25 ikaslek estreinatuko dute Lanbide Heziketa saila

  • Bernat Etxepare Lizeoak Lanbide Heziketa saila zabalduko du 2017-2018 ikasturtean. Areago, egoitza berria estreinatuko du Baionan bertan. 280 ikasle inguru ari dira ikasten gaur egun eta 25 gehiago ariko dira lanbide heziketan. Lizeoko Hélenè Charritton zuzendariak azaldu dizkigu proiektu berriaren nondik norakoak.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

3.400 ikasle ari dira Seaskan. Iparraldeko ikastolen elkarteak 34 ikastetxe kudeatzen ditu: hamar ama-ikastola, hogei lehen maila, hiru kolegio eta lizeo bat. Ikasturte berrian lau kolegio izanen ditu orotara. Gainera, Lanbide Heziketa saila zabalduko du. Sail berria zabaltzearen ideia bi oinarritan finkatuta dago: administratiboan eta pedagogikoan. Lizeoen finantzamendua Akitania Eskualdearen ardura da. Ordea, lanbide heziketa ez dago eskola pribatuetan oso garatuta: “Bi lege daude indarrean, Falloux eta Astier legeak. Lehenak ikastetxe pribatuei laguntza murrizten die, besteak, alderantziz, heziketa profesionala garatzeko diru asko ematen du. Kontseilu Nagusiak gure proiektua zazpi milioi euroz finantzatu du”, adierazi digu Bernat Etxepare Lizeoko Hélène Charritton zuzendariak.

Lizeoak 25 urte bete ditu aurten. Duela bi urte, eremu teknologikoan sail bat zabaldu zen lizeoan. Kari horretara, Seaskak Lanbide Heziketa saila garatzea proposatu zion eskualdeko hezkuntza ordezkaritzari: “Akitania Berriko Kontseiluarekin, hezkuntza errektoretzaren bidez, hitzarmen bat adostu dugu lizeo profesionala egungo lizeoaren eraikuntzan aterpetzeko”. Legeak kontraesanetan izaten dira sarritan. Falloux eta Astier legearen aurkakotasuna da adibidea. Alta, borrokaren poderioz irtenbideak atzematen dira administrazioaren eta irakaskuntzako eragileen artean; Seaskaren lana da horren lekuko.  

Seaskak hiru gai proposatzen dizkie ikasleei Baxo profesionala lantzeko: merkataritza laborantzako
salmentan, eskoletarako laguntzaileen AVS titulua eta ikus-entzunezko ekoizpenak

Administrazioarekin landutako kudeaketaz batera, Seaskako arduradunek berealdiko arreta jarri behar izan dute eremu pedagogikoan: “Seaska aspaldi ohartu da ikasleak galtzen dituela Kolegiotik Lizeora bidean. Ikasle horien kopurua emendatuz joan da, erditik gora (%50-60) lan mundu profesionalera joan ohi da, eta horiek gurekin ikasten segitzea nahi dugu. Proiektu berri honekin Baxorainoko euskarazko hezkuntza ziurtatzea dugu helburu”, erran digu solaskideak. Baxoa –Baccalauréat frantsesez– goi-mailako ikasketak egin ahal izateko ezinbestean eskuratu behar den titulua da. Frantzian oro har eta Ipar Euskal Herrian orobat, ikasleen %25-30ak Lanbide Heziketan jarraitzen ditu bere ikasketak. Iparraldeko lizeoetan 10.000 ikasle inguru ari dira. Horietako 280 ari dira Etxepare Lizeoan.

Lanbide Heziketa sail berri honen hastapena da Etxepare Lizeoan. Ekimen berrien hasiera ez da erraza izaten, pedagogikoki tentuz landu behar da. Konparaziorako, ikasleek Baxo orokorra eskuratzeko hiru arloren artean aukeratu dezakete: literatura, ekonomia eta zientzia. Seaskan horiek landu dira 25 urtez: “Baxo teknologikoan aldiz, hamar arlo daude, horien artean 100 titulu ezberdin baino gehiago eskuratu ahal dira. Guk horien adar bat garatu nahi dugu: enpresen munduari loturikoa. Batzorde batek beharrak identifikatu ditu eta lanbideak definitzen hasteko ideia hauek hartu ditu kontuan: euskara baloratua izatea ikasketetan, baita enpresetan ere. Hala berean, mutiko eta neskentzat aukera berak izatea”.

Bide xumea hartu dute abiapuntuan. Industria eta laborantza arloko Baxo tituluen aukera alde batera utzi dute. Lehen arloa garatzeko bitarteko mekaniko handiak behar direlako, eta bigarrena ongi finkatua delako Iparraldean: “Arlo horietan ari direnekin lehiatzea –frantsesez ari direnekin, alegia– ezinezkoa litzateke”.

Seaskak beraz, hiru sailetako Baxo profesionala lantzea proposatzen die ikasleei: 1. Merkataritza, laborantzako salmenta alorrean. 2. AVS titulua (Auxiliaire de vie scolaire / Eskoletarako laguntzaileak). Seaskak jende anitz kontratatzen du AVS lanposturako. 3. Ikus-entzunezko ekoizpen ikasketak.

