Araba Euskaraz Bastidan

1978 hartan, apaizaren babesean, ikastola abiatzeko ume bila

  • Wow!, lelopean, Bastidan dugu aurten Araba Euskaraz, ekainaren 18an. Bastidan, beste behin, lehen ere lau aldiz hartu baitu herriak Arabako ikastolen jai nagusia. Hamar gela, hamahiru irakasle eta 165 ikasle dira gaur egunean Bastida Ikastolan eta, beharbada, errealitate hauxe zuten amets 1979an ikastolaren asmoari ekin zioten aitzindariek. Gela bat, andereño bat eta zazpi ikasle izan ziren orduan. Eragilea, berriz, Bastidaz kanpotik etorri zen Ikastolen Federazioaren izenean: Jose Mari Rekarte.

Miel Anjel Elustondo
2017ko ekainaren 11
1983an jaiotako haurrak Amaia Ibaibarriaga irakaslearekin. Argazkia: Bastida Ikastolak utzia.
1983an jaiotako haurrak Amaia Ibaibarriaga irakaslearekin. Argazkia: Bastida Ikastolak utzia.

Ez da ohikoa Rekarteren soslaia. Aldi jakin batean bete zuen egitekoa, bederen. “Juanito Zelaiaren misioa zen nirea: ikastolak han eta hemen irekitzen saiatzea”. 1970eko hamarkadaren hasieran, 1973an, Euskararen Zerbitzua sortu zuen Manuel Maria Lejarretak zuzentzen zuen Arabako Diputazioak. Visitacion Oiarzabal jarri zuen zerbitzuaren buru, arduradun eta langile bakar, eta euskarazko gela ireki zuen Txagorritxu auzoko Gazalbiden. Laster zen abian euskarazko irakaskuntza Aramaion ere, Diputazioak eraginik.

Ordurako indar handian zetorren Gasteizen Olabide Ikastola, eta Foru Aldundiak, berriz, zenbait ikastola sortzeko urratsak egin zituen Arabako hiriburuan, baina hiriburuan besterik ez. Horretan, Diputazioa heldu ez zen –are, heltzeko xederik ez zuen–, bazter zokoetara jo zuen Jose Mari Rekartek. “Agurainen hasi ginen euskarazko gela bat irekitzen, urtea zuzen ez badakit ere. 1974 izan liteke. Ondoren, Lautadan bertan. Araian ireki genuen gela, eta Dulantzin ondoren”. Horietan gela bana ireki eta gero, hazia jarririk, abiatu zen Jose Mari Rekarte herrialdean hegoaldera, Kantauri mendilerroaren beste aldera, Arabako Errioxako herrietara: Lapuebla Labarka, Oion, Lantziego, Eskuernaga, Mainueta, Bastida zituen jomuga. 1978a zen.

Jose Mari Rekarte, eragile

Gidalibururik gabe, beti bat eta bera egiten zuen Jose Mari Rekartek herri guztietan. “Metodo bat erabili nuen herri guztietan, eta herria zeinahi zela ere: apaizarengana jo eta jaiotza-liburuak aztertzen nituen 3 eta 4 urteko haurren bila. Ondoren, idatzia prestatzen genuen, nola edo hala elizaren babesa genuela adieraziz –arazorik sor ez zedin–, eta adin txiki horretako haurren gurasoei bilera-deia egiten nien idatziz; edo neure izenean sinatzen nuen, edo ikastolen federazioaren edo guraso elkarteren baten izenean”. Haurrak euskaraz eskolatzea proposatzen zien Rekartek gurasoei, eta bazuen abantailarik: “Gogoan hartu behar da garai hartan eskola publikoak ez zuela 6 urte arteko haurrik eskolatzen. 3-4 urteko umeak hartzen hasi ginen, eta 5 urtekoak ere hartu genituen gero. Handik laster, 2 urtekoak ere hartzeko eskaintza egin genuen. Haurrak euskaraz eskolatzea zen gure helburua, ikastola sortzea”. Bilera hartan hasten zen Rekarte lehen aliantzak egiten. “Hasieran, bakarrik edo Ramon Basarasekin joaten nintzen dena delako herrietan egiten genituen bilera haietara, baina laster egiten genuen lotura estuagoa baten batekin, proiektuarekin inor baino gehiago inplikatzen zen herritarren batekin”. Horrela jardunez, harroin horren gainean eraikiko zuten batean eta bestean herriko ikastola.

