Nekazaritzako transnazionalen fusioa

Elikagaien sorrera, gutxi batzuen esku geratzeko arriskuan

  • 2016ko irailean, batez ere aspirinengatik ezagun den Bayer alemaniarrak beste gauza askorengatik ezaguna den Monsanto estatubatuarra erosi zuen, 66.000 milioi dolarren truke. Azken hiru urteetan ematen ari diren hazi industrialen eta nekazaritzako produktu kimikoen alorreko fusioetan ezagunena eta aipatuena izan da, baina ez bakarra: sektoreko beste konpainia erraldoi batzuk are erraldoiago bihurtzeko prozesuan daude murgilduta bete-betean. Operazioak ez dira guztiz burutu, agintarien baimen zain daude eta.

Unai Brea @unaibrea
2017ko ekainaren 25a

Teknologiaren bilakabidea eta multinazional handien jarduna hurbiletik jarraitzen duen ETC nazioarteko elkarteak fusio oldea ate joka zela ohartarazi zuen 2015ean, Monsanto bera Syngenta erosten saiatzen ari zenean (alferrik, dena esatera). Baina ETCren aurreikuspenak harago doaz: haziak eta pestizidak kontrolatzen dituzten enpresak megaenpresa bihurtu bezain laster, jokoan sartuko dira nekazaritzarako makineria saltzen duten konpainiak, besteak baino are handiagoak. Azken emaitza, epe ertainean, laborantza industrialaren alderdi guztiak goitik behera kontrolatuko duten aktore gutxi eta oso boteretsu batzuk besterik ez geratzea izan daiteke, nekazari txikien eta, azken batean, elikadura burujabetzaren kalterako.

Ondoko lerroetan gaur egun gertatzen ari diren fusio prozesuen eta ETCk etorkizunerako egindako aurreikuspenen berri emango dizugu, batez ere elkarte horrek argitaratutako materialetan oinarrituta.

Bayerrek Monsanto erosi izana ez da agrokimikoen eta hazien sektorean egosten ari den fusio bakarra. Agintariek martxan dauden operazio guztiak baimenduz gero, gaur egun merkatu globala kontrolatzen duten zazpi konpainien ordez lau izango ditugu, boteretsuagoak eta gobernuen politiketan eragiteko gaitasun handiagokoak. (Argazkia: Bayer)

Saiatu honakoa irudikatzen: konpainia bakar batek hazia saltzen du, izurriteen prebalentzia ezagutu eta komeni den plagizida ematen du, tokian tokiko lurzoruetako baldintzen berri dauka eta horren arabera ongarria banatzen du –konpainia horrek berak egindako traktore “adimentsu” batek botako duena, metro koadro bakoitzean behar den kantitatean–, eta horretaz guztiaz gain klimaren ezaugarriak aurreikusi eta uzta babesteko asegurua eskain dezake.

Saiatu honakoa irudikatzen: enpresa
berak saltzen ditu hazia, izurriteen
kontrako plagizida, ongarria eta hori
guztia behar den proportzioan
botako duen traktore “adimentsua”,
uzta babesteko aseguruaz gain

ETC taldeak 2015eko maiatzean argitaratutako testu batean planteatzen da deskribatu berri dugun balizko egoera. Hipotesia besterik ez da momentuz, baina badu oinarririk: ordutik igaro diren bi urteetan hainbat gertakarik pittin bat hurbildu gaituzte alegiazko errealitate horretara, oraindik lehenbiziko urratsetan baizik ez bagaude ere.

Nekazaritza industrialaren sektoreko konpainia erraldoiek martxan jarri dituzte elkarren arteko fusio saioak, eta gurpila gelditu ezean baliteke etorkizuna aurreko paragrafokoa edo antzeko bat izatea –horrek zer ondorio izan lezakeen aztertuko dugu LARRUN honetan–, monopolioari buruzko araudiaren aurkakoa izan arren… ustez. Izan ere, monopolioa saihesteko ardura duten erakundeen esku dago oraintxe enpresen elkarketei argi berdea ematea ala ukatzea.