Frantziako Hezkunde Nazionalak ez du oraindik onartu hirugarren saila. AVSrako zazpi ikaslek izena eman dute  jada. Merkataritza sailean lau ikasle matrikulatu dira. Ez dira aski saila zabaltzeko, baina ziur daude gehiago egongo direla. Kolegioetan ari diren hainbat ikaslek lizeo orokorrera pasatzeko zailtasunak dituzte eta lanbide heziketa egitea proposatu zaie. Hots, hemendik aitzina, frantses ikastetxetara joan beharrean, Seaskan izanen dute ikasteko aukera. Hurrengo urteetan ikasleek gai orokorrak –euskara, frantsesa, matematika edota historia– ikasiko dituzte beste ikasleekin batera eta lanbide heziketaren berezko sailean ariko dira baxo profesionalaren titulua eskuratzeko.    

Etxepare Lizeoaren egoitza berria

Lizeoak egoitza berria estreinatuko du datorren ikasturtean. Baionan izanen da, orain dagoen ingurumarian. Egungo egoitzan, berriz, kolegio berria izanen da. Kanbo, Ziburu eta Larzabaleko kolegioaz beste, laugarrena izanen da Baionan. Lizeo orokorrean 280 ikasle ariko dira eta 25 Lanbide Heziketan. Ikasle horiek hamalau orduko praktika espezifikoak jasoko dituzte astean. Bi irakasle berri behar dira horretarako, eta dagoeneko horien profila lantzen ari dira berauek kontratatzeko.

Lanbide Heziketa saila zabaltzean Hego Euskal Herriko irakaskuntzari begira aritu dira proiektuaren arduradunak: “Gure lehen xedea Hegoaldeko ikastetxeekin harremana lantzea izan da. Iparraldean praktikak euskaraz egitea nekeza baita. Praktiken heren bat bideratu nahiko genuke Hegoaldean. Donostiako Xabier Zubiri-Manteo ikastetxearekin ari gara elkarlanean”, erran digu Charrittonek.

Hala ere, Hegoaldeko gizarteak frantses hizkuntzarekiko hartu duen jarrera eskasak arranguratzen du Etxepare Lizeoko zuzendaria: “Ingelesak aitzina hartu dio frantsesari”. Bere ustez, bi aldeetako herritarren arteko harremanak normalizatzeko, frantsesak iraganean izan duen munta berreskuratu beharko luke. Lanbide heziketaren garapenerako begi-bistakoa omen da hori: “Hiru urteren buruan ikusiko dugu gure proiektua nola garatu den, alabaina, guretzat mugaz gaindiko dinamika bultzatzeko eleaniztasuna baitezpadakoa da: euskara lehenik, eta gaztelania eta frantsesa ondoren ikusten ditugu. Hiru hizkuntzen uztarketa landu beharko genuke, euskara lehenesten eta beste biak landuz aldi berean. Gure ilusioa da gure ikasleak Hegoaldera bideratzea eta alderantziz, hangoak hona etortzea. Harreman normalak urraska garatzea, ingelesarekiko indartu den exotismoa gibelean uzteko behingoz”.  

Edonola den ere, Seaska elkartea ez dago kexu. Hegoaldeko irakaskuntzako eta herri erakundeetako hainbat eragilerekin batera ari da. Oiartzun eta Segurako herrietako zenbait enpresaren sostengua ukan dute, baita Errenteriako ikastolaren diru laguntza jaso ere: “Eragile askoren harrera bikaina izan dugu proiektua bideratzeko, sostengatuak sentitzen gara; esker oneko hitzak ditugu haientzat guztientzat”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Seaska
Jokin Pantxeska Etxebarria. Gerrako ume, aitaita
"Hiru aldiz esan dute gorria naizela, komunista!"

Irisarriko herrigunera sartu orduko, hantxe, etxe baten atarian, ikurrina eta estelada. Jokin Etxebarriaren bizitokia duzu. Gerrako ume izandakoa, hamaika ibilera –eta hamaika baino gehiago ere bai–, han eta hemen egindakoa. 92 urtek nahi beste bizitzeko aukera... [+]


2024-03-19 | Leire Artola Arin
Beskoitzeko ikastolari 2025era arte luzatu diote lurrak erabiltzeko baimena

Herriko kontseiluaren gehiengoa lurrak ikastolari beste urtebetez alokatzearen alde agertu da, eta jarraian auzapezak dimisioa aurkeztu du. Ikastolako gurasoei eta Seaskari hitzarmen berri bat aurkeztekotan geratu da herriko etxea.


Numeriko iraunkorraren eguna Baionako Estitxu Robles kolegioan

Martxoaren 6an numeriko edo digital iraunkorraren eguna ospatu dute Baionako Estitxu Robles kolegioan. Ordenagailu zaharrak berregokitzen ikasi dute eta Ilargikoop ikasle kooperatibaren berri jaso dute.


2023-12-19 | Leire Artola Arin
Peio Jorajuria, Seaskako lehendakaria
“Ezinezkoa da Beskoitzetik ikastola bat horrela kanporatzea”

Haserre mintzatu da Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria, Beskoitzeko Herriko Etxeak astelehenean hartutako erabakiarekin. 51 haur dituen ikastolarekin hitzarmena eten du auzapezak, eta sei hilabeteren buruan debekatuta izango dute bertan eskolak ematea. Gurasoek harridura... [+]


2023-11-20 | ARGIA
Beskoitzeko ikastolaren alde ehunka euskaltzale bildu da

2.500 euskaltzale elkartu dira Seaskak eta Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak deitutako manifestaziora. Herriko etxeak ikastolaren eraikin berria egiteko eskariari jarritako trabak salatu dituzte eta Beskoitzeko ikastolako haurrei babesa eman diete.


Eguneraketa berriak daude