Rekartek –oroimen eskasa duela dio–, Jose Luis Petralandaren eta Miren Uriarteren izenak ditu gogoan, euskarazko gela irekitzeko asmoarekin bat egin zuten gurasoen artean: “Baina baziren besteren batzuk ere. Lan handia egin zuten, asko mugitu ziren”. Petralanda eta Uriarte ez ezik, gehiago ere izan ziren, hala ere, umeak ikastolaren gelara bidali zituzten familiak. Eta izan behar, 1979-80ko lehenengo ikasturte hartan zazpi ume bildu baitziren dena delako gelara.

Bastida Ikastolako ikasleak. Argazkia: Zaldi Ero.
Miren Uriarte, ama

Rekarteren oroimen eskasari laguntzera dator arestian aipatu dugun Miren Uriarte, Bastidako ikastolaren hazi izango zen gela hartara umea bidaliko zuen ama. “Bi gizonezko etorri ziren gure etxera [Jose Mari Rekarte eta Ramon Basaras, inondik ere], gure aitarekin hitz egitera. Ikastola sortzeko asmoa zekarten. Aita operatu berria genuen, ordea, ez zen etxetik irteteko gauza, eta horixe esan zien bi gizonei: oso ideia egokia iruditzen zitzaiola, baina momentu hartan ez zela ezertarako gauza. Orduan, lasai egoteko esan nion, neuk hitz egingo nuela herriko zenbait familiarekin”. Horrela etorri zen Bastidan euskarazko gela irekitzeko lehen bilera egiteko deia.

Mirenen aita gudari izana zen 1936ko gerran. “Jon Uriarte Amondarain zen, Zeanurikoa. Ez dakit xuxen zein batailoitan ibili zen, gudari ibili zela besterik. Gerra ostean Guardiako upategi batentzat lanean jardun zuen, kamioilari, eta horretan ari zela ezagutu zuen gure ama eta ezkondu zen Bastidara”. Inondik ere, EAJ alderdikoa, erreferentzia horiexek harturik heldu ziren uriartetarren etxera Rekarte eta Basaras, ikastolen federazioaren izenean.

Zeanurin jaioa, euskalduna zen Jon Uriarte, euskaldunak lau oilo ziren herrian. Nabarmena, beraz. “Ama Bastida bertakoa dugu, ez daki euskararik, eta guk ez dakigu hemen, herrian bertan, euskarazko eskola batzuetan ikasi duguna baino. Euskaraz ez irakatsiagatik ere, aitak euskararekiko sentimendu ederra transmititu zigun. Bi gizon haiek ikastolaren asmoarekin etorri zirenean, eta gure aita ezindua zegoenez momentu hartan, neuk hitz egin nuen herriko zenbait familia jakinekin: Jose Luis Petralanda, Agustin Egiluz, Saez de Vicuña –ikastolako irakasle Gontzalen familia–, eta besteren batzuk. Haiekin kontaktatu eta gero, bilera egin zen”. Horrela hasi ziren Bastidan, inguruko herrietan egin zuten modu bertsuan.

Rekartek badu oroitzapenik Bastidako ikastolaren hastapen hartaz. “Ez zen lantegi erraza izan. Agurainen, Araian eta Dulantzin neke handirik gabe ireki genuen bidea, baina lanak izan genituen Bastidan”. Arabako Errioxako Bastidako herriaren gorabeherak.

