"Prekarietateari aurre egiteko, arazo indibidualak kolektibo bilakatu behar ditugu"

  • Gazte mugimenduak abenduan Barañainen egindako Gazteraiki topaketan hainbat lagunek ikusi zuten gazte langileen arazoei aurre egiteko sareak ehuntzea ezinbestekoa zela, eta lanari lotutako taldea sortu zuten. Ekainaren 18an dute “0” asanblada Bakaikun. Ander Bilbao eta Iñigo Alonso talde eragileko kideek orain arteko bideaz hitz egin digute.

Iñigo Alonso eta Ander Bilbao, Gazteraikiko lanaren taldeko kide guztien izenean hitz egin dute astekari honekin.
Iñigo Alonso eta Ander Bilbao, Gazteraikiko lanaren taldeko kide guztien izenean hitz egin dute astekari honekin.

Euskal Herriko gazteek lan munduan bizi duten egoera salatu duzue, zein da?

Prekarietatera kondenatutako gazteak gara. Eskola partikularrak ematearen truk hiru-lau sosa ateratzen ditugu, egunero tonaka elikagai zaborretara botatzen duen supermerkatuak orduko lau euro ordaintzen digu, Bangladeshen jositako arropak tolesten ditugu... Ikasketak lan merkatutik at kokatzeko borrokatzen gara, gurasoen etxean bizi gara eta praktiketan enpresarientzat doan egiten dugu lan.

Gazteen prekarietateak eragin konkretuak al ditu?

Hainbat gauzaz ari gara: kontraturik ez izatea, soldata baxua, lan ordutegi finkorik eza, azpikontratazioa… Eta kontzeptu horien ezaugarri komuna da ezegonkortasun eta segurtasun falta. Horrek ez du eragiten soilik lan baldintzetan, gure bizitzako esparru guztietan baizik, nahi dugun bizi proiektua eraikitzea oztopatzen duelako. Baina hau ez da berria. Industrializazio garaian adibidez, oso lan baldintza gogorrak zeuden. Ezberdintasuna zein da? Gaur egun prekarietatea geroz eta sektore zabalagotara hedatu eta sistematizatu dela.

Baina gazte guztiek ez dute prekarietate bera jasaten… prekarietate mota ezberdinez hitz egin dezakegu agian?

Argi dago eskualdez eskualde prekarietatearen forma aldatzen doala, sektore produktiboak modu askotan banatuta daudelako. Hiriburuetako gazteen errealitatea lotuago dago hirugarren sektorera. Kasu hauetan arazoetako bat da hiri handietako agertokiak gero eta erlazio handiagoa dutela multinazional eta enpresa handiekin.
    Herri txikietan, berriz, beste arazo batzuei egin behar izaten diete aurre: landa exodoaren eraginez proiektuak aurrera ateratzea oso zaila izaten da; herritarren arteko gertutasunak eragiten du kontraturik gabe edo baldintza kaxkarretan lan egiten ari diren gazteek nagusiei aurre egiteko zailtasunak izatea, eta abar. Beraz, prekarietatearen forma aldatzen da, bai, baina eraginak berberak dira. Horregatik, egoerari aurre egiteko modua denon artean bilatzea planteatzen dugu.

Horretarako sortu duzue Gazteraikiko lanaren taldea?

Gazteraikiren lehenengo asanblada Añorgako (Donostia) Firestone lantegi okupatuan egin zen. Han, gazte mugimenduko hainbat kidek ikusi genuen erresistentzia fasetik alternatiben eraikuntzara joan behar ginela. Egun horretan hamaika arlotan banatu ginen (feminismoa, etxebizitza, lana, komunikazioa…) eta honela sortu genuen lanaren taldea. Bigarren txanpa Usurbilen izan zen: ikusi genuen egungo gazte langileon atomizazioari aurre egiteko beharrezkoa zela gure arteko sarea zabaltzea. Horren ondotik, Euskal Herriko hainbat txokotan salatu genuen prekarietatea; Madrileko Prekarioen Bulegoko kideak ere etorri ziren Hego Euskal Herrira eta hiriburu guztietan hitzaldi-eztabaidak egin genituen beraien proiektua ezagutzera emateko.

Gazte mugimenduak Barañainen egindako topaketen irudia; horren ondotik hainbat pauso eman dituzte taldea sortzeko: “Ikusi genuen egungo gazte langileon atomizazioari aurre egiteko beharrezkoa zela gure arteko sarea zabaltzea”. (Argazkia: Topatu)

Euskal Herrian bulego prekarioak sortuko dituzue, zein helbururekin?

