"Aldaketa beharra bolo-bolo dabil hezkuntzan, baina sinetsi egin behar da"

  • Mungiako Larramendi ikastola eraldaketa unean dago. Plan integral baten erdian murgilduta daude, ikastolaren beharrak atzeman eta horien araberako proiektuak abiatzeko. Prozesuak krisia eragin du etxe barruan, baina eraldaketaren bide aldapatsuari gogoz heldu diotela kontatu digu Itziar Nogeras ikastolako zuzendariak. Ibilaldiaren lekukoa haienean da aurten: maiatzaren 28an da zita, Egunero alkarregaz lelopean.

Zein dira Larramendi ikastolaren ezaugarri nagusiak?
Bai azpiegitura aldetik bai hedadura aldetik ikastola handia da, auzo batean dago aparte eta herri izaera hartzen du. 0-18 urte arteko eskaintza daukagu eta Mungialde osoko ikasleak hartzen ditugu, denera 1.300 inguru. Aurten 50 urte betetzen ditu ikastolak eta kooperatiba da, ikasle ohiak batzordekide dituena. Hori fenomeno berria da.

50. urteurrena ospatzen dabil ikastola ugari. Aurreko belaunaldiek sortutako egituretan goxo gaude?
Jasotako ondare aberats moduan bizi da hori ikastolan, garapena eta zaintza behar duena. Jakitun gara garai hartako inplikazioa eta parte-hartzea galtzen ari garela eta berrasmatu behar dela. Egungo familiek, oro har, seme-alabak ikastetxean utzi eta printzipioz ez dira gehiago inplikatzen. Kezka horren gainean lanean ari da hainbat bazkide.

Plan estrategiko integrala abiatu duzue. Nondik dator beharra?
Arrazoiak anitzak dira, baina bereziki batzordean egon diren familiek ikusi dute beharra. Lehen baino zorrotzagoa da gizartea hezkuntzarekin eta erronka potoloak ditu eskuartean. Egungo ikasle tipologia konplexua da eta gero eta konplexuagoa izan daitekeenez, aurre hartu nahi diogu. Puntualki ikusten dituzun beharren arabera aldaketak egin ditzakezu, baina gure asmoa harago joatea da. Hezkuntzak aldaketa garaia bizi du eta bakoitzak bere eredua bilatu behar du. Gurean behintzat eraldaketa bultzatzeko erabakia hartuta dago, korronteak eraman ez gaitzan. Horretara dator plan estrategikoa. Ikasturte honetan abiatu genuen gogoeta, familia, irakasle zein langileen parte-hartzea bultzatu eta gogoeta partekatua izateko. Horretarako lan talde bat sortu da, eta proiektu batzuk identifikatu ditugu. Proiektu horiek izango dira hurrengo urratsa, estrategia aurrera eramateko.

Zer dakar horrelako prozesu bat martxan jartzeak?
Iragan ekainean zuzendari sartu nintzenean, geldialdi batetik ateratzeko gogoa topatu  nuen, baina gauzak ulertzeko moduak ez datoz beti bat. Ikuspegi ezberdinen talka sortu du ikastolaren norabidea berrikusteak eta krisia ere ekarri du, berrikuntzarako aukera handiekin batera. Estrategiaren eraikuntzan desberdintasunak ez dira hain handiak, orduan ni hor enfokatzen ari naiz, elkarrekin diagnosia adosten. Garrantzitsua da zure burua ezagutzea instituzio bezala, zure indarguneak eta zure ahuleziak non dauden ezagutu, onartu eta hobetzeko. Erraza da esatea, baina horraino iristea lan handia izan da.

