argia.eus
INPRIMATU
Zergatik molestatzen du Errekaleorrek?
Itziar Bardaji Goikoetxea 2017ko maiatzaren 30

Jipoi polizial bat medio, segurtasunaren izenean, 150 bizilagun argindarrik gabe uzteak suposatzen duen karikatura, argudioaren faltsutasunak besterik ezin du azaldu. Baratzeak egiteko, hamarna eraikin erabilgarri bota nahi eta horri ekologiko etiketa atxikitzea ber irrigarria da. Ez du merezi horretan sakontzeak, hain da agerikoa. Errekaleorreko argi mozketaz mintzatzean hor geratzen denak ez dio benetako eztabaidari heldu nahi, arrazoiak arrazoi.

Bat: 230.000 etxebizitza huts dituen Hego Euskal Herrian eraikuntzak ez dio eraikin beharrari erantzuten. Sobera dakigu merkatuari, gure jainko ahalguztidunari egiten dizkiogun ofrendak direla, BPGren erorketarekin zigortu ez gaitzan. Bi: jendarte kapitalistan jabetza pribatuak sakratua izan behar du, guztiz blindatua, aberastasunaren akumulazio desorekatua mantentzea helburu. Hiru: bere esfortzu eta lan duina-ren bidez eskuratu duelako etxea merezi duen hiritar eredugarri zintzoaren irudiaren atzean beste hau dago: bankuen eta enpresa ekoizle erraldoien etekinerako eta politikariek lapurtuko dituzten zergak ordaintzeko lanean eta kontsumoan diharduen jendarte desjabetua, modu ezberdinetan esplotatua eta alienatua. Masa horrek egunez egun klase esplotatzailea elikatu eta sistema birproduzitzen du.

Eta lau, eta bost...