Gazteak kontzientziatu eta aktibatu nahi ditugu: prekarietate egoeran dagoen gazte bakoitzarekin hitz egin eta haren arazoari denon artean erantzun. Tokian tokiko sareak ehundu nahi ditugu, babesa, mobilizazioa, bitartekaritza juridikoa eta informazioa emateko. Gazte batek arazo zehatz bat badu, hura ezagutzera emango dugu, adibidez manifestazio eta performance-ak eginez edo esku-orriak banatuz. Norbanakoaren zapalkuntza arazo kolektiboa dela erakutsi nahi dugu azken batean. Bide juridikoa erabili behar izanez gero sindikatuekin jarriko gara harremanetan, baina mobilizazioa guztiz beharrezkoa ikusten dugu, irakurketa politikoa kalera ateratzeko. Horrez gain, jadanik existitzen diren alternatiben inguruko informazioa eskaini nahi dugu eta proiektu bat sortzeko asmoa duten gazteak OlatuKoop bezalako eragileengana bideratu.

Antzekoa egiten duen eredurik ezagutzen duzue?

Bai, eredu ugari daude, AEBetako Seattle Solidarity Network-a kasu, langileen arteko elkar babesa eta ekintza zuzena oinarri duena. Beste adibide batzuk badaude: Red de Solidaridad Popular (Madril), Vaga de Totes (Herrialde Katalanak), Sindicat de Barri (Gràcia, Bartzelona), Grupo de Respuesta Inmediata (Kanaria Handia) eta Las Kellys (Espainiako Estatua), besteak beste. Euskal Herrian, Iruñerriko Langileon Autodefentsa Sarea eta Gazte Langileok kolektiboa daude, Bilboko Eragin kolektiboa, Orereta eta Bilboko Langileen Elikagai Banku Solidarioa... Gure asmoa da horien akats eta lorpenetatik ikasi eta gure errealitatera egokitutako mugimendua sortzea.

Tokian tokiko lan-taldeak sortu dituzue, nolako harrera izan du egitasmoak?

Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan antolatuta gaude eta Ezkerraldean, Durangaldean eta Sakanan esperientzia batzuk martxan daude dagoeneko. Adibide batzuk dira Bilboko hiri ereduaren eta multinazionalen kontrako dinamikak, Ezkerraldean ACBko aferaren harira egindako mobilizazioak, Donostiako mahai-inguruak, Iruñerriko mobilizazio eta autodefentsa sareak eta Gasteizko aurkezpen asanblada. Tokiaren arabera mugimenduak berezko forma hartu du: proiektu batzuk hastapenetan daude eta beste batzuk etengabe hazten ari dira.


ASTEKARIA
2017ko ekainaren 18a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Prekarietatea
2024-03-14 | Gedar
Mercadonak %40 areagotu ditu irabaziak, eta %30 Inditexek

Marka historikoak hautsi dituzte bi enpresek 2023an: Mercadonak lehen aldiz lortu du 1.000 milioi euroko irabaziak gainditzea.


Indarberriturik atera dira sektore publikoko langileak, hirugarren greba egunean

Sindikatu deitzaileen arabera, ikasturte honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sektore publikoan antolaturiko greben artean jendetsuena izan da asteartekoa, eta batez ere garraio publikoan, hezkuntzan eta udal esparruan izan du eragin handiena. Manifestazioetan 30.000 lagunek... [+]


2024-02-27 | ARGIA
Langile bat hil da Arrasaten; urtea hasi denetik, 17

Astelehen arratsean gertatu da ezbeharra, Arrasaten, hiru metroko sakonerara erorita.


2024-02-15 | ARGIA
Langile bat hil da Olaztiko zementu-enpresa batean

Ostegun eguerdian gertatu da ezbeharra Cementos Portland enpresan, Olaztin. Urtea hasi denetik 15 langile hil dira Euskal Herrian.

 


Hiru egunetik behin langile bat hil da Euskal Herrian, urtea hasi zenetik

Durangon 47 urteko langilea hil da asteartean eta jadanik istripuz hildako 14. behargina da aurten Euskal Herrian, LABek emandako datuen arabera. Fumbarri lantegiko teilatuan lanean ari zela erorita hil da langilea eta azpikontrataturiko enpresa batentzat ari zen. Sindikatuek... [+]


Eguneraketa berriak daude