"Etxe promotoreekin latz borrokatu behar izaten dugu"

  • 1962, Baiona. Herria bizi dadin! taldearen izenean hamar urtez oposizioan egon ondoren, Uztaritze Bai hautagaitzaren izenean herriko auzapeza da: “Lurraren Antolaketa eta Garapenerako proiektua berritzea (PLU), ingurumena zaintzea (Agenda 21), arlo finantzario zailari buru egitea eta euskararen eragileekin sinatutako akordioak bermatzea ditugu xede nagusi. Egonkortu eta garatzeko beste hiru urte behar ditugu. Hurrengo agintaldian hemen egotea espero dut, mandatu honetan abiatutako proiektuak bururaino eramateko”, erran digu Bruno Carrerek.

Duela hiru urteko udal hauteskundeetan, uztariztarrek Herriko Kontseilua berritu zuten: Uztaritze Bai talde abertzalea hautatu zuten. Antzina, Lapurtarren Biltzarra Uztaritzen zegoen. Frantziako Iraultza ondoren euskal instituzio politikoa galdu zuten herritarrek. Abertzaleak Herriko Etxeko kontseiluan gehiengoa dira 2014tik: “Aldaketa handia izan da. Aurreko auzapeza Dominique Lesbats izan zen [zentro-eskuina], guk oposiziotik lan asko egin genuen. Orain, hogeita hiru kide gaude alde batean eta hiru oposizioan. Arretaz begiratuak gara herrian, alde batetik zein bestetik. Gure emaitzen beha daude”.

Erran nahi baita: “Herria Bizi Dadin elkartean denak ez dira abertzaleak; Uztaritze Bai-n ere ez. Hala ere, ados jarri gara hainbat puntutan: Euskal Herriaren identitatean, euskararen koofizializazioan... Erdibidean, hor nonbait. Ez da asko ez gutxi, abiatzeko manera aurkitu dugu. Gero horiek gauzatzea zailagoa da, bistan da. Horiek horrela, proiektua denon artean atera behar dugu aurrera”.

Zein izan da udal taldearen erronka nagusia orain arte?

Lehena alde finantzarioari dagokio: Uztaritzek bi milioi euroko zorra dauka, guk hori hartu dugu. Beraz, lehentasuna hori gutxitzea da. Adibidez, hori oztopo handia da etxebizitza bultzatzeko. Etxe promotoreekin latz borrokatu behar izan dugu, etxebizitzen altuera edo proiektuen handitasuna apaltzeko. Bestalde, herri-lanak berritu behar izan ditugu karriketan eta parkingetan. Diru-zorra hain handia izanik, halakoetan sartzea urrats zaila izan da, baina aurrera goaz.

Hirigintzaz ari garela, Lurraren Antolaketa eta Garapenerako proiektua (PLU) hizpide, zein dira arazoak zehazki?

Legeak etxebizitzaren %20 soziala izatea exijitzen du 2020 urterako. Hori ongi da, baina gu dilema batean sartuta gaude: Uztaritzek lur eremu txikia du, eta bizitoki publiko horien heinera iristeko lur gehiago behar da. Etxe pribatuen eskaera handia da eta aldi berean legea bete behar dugu.  

Etxebizitzaren afera dela eta, zenbait herritar ez omen dira kontent, artean zuek sostengatu zaituzten batzuk.  

Normala da. Alta, kontuan hartu behar da erakin horietako asko aspaldi proiektatuak zirela. Gure taldea Herriko Etxean sartu aitzin baimenduta zeuden. Proiektuak oraingo PLUn daude eta guk ezin dugu horien kontra egin. Herriak hautatua da eta araua aplikagarria. Aldatu daiteke, baina legeek ez dute berehala uzten egiten, mekanismoak aldi zehatz baterako finkatuta daude eta.

Musu Gorriko Bordako proiektuak eman du zer errana.

Bai, bertan badago operazio bat martxan; PLUk babestua. Guk diogunez, aurreko legealdietan biziki atzeratua geratu zirela etxebizitza sozial eta pribatuen arteko portzentajea. Atzerapena kontuan hartzen ez badugu ez dugu legearen %20 harrapatuko. Guk portzentaje hori baino gehiago igotzen dugu operazio bakoitzean, etxebizitza sozialaren %40 heinean ari gara.

