Poliziaren gehiegikeriak Frantziako auzo txiroetan

  • Frantziak begiratu nahi ez duen arazo potoloenetarikoa da hiri inguruetako egoera. Bazterketa geografikoaz gain, diskriminazio soziala, politikoa eta ekonomikoa dute eguneroko ogi bertakoek. 50eko eta 70eko hamarkaden artean eraikitako auzo horietan, etorkinak eta Frantzian sortu haien ondorengoak dira nagusi. Poliziaren gehiegikeriek giroa jasangaitza bilakaturik, sutan jartzen dira erregularki. Soluzio politikorik ez denez ematen, jazarraldien zerrenda luzatuz doa.

“Frantzian ez dugu patruilan ibilki, herritarrekin solasean dagoen poliziarik. Auzoetara doaz gudu zelaira doazen gisa”, dio Laurent Mucchielli soziologoak.

Sutan jartzen dira, haserreak sustaturik. Ez da ordea irudia: sugarrek hartzen diote gaina gauaren ilunari. 1979an izandako lehenetik, aurtengo otsaileko azkenera arte, Frantziako hiri inguruetako jazarraldi guztiek dute oinarri bera: bazterketa sozio-ekonomiko politikoa eta poliziaren gehiegikeriak. “Enplegua, etxebizitza, hezkuntza ala beste, egoera kaskarra pairatzen dugu, baina guzti horrek oinarri bera du: arrazismo estrukturala dago Frantzian”, dio Louisa Yousfi arrazismoaren aurka dabilen gazte militanteak.

Historia errepikatuz doa. Laurent Mucchielli soziologoak argi dauka: “Hutsegite bat da jazarraldiak delinkuentziaren esparrura mugatzea; bai, ekintza delinkuenteak burutzen dituzte, baina ez da hori bakarrik”. Konpondu gabeko hainbat arazo daude oinarrian. Botere politikoen partetik egoera hobetzeko nahikari politikorik ez du sendi. “Aurrekontuei begiratuz gero argi geratzen da ez dela lehentasunetan”.

Lehen ministro zela, Manuel Vallsek berak “apartheid territorial, sozial eta etniko” gisa definitu zuen egoera
 

Botere politikoen partetik ez bada, hiri inguruetako gazteen partetik sendi du aldaketa Yousfik. 2005az geroztik politikoki antolaturik, jazarraldi geroz eta gutxiago eta manifestazio zein kolektibo gehiago daudela dio. Ez da iritzi berekoa Mucchielli: “Ez naiz hain baikor, maleruski ez dut hainbeste antolaketa politikorik sendi”. Polizia kontrol batetik ihesi, elektrika-gune batera sartu eta elektrifikaturik hil ziren 2005ean Paris ondoko Clichy-sous-Bois auzoko Zyid Benna eta Bouna Traoré. Auzoan hasi eta Frantziako beste hiri inguruetara hedatu ziren hiru astez iraundako jazarraldiak. Haserrea areagotu egin zen hirugarren egunean, poliziak negar gasezko granada bat auzoko meskita barnera bota zuenean. Gibeletik zituzten poliziak hobengabetzat jo izan dira. Auzitegian, polizia zuriaren hitzak sistematikoki auzokoen hitzari gaina hartzen diola deitoratu ohi du biktimen senideek osatu Urgence, notre police assassine (Presa handia bada, gure poliziak erailtzen du) kolektiboak.

Hamar urtez, 47 herritar poliziak hilik

Poliziaren gehiegikeriek sua pizten segitzen dute. Azkenak, aurtengo otsailean, poliziak Théo Luhaka gaztea atxilotu eta bortxatu izanaren ondorioz. Itxuragatiko kontrolak dituzte jasangaitzak. Poliziaren partetik, beltz ala beltzaran batek zuri batek baino zortzi aldiz gehiago kontrol ukaiten ditu Frantzian. Kontrol horiek eragin “umiliazioa” aipatzen dute Yousfi zein Mucchiellik. Krimenen aurkako BAC brigada hurbiletik segitu duen Didier Fassin antropologoak hiru joera ondorioztatu ditu: atxiloketa arbitrarioak, izariz kanpoko neurriak eta praktika laidogarriak.

Poliziaren gehiegikerien puntu gorena izaten dira hilketak. Azken hamar urteetan 47 izan dira. Zenbaki horren berri eman zuen maiatzean Streetpress komunikabide paristarrak. Ez du polizia bakar batek kartzelan bukatu: hiru, gibelapenezko zigorrekin atera dira epaitegitik, hamasei hobengabe ekarriak izan dira, eta hogeita zortzi epaitzen edo epaitzekoak dira. Poliziaren alorra erreformatzeko beharra ikusten du Mucchiellik. 1997an osatu gobernu sozialista saiatu zen, hurbileko polizia jarriz. Baina, sektoreko buruek laster blokeatu zuten erreforma. Soziologoaren hitzetan, “Frantzian ez dugu patruilan ibilki, herritarrekin solasean dagoen poliziarik. Auzoetara doaz gudu zelaira doazen gisa”. Hori erranik, jazarraldien lehen arrazoia “mendeku gogoa” dela dio.