Transnazionalen arteko hiru "ezkontza"

Nekazaritza industrialaren merkatu globala lau atal nagusitan banatuta dago: haziak, pestizidak, makineria eta ongarri sintetikoak. Lehenengo hiruretan kontzentrazioa nabarmena da: enpresa gutxi batzuek merkatuaren zati oso handia kontrolatzen dute. Begira diezaiogun lehenbizi hazi eta pestiziden arloari.

Fusioen dantzak kopurua are txikiago bihurtzen ez duen bitartean, oraingoz sei konpainia erraldoi (Monsanto, Bayer, BASF, Dow, DuPont eta Syngenta) dira nagusi hazien eta pestiziden merkatuan. Sei Handiak esaten zaie. Ez da kasualitatea enpresa horietako gehienak bi eremuotan jardutea: azken hamarkadetan ehunka hazi-konpainia txiki bereganatu dute –BASFek izan ezik–, eta eurek ekoitzitako plagizidekiko aldaera erresistenteak sortzeari ekin diote, bioteknologia bidez. Monsantoren hazi transgenikoen kasua da ezagunena, baina ez bakarra.

2014an, Monsantok eroste-eskaintza egin zion Syngenta suitzarrari, baina hark ezetz erantzun zuen. Beste bitan ahalegindu zen AEBetako konpainia, eta bietan ezetz esan Syngentak. Haatik, fusioen lasterketa abiarazita zegoen. Azkenean Bayer izan da 2016ko irailean Monsanto erosi duena, baina besteak ez dira begira egon; Dow eta DuPontek bat egitea erabaki dute, eta Syngentak, Monsantori ezetz esan eta gero, gustuko eroslea aurkitu du: ChemChina enpresa txinatar estatala, pestiziden arloan munduko zazpigarren konpainiaren jabea dena.

ETC taldearen ustez, konpainien fusioek inpaktu bortitza eragingo dute nekazaritzaz bizi diren familien ekonomietan. (Argazkia: Hoel)

Sei Handietatik, BASF da oraingoz elkartzeen jokotik kanpo geratu den bakarra, eta ikusteko dago zer bide hartuko duen aipatutako hiru operazioak guztiz burutzen badira. Edozein kasutan, BASFen guztizko irabazien portzentaje txikia dator nekazaritzarekin lotutako produktuetatik. Berdin gertatzen da Bayer eta Dowrekin.

ETC taldeko Silvia Ribeirok ekainaren 10ean La jornada egunkari mexikarrean argitaratutako artikulu batean azaldu zuenez, “fusioak arretaz aztertzen ari dira (ustez) herrialde askotako monopolioaren aurkako erakundeak”. ETCren iritziz, erakunde horiek konpainia handiekiko epelegi jokatu izan dute azken hamarkadetan, baina lerro hauek idazteko unean badirudi enpresen asmoei oztopoak jar diezazkiekeela Hegoalde Globaleko gobernuren batek, edo batek baino gehiagok. Horrek eragin lezake inbertsiogileek fusioak errefusatzea Bruselak edota Washingtonek baimendu arren, eta enpresek atzera egitea. Nolanahi, argi dago konpainien apustua kontzentrazioa areagotzea dela. Orain lortuko ez balute, saia litezke geroago. Zer ondoriorekin?

Nekazari txikiak presionatzeko gaitasun handiagoa

Monsanto-Bayer, Dow-DuPont eta Syngenta-ChemChina fusioak burutuz gero, sortuko diren hiru enpresek munduko hazi komertzialen merkatuaren %60 kontrolatuko dute –hazi transgenikoen ia %100 barne–, eta pestiziden %70, Silvia Ribeirok aipatutako artikuluan dioenez. Bi merkatu horien baturak 97.000 milioi dolarreko balioa du (86.000 milioi euro).

ETCko kidearen hitzetan, fusioek inpaktu bortitza eragingo dute nekazaritzaz bizi diren familien ekonomietan, nahiz eta horien gehiengoak beren haziak eta oso intsumo kimiko artifizial gutxi erabili; “izan ere, megaenpresek gobernuei presio egiteko gaitasun handiagoa izango dute beren tamaina handitu ahala, tokian tokiko enpresa txikiak merkatutik irtetera behartzeaz gain”.

