"Sistemak erraietan sartzen digu manterooi errudunak garen ustea"

  • Marie Faye (Mbour, Senegal, 1985) Bartzelonako Udalak sustatu duen DiomCoop kooperatibako kide da. 2011n iritsi zen Bartzelonara; helburua unibertsitatean sartzea zuen arren, traba juridikoen ondorioz kaleko salmentan murgildu zen. Orduan ezin imajinatu sei urte geroago kaleko saltzaileen duintasunaren aldeko kooperatiba batean parte hartu eta unibertsitate ikasketak gauzatuko zituela.

“Gizakiok berezkoa dugu epaitzeko joera. Beraz, nahita edo nahi gabe, gu epaitzea ulertzen dut. Onartezina dena da gure errealitatea ezagutu gabe gu kondenatzea”. (Arg.: Jordi Borràs)
“Gizakiok berezkoa dugu epaitzeko joera. Beraz, nahita edo nahi gabe, gu epaitzea ulertzen dut. Onartezina dena da gure errealitatea ezagutu gabe gu kondenatzea”. (Arg.: Jordi Borràs)

Nola iritsi zinen Bartzelonara?

Baimenik gabe etortzen garenok badakigu hasieran familiaren batek hartuko gaituen arren, gero biziraun behar dugula. Hasieran trentzak egiten hasi nintzen, baina laster ikusi nuen ezin nuela horrela jarraitu. Poliziak ez gintuen pertsona modura tratatzen, duintasun falta ikaragarria zen; dirua bilatzeko biluzten gintuzten, gorputz osoa ukitu… Ezin nuen hori jasan. Are gutxiago trentzak egite hutsagatik, horrek ez dio inori kalterik egiten.

Zergatik aukeratu zenuen Europa?

Zintzoa izango naiz: nire kolektiboko kide gehienentzat ez bezala, niretzat Europara etortzea ez zen ametsa. Betidanik jakin izan dut zein ziren hemengo zailtasunak eta argi nuen Senegalen hobeto egongo nintzela. Baina nire ametsa ikastea zen eta nire familiak nahi zuen ni hona etortzea, ikasketak bermatu eta urrun iristeko.

Hemen legea zuen kontra doa.

Jendeak zergak ez ordaintzeagatik epaitzen gaitu baina arazoa da sistema eginda dagoela guk legean tokirik ez izateko. Lanik ez baduzu ezin duzu baimenik izan, eta baimenik gabe ezin duzu lanik lortu. Iritsi nintzenetik nire lehendabiziko erronka egoera juridikoa legeztatzea izan zen. Baina zailtasunak besterik ez nituen aurkitu.

Nola eragiten dute zailtasun horiek zuen kolektiboan?

Sistemak erraietan sartzen digu errudunak garen ustea. Infernua da. Eta baimenik gabe gauden gehienok ez dugunez gure eskubideen berri, kaleko salmentan dauden gehienak ezdeus sentitzen dira. Nik erruduntasun hori sentitu nuen lehendabiziko hilabeteetan, baina segituan konturatu nintzen bidegabea zela, hemengo sistemak ez zidalako baliabiderik ematen egoera aldatzeko.

Sistemaz aparte gizarteak ere mugak jarri dizkizu?

Gizakiok berezkoa dugu epaitzeko joera. Beraz, nahita edo nahi gabe, gu epaitzea ulertzen dut. Onartezina dena da gure errealitatea ezagutu gabe gu kondenatzea. Norbait lapurra bada, nik ezin dut jakin zerk eraman duen halakoa izatera. Edo, ni bezalako neska batek kalean bere gorputza saltzen badu, nik zer dakit zerk eraman duen hori egitera? Bakoitzaren bizitza errespetatu behar da, are gehiago kontuan hartuta gutako gehienak gure baloreekin borrokatzen aritu garela, bizirauteko. Gainera, delitu guztien artean gurea txikiena da, baina sistemak handiena izango balitz bezala tratatzen gaitu. Garai batean Bartzelonako portu inguruan egoten ginen, eta inguruan droga saltzen zuen jendea zegoen. Baina polizia zuzenean etortzen zen gu atxilotzera, droga saltzen zutenez paso eginda.

Azken hilabeteetan bizitza aldatu zaizu. Nola suertatu zitzaizun DiomCoopen sartzeko aukera?

Kohesio sozialaren arloan dabilen Cepaim Fundaziotik deitu zidaten, kooperatiba sortzeko asmoa zegoela jakin zutenean gure kolektiboan zabaldu zutelako albistea. Elkarrizketa-deialdiak egin zituzten eta nik parte hartzea erabaki nuen. Bi elkarrizketaren ondoren kooperatiba osatzen dugun hamabost senegaldarren lehen bilera egin genuen.

Zenbateraino izan da garrantzitsua zuretzat kooperatiba horretako kide izatea?