Musu Gorriko Borda etxaldea, bere lur eremua barne, hirigunetik urrun samar dago. Aurreko auzapezak eta Herriko Kontseiluak 135 etxebizitza eraiki nahi izan zituzten bertan. Gure ustez, lekua ez  da horrelako operazioa egiteko egokia, beraz, proiektua gelditu eta konkurtso bat abiarazi dugu kabalen hazkuntza eta proiektu Bio baten aldekoa. Hiruzpalau ustiatzaile jar litezke eremu horretan. Oraingoz bi laborari hurbildu zaizkigu, eta beste bat badago eskaintza hartzeko.  

Higiezinen agentziek eta enpresek agindu nahi dute, beraz.

Lagun batek behin errana: [batimenduetan] batitua den auzapeza batituta dago.

Uztaritze, ikusi batez, ongi kokatuta dago. Kostaldetik hurbil, barnealdera bidean...

Alabaina, herriaren muga handiena lur eremu eskasa izatea da, gure arazoetako bat hori da. Uztaritze herri pobrea da, ez dago lantegirik, jendea kostaldera desplazatzen da; uztariztarren %75-80k kanpoan lan egiten du. Mugikortasuna horregatik da gai gaitza, ez dugu geurezko finantza iturririk, baina mugitzen direnen beharrak ase behar ditugu.   

Ez da erraza gobernatzea...

Eraikitzeko lurraren antolatzea ez da erraza. Uztaritzeko konfigurazioa zaila da: alde batean Errobi (La Nive) ibai-aldea dago, ezin da eraiki uholdeen arriskuak direla eta. Bestaldean, mila hektarea baso dago, babestuta. Beraz, oso lur gutxi dugu ekonomia garatzeko edota industria plantatzeko.

Garraioa hizpide: Uztaritze leku berezian dago, baita bertatik iragan den bidea ere.

Barnealderako bide nagusiak Uztaritze zeharkatzen du. Kari horretara erreusitu dugu herriko saihesbidea egitea [Pirinio] Departamenduko kontseilariarekin akordatu ondoren. Beraz, kanpoaldeko bidea proiektuan dago eta horrek lagunduko du hiriguneko autoen arazoak gainditzen.  

Garraio komunari dagokionez ez dago deus berririk. Hobetzen saiatzen gara, eskuduntzak Departamenduko edo Erregioko sailen esku daude, haiei galdatzen diegu etengabe, baina mugikortasuna ez da hobetu. Badago tren geltoki bat ere, baina ez da erregularki bidaiatzeko antolatua. Baionako Ipar geltokira heldu da –hirigunetik lekutan–, baina ordutegiak ez daude egokituta. Kontseilariek ahaleginak egin arren, ez dituzte herritarren beharrak ase. Autobusak badaude, baina ez dira ere lantokietara behar diren orduetan iristen. Adibidez, nik busa hartuko banu lanera joateko, ordu bat beharko nuke iristeko; arratsaldeko 19tan lana fini eta itzuli berriz.

Agenda 21 delakoak agintzen duena nola kudeatzen duzue?  

Agenda 21 aski berria da uztariztarrentzat, baita Herriko Etxearentzat ere. Baditugu gure abantailak hala ere, auzo-komite asko sortu baita azken urteetan, bost komite lanean ari dira uneon. Elkarrekin gogoetatzen ari gara eta hainbat gaietan aurrera goaz: energia ekonomikoari dagokionez fotovoltaikoak ezarri ditugu, auto elektrikoentzat terminalak ere bai. Hondakinei buruz ari gara gogoetatzen eta gaia lantzen orain.

Errobi Elkargoko partaide izan zarete orain arte. Nola kudeatzen duzue hondakinen afera?

Errobi Elkartearen barnean izanda ere, gu saiatu gara harago joaten. Hondakinak Canopia Zentrora igorri gabe, ahalik eta hondakin gutxien sortzen saiatzen gara, hori da gakoa. Gu ez gaude Bil eta Garbi Sindikat-aren barnean. Hondakinak xehatzeko sistema jarri dugu abian, hondakinak tratatzen eta tasatzen ikasten ari gara, gure helburua elkarte eta eskolekin zaborren gaineko heziketa lantzea da. Garapen Sostengarriaren Astea antolatu dugu eskoletan maiatz honetan. Beharbada ez gara inor baino hobeki eginen, baina bide urratzaileak izan nahi dugu. Horren emaitza bigarren agintaldian ageriko da.

Industria izan gabe, agian, errazago al da ingurunea zaintzea?