Aurreikuspen horren arabera, konpainiek presionatu egingo dute jabetza intelektualari buruzko arau murriztaileagoak lortzeko; nekazarien arteko hazi trukaketak debekatu edo mugatzeko –arau sanitarioen aitzakiarekin erregistratutako haziak erabiltzera behartuz, adibidez–; nekazaritzarako kredituak beren intsumo eta hazi patentatuak erabiltzearen baldintzapekoak izateko;
edota nekazaritza-azpiegituretan egiten den gastua eredu industrialaren aldekoa izateko. “Soloetan –eta ondorioz elikagaietan– agrotoxiko gehiago izango da, hazi transgenikoak saltzen jarraitu ahal izateko, nahiz eta dozenaka landare inbaditzailerengan erresistentziak eragin”, gaineratzen du Ribeirok.

Negozio-lerroa "astindu" beharra

Boterea handitzeaz gain, fusio orgia honi hasiera eman zion Monsantok arrazoi onak zituen Syngenta bereganatu nahi izateko. Batetik, egoitza AEBetatik Europara eramanda dirutza aurrez zezakeen zergetan. Bestetik, diru-sarrerak dibertsifikatu beharrean zegoen. Luzaroan, konpainiari irabaziak ziurtatu dizkiona Roundup herbizida eta hari lotutako Roundup Ready produktuak izan dira. Roundup-a, edo bestela esanda glifosatoa, historian gehien saldu den substantzia agrokimikoa da, eta osagai nagusia da 700 produktu ingurutan (2000tik edonork erabil dezake, orduantxe agortu baitzen Monsantoren patentea).

Luzaroan, Roundup herbizida (hau da, glifosatoa) izan da Monsantori irabaziak bermatu dizkion produktua, hura
jasateko beren-beregi diseinatutako landare transgenikoekin batera. Baina glifosatoaren aroa amaitzen hasita dagoela jabetu da AEBetako multinazionala; kimika saila berriztu beharrean dago, eta hortik datorkio beste batzuekin elkartu nahia. (Argazkia: Mike Mozart-CC By)

Konpainiak Roundup Ready izeneko soja edota arto hazi transgenikoekin batera saldu izan du pestizida. Glifosatoaren eragina jasateko genetikoki eraldatutako landareak dira, Roundup-ak “belar txarrik” gabe utzitako zelai garbietan oparo hazteko diseinatuak.

Baina bi arazo sortu zaizkio Monsantori. Alde batetik, hamarkada joan hamarkada etorri glifosatoarekiko erresistentzia duten landare-aldaerak garatuz joan dira: gutxienez 25 espezie gai dira dagoeneko Monsantok asmatutako herbizida jasateko, eta haren produktuez hornitu diren nekazariek arazo larria dute orain. AEBetan bakarrik, belar super-erresistentez beteta daude lau milioi hektarea (2015eko datuak). Euskal Herriaren azalera halako bi.

Beste kolpea Osasunaren Munduko Erakundetik (OME) etorri zitzaion multinazional estatubatuarrari. 2015eko martxoan, OMEren menpeko Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak substantzia “segur aski minbizi eragileen” multzoan sailkatu zuen glifosatoa. Gerora, ordea, Europako Elikagaien Segurtasunerako Agentziak kontrako bidetik jo zuen, glifosatoa gizakientzat kaltegarria dela esateko frogarik ez dagoela adieraziz, hain zuzen ere Europako Batzordea substantziaren merkaturatze-baimena luzatzeaz eztabaida betean ari zela. Gaia pil-pilean dago uneon; oraingoz, Batzordeak glifosatoaren baimena hamar urtez luzatzeko proposatu die Batasuneko estatu kideei, baina ez da inolako erabaki finkorik hartu. Edonola ere, eta gertatzen dena gertatzen dela, Monsantok argi du glifosatoaren garaia amaitzen hasia dela, eta gainera duela urte gutxi agortu zitzaion Roundup Ready transgenikoen patentea, eta harekin batera monopolioa. Bere kimika saila berriztu beharrean dago transnazional
ezaguna.

