Erregimenak linfoma bat dauka Gipuzkoan

  • Markel Olano Arrese diputatu nagusia hurbildu zenean Hernanin Oronak daukan Ideo eraikin futuristara Gipuzkoako euskalgintzarekin  hizkuntza estrategia berria konpartitzera, dozena bat zahar aurkitu zituen atarian “Erraustegirik ez” pankarta eskuetan, Zubietako errauste plantak kaltetutako hamabi aiton-amona aspaldiko euri zaparradarik handienaren azpian blai eginda. Ez bilatu argazkia egunkarietan.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2017ko ekainaren 04a

Egun gutxi beranduago Donostialdeko autobideak butxatu zituen ziento erdi bat kotxezko ‘Barraskilo Operazioa’ren albisterik ere ez duzu aurkituko. Orobat Azpeitian Altuna y Uriaren egoitzan protesta alaitsua egin zuten gazteenik. Eta menturaz maiatzaren 27an Zubietan Errausketaren Aurkako Mugimenduak bildutako jende multzoaren eta mezuen oihartzunik ere ez zenuen topatuko, baldin eta Gipuzkoa Zutikeko gazte adoretsuek ez balute egun berean mila laguneko jendetza eraman –mila bai, gazteak gehienak, heldu asko, 80 urtekoren batzuk tartean– erraustegiaren ‘0 eremura’. Ez etsi, ez onartu erraustegia, bakean eta irmo, #ResistZubieta. Gazteek horrelako kemen, antolakuntza eta fundamentu irakaspena eman behar zigutenik...

Denaren jabe egin da, ustez, Gipuzkoa Garaile bataiatu zuten lobby oligarkikoa. Esku batekin PNV+PSOE+PP erregimena, onartuko al zait boterea ezartzeko formularen definiziotzat “erregimena”, ez darabilt isekatzat. Bestearekin Gipuzkoako establishment enpresariala, zeinari bermerik postmodernoena ematen dion orain Mondragon Corporationek, bere banku, supermerkatu, industria, unibertsitate eta guzti, Arrasateko kooperatibismoaren deriba neoliberala. Erregimena guztiaren jabe eginik, zenbait arlotan “zubilanak” aipatzea bihurtu da zubiak eraikitzea baino irabazleen artera dotoreziaz igarotzea edozein zubitan barrena. Barkatu gordin mintzatzea, lagunok.

Arazo bakarra da… historia amaitutzat jo duteneko paradisu “post-gatazka” hau ez dela esajeratuki makillatutako gaixo bat baizik. Hedabide nagusi pribatu zein publiko bananeroek doi-doi saltzea lortzen duten Gipuzkoako oasi harrak joa. Zubietako zuloa da kantzerra azaleratzen duen koskorra.

Mundu osoa krisian eta zuek 2007 aurreko bizimodura itzultzea posible dela sinetsaraziz engainatu nahi duzue minbizi erasokorrak jotako gizartea? Zein soin atal erauzi beharko diguzue hurrena Confebaskek jarraitu dezan business as usual? Zein herri sakrifikatuko dugu ondoren, eskoriatarako ez bada kea salduko duen usina berri bat eraikitzeko? Nori kenduko zaizkio laguntza sozialak diru publikoen alferrikako beste obra batekin harrapatzaile pribatuak gizenagotzeko? Herritarroi zein eskubide gehiago kenduz ugarituko dizkiguzue gaixotasunak, ondoren sendaezinentzako artatze pribatu eternoak zeuok berriro kobratzeko? Zer egingo dute ezker alternatiboek podiumeko bigarren postua nork hartuko duen errezeloz elkarri markajea egiteaz gain? Ardanza-2 aro itogarri honetan herri hau Erabakitzeko Eskubidea erabiltzeko prest dagoela aldarrikatuz bagoaz norabait?

Hamar urteotan ikasi dugunarekin, zalantzarik txikiena ere ez da geratzen hondakinen kudeatzeko sistemen arteko alderaketan. Errausketa da sistema txarrena, garestiena, zikinena, kaltegarriena. Azalduta dago, Gipuzkoa erdian frogatuta, ez da beste misteriorik. Hala ere, lehendik lantegi kutsagarriz gainezka dagoen Donostialdean lehenbiziko erraustegi kamuflatuari –Rezola- Gipuzkoak behar ez duen bigarren erraustegi bat gehitu nahi diote, jaramonik egin gabe osasun aldetik, urgentziaz behar ditugun lanpostuetatik, bideragarritasunetik, ingurumenaren zaintzatik eta diru publikoen erabilera zuhurretik aurkeztutako oharretako bakar bati, gaur bertan azken zaborra 40.000 tonatara murriztu dezakeen gizarte bati 200.000rentzako labe kutsagarria ezarri eta pagaraziz. Domuit Gipuzkoa eta kito.