Ez dugu industriarik, baina industriak bere alde ona ere badu, dirua baitakar. Industria izanik ere, ikasi behar dugu ingurumena zaintzen. Uztaritzen 7.000 bizilagun gara, %10 langabezian dago. Nola lagundu? Guk ez dugu eskuduntzarik ez arlo horretan. Arlo horretako taldeak laguntzen saiatzen gara herri elkartekin batera, baina diru iturririk ez badugu, nekeza da.     

Herri Elkargoari
oposizioa fini da.
Ipar Euskal Herriko instituzioa eratu da, herritar guztiei laguntza bera ematen
saiatuko dena

Bestalde: Herriko Etxeak zer politika du euskarari buruz?

Egiari zor, gure politika eskasa da. Aurreko legealdietatik datorren kontu bat da, ez da inoiz gauza handirik egin, aurreko Udal Kontseiluek ez zuten landu euskararen arloa. Herriko Etxea elebiduna bihurtzea ez da aise, baita posta elebiduna izatea ere. Agente guztiekin ari gara haatik. Hasteko Herriko Etxeko hamabi enplegatuak ari dira euskara ikasten, ni barne. Aurreratzen ari gara.
Bestalde, Uztaritzen bost eskola daude, 600 inguru ikasle ari dira: ikastola, eskola pribatu elebiduna eta beste hiru publikoak. Hauetako bat elebiduna, beste biak ez. Helburua da denak elebidunak izatea. Oro har, erronka handia dugu etorkizunean.

Uztaritze Errobi Elkargoaren hamaika herrietako bat izan da orain arte. Urtarrilaz gero hau desagertu da eta Herri Elkargoa abian jarri. Nola joan da trantsizioa?

Errobiko hamaika herriek Herri Elkargoa sortzearen alde bozkatu zuten. Luze joan da. 1.000 eragile izan dira lanean. Orain egitura berrian egokitu behar dugu. Proiektuak definitu behar dira, hartutako bidean jarraitzeko.

Herri Elkargoko Kontseilu Eragilearen kultura arduraduna zara. Zer-nolako geroa ikusten diozu instituzio berriari?

Euskal Herriaren nortasuna bermatzeko eta geure administrazioa eraikitzeko aukera emanen digula euskaldunoi. Agian ez da behar genuen guztia, mugatua da, baina hori da lortu duguna. Inportanteena da Euskal Herri mailako proiektuak eraiki ahal izatea. Hizkuntza eta kultura babestuago izanen dira, eta ekonomia, etxebizitza eta garraioa hobeto landuko ditugu. Aldi berean, Hegoaldeari begira jarri gara elkarrekin. Aldaketa handia da.

Nola baloratzen duzu Baionako auzapez Jean-René Etchegaray-ren lana?

Bera gakoa izan da. Baionak munta handia du Euskal Herrian eta Herri Elkargoan. Baionako Herriko Etxeak aldeko boza eman izan ez balu, Herri Elkargoa ez zen izango. Etchegaray-k proiektua lehenik aitzina eraman du Euskal Kosta-Aturri aglomerazioan. Borrokak izugarrizko izan dira, baina gainditu ditu.

Barnealdeko zenbait herrietan ere opozisioak izan dira. Barthelemy Aguerre kontseilari nagusiak, Elkargoak herri txiki eta handien arteko desoreka eraginen duela argudiatu du. Helegite administratiboak jarri dituzte.

Bai, baina horien oposizioa fini da. Lasai gaude alde horretatik. Herri Elkargoa abian da, Ipar Euskal Herriko instituzioa eratu da, herritar guztiei laguntza bera ematen saiatuko dena. Kostaldekoek gu hartzen gaituzten barnealdekotzat eta barnealdekoek kostaldekotzat. Guk, alta, kontu horri aldekotasunak aurkituko dizkiogu. Lortu behar duguna da partekatze orekatua eta egokia, gai eta sail guztietan; denontzat lagungarria izanen dena.

“Ezkerrekoa edo eskuinekoa baino, abertzalea naiz”

Baionan sortua izanagatik Uztaritzen du jatorria. Aita-ama euskaldunak zituen, bera ordea, Paris eta Bordelen hazi eta hezi zen, aita Armada frantziarraren militarra baitzen. Euskara etxean entzun du txikitatik, baina ez zuen mintzatu. Buru-belarri ari da orain ikasten, eta hein batean moldatzen da. Ingeniari informatikoa da. Etxebizitzarako zentro tekniko batean ari da astearte, asteazken eta ostegunean, soldatapekoa da. Astelehen eta ostiralean, berriz, Uztaritzeko Herriko Etxean dihardu: “Auzapez gisa, lana biziki aldatu zait. Ez nintzen oposizioko burua izan, auzapeza izatera heldu nintzen kontseilari arrunta izan ondoren. Auzapeza izateak erabakiak fite hartzea eskatzen du”.