Aniztasunaren eta berrikuntzaren kalte

Berrikuntza da, hain justu, sektoreko konpainia erraldoien buruek fusioen alde aipatzen duten argudioetako bat. 2015eko uztailean, artean Syngenta erosi nahian zebilela, Monsantoko presidenteak esan zuen bi enpresen arteko baturak aukera gehiago eskainiko ziela laborariei. ETC taldeak, berriz, kontrako iritzia agertu zuen fusio saiakeren karietara argitaratutako Breaking bad txostenean: “Ikerketa askoren arabera, merkatua kontzentratzeak aukera murrizketa dakar”.

Adibide modura Europan egindako eta zientzia aldizkarietan argitaratutako bi ikerlan aipatu zituen ETCk, 2013koa bata eta 2015ekoa bestea. Horien arabera, zenbat eta handiagoak enpresak, orduan eta labore barietate gutxiago eskaintzen dute. Txosten bereko beste pasarte batek hau dio: “Ekonomialariek ohartarazten dute lau enpresak merkatu baten %40 edo gehiago kontrolatzen badute arrisku handia dagoela lehiakortasunari uko egiteko, berrikuntzaren kalterako”.

“Soloetan –eta ondorioz elikagaietan– agrotoxiko gehiago izango da enpresa-fusioen ondorioz”, ETC taldeko Silvia Ribeiroren esanetan. (Argazkia: Jupiter Images)

Bai pestiziden sektorean bai hazienean kontzentrazioak aise gainditzen du %40ko muga hori. Pestizidei dagokienez, hiru konpainia nagusiek (Syngenta, Bayer eta BASF) merkatuko balorearen %51 dute; hazien kasuan, %55era iristen da hiru indartsuenen batura (Monsanto, DuPont eta Syngenta).

Aldaera kopurua eta berrikuntza murrizteaz batera hazien eta intsumoen prezioak igotzea da fusio handien beste ondorio kaltegarri bat, ETCren esanetan. Bi datu: Europar Batasunean, gorakada hori %30ekoa izan zen 2000 eta 2008 artean, Europako Legebiltzarreko Berdeen taldeak argitaratutako txosten baten arabera; eta AEBetan, 1990-2010 bitartean nekazaritzako intsumoen salneurria –batik bat haziena– azkarrago igo zen laborariek beren produktuengatik jaso zuten ordaina baino.

Makineria-enpresak, partiduan sartzeko zain

Esan dugunez, hazi eta pestiziden merkatu globalak 97.000 milioi dolarreko balioa du, eta horren kontrola dago Sei Handiak eta ChemChina jokatzen ari diren partiduaren muinean. “Baina fusio erronda ez da hemen amaituko, hasi besterik ez da egin”, dio Silvia Ribeirok; “epe ertainean, nekazaritzako intsumo guztien 400.000 milioi dolarren kontrola dago jokoan”.

Dirutza horren beste hiru laurdenak makineriaren eta ongarri sintetikoen esparruetan mugitzen dira. Makineriari dagokionez, merkatuaren guztizko balioa 114.000 milioi dolarrekoa zen 2014an. Haziekin eta agrokimikoekin gertatzen den bezala, kontzentrazio handia dago eta enpresa gutxi batzuek menperatzen dute merkatua. Zehazki, lau handienek (John Deere, CNH, AGCO, Kubota) %54 kontrolatzen dute jada. Denetan buru, nabarmen, John Deere ageri da, merkatu osoaren ia laurdenaren jabe.

“Operazio-gunean, hau da, traktorean datuak erabiltzea izango da nekazariaren lanaren muina, azken buruan”, irakur daiteke ETCren 'Breaking bad' txostenean; “operazio-gune horrek kalkuluak egingo ditu lurzoruaren egoeraz, klimaz eta merkatuaz, haietatik abiatuta erabili beharreko haziari, pestizidari eta ongarriari buruzko gomendio bat inprimatzeko, edo pantailan agertzeko”. (Argazkia: John Deere Co.)

