"Euskal Herrian ekoizleak falta dira"

  • Joan den hilabetean Donostian errodatu zuten For the good times lanaren xehetasunak irakurri eta ikusi ostean, datozen hilabeteetan zeresan ikaragarria emango duen ekoizpena izango dela iragartzen dizuet. Kris Kristofferson-en izen bereko abestiari erreferentzia egiten dion film labur hau, Andrés Daniel Sainz zuzendari donostiarraren lan berria da.

Komedia melodramatiko moduan aurkeztu duten ekoizpen honek zera kontatzen du: aitalehenak urteak betetzen dituenez, familia osoak eguna ospatzea erabaki du seme zaharrenaren jatetxean. Guztien artean sekulako sorpresa prestatu diote. Afaria baino apur lehenago ordea, semeetako batek, Xabierrek, iragarri du bere bikotekidearekin azalduko dela. Gehienek homosexuala dela susmatzen duten arren, Xabierren sorpresa guztiak ez dira hor amaituko.

Film labur korala dela ere esan liteke. Ramon Agirre, Klara Badiola, Iñaki Rikarte, Itziar Ituño, Iñigo Gastesi, Aitor Beltrán, Miren Gaztañaga eta Gorka Zufiaurre. Grabaketan egoteko aukera izan dut eta, sinets iezadazue, antzezle erraldoi hauen erakustaldiaren “erruz”, emozioz beteriko uneak biziko dira; aipamen berezia merezi dute azaltzen diren bi umeek ere, Imanol Mujika eta Haritz Rodriguez –lehena, gainera, Aundiya filmean ikusteko aukera ere izango dugu–; eta amaitzeko, Cowboy abeslaria, Giorgio Basmatti.

Gidoi oso sendoa eta Euskal Herrian –nik dakidala behintzat–, inoiz tratatu ez den gai bat jorratzen du proiektu honek –ez dizuet zehaztuko zein den–. Horren erantzule nagusia, aipaturiko Andrés Daniel Sainz. Behin errodajea amaitu eta post-produkzioan murgildurik dauden honetan, berarekin hitz egiteko aukera izan dut.

Pozik al zaude?

Oso-oso pozik eginiko lan eta esfortzuarekin. Batzuk pertsonalki lehenagotik ezagutzen ez nituen arren, errodajea amaitu denean, lagunak direla esan dezaket, familia txiki bat sortu dugu. Zoragarria izan da eman duten guztia.

Zure aurreko lana –Haiku 1975– eta hau hain desberdinak izanik, badute antzekotasunik?

Bai. Istorioa, aurreko lanaren beste muturrean kokatzen den arren, eta narratiboki normalagoa izan arren, bietan lengoaiaren mugez aritu nahi izan dut. Muga horiei, kasu honetan, familien arteko erlazioei buruzko hausnarketa bat ere gehitu nahi izan diet. Familian zer esaten den, eta batez ere, zer ez den esaten.

"Sekulako maila dago Euskal Herrian, genero mota ugari ukitzen dira eta kalitate eta estilo oso desberdinak topa daitezke"

Deigarria egiten zait, hasiberria izanik, adibidez, aktoreen artean izen nahiko potoloak ageri direla ala argazki zuzendaritzaren erantzulea Kalo Berridi (Airbag, La ardilla roja, 8 apellidos vascos) ezaguna izatea. Nola izan da hori posible?

Tartean, guztiak konbentzitu duten ezinbesteko faktore bat egon delako: gidoia. Irakurri duten ia guztiek parte hartu nahi izan dute proiektu honetan. Hori eta Vidania films, Alberto Gastesi eta Loinaz Jauregik sekulako lana egin dutelako. Beraiei esker, alderdi artistikotik kanpo dagoen guztiaz erabat ahaztea lortu dute. Lan ikaragarria egin dute eta zuzendari batek egin beharko lukeen lan horretan soilik zentratu nadin lortu.

Orain muntaia lan guztia amaitzean zein da helburua? Zerekin egongo zinateke pozik?

Lan hau ahalik eta jende gehienak ikustea, hori da niretzat ezinbestekoa. Hortik aurrera etor dadila etorri beharrekoa.

Film laburrez ari garela, nolakoa da euskal film laburren panorama momentu honetan? Kalitatezko edukiak daude? Nazioartean oihartzunik badute?

Bai, nik uste sekulako maila dagoela Euskal Herrian. Genero mota ugari ukitzen direlako eta kalitate eta estilo oso desberdinak topatu daitezkeelako. Lan hauek guztiak mugitzerako orduan Kimuak (Euskal Herriko film laburren aukeraketa) adibidez, ezinbestekoa iruditzen zait. Lana ikaragarri errazten dute, erakusleihoan egoteko aukera eskainiz eta, garrantzitsuena, zure lanari “kalitatezko zigilu” moduko bat itsatsiz.