Bastida, plaza zaila

Rekarteren ondoan ibilitako Ramon Basarasek bete zituen ikastola hasiberri hartako –eta gisako beste herri batzuetako ikastoletako–, idazkari eta administratzaile lanak. Bat dator Rekartek esanarekin: “Nik ere horixe esango nuke, Bastida ez zela erraza izan, nahiko prozesu gogorra izan zela euskarazko gela hura irekitzea. Esaterako, Oionen edo Lapuebla Labarkan baino nekeago izan genuen ikastolaren gela zabaltzea Bastidan”. Konbentzimendua zen gorabehera, beharbada. Herriaren eta hizkuntzaren kontzientzia, menturaz. Hinki-hanka zeuden familiei zirt edo zart egiteko garaia heldu zitzaien arte. Basarasek esan digu: “3-4 urterekin ikastolaren gelara hasi ziren haurrek 6 urte bete zituztenean, haien gurasoek ikastolaren edo orduko eskola publikoaren hautua egin behar izan zutenean, zalantzak sortu ziren zenbait familiatan. Eta ikastolaren alde egin zuen zenbaitzuek ez dakit zergatik aukeratu zuten ikastola: seme-alaba euskaraz hazteagatik, edo orduko eskola publikora ez eramateagatik”. Bastidan orduko eskola publiko aipu txarrekora ez eramateagatik, alegia, guardia zibilen seme-alabak eta ijitoak biltzen ziren tokira.

Aintzane Prieto, ikasle

Miren Uriarteren seme-alabetan bigarrena Aintzane 1978an jaio zen. Ondoko urtean abiarazi zuten euskarazko gela Bastidan, eta hantxe zen Aintzane 3 urte bete ordukoxe. “Eskola publikoaren eraikinean zen gure gela. Eta Amaia [Ibaibarriaga] izan nuen lehen andereñoa. Umeok ez ginen denok adin berekoak, batzuk urte bat edo bi zaharragoak ziren, baina txiki-txikiak ginenean ez ezik, hori horrela izan zen gerora ere. Zeren eta, adibidez, lehen promoziokoan zazpi ikasle bildu ziren arren, bigarrenean ez ziren lau baino gehiago. Eta gurean, hirugarrenean, zortzi: bost neska –Izaskun, Maria, Maria, Virginia eta ni neu–, eta Agustin, Gorka eta Sergio. Bastidako ikastolako ikasketak amaitu eta gero, hiru ikaslek Lapuebla Labarkako Assa ikastolan egin genituen BBB eta UBI ikasketak; batek, Gasteizko Koldo Mitxelena Institutuan ikasi zuen; besteak Guardiara joan ziren. Koadrilakoak gara bost neskok, eta Gorka. Gaztelaniaz hitz egiteko ohitura dugu. Saiatu izan gara euskaraz egiten, baina arin jotzen dugu gaztelaniara. Aldiz, koadrilara bildu diren lagun berriekin euskaraz hasi nintzen eta euskaraz segitzen dut!”. Hizkuntza ohiturak beti jokoan, diren eta ez diren euskararen herri guztietan.

Aldaketa

Aintzane Prieto ikasle ohia: “Bastida plaza zaila izan zela? Bai, sinesten dut. Urte askoan agindu du hemen eskuin espainolak. Orain bestelakoa da giroa, baina asko kostatu da aldatzea. Orain EAJkoa da alkatea, urte askoan PPkoa izan eta gero. Hor bada aldaketarik, baina baita Bastidako PPkoen barruan ere. Lehengo alkate popularraren semea ikastolan ari da, eta alderdi bereko zinegotzi baten umea ere bai. Hala ere, ni ikasle nintzen garaian ere baziren horrelakoak: guardia zibil baten alaba ere ikastolara zetorren. Eta, gaur egun, herrian guardia zibil izandako baten semeak ere ikastolan du umea; guraso batzordekoa da, eta lehengo batean zioenez, umeak ikastolan hizkuntza bat gehiago lantzeko aukera du. Horregatik egiten omen du berak ikastolaren alde!”.

