Nafar-espainiartasunaren alde, ikurrinaren aurka

  • Nafarroako eskuinak bazuen kalera ateratzeko gogoa aldaketaren Gobernuaren aurka, larunbatean oso argi ikusten zen hori Iruñean. Nafarroako banderaren defentsa izan da aitzakia, baina herenegun zuzeneko aipamenik izan ez bazuen ere, funtsean ikurrinaren aurkakoa zen.


2017ko ekainaren 05an - 18:31
15.000 bat pertsona bildu ziren larunbateko manifestazioan Iruñean; antolatzaileen arabera 23.000 eta 25.000 artean. (Arg.: X. Letona)

Nafarroako eskuinak bazuen kalera ateratzeko gogoa aldaketaren Gobernuaren aurka, larunbatean oso argi ikusten zen hori Iruñean. Nafarroako banderaren defentsa izan da aitzakia, baina herenegun zuzeneko aipamenik izan ez bazuen ere, funtsean ikurrinaren aurkakoa zen. Manifestazioa hainbat kolektibok deitu zuten eta nagusiki UPNk mugitu ditu hariak atzetik, bai antolaketa aldetik bai herritarrak mobilizatzerako orduan. Edozein kasutan, jende asko bildu zen Iruñean: antolatzaileen arabera 22.000 eta 25.000 pertsona artean, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak 23.000 aipatu zituen; Udaltzaingoak 15.000, Diario de Navarra-k “hamarnaka mila”, Diario de Noticias-ek 15.000 eta Gara-k 16.000.

Nafarroako Legebiltzarrak 2003tik indarrean egon den Sinboloen Legea bertan behera utzi duenean etorri da haserrea, aurrerantzean ikurrina ere egon ahal izango delako Nafarroako eta Espainiako banderekin batera. Inork ez zu zalantzan jartzen Nafarroako bandera, baina hala ere “Nafarroako bandera defenda dezagun [gaztelaniaz]. Gurea defenda dezagun [euskaraz]”, zioen pankarta nagusiak. Gorriz jantzita joan ziren herritar asko eta partehartzaileek ehunka Nafarroako bandera eraman zituzten. Zeharka Espainiako banderari begira, antolatzaileek bereziki azpimarratu zuten Nafarroako bandera bakarrik eramateko deia, eta nagusiki hala izan zen, baina ezin izan zuten guztiz saihestu eta dozenaka bandera espainiar ere ikusi ziren ibilbidean zehar.

 

Esperpentorako irudi edo uneak ere izan ziren, Nafarroako banderaz estalitako pertsona batek bere burua txistorra batekin zigortzen zuen; gerora jakin zen Asun Requena tafallarrak egindako The Flag performancea zela. Amaierako ekitaldian eszenatokitik Mikel Laboaren Txoria txori abestu zuten, baina txoria hitza Nafarroa bihurtuz “…ez zen gehiago Nafarroa izango, eta nik Nafarroa nuen maite”. Gabriel Arestiri erreferentzia eginez gaztelaniaz jaurti zuten eszenatokitik "defenderé la casa de mi padre".

Une garrantzitsu guztietan UPNk PSNren laguntza izaten du, eta orain ere bai. Ez da erraza Maria Chiviteren alderdiaren jokaldia ulertzea. Eskuinaren arrimura aritzeak inoizko ordezkaritza instituzional txikiena ekarri dio eta orain ere manifestazioa sostengatzeak barne ika-mikak ekarri dizkio; corralitoaren eta Nafarroa espainiarraren indarra handiegia da oraindik, ez da beste azalpenik.

Nafar herritarrek aldaketa ondo baloratzen dutela diote inkestek legealdiaren erdian. Aldaketaren Nafarroak askoz gehiago behar du, zalantzarik gabe, baina, desadostasunak desadostasun, alternatiba zein den ikusteak, hauteskundeei begira gutxieneko erronka non den argi erakutsi zuen ekainaren 3ak.

 

Bideo hau Ahotsa.info-k argitaratu du eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa litzentzia baliatuta

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ikurrina
Espainiako Vueltan errepideak euskal ikurrez betetzeko deia egin dute astebururako

Gure Esku eta Nafarroa Berriz Altxa elkarteek ekimenak antolatu dituzte lasterketa Euskal Herritik igarotzen denerako. "Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea" aldarrikatu eta "muga artifizialak" auzitan jarri nahi dituzte, besteak beste.


Kargutik kendu dute Osasunako Segurtasun Zuzendaria, ikurrina eta Nafarroako bandera kentzeagatik

Klubeko Zuzendaritza Bartzordeak adierazi du "oso larria" izan zela gertatutakoa. Urtarrilean ikurrina, Nafarroako bandera eta pankarta bat kendu zituen Espainiako Poliziak Sadar futbol zelaian.


Eneko Compains
"Inolako lege oinarririk gabe eta erabateko arbitrariotasunpean kendu zidaten bandera"

Eneko Compainsi segurtasun indarrek Sadarren jarritako banderak “modu txarrean eta bortitzean” kendu zizkiotela salatu du sare sozialetan. Compains Osasunako zalea eta Konstituzio Zuzenbideko irakaslearekin hitz egin dugu Metropoli Forala saioan.


Buruntzako tontorrean ikurrina jarri dute, gurutze frankista zegoen tokian

Joan den abenduan Buruntza mendiaren tontorrean zegoen gurutze frankista handia eraitsi ondoren, ikurrina erraldoia paratu du toki berean Andoaingo gazte talde batek. Ernaik aldarrikatu zuen abenduko ekintza, eta horren ondorioz antolakundearen ordezkaria epaitegietara... [+]


Eguneraketa berriak daude