Makineria diogunean, ez gara traktore hutsez ari honezkero. Automatizazio handia lortu da, GPSa eta sentsoreak gehituz, hala nola ureztatzeko eta fumigatzeko droneak, gidaririk gabeko traktoreak, eta lurzoruari eta klimari buruzko satelite bidezko datu ugari. Era berean, Monsantok eta enparauek laboreen genomari buruzko datu-base erraldoiak dituzte, besteak beste. ETCren hizkera erabiltzearren, bioteknologia enpresek softwarea dute, eta makineriakoek hardwarea.

Etorkizuneko salgaia: datuak

Esan beharrik ez dago gauzak ez direla hain sinpleak. Batzuen eta besteen teknologiek bat egiten dute, merkatuek elkar ukitzen dute, aliantzak sortzen dira. Klimari buruzko datuak biltzen hamabost urte baino gehiago daramatzan John Deere, esaterako, 2013an hasi zen bioteknologiako Sei Handiekin loturak sortzen, eta gaur egun lankidetza akordioak ditu haietako bakoitzarekin. Monsantok, berriz, AEBetako zelaietako 30 milioi hektarearen 1:10 eskalako mapak eta datu historikoak dituela aldarrikatu du, eta etekin ekonomikoa ateratzen saiatzen hasi da, agidanez arrakasta handirik gabe momentuz.

2012an Monsantoko exekutibo batek iradoki zuen konpainia laster informazioaren teknologiaren alorrean jarduteagatik izango zela ezagun. Urte hartan bertan, Precision Planting enpresa erosi zuen. Zehaztasunezko nekazaritzarako sistemak egiten ditu Precision Plantingek: zer erein, noiz ureztatu, zer ongarri bota...

“Errefusatu ezingo duten pakete bat eskainiko zaie nekazariei: haziak, ongarriak, pestizidak, makinak, datu genomiko eta klimatikoak. Halaber,
konpainiak saiatuko dira kredituak jasotzea pakete hori erostearen menpekoa izan dadin, dagoeneko haziekin eta agrokimikoen egiten duten bezala”

2015ean John Deerek erabaki zuen Precision Planting Monsantori erostea, baina operazioa bertan behera utzi zuen AEBetako Justizia Departamentuak 2016ko udan. Fusioa gauzatu izan balitz, “Deerek zehaztasunezko laborantza-sistemen merkatua menderatu eta prezioak handitu eta berrikuntza moteldu ahal izango zituen, sistema horien menpe dauden estatubatuar nekazarien bizkar”, Justizia Departamentuaren ustez. Izan ere, John Deerek eta Precision Plantingek, elkartuta, zehaztasunezko laboreen merkatuaren %85 bereganatuko zuketen.

Konpainiek esan zuten agintarien erabakiaren aurka borrokatu eta fusioa gauzatzen ahaleginduko zirela, eta une batez uste izan zen Bayerrek Monsanto bereganatzeak horretarako bidea ireki zezakeela, baina ondoren atzera egin zuten. Oraingoz bederen. “Salmenta operazioa bertan behera utzi arren, saiakerak erakusten du joera zein den”, Silvia Ribeiroren berbetan.

Nekazaritza, datuen erabilera hutsa?

“Azken batean, helburuen artean informazioaren kontrola ere badago”, adierazi zuen ETCko zuzendari Pat Mooneyk 2016ko irailean, Bayerrek Monsanto erosi zuela jakindakoan. “Enpresa batek lortzen badu hazien jabe izatea, lurzoruari eta klimari buruzko informazioa gordetzea eta informazio genetiko berria prozesatzea, mundu osoko nekazaritza-intsumoekiko kontrola irabaziko du ezinbestean”.