Kanal hauetan artxibatua: Araba Euskaraz  |  Bastida

Araba Euskaraz kanaletik interesatuko zaizu...
2018-06-18 | Nahia Ibarzabal
Araba Euskaraz jendetsua Argantzonen

Araba Euskaraz jaialdiaren 38. edizioa antolatzearen arduraduna Argantzon ikastola da eta Irrikitan  izan da aurtengo leloa. Garrantzi berezia eman diote Trebiñun euskara ikasteari.


2018-06-10 | Be˝at Garaio
Argantzon Ikastola ez da ohiko ikastola

Ekainaren 17an izango da “Irrikitan” izenburupean Araba Euskaraz Trebiñu barrendegian. Hirugarren aldiz antolatuko du Argantzon Ikastolak Araba Euskaraz. Adabakia deitzen diote trebiñuar askok beren konderriari, administratiboki Burgos baita, eta geografikoki Araban dago. Horregatik, Argantzon Ikastola ez da ohikoa.


2017-11-29 | Arabako Alea
Araba Euskaraz baliatuko dute Argantzun Ikastolan lehen hezkuntza bultzatzeko

Ekainaren 17an ospatuko dute Araba Euskaraz Argantzunen. Bertako ikastolak Manzanosen duen Lehen Hezkuntzako eraikina ordaintzen laguntzeko baliatuko dute jaia.


2017-06-19 | Arabako Alea
Araba Euskarazek milaka lagun elkartu ditu Bastidan

Bero handiarekin, baina giro apartan, ospatu dute Arabako ikastolen jaia, Bastidan. 30 gradutik gorako tenperaturak ez dira oztopo izan, eta  milaka lagun hurbildu dira gaurkoan Bastidara, Arabako ikastolen jaia ospatzeko.


"Erabilera da erronka, ezagutza eta motibazioa ahaztu gabe"

Bereziki ezagutza altua den taldeetan erabilera indartzea da helburu nagusia, Leire Sueskun Arabako Errioxako euskara teknikariaren arabera; esparru desberdinetara heltzeko, "baliabide gehiago" eskatu ditu.


2017ko Araba Euskarazen bideoklipa
MULTIMEDIA - bideo herrikoia

Betagarri taldeko Iñaki Ortiz de Villalbak eta Hesian taldeko Zuriñe Hidalgok jarri diote ahotsa aurtengo kantari, Bastida ikastolako haurrekin batera. Ekainaren 18an Bastidan ospatuko da Arabako ikastolen jaia.


Geroari begira - Araba Euskaraz 2016
MULTIMEDIA - bideo herrikoia

Ekainaren 19an egingo dute Arabako ikastolen aldeko festa. Aurtengoa Agurainen izango da Lautada Ikastolaren eskutik.


2015-06-07 | Amaia Ugalde
San Bizente ikastola
Irakasle eta ikasleak notarik gabe elkarrekin ebaluatzen

Ohiko azterketen eta noten ordez, irakasle eta ikasleak elkarrekin ebaluatzen ikasten ari dira San Bizenten, aurtengo Araba Euskaraz antolatu duen Oiongo ikastolan. Ikasleak ardurak hartzen ari dira ikaskuntza prozesuan, eta irakasleek norabide berean egiten dute arraun.


2014-06-16 | ARGIA
Euskal hezkuntzaren alde elkarrekin lan egiteko eskatu du Urkulluk Araba Euskarazen

Milaka lagun gerturatu ziren igandean Lapuebla de Labarcara, Assa ikastolak antolaturiko Araba Euskaraz jaian parte hartzera. Arabako Errioxako ikastola honek euskararen alde egindako lana goraipatu zuen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak.


Assa ikastola
Elkarkidetza, denon artean ikasiz

Aurtengo Araba Euskaraz antolatzeaz arduratu den Assa ikastolan (Lapuebla de Labarca), duela hiru urte hasi ziren elkarkidetza lantzen. Helburua da haurrek elkarrekin ikastea eta ikasgaiak, arauak, autonomia, ebaluazioa… elkarrekin lantzea.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude