Babes ekonomikoa eta askoz gehiago

  • Ez dira pauso asko behar komunitate autofinantzatu bat sortzeko: taldea elkartu, aurrezkiak kutxa komun batean bildu, eta elkarri maileguak emateko baldintzak adostu. Hala lortu du Penedeseko (Herrialde Katalanak) emakume talde batek sostengu ekonomikoa eta babesa ematen dien proiektua sortzea. Hori guztia, ohiko bankuen moldeak iraulita eta konfiantzan oinarrituta.

(Argazkia: ACAF / Winkomun)
(Argazkia: ACAF / Winkomun)

Zerbait erosi edo ordaintzeko premia izan eta norberak dituen sosekin nahikoa ez denean, aukera bat baino gehiago dago. Hori bai, desatseginak dira gehienak. Bankuan mailegua eskatzea izan daiteke aukera bat, baina ez dira gutxi horrek beldurtzen dituenak. Beste bat, lagunari edo senideari eskatzea. Hirugarren bide bat ere bada ordea: antolatzearena. Horrela sortzen dira elkarri maileguak emateko formulak aurkitu dituzten komunitate autofinantzatuak. Penedeseko (Herrialde Katalanak) emakume talde batek sei urte egin ditu bide hori landu eta ikasten. Bilgune Feministak antolatutako Ekonomia Feministako Foroan haien proiektua azaldu zuten zenbait kidek.

Emakumeen babes sarea

2011n jarri ziren martxan, oraindik lau bakarrik zirela. “Gu feminismotik gatoz, eta ikusi genuen ekonomia zela gutxien menperatzen genuen gaia, ez genuela jakintzarik ez ohiturarik halakoetan aritzeko. Horregatik izan da erronka berezia urrunekoa zitzaigun gai batera hurbiltzea”. Bide horretan, komunitate autofinantzatuen elkartea den ACAF-en (Asociación de Comunidades Autofinanciadas) laguntza izan dute.

Taldearen lehenengo mailegua 30 eurokoa izan zen, baina dagoeneko, 3.000 euro inguruko kapitala pilatu dute. Kide kopurua ere hazi da, lau hasi baziren, hamahiru dira orain

Entzuna zuten zerbait halako taldeez, eta halako komunitate autofinantzatuen (KAF) ohiko metodologia izan dute abiapuntu. Bertatik ikasitakoa hartu, eta euren neurri eta beharretara egokitu dute. Dena den, beraiena da emakumeek soilik osatutako Espainiako Estatuko komunitate autofinantzatu bakarra. “Elkar babesten dugun emakume sarea gara, eta hasieratik argi genuen halakoa izan behar zela”.

Taldearen lehenengo mailegua 30 eurokoa izan zen, baina dagoeneko, 3.000 euro inguruko kapitala pilatu dute. Kide kopurua ere hazi da, lau hasi baziren, hamahiru dira orain, jatorri eta egoera anitzetakoak. Sei urteotan ikasitakoarekin eman diote pixkanaka proiektuari forma, ikasi eta haien beharrak aldatu ahala, arauak eta funtzionamendua ere moldatuz.

Banku zikin bat, baina bestelakoa

Zer diren azaltzen hasita, azken finean “banku zikin bat” direla diote; euren interes, mailegu, eta arauekin. Hori bai, gutxienez, interesetatik lortzen duten etekina kide guztien zerbitzura jartzen dute. Nola? Hilabetean behin bildu, eta erabaki guztiak modu kolektiboan hartuz. Bozketak baztertzea erabaki dute gainera. Adostasuna lortzeko ahalegina egiten dute beti.

Funtzionatzeko modua dirudiena baino errazagoa da: hilabeteroko bileran kide bakoitzak zenbateko ekarpena egin nahi duen erabakitzen du: batzuek 10, besteek 30, besteren batek batere ez… Pixkanaka pixkanaka denen artean poltsa puzten dute horrela, gero, norbaitek mailegu baten premia duenean utzi ahal izateko. Horrela denean, jarrita duen kopuruaren laukoitza eska dezake, asko jota, kide bakoitzak. Hamabi hilabeteko epean, eta %1eko interesarekin itzuli behar izaten du gero.

Konfiantza da abala

Konfiantzaren papera ere bada bestelako banku ereduetatik bereizten dituen zerbait. Mailegua eskatzen duenak ez du abalik behar izaten, eta gainera, atzerapenak zigortzeko mekanismorik ere ez dute. Horrek ez die, ordea, arazorik sortu. Dirua zertarako nahi duten ere ez dute azaldu beharrik, eta hala, inor ez da epaitua sentitzen, bere motibazioa dena dela. “Hilabete bukaerara iritsi ahal izateko eskatu dugu batzuetan, edo etxetresna bat erosteko, baina baita bidaiatzeko ere…”. Zer gertatzen da aldi berean askok eskatu dutela-eta, nahikoa diru ez badago? Ez omen zaie, oraindik, halakorik gertatu, “baina gertatuko balitz, dagoen hori ahalik eta modu orekatuenean banatuko genuke”.

