Euskal baleazaleen bidetik

  • 1615 ikuskizun literario-musikala. Hinka taldearen musika eta Itxaro Bordaren hitzak. Bilbo Zaharra Forum-ek antolatuta. Ekainaren 5ean, Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan.


2017ko ekainaren 25an
Hinka taldeak Hendaian ere eskaini zuen “1615” emanaldia.

Itxaro Borda protagonista izan zen Bilbon ekainaren hasieran. Hilaren 8an, %100 Basque eleberriaren etengabeko irakurraldia egin zuten Bilbo Zaharra euskaltegikoek eta, giroa berotzeko, jarduera ugari antolatu zituzten aurreko egunetan. Hinka taldearen 1615 emanaldiak iraganera begira jarri zituen entzuleak, Islandiara baleak harrapatzera joaten ziren euskaldunen garaietara.

Dena dela, emanaldiaren abiapuntua gaur egungoa da: Itxaro Borda bera Islandian izan zen eta hango bizipenek idaztera bultzatu zuten. Uharteko paisaia bakarti eta basatiak, euskaldunek hango uretan harrapatutako balea erraldoiak, islandierazko eta euskarazko hitzak dakartzan hiztegi zaharra... eta 1615eko sarraskia. Urte hartako udazkenean 32 euskaldun hil zituzten islandiarrek.

Hinka taldearen eskariz, 13 testu poetiko idatzi zituen Itxaro Bordak. Gitarrak, trikitia eta ahotsak erabiliz musikatu zituen Lapurdiko hirukoteak eta hala jaio zen 1615. Joannes d’Etcheberri Ziburukoaren Balea hil ondoko eskerrak errezitatuz hasi zen Bilboko emanaldia. Ondoren, Bordaren hitz iradokitzaileek eta hirukotearen doinu alaiek gidatuta, Islandiako ur hotzetan murgildu ziren entzuleak, orain dela lau mendeko baleazale haiekin batera. Jon Gudmunsson jakintsua zain zuten, XVII. mendean euskaldunen ibilerez idatzi zuena hain zuzen.

Trikitiaren soinuak abenturazko bidaia epiko haietara batzeko gonbidapena egin zien entzuleei. Behinolako euskaldunak bezala, beste inor baino urrunago heltzera, beste inor baino ausartago izatera. Itsaso Artikoaren ateetan, ordea, zalantza dakar negu hurbilak. Melodia leuna, malenkoniatsua du Ez dakit itzuliko naizen kantak. Batzuk ez ziren inoiz itzuli, balearen patu berbera aurkitu baitzuten: “Itsasoa gorri da balea odolez, marinel odolez, bizidun odolez”, dio Spanverjavigin abesti gordinak.

Ondoren, Lilja maitez kantan, XIV. mendeko islandiar doinu egokitua erabili zuen Hinkak. Une magiko batean, islandieraz errezitatu zituzten ahapaldi batzuk, Artikako azeria haur kantan. Itsasoaren olatuen kulunkan, iraganak eta orainak bat egin zuten Bilboko areto txiki hartan, ia-ia Islandiako haizea eta ozeanoko kresala nabaritzeraino. Atlantikoak lotu zituen bi herriak aspaldi, baita hizkuntzak ere: elkarri ulertzeko sortu zituzten euskara-islandiera pidgina eta zenbait hitz-zerrenda. Haietako bat esku artean izan zuenekoa gogoratzen du Itxaro Bordak Esku-izkribuak kantan, “paperen ukitzean, ukitua nintzen”.

Literatura eta musika, iragana eta oraina uztartzeko ariketa interesgarria da 1615. Euskaldunen memoriaren oihartzuna aurkitu ahal izan du Itxaro Bordak gaur egungo Reikjaviken eta melodia gozoz jantzi du Hinkak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontzertuak
Zuzeneko kronika
Behin baziren baionar batzuk...

Willis Drummonden agur besta

Non: Intxaurrondoko kultur etxean, Donostian

Noiz: Urtarrilaren 5ean

Gonbidatuak: Zetkin, Elvis Caino DJ, Indezen DJ eta Zumitrenko DJ.

------------------------------------------------

... esango dugu noizbait. Joan ikustera, baina... [+]


Eguneraketa berriak daude