Ghetto bihurtzea

Urbanizatze politikari lotua da egoera. Hain zuzen, hiri inguruak benetako ghettoak direla salatzen du Yousfik. Ez da konparaketa hori egiten duen bakarra; duela bi urte, Lehen ministro zela, Manuel Vallsek berak “apartheid territorial, sozial eta etniko” gisa definitu zuen egoera.

Bigarren Mundu Gerlaren biharamunean, Immigrazioaren Erakunde Publikoa sorturik, beste herrietako (Italia, Portugal, Maroko, Aljeria...) langileen etorrarazte politika martxan jarri zuen Frantziako Gobernuak, modernizazio politika gauzatzeko. Atzerritik eta baserrietarik jindako biztanleria hori aterpetzeko eraiki zituzten grands ensembles (multzo handiak) deitu auzoak. Logika: ahal bezain fite ahal bezainbat apartamendu eraikitzea. Elkarri segi dote eraikinek, usu karratu hetsi bat osatzen dutela. Ehunka eta milaka apartamendu, elkarren gainean metaturik. Hiriek dakarten zerbitzuetarik bazter.

Poliziaren partetik, beltz ala beltzaran batek zuri batek baino zortzi aldiz gehiago kontrol ukaiten ditu Frantzian

Apartamenduetan ur beroa eta komunak eskainiz, hastapenean modernizazio kutsua bazuten ere, kritikak agertu ziren laster. Andeatzen hasi ziren bizitokiak. Sarcelles auzoko biztanle batek asmatu sarcellite nozioarekin bertakoen depresio eta neurosi sentimendua salatzen hasi ziren. Kritikak kontuan hartuz eta segregazioa txikitzeko xedez, hirigintzarako politika abiatu zuten botere publikoek 60. hamarkada bukaeran. Dorreen eraikuntza 1973an gelditu eta bizitegi pribatuen eraikuntza sustatzen hasi ziren. Laguntzaz baliaturik, multzo handietarik partitu ziren anitz. Baina, biztanleriaren zati prekario eta pobreenak ezin izan zuen. Bertan gelditu ziren, miseria ekonomikoaz gain miseria sozialean. Giro arrazistaz inguraturik, isiltasuna hautsiz, bertan gelditutakoen umeek zuten egoera salatzeko pauso politikoa eman. Bigarren belaunaldia deitu ohi direnek.

1979: lehen jazarraldia

Jazarraldiak ziren tresna bat. 1979 urteko irailean izan ziren lehenak, Lyoneko Grappinière hiri inguruan. Auto lapurretak leporatzen zitzaizkion Akim gaztetxoa atxilotzeko eta Frantziatik kanporatzeko sartu zen auzora polizia, irailaren 15ean. Polizia gibeletik zuela, zainak ireki zituen. Odola dariola zuela, eskuburdinak jantzirik eraman zuten, auzoa sutan utziz.

Aldarria ozenago entzunarazteko, Berdintasunaren aldeko eta arrazismoaren aurkako martxa burutu zuten 1983an. Ospitale batetik, poliziak tirokatu Toumi Djaidja gaztearen ahotik atera zen deia. Marseillatik hamar bat lagun abiatu eta ehun mila batu ziren Parisko azken kilometroetan. Urte horretan hiltze arrazista andana izan zen: Barne ministerioaren arabera, bost; aldiz, Arrazismoaren aurkako taldeen arabera, hogeita bat. Gaur egun, martxa horiek segitzen dute. Azkena aurtengo martxoaren 19an egin zuten. Bigarren belaunaldiak ez, baina bai hirugarrenak, ez bada laugarrenak bultzaturik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frantziako polizia
Aske utzi dituzte Lapurdin atxilotutako sei gazteak

Frantziako Poliziak sei gazte atxilotu zituen asteazken goizean, Urruñan, Hendaian eta Baionan. Uztailaren 14an erretreten erreformaren aurkako istiluen parte hartu eta "istiluak" eragitea eragotzi diete.


ARRAZAKERIA FRANTZIAKO POLIZIAN
Izaera sistemikoa aitortu ezinean

Aurten berrogei urte Frantziako banlieue edo auzo popularretakoek “Berdintasunaren Aldeko eta Arrazakeriaren Aurkako Martxa” burutu zutela Marseillatik Parisera arte. Aldarrikapenen artean zuten polizien gehiegikerien bukaera. Orduz geroztik testigantzak, ikerketak,... [+]


ARRAZAKERIA FRANTZIAKO POLIZIAN
Michel Kokoreff: "Polizia-sindikatuekilako kogestio batean dabil botere politikoa"

Historia errepikatu zaigu 2023ko [Frantziako auzo popularretako] matxinadekin. 2005ean bezala, Poliziarekin izandako topaketa hilgarri bat izan dute txinparta. Bi haserre erakustaldi horien arteko antzekotasunak begi-bistakoak izan arren, osagai berriak ere agertu dira. COVID-19... [+]


16 urteko gazte bat hil da Paris inguruko Elancourt hirian, Poliziaren auto batek uzkailirik

Bertsio ofizialaren arabera, motocross batean zebilen eta Polizia ikustearekin "ihes egin" du gazteak, eta paretik zetorren beste polizia auto baten aurka hartu du kolpea. Bi inkesta abiatu ditu  Frantziako Poliziaren Ikuskaritza Nagusiak: bata, gazteari... [+]


Eguneraketa berriak daude