Azken hilabeteotako mugimendu eta deklarazioak oso oker ulertu ez baditugu, Gipuzkoako agendaren jabe den erregimenak bezala agendaren gatibu diren opositore nagusiek dagonekoz egintzat eman dute Zubietako errauste planta. Herritar asko ala gutxi izango dira etsi gabe aurrean jarriko zaizkienak? Injustizia onartzen ez dutenek gaindituko ote dituzte erregimenak ezarritako omertà lotsagarriaren hesiak? Gipuzkoarren jenioa esnatuko al da?


Gipuzkoako erraustegia kanaletik interesatuko zaizu...
Zubietako erraustegiaz eztabaida publikoa eskatzeko sinadurak biltzen ari dira

Andoaingo Ipar Haizea plataformak Change.org plataforman sinadura bilketari ekin dio, Zubietako erraustegiari buruz ETBn eztabaida publiko garbia eskaini dezaten. Azaroaren 20ko ilunabarra arte 3.853 herritarrek sinatua zuten eskaria.


2004an errausketa justifikatu zuen doktoreak darama orain Biodonostiaren ikerketa

Jesus Ibarluzeak 2004an Incineración de residuos urbanos y salud pública ikerlanean zioen ez dagoela errausketaren arriskuen ebidentzia zientifikorik, eta geroztik agiri hori erakutsi dute Zubietako erraustegiaren sustatzaileek osasun aldetik egia nagusitzat.


Pasaian agerian utzi dute zertara daraman borondatezko edukiontzien sistemak

Pasaiako Udalaren hondakinen kudeaketarekin kezkatuta dauden herritar batzuek errefusarako kontainer bat hustu eta aztertu dute Pasai Antxon. Barrenean zeraman gehiena birziklagarria zela erakutsi dute: benetako errefusa %11,29 besterik ez zen eta, aldiz, organikoa %64,2. Bideoz zabaldu dute ekintza.


EH Bilduko hautetsiek salatu dute Intxaurrandieta eta Errazkinen auziperatzea

Buruntzaldeko eta Debagoieneko EH Bilduko alkate eta zinegotziek –legealdi honetakoek eta aurrekoek– agerraldi publikoetan salatu dute 2013an Zubietako errauste plantaren kontratua eteteagatik orain EAJk eta PSEk auzitara eraman dituztela Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko orduko lehendakaria eta Iñaki Errazkin Ingurumen diputatua, alderdi horiek elite ekonomikoekiko duten mendekotasuna eta beren mendeku gosea agerian utziz.


LKS-Mondragonek erraustegiak eraiki nahi ditu Amerikan ere

Berria egunkarian Iñaki Petxarromanek plazaratu du 2016an Mondragon korporazioko LKSk erraustegi bat eraikitzea proposatu ziela Peruko agintariei. Hondakinentzako soluzio hori aurkezten izan zen Carlos Beraziarto, Carlos Ormazabalen agintaldian GHK-ko aholkulari juridikoa izan zena.


2011-2015 aginte aldiko Diputazioak Intxaurrandieta eta Errazkin babestu ditu

2011tik 2015era bitartean Gipuzkoako Foru Aldundian agindu zuten diputatu guztiek, Martin Garitano buru, beren babesa adierazi diete erraustegia gelditu izanagatik orain auzitara eraman nahi dituzten Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkini.


2017-10-19 | ARGIA
Gipuzkoako obra nagusiak "geldituko" dituela ohartarazi du ELAk, prekarietatearekin amaitzen ez bada

Eraikuntzaren arloan, Gipuzkoan egoera jasanezina bizi dutela azaldu du sindikatuak, AHT, erraustegia, Anoeta eta beste obra askotan azpikontratazioa eta prekarietatea nagusi direlako. Mobilizazioak azkartuko dituztela iragarri dute.


EAJ eta PSEren erabakiz, GHK-k auzitara eramango ditu erraustegia gelditu zutenak

GHKren administrazio kontseiluak, bertan nagusi diren EAJ eta PSEko arduradunen botoz, erabaki du auzitara eramatea aurreko legealdian Zubietako erraustegia gelditu zuten Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude