Amaitu da Gasteizko Kontzertu Handien XII. Zikloa, saio eder eta zertxobait intimista batekin. Helsinki Baroque Orchestra taldeak, hogei urteko ibilbidean, musika barrokoaren interpretazio interesgarriak eskaintzen ditu, landuak, non jatorrizko musika tresnen sonoritate bereziak protagonismo handia duen.
Aldi honetan, egitarau zinez erakargarria ekarri ziguten finlandiarrek. Talde honek badu helburu bat (beste batzuen artean): hain ezagunak ez diren barroko garaiko konpositoreen lanak ezagutaraztea. Joseph Martin Kraus (1756-1792) egile alemaniarra da, baina ia lan guztia Suedian egin zuen. Saio honetan konpositore honen Dido and Aeneas (Dido eta Eneas) suitearen pasarte batzuk disfrutatu genituen Helsinkikoekin. Musika gozoa eta aldi berean nerbioduna topatu genuen, freskoa. Deigarria izan zen taldearen konpaktazioa eta malgutasuna. Delikadeziaz aritu ziren Dans af Najader och Tritoner zatian, soinu garden-gardena entzun genuen, eta taxuz hartu zuten Stormen izeneko azkeneko pasartea, jatorrizko instrumentuekin hain zaila den soinu-oreka lortuz.
Jarraian, Mozarten aria batzuk eskaini zituzten. Sophie Karthäuser soprano belgikarra benetako luxua izan zen. Bere ahots gardena oso egokia da Mozarten musikarako. Bestalde, nabaria da Karthäuser eta René Jacobs zuzendariaren arteko sinbiosia. Askotan egin dute lan elkarrekin, eta honek errazten du, noski, interpretazio naturala lortzea. Basta, vincesti aria, Dido eta Eneasen istorioan oinarritua, pasioduna eta musikalki orekatua entzun genuen. Bella mia fiamma, addio, berriz, boteretsua iritsi zitzaigun. Ederra. Hau bezain ederra entzun genuen bigarren zatian interpretatutako aria: Beethovenen Ah perfido. Biek dute tankera berdintsua. Izan ere, esaten da aria hau Mozartenaren moldaketa bat dela. Kuriosoa. Horrez gain, bi ariak Josepha Duschek sopranoarentzat idatzi zituzten.
Saioa amaitzeko, Beethovenen 1. Sinfonia do minorrekoa, op. 21 interpretatu zuten. Konpositore alemaniarraren sinfonien artean, klasikoenetako bat da, egituraz gutxienez. Baina berrikuntza nabarmenak aurkitzen ditugu honen barruan: modulazio ugari, mugimendu azkarrak… Beethovenen soinu-mundua hor zegoen jada. Freskotasunez zuzendu zuen Jacobsek. Biribila.