Erabakigarria izan da, urte askoko sufrimendu guztiaren ondotik argi izpi bat agertu zaigu. Kooperatibak izan nahi du Bartzelonako mantero-en arautzea bermatzeko baliabidea. Horretaz aparte, bilatzen ari gara kaleko salmenta arautzeko aukera, adibidez salmenta legala bermatu dezaketen espazio jakinak zehaztuta. Kooperatibako kide bakoitzak 500 euroko diru-laguntza jasotzen du hilabeteko, kalean saltzen ibili behar ez izateko. Kooperatiba honek eredu izan beharko luke gainontzeko lurraldeetan ere zabaltzeko.

Zein da DiomCoopen lan dinamika?

Kooperatiba osatzen dugunon artean badira paperak dituzten hiru, bestela ezin izango genukeelako elkartea osatu. Oraingoz, salmenta-guneen bila ari gara. Ordu asko dira. Bartzelonako distritu guztiekin lanean ari gara, aukerak zeintzuk diren ikusteko. Taldeko beste kide batzuek formazioa egiten dute, gure lana gizarteratzeko asmoz.

Helburua urtetik urtera kide gehiagok parte hartzea da, ezta?

Bartzelonan 300 mantero gara guztira eta helburua da 2018an hamar lagun gehiagok parte hartzea. Baina horretaz aparte, kooperatiba ahalik eta jende gehienarengana iristeko asmoz jarduera gehiago garatzeko aukerak aztertzen ari gara. Edozein kasutan, dagoeneko zerbait irabazi dugu, kooperatiba honek egin duen gauzarik handiena baita kolektiboak kontzientzia hartzea.

Kooperatibaz aparte ekonomia ikasketetan murgilduta zaude. Nola eragin dizu unibertsitatean sartzeak?

Hiru urtez bulego guztietan ukatu zidaten ikasteko aukera. Azken saiakeran 25 urtetik gorakoei zuzendutako lehiaketa batean parte hartu nuen unibertsitatean sartzeko. Informazio eske joan nintzenean idazkariak sarbidea debekatua nuela esan zidan arren, mirariz, zuzendaria sartu eta baietz, parte hartu nezakeela esan zidan. Beti eskertuko diot; nire amesgaiztoa berari esker bukatu zen. Lehen eskolara joan arte ez nuen sinetsi.

Herri alaia

“Senegaldarra naiz, beltza, emigrantea eta manteroa. Senegalez gauza ilun asko entzun dudan arren, oso herrialde alaia da. Gurasoekin eta nire hamaika anai-arrebekin bizi nintzen, eskuzabaltasuna, lana, zintzotasuna eta legezkotasuna sustatzen zituen familia batean. Falta zitzaigun gauza bakarra dirua zen. Han pozik hartzen dugu mundu zabaletik datorren jendea, izan beltza, zuria, musulmana edo ateoa. Europan, aldiz, kanpotarrei begi txarrez begiratzen digute”.


ASTEKARIA
2017ko ekainaren 11
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bazterkeria
Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


2024-04-11 | Irutxuloko Hitza
Donostiako belodromoaren arkupean "hesi lotsagarriak" jarri izana salatu du Harrera Sareak

Donostiako Harrera Sareak belodromoko arkupean oztopoak jartzea salatu du. Zehazki, azken egunotan jarri dituzten hesien aurka egin dute sare sozialetan. Zabaldutako adierazpenetan adierazi dutenez, udala muga horiek jartzen dabil etxerik gabeko donostiarrek bertan lo egin ez... [+]


Manu Agirre. Ume itsuekin akordatzen?
"Gu ez gara Euskal Herri politiko eta instituzionalean bizi"

Kolorea eta argia ez ditu bereizten, ez du itsu ez garenok bezala ikusten, bestela baizik. Ez gaitu ikusten, ez dugu bera ikusten. Itsu gara bata bestearentzat. Hizketan hasi orduko ikusi dugu elkar, haren euskara segiduari gozo segitu diogu, hikarik naturalenean. Berak ekarri... [+]


Unibertsitateko ikasleak, bazterkeria arriskuan dauden haurren bidelagun

Gizarte-bazterkeria arriskuan dauden 10 eta 14 urte arteko haur migratzaileak eta haien mentore izan nahi duten ikasle helduagoak (goi mailako ikasketak egiten ari direnak) elkartzen ditu Urretxindorra proiektuak. Proiektuaren bederatzigarren edizioa abiatu berri da eta 37... [+]


2022-10-17 | Lide Iraola
Galtzak janzteagatik Basauriko sokatira txapelketatik kanpo utzi dutela salatu du emakume batek

Sokatirarako jantzi ofizialei buruzko arauek diote emakumeek gona jantzi behar dutela, eta gizonek prakak. Emakumeak hori amaitzeko eskaera egina zuen, baina aurten ez diote utzi galtzekin lehiatzen. Eztabaida "luze" joango dela erantzun diote.


Eguneraketa berriak daude