Ez da ezein alderdi politikori lotua. Herria Bizi dadin! elkarteko kidea da. Bere burua abertzaletzat jotzen duen galdatu diogu: “Batzuentzat batzuetan hala naiz, beste batzuentzat ez. Zenbaitetan abertzale agertzea zaila da. Baina ni abertzalea naiz. Ezkerrekoa edo eskuinekoa baino, abertzalea naiz. Ekaineko Frantziako hauteskunde legegileetarako, EH Baiko hautagai Peio Etcheberry-Aincharti eman diot ene sostengua”.

Uztaritzek eta Tolosak elkar lagunduz

“Iparraldeak berezko instituzioa izateak lagunduko du Hegoaldera bide egiten, eta alderantziz. Herriko Etxera iritsi ginenean herriak senidetzeaz arduratzen den Jumelage elkartearekin mintzatu ginen. Tolosako alkatearekin bildu ginen, Bildukoa zena. Orain EAJko da. Harremanek segitzen dute poliki. Festarako ez da zaila, alabaina, beste alorretan ere aitzina egin behar dugu. Tolosa eta Uztaritzeko jaiaz gain, ekonomia alorrean harremanak garatzeko, lehenik gaia eskoletan landu behar dugu edota tokian tokiko baserritarrak bi herrietako azoketan bildu.  Auzo elkarteen bidez, tolosarren eta uztariztarren arteko ezagutza landu behar dugu. Harremanek berebiziko garrantzia daukate, baina poliki joan behar dugu, jendeak ez dezan gibelera egin, denek ez dute senidetze harremana berdin ulertzen”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ipar EH-ko politika
Euskal Konfederazioak haserrea adierazi du EEPren batzar nagusian, euskararen aldeko politikei diru gehiago ez bideratzeagatik

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) batzar orokorra izan du astelehenean 2024ko aurrekontua bozkatzeko. Alain Iriart, Euskal Elkargoko ordezkaria kontra bozkatu duen bakarra izan da.


2024-01-31 | Euskal Irratiak
Peio Etxeberri Aintxart
"Estatuak heriotza heroikoa eskaini zion gainbeheran zen Enbatari"

Mende erdia bete da Enbata legez kanpo ezarri zutenetik. Frantziako gobernuak Enbatak Hego Euskal Herriko ETA erakunde armatuarekin zuen balizko lotura ezarri zuen estakuru bezala. Horren ondorioz,Ipar Euskal Herriko lehen mugimendu abertzalearen azken kideak HAS Herriko Alderdi... [+]


2023-12-20 | Euskal Irratiak
Dominika Daguerre
"Hiru urtez, GALen atentatu bat jasan genuen hamabost egun guziz Iparraldean"

Berrogei urte bete dira GALek aldarrikatu lehen hilketatik. 1983ko abenduaren 19an Ramon Oñaederra ‘Kattu’ 23 urteko errefuxiatua hil zuen talde parapolizial horrek Baionako Bourgneuf karrikako Kayetenia ostatuan. Gertakari hori mugarria izan zen, hor abiatuko... [+]


2023-11-09 | Euskal Irratiak
Europako 10 milioi euro zuzenean kudeatuko ditu Euskal Hirigune Elkargoak

Lehen aldia izanen da Europako funtsak zuzenean kudeatzen ahalko dituela Euskal Hirigune Elkargoak, Akitania Berriko eskualdearen esku hartzerik gabe. 10,8 milioi euroko diru-funtsa izanen da, 2024 eta 2027 artean baliatu beharrekoa.


2023-11-06 | ARGIA
Bagira prozesua
Ipar Euskal Herriko abertzaleek aurrera begirako erronkak zehaztu dituzte

Bagira prozesuak Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak etorkizunera begira hartu beharreko orientabideen inguruko gogoeta egin du, eta ondorio nagusiak aurkeztu berri ditu. Inkesta 1.500 pertsonak erantzun dute. Mugimenduaren erronka nagusi izango diren bost gai zehaztu... [+]


Eguneraketa berriak daude