“Hezkuntzaren iraultzarekin amestu arren, ikastola bat da lurrera gehien lotzen zaituena”

Zerk sortu du talka?
Nola egin behar den hori erabakitzeak. Helburua berehala adostu da, zailtasuna da nola egingo dugun hori erritmoetan, aldaketa potoloak direlako. Irakasle taldea bere erritmoan ari da lanean, eta familiak ahalik eta irakaskuntza puntakoena eskatzen. Krisiaren ondorioz giroa ukituta dagoela egia da eta horrek zailtasunak ekarri ditu, baina bestela ardura handiko giroa ikusten dut, benetan bidea aurkitu nahia. Bertutea litzateke bakoitzak jakitea ze paper jokatu behar duen, eta ez sentitzea irakasle batek gurasoak behar baino gehiago sartzen direla bere jakintza arloan eta alderantziz.

Plan integrala da, epe luzerako aurreikusia. Nola antolatu duzue prozesua?
Prozesuetan murgilduta aurrena, eta talde-lana bultzatzeko sistemak ezarrita. Lehenengo fasean gure buruaren diagnosia egin genuen; langileek, ikasleek eta guraso boluntarioek euren aldetik. Egun osoko saio bat egiteko 100 lagunera ere zabaldu zen talde bakoitza, bisioa eta misioa lantzeko. Bigarren fase honetan, proiektuak identifikatzeko gurasoak eta langileak elkarrekin aritu dira. Gogoetan sakontzen jarraitzen dugu.

Zein proiektu identifikatu dituzue, beharrei aurre egiteko?
Berrikuntza pedagogikoa da gakoa, nahiz eta antolaketa eta pertsonen arteko komunikazio aldaketak ere lan handia eskatzen duten, erakundearen engranajeak ondo olioztatuta egoteko. Euskalitek sustatzen duen kalitate eredura hurbiltzeko kudeaketa aurreratua da identifikatutako proiektuetako bat; antolakuntza eta gestio eraldaketa, bai zuzendari mailakoa, eguneroko lanari dagokiona zein barruko gobernu-organo eta kudeaketa-organoen artekoa. Bestetik, barne eta kanpo komunikazio eraldaketa, berrikuntza pedagogikoarekin bat etorriko den inbertsio plana eta proiektuetan oinarritutako irakaskuntza. Harremanen krisiari lotuta, arrisku sozialen gaineko plana daukagu, lan giroa ere proiektu gakotzat baitaukagu.

Nolakoa da marraztu duzuen biharko ikastola?
Emaitza onak lortzen dituen ikasleak dituen ikastola bat, euskalduna. Ematen du azken hori ez dagoela esan beharrik, baina eleaniztasuna bultzatzen den irakaskuntza batean, euskal kultura ardatza izatea ez da erraza. Ikasle kolaboratiboak nahi ditugu, kultur aniztasunarekiko irekiak, baina gure nortasuna indartuta nahi dugu euskal erakunde moduan.

Euskararen arloan, nolakoa da ba egoera?
Euskararen erabileran izugarrizko hutsunea dago. Ohitura dela uste dut, inguru sozial erdaldun batek ez du laguntzen, baina ez dut uste Mungiaren kasua denik. Aukera handia dago hobetzeko, baldintzak badaude eta uste dut inplikazio handiko tokia dela. Bereziki proiektu bat landuko dugu, gure komunitatean erabilera handitzeko.

EKI proiektua eta Konfiantzaren pedagogia dira ikastola askok barneratu dituzten azken aldaketetako bi.
Gurea ere bide horretan doa, baina teoria bere horretan hartu baino, eztabaidatu, proiektu bihurtu eta hori ikasgelara nola eraman da landu behar duguna. Oinarria da besteak beste proiektuetan oinarritutako irakaskuntza, eta hori ondo lotzea azpiegituren antolakuntzarekin. Kasu gehiago ezagutu ditugu, kanpoan ibili gara, eta bakoitzak bere eredua bilatu behar duela ikusi dugu. Elkarren ezagutza ere garrantzitsua da, beste ikastetxeetan pedagogiak nola gauzatu dituzten jakitea.