Horregatik, Mooneyk zuzendutako taldeak ziurtzat jotzen du hazien eta pestiziden alorreko fusio saiakerek arrakasta ukanez gero bigarren olatua etorriko dela: makineria konpainiak bioteknologiakoak bereganatzen saiatuko dira. Lortuko ote dute? Ezin jakin, baina apustu egin behar izatekotan baiezkoaren alde egiten du ETCk, hainbat arrazoirengatik. Batetik, nekazariak bere eremuan erabiliko duen traktorea, edo bestela esanda gainerako datu guztiak jasoko dituen hardwarea, eurena delako. “Operaziogunean, hau da, traktorean datuak erabiltzea izango da nekazariaren lanaren muina, azken buruan”, irakur daiteke Breaking bad txostenean; “operazio-gune horrek kalkuluak egingo ditu lurzoruaren egoeraz, klimaz eta merkatuaz, haietatik abiatuta erabili beharreko haziari, pestizidari eta ongarriari buruzko gomendio bat inprimatzeko, edo pantailan agertzeko”.

Utopia edo distopia? ETCren iritziz bigarrena, argiro. “Bigarren fusio erronda horren helburua automatizazio handiko eta oso langile gutxiko laborantza eredu bat inposatzea izango da”, dio Silvia Ribeirok. “Errefusatu ezingo duten pakete bat eskainiko zaie nekazariei: haziak, ongarriak, pestizidak, makinak, datu genomiko eta klimatikoak. Halaber, zer aseguru erosi behar duten esango diete, eta saiatuko dira kredituak jasotzea pakete hori erostearen menpekoa izan dadin, dagoeneko haziekin eta agrokimikoen egiten duten bezala”.

Ospe kontua, edo Monsanto izatearen desabantaila

ETCren ustez makineria-enpresek alde duten beste arrazoi bat “Monsanto ez izatearen zori ona” da. John Deere eta enparauek salmenta handiagoak dituzte hazien eta pestiziden alorreko konpainiek baino, baina horrez gain badute beste abantaila bat: ez dabiltza genetikaren eta kimikaren alorrean. “Prezisiozko tresneria saltzen dute, eraldaketa genetikorik jasan ez duena, eta beraz alde horretatik toxikoa ez dena”, azaltzen du ETCk. Makineria saltzaileek mesfidantza eragin lezakete nekazariengan, baina ez kontsumitzaileengan. Aldiz, Monsantoren izena maltzurkeriaren sinonimo bihurtu da mundu zabalean. Are gehiago, ez da baztertzekoa ospearen mesedetan izen hori laster agertoki publikotik desagertzea, Bayerrekin bat egitea probestuz.

Silvia Ribeiro (ETC taldea):
“Megaenpresek gobernuei presio egiteko gaitasun handiagoa izango dute beren tamaina handitu ahala, tokian tokiko enpresa txikiak merkatutik irtetera behartzeaz gain”

Abantaila prosaikoago bat ere badute makineria sektorekoek: beren merkatuaren hazkundea. Aurreikuspenak betetzen badira, drone, robot, sentsore, kamera eta bestelako laborantza-tresneriaren eskariak gorakada izugarria izango du datozen urteotan: 2014ko 2.300 milioi dolarretatik 18.450 milioira 2022rako, eta kontua ez omen da hor geldituko. Zehaztasunezko nekazaritzaren aukera handienak Ipar Amerikan eta Europan daude –non hazien eta produktu agrokimikoen negozioa gero eta motelago dabilen–, baina Hegoalde Globaleko latifundio handietan ere badu erosle potentzial ugari.

Ongarrien sektorea, bazterretik beha

Nekazaritzako intsumoen 400.000 milioi dolarreko opil eskerga horren zatirik handiena ongarrien esparrua da: 183.000 milioi dolarreko salmentak urtero. Baina beste sektoreek ez duten ezaugarria du: kontzentrazioa ez da inondik inora hain handia, ez dago enpresa erraldoi-erraldoirik. Hiru konpainia handienen artean merkatuaren %21 baizik ez dute betetzen. Euretako bi (Potash Corporation eta Agrium) elkarrekin fusionatzeko prozesuan dira orain, baina aurrera eginez gero suertatuko litzatekeen enpresa Bayer-Monsantoren salmenten erdira baizik ez litzateke helduko.

