Txinako erdialdeko lautadan, Ibai Horiaren arroan aurkitutako hainbat giza hezur aztertu dituzte, isotopo egonkorren analisiaren bidez. Eta Proceedings of the National Academy of Science aldizkarian jakinarazi dutenez, gizonezkoek eta emakumezkoek dieta oso desberdina zutela ondorioztatu dute.
Emakumeek garia eta garagarra jaten zuten nagusiki eta gizonek, aldiz, animalia jatorrizko produktuak. Beraz, emakumeei nutrizio balio txikiena duten elikagaiak uzten zizkieten eta haien hezurrek, ia 3.000 urte geroago, dieta kaxkarrak eragindako osasun arazoak erakusten dituzte oraindik. Hil ondoren ere jarraitzen zuen diskriminazioak, emakumezkoen hilobiak askoz apalagoak baitziren.