Elhuyar Fundazioko eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzako zuzendari aritu zara aurretik. Zer aurkitu duzu Larramendin?
Leku bakoitza mundu bat da. Hezkuntza nahiko sektore kontserbadorea da, paradoxa bada ere. Hezkuntzaren iraultzarekin amestu arren, ikastola bat da lurrera gehien lotzen zaituen sektorea. Gestio modernoan eta kudeaketa aurreratuan espezializatu naiz eta hori erakundeetan integratzea prozesu luze eta sakona da. Dezente ezagutzen ditut, euskalgintzakoak batez ere, eta egin eta egin aritzeko garaia gaindituta dagoelakoan nago. Nola egiten diren, egitea bezain inportantea dela ohartu behar gara orain. Gestio aurreratua diodanean hori diot, ez izugarrizko aplikazio informatikoa izatea, baizik erabakiak hartzeko modua aldatzea.

Hezkuntza berritzea ez da batere erraza, eguneroko lanak sarri ez dizu hausnarrerako tarte handirik uzten. Baina aldaketa beharra bolo-bolo dabil, eta zailtasunak zailtasun, sinetsi behar da egin daitekeela. Larramendirena bezalako erronka handi baten aurrean asko lagundu dezake gestio planteamendu egoki batek, eraldaketak ondo egiteko. Erronken artean dugu gestioaren eta pedagogiaren uztarketa eta era horretan antolatuko da zuzendaritza, ez daitezen joan pedagogia batetik eta gestioa eta diru-kontuak bestetik, uztartuta baizik.

Nola ezkondu duzue hau guztia Ibilaldiaren prestaketekin?
Ibilaldia ikuspegi berarekin planteatu da: auzolana. Azken ekintzetako batean, kanpaldian, 180 lagunetik gora aritu dira ikastola margotzen eta txukuntzen. Batzorde ugari aritu dira buru-belarri, gogoeta honekin paralelo.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ibilaldia
2023-05-22 | ARGIA
Milaka herritar bildu dira Ondarroako IbilaldiXEn ikastolen festan

Zubi Zahar Herri Ikastola izan da 2023ko antolatzailea, eta balorazio positiboa egin du igandeko egunaren inguruan. Euskarazko hezkuntza aldarrikatu dute festa giroan, eta testigua pasa diote San Nikolas Algortako ikastolari.


2022-05-29 | Jone Gartzia
Liburu bat katean idatzia

Bilbotik Tafallarako dagoen bidean, eskuz esku eta ikastolaz ikastola idazten ari den ipuina da aurtengo Liburu Ibiltaria. Idazleek ez dute elkar ezagutzen eta eremu soziolinguistiko desberdinetako ikasleak dira, baina asmo komun bat dute denek: guztien artean, txandaka, euskara... [+]


1.800 lagun bildu dira ezohiko Ibilaldian, Sopelan

Hiruka.eus-en Iker Rincon Morenok Sopelan antolatutako Ibilaldiaren jarraipena egin du igandez. 1.800 lagun bildu dira Sopelako lau gunetan Leioako Betiko ikastolak eta Sopelako Ander Deuna ikastolak antolatutako ikastolen aldeko jaialdian. Hurrengo Ibilaldia Bilboko Abusu... [+]


2021-05-13 | ARGIA
Ibilaldiak lau gune izango ditu, baina ezingo da batetik bestera mugitu

Sopelan egingo da Ibilaldia, maiatzaren 30ean. Aurtengo edizioak ez du ibilbiderik izango, ez janari ez edari zerbitzurik, Ander Deuna eta Betiko ikastoletako ordezkariek jakinarazi dutenez.


2021eko Ibilaldiaren 'Kala kalata!' abestia aurkeztu dute

Aurten Leioa eta Sopelan ospatuko den Ibilaldiaren abestia eta bideoklipa kaleratu dituzte, Kala kalata! leloa oinarri hartuta jarri dio letra Xabi Payak.


Eguneraketa berriak daude