“13 testu, 13 kantu, hiri bat”. Ongi definitzen du The Icer Company talde nafarrak Belurbe lana. Kontzeptu baten inguruan osatuta dago. Asmatutako hiri bat da Belurbe. “Belurberi buruz hitz egitea gure inguruari buruz hitz egitea da”, diote. Belurbe edozein herri edo hiri izan daiteke, eta hango eguneroko kontuak dituzte hizpide. Pertsonen barruko paisaiak, sentipenak eta kezkak.
Hiri bateko kaleetan baino errazago galtzen edo nahasten baikara gure buruko eta bihotzeko minetan eta jendearen artekoetan: “Eman diguten eginbeharren zerrenda luze honek ez digu uzten inolaz ere gurea sentitzen” (Antagonista), “Zein da zure esan gabeko heldulekua, zein da zure elefanteen hilerria” (Elefanteen hilerria), “Aurkituko dut, elkar mintze honetan ulertuko ez den argi izpi bat” (Mapa), “Banoa isilen oreka hauskorretik aske izatera, sentitzera” (Ihesdun), “Lurra ukitu gabe, agertu zinen, lurra ukitu gabe ibiltzen zara” (Estatua), “Zentzurik gabeko aurrera egite honek lapurtzen digu denbora” (Erlauntzan), “Negarrik ez eta oihurik gabe zilborretan ez dago erantzunik” (Eztanda, kea, aterraldia…), “Orain ta beti sarturik gaude bezpera batean” (Gotorlekura), “Nor ausartzen da benetan bihotzaren kontraesanetan erortzen” (Amildegian).
Eneko Zabala, Josemi Sanchez, Tristan Crowley, Izai Bujanda, Amagic Jhonson, Goiatz Labandibar, Miren Amuriza, Alejando Pedregosa, Jurgi Ekiza, Xuban Zubiria, Gotzon Barandiaran, Asier Triguero eta Xabi Bandinik idatzitako testuetatik abiatuta sortu dituzte kantuen hitzak; kantuak azken batean, hitzak baitira kantuen erroak.
Pop-rock kutsuko kantuak dira, melodia politez eta atseginez ongi jantziak. Iker Zia (ahotsa), Arkaitz Ezkai (bateria), Ruben Matilla (gitarrak) eta Xabier Valverde (baxua) taldekideak Haritz Harreguyrekin (grabazioa), Juan Hidalgorekin (masterizazioa) eta Xabi Angosekin (diseinua) aritu dira.
Belurbe The Icer Company taldearen bigarren lana da, Ur abisalen espedizioa (Gor, 2013) haien lehen lanaren jarraipen ederra. Diskoak behin baino gehiagotan entzutea merezi du.