Ea nondik hasten naizen... Gure arteko zenbait rock jaialditan emakume musikarien presentzia eza da. Jaialdioi boikota egiteko ahotsak zabaldu dira; norbera libre da hori egiteko, baina nire ustetan aproposagoa da programatzaile horiek ohartaraztea generoen arteko berdintasunaren lupa handitu dezaten. Arrazoizkoa eta egingarria iruditzen zait neurri batean, zer hobetu badago eta merezi du ahalegintzeak.
Ahots batzuek esan dute musika talde bati buruz idaztean edo hitz egitean partaideak neskak direla aipatzea soberan dagoela. Helduko da, agian, egun bat emakumeek, gizonen parera, musikan eta beste esparru batzuetan parte hartzeko aukera izango dutena eta horren kontrako traba eta aurreiritziak desagertuko direna. Horren alde egingo badut ere, hori errealitate izan bitartean nik gustura asko nabarmenduko dut adibidez Perlata taldea hiru neskek eta mutil batek osatzen dutela eta neskak instrumentuak jotzen eta abesten ikusteak pozten nauela. Baita ere iaz lehenengoz ikusi eta entzun nituenean, emanaldiaz eta agertoki gainean erakutsi zuten jarreraz, gogoaz eta eskaintzaz asko disfrutatu nuela. Gazteak izanik ere, agertokian desparpajoz, gogoz abesten, zabaldu nahi duten mezua argi dutela, punkaren eraginpean eta melodiak lantzen aritzen dira, eta Arrasateko Gaztetxeari, literalki, ia su eman zioten. Zer gehiago eska diezaiekegu?
Partaideak ez dira hasiberriak, aurretik Lost Girls, No Ways, Interprete Desconocido eta Neallta Fola taldeetan ibilitakoak dira, punk-aren eta rock-and-rollaren bueltan beti ere. Eta oraingoan ibilbide jarraikorragoa landu nahi dute. 2015ean sortu zuten taldea eta neguan Berrizko Lorentzo Records estudio beteranoan beraien lehen diskoa grabatu, orain kaleratu dutena.
Nondik hasi-k gizarteko askotariko indarkeriari buelta eman nahi lioke. Horretarako, Eskorbutoren erritmoaren gainean ziurtasunez abestu-errezitatzen dute. Gertatuko ez diren gauzak-ek ere errealitatearen gordintasunari so egiten dio, eta biolinak lagunduta folk kutsua hartu arren, punk-rock melodikoa da. Ingelesez sinesgarritasunez abestutako Shaking-ek NCC rock-and-rolleroenetatik zein glam-etik egarriz edaten du, Zirtasuna kolokan abesti borobila da, erritmo sarkorra duen punk-rock melodikoa. Metralleta-k karga poetiko handia du, sarkorra. Sorginen omenez sentikortasunez idatzitako Gorputzak ferekan punk-rock hit!a da. Don’t touch me-k rock-and-rollaren patroiak ederto betetzen ditu. Eta Izarra aberatsa da: intro intrigantea, punk-rocka, tempo-erdiak eta indarra. Eta horri gehituko nioke neska taldeek zenbait kasutan azaleratzen duten freskotasun puntua.