“Lagunei edo familiako kideei dirua eskatzea arriskutsua da, harremanak gaiztotzen ditu batzuetan, edo dependentziak sortu. Horregatik da hau askatzailea”

Dirua kontu korronteetan soilik gorde daitekeela irudikatzen dugu askok, baina ez, Penedeseko emakume hauek bestelako formula bat aurkitu dute. Giltza bakarra duen kaxa batean gordetzen dute dena, eta txandaka, kide batetik bestera igarotzen da, inor arduradun izendatu gabe. Hori bai, tentazioei iskin egiteko-edo, giltzarekin gauza bera egiten dute, eta ez ditu inoiz pertsona berak bi gauzak batera izaten.

Hori guztia posible da, kide guztien artean konfiantzazko harreman berezia dutelako. “Ez gara lagunak, ez gara zinera edo mendira elkarrekin joaten, baina elkar ulertu eta laguntzeak sortzen ditu lotura berezi batzuk eta hori ezinbestekoa da halako talde bat osatzeko”.

Ahalduntzeko bidea

Sortu duten KAFaren funtzio nagusia elkarri babes ekonomikoa ematea izanagatik, ez da hori egiten dien ekarpen bakarra. “Alde batetik, aurrezten ari zara eta badakizu diru gehiago behar izanez gero bertatik jaso dezakezula, baina aldi berean komunitate bat ari zara sostengatzen, interes eta gogo antzekoak dituzten beste emakume batzuk osatzen duten komunitatea gainera”. Egiten dutena eraldaketa sozialean eragiteko tresna badela uste dute, eta horregatik, hitzaldi, tailer eta antzekoak antolatzen dituzte.

Taldean parte hartuz garatu duten ezagutzari ere balio handia ematen diote, orain arte oso arrotzak zitzaizkien gaiak ulertu eta berrinterpretatzen asmatu baitute. Ahaldunduagoak sentitzen dira orain, bai talde baten babesa dutelako, baina baita ezagutzak ematen duen segurtasunari esker ere. Hori guztia, ekonomikoki autonomoago izateko aukera ahaztu gabe: “Lagunei edo familiako kideei dirua eskatzea arriskutsua da, harremanak gaiztotzen ditu batzuetan, edo dependentziak sortu. Horregatik da hau askatzailea”.


ASTEKARIA
2017ko ekainaren 11
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia feminista
Hazien lezioak, lan produktibo eta erreproduktiboak bereizteaz

Haziekin hamaika metafora eta hitz joko egin dira. "Zerbaiten hazia izan", "proiektu baten hazia erein", "etorkizunerako haziak"... esamoldeak ezagun zaizkigu. Zerbait berezia dute haziek.


'Lanaren ekonomia' irratsaioa
Emakumeak ekonomian duen papera aztergai

Ekonomia feminista izan dugu gaur hizpide Lanaren Ekonomia saioan, Bilbo Hiria, El Salto Radio, ARGIA eta Hordagon arteko elkarlanean.


2022-02-06 | Miren Osa Galdona
Zorraren gurpilean
Emakume migratzaileen zama amaiezina

"Emakume etorkinen zor amaiezina: nazioaz gaindiko begirada Euskal Herritik, pandemiaren ondorengo munduan" ikerketa aurkeztu du Silvia Carrizo Fernandezek oraintsu. Lanak emakume migranteen zorra du ikergai; arlo ekonomikoan ez ezik, migratu beharrak emakumeei arlo... [+]


Kontabilitatea, maskulinoa ala femeninoa?

Galdera bera probokatzailea da. Kontabilitatea modu zurrunean ikasi duen honi (neroni) gehiago jakiteko gogoa sartu zitzaion galdera entzun bezain pronto. Kontabilitate finantzarioaren inguruan hausnarketa kritikoa egiteko bide eman zidan Donostiako Ekonomia eta Enpresa... [+]


Ione Fernandez Zabaleta. Feminista izango da edo ez da izango
"Bizitzea merezi duen bizitza baten aldeko jarduna da ekonomia feminista"

Ara!Gorputz elkarteko kidea da Ione Fernandez Zabaleta (Irun, 1991), eta Mundu Bat gobernuz kanpoko erakundearekin batera euskara hutsezko lehen Ekonomia Eskola Feministaren arduradunetariko bat da. Metodologia eta teoria guztia erdaraz dituen ikasketa prozesu hau lehen aldiz... [+]


Eguneraketa berriak daude