Sekulako kalitatea dagoela diozu baina, izen edo lan konkreturik emango zenuke?

Bai, errazena hori izaten da gainera. Film laburretan, Koldo Almandoz, bere Deus et machina zoragarriarekin adibidez; Alberto Gastesi, Rafa Zubiria, Lander Camarero, Laida Lertxundi eta Aritz Morenoren lanak ere apartak direla uste dut; Roberto Castónen Ander eta Los tontos y los estúpidos, Fernando Francoren La herida, Asier Altunaren Amama; Loreak jakina; Leire Apellanizen El último verano; Gorka Bilbao eta bere Jai Alai Blues bikaina; Imanol Rayoren Bi anai; Cobeagaren Negociador; José María de Orbe Donostiarraren Aita… asko aipatuko nituzke.

"Sentsazioa dut hemen bakoitzak bere proiektuarekin arriskatu behar duela, ez dago nazioarteko ikuspegirik"

Ekoizpen ugari aipatu dituzu baina, gidoia idatzi, ekoizpenak sortu edo mugitzerako orduan, Euskal Herriko “makineriaren” barruan akatsik ikusten duzu? Laguntzarik bada?

Gidoi bat idatzi ostean, oso zaila egiten zait Euskal Herrian gidoi horrekin zer egin behar dudan jakitea, nola mugitu, nori erakutsi, nora joan. Ekoizleak falta direla uste dut, egile zinema edo proiektu txikiagoak bultzatu nahi dituztenak batez ere. Ekoiztetxeak badira, bai, baina gehienetan auto-ekoizleak izaten dira. Hortxe Amama eta Loreaken kasuak adibidez: gidoi zoragarriak biak, baina Txintxua Films eta Moriarti existituko ez balira, ziurrenik bi film horiek ere ez. Existitu bai, baina beste era batean grabatuta, agian beste hizkuntza batean. Bestetik, film laburretan dauden laguntza horiek guztiak, luzera salto egitean, zeharo galtzen dira, desagertu. Sentsazioa dut bakoitzak bere proiektuarekin “arriskatu” behar duela, ez dago nazioarteko ikuspegirik.

Aurten Tabakaleran irekiko den Zinema eskolan, zinegileak soilik ez, ekoizleen formakuntza egotea ere ezinbestekoa iruditzen zait.

Hurrengo proiekturik?

Bai. Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza jaso genuen eta urtea amaitu baino lehen, El tercer hombre izeneko film laburra errodatuko dugu. Oso desberdina izango da, estilo-ariketa moduko bat.

Imajinatu mugarik gabeko aurrekontua duzula, zein motatako zinema egitea gustatuko litzaizuke? Nazioarteko eta Euskal Herriko zein aktore aukeratuko zenituzke?

Ez zait generoen barruan etiketatzea gustatzen, guztiak interesatzen zaizkit, ez dago genero txarrik. Aktoreei dagokionez, nazioartekoak, Joaquin Phoenix, Tony Leung, Juliette Binoche eta Isabelle Huppert adibidez. Eta etxekoak, Aitor Beltran eta Ramon Agirre gizonezkoen artean. Emakumezkoak aldiz, film laburrean parte hartu dutenen artean kosta egingo litzaidake. Dena den, aukeratzeko eskatzen didazunez, orain momentu honetan, Itziar Ituño eta Miren Gaztañaga aukeratuko nituzke.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


2024-03-03 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Komunak

Otsaila da iaz ekoiztutako pelikula uzten sari banaketaren hilabetea. Zinemara joateko aitzakiarekin, arkitektura eta hiria oinarri dituen Wim Wenders-en Perfect Days ekarri nahi dut hizketaldira.

Pelikularen sinopsi zabalduan irakurri daiteke komun publikoetan garatzen dela... [+]


Hizkuntza gutxituen artean, euskara hirugarren erabiliena da Europako streaming plataformetan

Netflix, Amazon Prime eta Disney+en, Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunak onartzen dituen bost hizkuntza baino ez dituzte erabiltzen. Bosten artean nagusi da, alde handiz, katalana. Ondoren datoz galiziera, euskara, luxenburgera eta Eskoziako gaelikoa. EHUko Nor Ikerketa Taldeak... [+]


2024-02-19 | Euskal Irratiak
Graxi Irigarai: «Merkatua oztopo bat da Euskal Zinema Iparraldean hedatzeko»

Hizkuntza gutxituak eta eta Frantziako zine-sistema hartu ditu ikergai Graxi Irigarai baigorriarrak bere tesian. Abenduan aurkeztu zuen bere ikerketa, eta ordutik hamaika mintzaldi eskaini ditu. Oro har, Euskal Zinemak Ipar Euskal Herrian dituen zailtasun eta oztopoak eman ditu... [+]


Eguneraketa berriak daude