Hori dela-eta, sektoreko enpresak nekez sartuko dira munduan jokatzen ari den fusioen partida handian, momentuz behintzat. Gainera, gutxi dakite genetikaz eta datu-base handien erabileraz. Ongarriak zein modutan sartuko diren kontzentrazioaren gurpilean inkognita da oraindik, baita orain arte egindako aurreikuspenetan bete-betean asmatzen ari den ETC taldearentzat ere. Esan gabe doa 183.000 milioi dolar oso mokadu tentagarria direla; zaila da irudikatzea prozesu honen amaieran ongarrien esparrua inplikatuta egongo ez denik, moduren batean edo bestean.

Paketearen azken ukitua: aseguruak

Ez da harritzekoa agrindustriako korporazio handiek interesa edukitzea uzten aseguruen sektorean, nekazariek euren produktuak erosten dituztela bermatzeko modu bat izan baitaiteke. Jardunbide hori zabalduta dago honezkero AEBetan, uzten aseguruen munduko merkaturik handienean (Txina da bigarrena). Esate baterako, 2015-16 ziklorako John Deere enpresaren aseguru-sailak BASFekin bat egin zuen Risk Advantage izeneko poliza eskaintzeko. Poliza horrek prima merkeagoak eta estaldura hobeak eskaintzen zituen laborariak BASFek ekoiztutako hiru produktu erosten bazituen gutxienez (hiruretako bat fungizida izan behar zen nahitaez), eta ez edozein kopurutan, baizik eta 200 hektarea estaltzeko adina. Ez da adibide bakarra.

Intsumoez gehien dakien enpresak, uzten emaitzen berri zehatzena duenak, merkatuen egoera ondoen ezagutzen dituenak lortu dezake etekinik handiena aseguruen alorrean (primetan soilik urtero 30.000 milioi dolar eratzen duena, 2005eko kopuruaren lau halako). Logikoa dirudi agronegozioetako enpresek zerbitzu oso baten truke kontratua sinatzera behartzea uzta aseguratu (edo kredituak eskatu) nahi duten nekazariak. Haatik, klima aldaketa mugak jartzen ari zaizkiekonpainia handien asmoei, joko-zelaiaren bi aldeetan jokatzen duten heinean. Hau da, mozkin gehiago lortuko dute beren bezeroak behartuz produktu jakinei lotutako aseguruak kontratatzera, edo estaldura handiegiak ordaindu behar izango dituzte kaos klimatikoak eragindako kalteen ondorioz? AEBetan, 2011ko lehorteek eta 2012ko uholdeek gauzak ondo pentsatzera behartu zituzten labore-aseguratzaileak, eta konpainia handi batzuk hasiak dira jada arlo horretan dituzten adarrak saltzen. Datu klimatikoak esku artean dituzten enpresak gai izango dira sektoreari errentagarritasuna bueltatzeko, edo klima kaotikoegia da dagoeneko?

ETCren 'Breaking Bad' txostenetik itzulia eta moldatua

Hazi eta agrokimikoen alorreko konpainien arteko fusioen egoera

Bayer - Monsanto

Bayer: Munduko bigarren konpainia produktu agrokimikoetan, zazpigarrena hazietan.
Monsanto: Munduko lehen konpainia konpainia hazien alorrean, bosgarrena produktu agrokimikoetan.

2016ko irailean bi enpresek akordioa erdietsi zuten Bayerrek 66.000 milioi dolarren truke erosteko Monsanto. Lehiakortasunari eta monopolioei buruzko erakundeak akordioa aztertzen ari dira. Konpainiek espero dute 2017 amaierarako operazioa guztiz itxita egongo dela.

DuPont-Dow

DuPont: Munduko bigarren konpainia hazien alorrean, seigarrena produktu agrokimikoetan.
Dow: Munduko bosgarren konpainia hazien alorrean, laugarrena produktu agrokimikoetan.

Bi multinazionalek 2015eko abenduan iragarri zuten bat egiteko nahia. Fusioak 68.000 milioi dolarreko balioa duen konpainia eratuko luke. Operazioa erabat burutzeko lehiakortasunari buruzko erakundeen oniritziaren zain daude.

ChemChina-Syngenta

ChemChina: Munduko zazpigarren agrokimika konpainiaren jabea da: ADAMA.
Syngenta: Munduko lehen konpainia produktu agrokimikoetan, hirugarrena hazien alorrean.

