Gure aurpegiei buruz

Badator semea telefono batekin, eta bere argazkiak erakusten dizkit: nerabe gisa izango duen aurpegiarekin, aitona gisa izango duenarekin, neska balitz izango lukeenarekin. FaceApp deitzen da aplikazioa. Pantaila ukituz ematen ditu aukera ezberdinak. Erretratu robotenak bezain artifizialak. Errealitatean existitzen ez direnak. Mamu-aurpegiak. Niri ikara sortu didatenak, eta berari, barregura.

Zer esan semeari nire ezinegona azaltzeko? Beharbada ez dela inoiz aitona izatera helduko? Ezin dela aldez aurretik jakin noiz hilko garen? Heriotzan pentsarazi baitidate erakutsi dizkidan argazkiek. Gauza bat da aspaldi desagertu zen zerbaiten edo norbaiten irudiak duen mamu izaera. Ez da alferrik esaten hilezkortua geratu dela, betikotua. Eta beste bat, zeharo ezberdina, etorkizuneko irudiekin, geroaren promesa egin, eta heriotzaren aukera bera ezeztatzea. Edo ez? Zergatik ezin dut barre egin jokoarekin? Zeren eta, joko hutsa baita. Eta horixe da aplikazioak eskaintzen duen aukeretako bat: irribarre zabala txertatzen du beste zerbait adierazten zuen aurpegian. Hori omen da niretzako filtrorik egokiena, argazki gutxi baititut irribarrez. Salbatuta gaude espezie arraro, susmagarri, horretakoak garenok?

Erretratuetan irribarrez agertu beharra nahiko berria da. Lehen ez zen egiten. Horregatik ere bada Mona Lisaren irudia horren berezia, eta hark ere, iradoki baino ez du egiten irria. Aurpegiak ez dira irribarretsu ageri ez Rembrandt, ez Velazquezen pinturetan. Kontuan hartzekoa izango da dentistarik ez zutela, eta hortzak ez zirela aurpegiko atalik erakusgarrienak izango. XX. mendeko argazkilarien erretratuetan ere urriak dira aho alaiak, gutxitan aurkituko ditugu August Sander edota Dianne Arbusen motiboetan. Baina XXI. mendekoak gara gu, ados. Selfie-ak eta smiley-ak asmatu ditugu. Hala bada, artista britainiar bat FaceApp instalaturik zuen smartphone batekin sartu da berriki Amsterdamgo Rijksmuseumean, eta eraldatu egin ditu hango pintura eta eskulturetako modeloak. Serioegiak ei ziren. Jarraitzaile eta imitatzaile asko izan ditu haren ideia jenialak. Horretarako dago egina aplikazioa, garena baino alaiagoak izan gaitezen? Atzamar-ukitu hutsez?

Badakigu errealitatea desitxuratzea –eta faltsutzea– argazkigintzaren oinarrian bertan kokatuta dagoela. Misterio bat, ilusio bat izan dira beti argazkiak. Erretratatua izan denari egindako agresioaz, perbertsioaz idatzi izan dute argazkigintzaz pentsatu dutenek. Efektuak ere, hasiera-hasierakoak dira, argazkia errealitatea finkatzeko dokumentua zirenekoak. Esposizio luzea eskatzen zuten lehen teknikek, eta denbora horretan egindako mugimenduek mamu-efektua eragiten zuten. Nahi gabe batzuetan, apropos bestetan.

FaceApp hori arin aspertzeko aplikazioa dela entzun dut. Bizitza laburrekoa da eskaintzeko duen dibertsioa. Emaitzak oso antzekoak direlako beti. Eta oraingoz behintzat, ez dugu sinetsi nahi denok itxura berbera izango dugula egunen batean. Klon gutxi batzuen bariazioak. Filtroek sorrarazten duten itxuraldaketa hain da azalekoa, hain urrun geratzen da barruko ezer ukitzetik, hain da hutsala! Akaso horixe izan da semeak erakutsitako argazki sorta ikusterakoan gehien ikaratu nauena: trukuaren merketasuna bera. Lasaitua hartzen dut. Ez da izango serioegia naizela, luzerako ematen duten jokoak nahiago ditudala baizik.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


ASTEKARIA
2017ko ekainaren 18a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude