibiltzen hituen sasi-ardiak eta zintzarri soinuarekin jakiten genian ‘holako ardi han zegok’”.

Artzainaren belarri finek ondo asko ezberdintzen baitute bere artaldeko zintzarri bakoitza. “Eta oraindik ere ezagutuko nitian”. Bere ardiekin batera, bailara berean ibiltzen ziren beste artzainen zintzarriak ere ezagutuko lituzkeen galdetuta barrez erantzun digu: “Bereiziko ez nitian ba! Aditzea nahikoa izaten nian!”. Gogoan du Beasainek oraindik ere Oiartzun inguruan mendian zintzarria aurkitu zuenekoa. Aitajauna oiartzuarra zuen eta hari erakutsi zion. Aitajaunak zintzarria astindu, soinua entzun eta ez omen zuen dudarik egin: “Hau halako baserrikoa duk”. Begira geratu gatzaizkio Beasaini. Ulertu du barruan dugun galdera: “Eta zintzarria beste artzain bati lapurtuz gero, kontuz, e? Hire ardiari jartzen badiok segituan ezagutuko dik!” esanez bukatu du kontakizuna.

Musika mendian

Kartola bailarako mendietan oteak, larrak, txilarrak eta iratzeak estaltzen zituzten basorik gabeko gune bakanak. Sasi-ardia bertan ibiltzen zen, garopean, landare artean, artzainaren begietatik ezkutatu nahian bezala. Urumea bailarako mendi hegal malkartsuek ez zioten artzainari bertan gora eta behera ibiltzeko aukera askorik ematen. Beasainek, ordea, ondo ikasia zuen bere lana. Gune garai batean zutik jarri, eta bailarara begira geratzen zen, geldi, isiltasunean. “Han holako ardi dago, han halako betizua, han beste hura…” eta pixkanaka pixkanaka, zintzarrien soinuek esaten zioten non zebilen bakoitza. “Horrelaxekoak hituen gure funtzioak!” esan digu.

Zintzarriaren soinuak belarri guztietara ez du uhin bera bidaltzen. Egungo hiritar askorentzat zarata iturri baino ez dena, Beasain bezalako artzain askorentzat zintzarri soinua berezia da: “Hori izaten huen gure musika!”. Gure mendietan urtez urte itzaltzen joan den musika.

ZINTZARRI ETA JOARE MOTAK
- Bildots-joarea edo zintzarri-kalaxka txikia edo txakur txintxarria: Bildotsarentzat.
- Ardi-joarea, laukantoikoa edo zintzarri-kalaxka: Ardientzat.
- Ardi-joarea (borobil formakoa): Ardientzat.
- Joare-larria edo zikiro-joarea: Ardiari edo zikiroari jartzen zitzaion.
- Dunba txikia: Ardientzat.
- Behor-joarea: Behorrari jartzen zitzaion.
- Dunba: Zikiroari jartzen zitzaion. Ardiarentzat handi xamarra bazen ere, bidean joateko ere jartzen zitzaion noizbehinka.

ZINTZARRIAREN ATALAK
- Garoia: Bertatik sartzen da uztaia.
- Uztaia: Gaztainez gehienetan edo haritzez egina izaten zen.
- Zintzarria edo joarea: Txapaz edo letoiz eginiko zatia.
- Mingaina: Behien adarra edo idiarena izaten zen normalean. Egun plastikozkoak izaten dira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artzantza
2024-01-29 | Garazi Zabaleta
Bilobila
Angora ahuntzen ilearekin arropa etikoa

"Ez naiz laborari familiakoa, baina agronomia ikasketak egin eta gero, lehen sektorean aritu naiz lanean Ipar Euskal Herrian. Han ikasi dut badela gauzak egiteko beste manera bat”. Areta Lorea Markalain gaztearen hitzak dira. Abaurregainakoa du aita, eta herrian... [+]


Artilezko lastairan

Esango nuke artzaintzatik lan gehientsuenak gustuko ditudala. Artalde baten zikloan dauden sasoietan, ordea, erditze-garaia da kuttuna. Lerrook idazten ari naizen honetan, 25 arkume jaio dira etxean. Lagin txiki bat, besterik ez, 160 bat arkume jaioko direla pentsatzen baduzu.


2023-10-15 | Estitxu Eizagirre
Josebe Blanco Alvarez "Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain" liburuaren egilea
“Guk, artzain bezala, bizi ditugun kezka, poz eta errealitateen lekukotasuna jaso dut liburuan”

Mendian, autoz kaletik orduerdira bizi den emakume artzain euskaldun-galegoaren eguneroko bizitzan nola eragiten dute gaurko munduan pil-pilean dauden gaiek? Klima larrialdia, berdez pintatutako kapitalismoa, basogintza, migrazioa, prekaritatea, begano mugimendua, elikadura... [+]


Eguneraketa berriak daude