2014 eta 2015ean Syngentak ezetz esan zien Monsantok egindako hiru eroste-eskaintzei. Haatik, ChemChinaren eskaintza onartu zuen 2016ko otsailean, 43.000 milioi dolarren truke. Fusioak –oraindik onarpen zain herrialde askotan, nahiz AEBek jadanik baimendu duten– aukera eman diezaioke ChemChinari hazi transgenikoen esparruan lehiatzen hasteko.

BASF

BASF: munduko hirugarren konpainia da produktu agrokimikoen lorrean, baina apenas duen pisurik hazienean.

Momentuz fusioen jokoen kanpo geratu den bakarra da. Baliteke fusio horien ondorioz oso ahulduta geratuko diren konpainia txikiren bat bereganatzea etorkizunean.


Laborantza industriala kanaletik interesatuko zaizu...
2017-09-04 | Unai Brea
Bayerrek Monsanto erostea zer ondorio izan dezakeen ikertu nahi du Europak

Europako Batzordeak iragarri du sakon aztertu nahi duela Bayer konpainiak Monsanto erosteak kalterik egingo ote dion pestiziden eta hazien merkatuari. Bruselak adierazi du fusio-operazioa burutzeak bi arlo horietako munduko enpresarik handiena sortuko lukeela, eta horrek lehiakortasuna gutxitzeko arriskua dakarrela.


Soriako behitegi erraldoiaren aurka azaldu da Nafarroako Parlamentua

Caparrosoko Valle de Odieta kooperatibak 20.000 behi jarri nahi ditu Sorian (Espainia), eta urtean 180 milioi litro esne ekoizteko asmoa du. Aho batez onartu du Nafarroako Parlamentuak proiektuaren kontrako adierazpena.


2017-03-07 | Laborari
Panpi Sainte-Marie: "Nor da eri, ahateak ala sistema industriala?"

Ipar Euskal Herrira ere iritsi dira ahateen hilketak, zenbait etxalde handitan indartu den hegazti gripea kontrolatzeko agintariek dekretatuta. ELB Euskal Herriko Laborarien Batasuna sindikatuaren idazkari nagusi Panpi Sainte-Mariek bestelako abeltzaintza aldarrikatzen du, nekazariak beste kalamitate batek kolpatu dituen une honetan.


Soriako behi biltegi erraldoiak 726 lanpostu desagerraraziko dituela salatu du EHNEk

Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunak (EHNE) Noviercasen Europako esnetegirik handiena eraikitzeko proiektuaren aurkako jarrera adierazi du komunikatu batean. Gizarteratze kanpaina bat martxan jarri du,  #Noviercas: #EstaGranjaNoeslaLeche lemapean. “Esnearen munstroak” baserri txikiak arriskuan jarriko dituela eta bertako ekonomian zein ingurugiroan kalteak eragingo dituela azaldu du.


2017-01-31 | ARGIA
ELBk salatu du Iholdin baimena eman diotela 800 txekorreko etxalde bati

Agintariek baimena eman diote Iholdiko (Nafarroa Beherea) Ilharria baserriari urtean 1.600 txekor 800eko bi txandatan hazteko moduko etxaldea antolatzeko. ELB sindikatuak salatu du ingurumena kutsatzeaz gain lekuko laborantza txikia ahuldu eta enplegurik sortzen ez duen nekazaritza industriala sustatzen duela gobernuak.


20.000 buruko behitegi erraldoia eraikiko da Sorian Euskal Herriko kapitalarekin

20.000 esne behitako barrukia aipatzen da Espainako Gaztela eta Leon eskualdean. 600 laborarik egiten duten esne guzia bezainbat egin lezake esne fabrika horrek berak, urtean 240.000 tona, eskualde guzi hortan egiten den behi esne guziaren herena.100 milioi euro gostako liteke behitegia. 900 hektara lur eremu behar omen lituzkete orotara: aterbe eta behitegientzat 150 hektareara, eta gainerateko eremuak metanizatzekoaren hondarkinak barreiatzeko. 250 lanpostu sor lezazke Soria aldeko... [+]


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude