Gerra galduak eta beste

Hizkuntzan ere badira gerra galduak edo galdutzat eman ditzakegunak, eta ez  gutxi! Kontua ez da galdutzat ematea, hitz horrek adiera berria duela jabetu eta onartzea ere aukera bat da.

“Erronka” hitza da horietako bat. Jatorriz, orain gutxi arte, ahoberoak edo ahozabalak zuen hitz egiteko moduari zeritzon. Handikeriaz, harrokeriaz… Zen edo zezakeen baino gehiagoren itxurak eginez ari zenari buruz, “erronka bota du “ edo “erronkatik gehiago du horrek egiatik baino”, esan ohi genuen. Dagoeneko, politikoak, kirolariak, enpresariak, hezitzaileak… Denak ari zaizkigu beren “erronkak” zehatz adierazten. Zenbat eta xehetasun gehiago eman, orduan eta nabarmenago “erronka!”.

Beste gauza bat da, bat-batean ari zarela eta hanka sartzea, esatari lanetan ari direnen kasua lekuko. Irristadak egiteko aukerak eta egunak denak dira, aldarteak zeresan handia dauka eta. Hala ere, errepikatzen diren akatsak zuzendu behar dira, gaizki esandakoa errepikatzeak, zuzen dagoela sinestarazten baitio entzule “ezjakinari”. Adibidez: egundoko euri jasak bota ditu eta lubiziak eragin; ondorioz, “etxe bat behera etorri da…“. Eta ni bezalakoak, eguna joan eta eguna etorri, etxe hori berriro gora joan dela noiz entzungo, baina ez, ez da gora joaten. Ez delako behera etorri, erori egin baita edo lubiziak aurrean hartuta eraman baitu! Elur jauzi batek mendizaleak bezala; aurrean hartuta eraman, baina “ez aurretik eraman!”.

Behin ba omen zeuden bi gizonezko, aldaparen hasieran, txirrindulari tropelari begira eta han pasa omen zen bietako baten semea, azkena.         

Besteak bota omen zion lagunari: “Iño! Zuen semeak ere ez dik egun ederra, hor zihoak denak aurretik dituela…”. Eta azkena zihoanaren aitak erantzun: “Denak aurretik dituela ez, denak aurrean hartuta. Horrek sasoia!”.

Gai berari tiraka, trenbideak autoz zeharkatzen diren guneak badakigu arriskutsuak direla, baina, askotan, irratiak dioena entzunda, badirudi trenbidean autoak trenaren aurretik doazela ziztu bizian: “Trenak auto bat aurretik eraman du”. A zer suertea, beti aurretik eraman badu ez zion trenak ukiturik ere egingo!

Eta trenaren hurrengo geltokia elikadura. Lehengo batean, Dieta Mediterraneoa aztertu duten aditu batzuek, elikagaiak ez ezik jakiak maneiatzeko erabiltzen den olioa eta ura ere aztertu zutela zioen esatariak, eta egunean lau edalontzi edan behar omen genituzkeela. Pentsa beirazkoak badira. Lau! Eta metalezkoak balira, ez dut pentsatu ere egin nahi! Guk, baserrian hazi ginenok, behi esnea edaten genuen, deskuiduan esne behia edan izan bagenu…

Eta etenik gabeko sokan: barrura sartu, gora igo, kanpora irten… Besterik egin al daiteke?


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude