Ez da hau familian sortutako piano bikote bakarra Errusian: Emil Guilels eta bere alaba Elena, edo Dimitri Baxkirov eta Elena Baxkirova adibide onak dira esateko talentua geneen bidez transmititzen dela (eta, ematen duenez, Errusian gehiago gertatzen da). Kasu honetan, Vladimir Ashkenazy piano jole eta orkestra zuzendari ospetsua Kursaal Auditorioan izan dugu bere seme Vovkarekin batera, eta emaitza eraginkorra izan zen, besterik gabe.
Pianista onak dira, dudarik gabe. Vladimirrek, ia-ia laurogei urterekin (uztailean egingo ditu), bere dohainei eusten die: soinu ederra, doitasuna, teknika segurua… Eta Vovkak badu fintasun berezi bat eta pultsazio neurtu eta biribila. Errezitaldi ona eman zuten, baina inolako magiarik gabea. Konplikatua izan zen haien arteko bolumenak orekatzea behin eta berriro. Orokorrean, planoa geratu zen interpretazioa dinamikaren aldetik eta, laburbilduz, exekuzio bikaina entzun genuen baina, zoritxarrez, zurbila.
Franz Schuberten Dibertimento hungariarra, op. 54 D. 818 ez da konpositorearen obra distiratsuena, egia esan, baina lan egokia izan zen bi bakarlariak giroan sartzeko. Doi-doia entzun genuen, tinbrika polita erakutsiz. Jarraian, hain ezaguna den Moldava ibaiak, Smetanaren Nire aberria poema sinfonikoen sortakoak, ez zuen distira nahikoa izan. Ondo akoplatu ziren bi musikariak, soinu efektu politak lortu zituzten, baina, lehen esan bezala, dinamika planoa izan zen, eta adore pixka bat falta izan zitzaion interpretazioari.
Bigarren zatian ñabardura gehiago sumatu genituen. Maurice Ravelen Rapsodia espainiarra, bi pianotarako, graziaduna entzun genuen, erritmikoa, aurreko obretan baino naturaltasun handiagoarekin. Eta, dudarik gabe, beren onena Ratxmaninovekin atera zuten. Konpositore honen 1. Suitea, op. 5. Fantaisie-tableaux bi pianotarako obran malgutasun eta freskotasun gehiago azaldu zituzten. Nahiz eta errezitalaren titulua Ashkenazy-tarrak eta musika errusiarra izan, hauxe izan zen jo zuten obra errusiar bakarra, eta honetan bai sentitu genuela familia honen talentua.
Bis bezala, Glinkaren pieza bat jo zuten, orkestrarako egina eta Glazunovek pianorako moldatua. Hau bai, primeran atera zen.