Hawaiiko azken printzesa

  • Honolulu, 1875eko urriaren 16a. Victoria Kawēkiu Kaiulani Lunalilo Kalaninuiahilapalapa Cleghorn jaio zen. Hawaiiko errege Kalakauaren arreba zuen ama, Miriam Likelike printzesa. Aita, aldiz, Archibald Scott Cleghorn finantzari eskoziarra. Eta amabitxia Ingalaterrako Victoria erregina, urte batzuk lehenago Hawaiiren independentzia berreskuratzen lagundu zuena, beti ere Ingalaterraren interesen alde (eta AEBen interesen kontra).

Kaiulani, Hawaiiko printzesa oinordekoa, San Franciscon egindako argazkian. (Arg.: JJ Williams)
Kaiulani, Hawaiiko printzesa oinordekoa, San Franciscon egindako argazkian. (Arg.: JJ Williams)

14 urte zituela hara, Ingalaterrara, bidali zuten Kaiulani ikasketak osatzera eta lau urte eman zituen bertan. Kalakaua 1891n hil zen eta haren alargun Liliuokalani izan zen erregina. Errege-erreginek ez zeukaten seme-alabarik eta Kaiulani izendatu zuten oinordeko. Baina ez zion luzaroan eutsiko printzesa koroatu tituluari. 1893an monarkia abolitu zuten Ozeano Bareko artxipelagoan eta AEBekin bat egitearen aldeko gobernu berria ezarri. Tronugabetutako printzesa Ingalaterratik AEBetara joan zen orduan.

Besteak beste, Bostonen eta New Yorken prentsaurrekoak eta hitzaldiak eman zituen Hawaiiren burujabetzaren alde. Washingtonen Grover Cleveland  presidentearekin modu ez formalean biltzea lortu zuen. Presidenteak asmo onak adierazi arren AEBetako kongresuak ez zien printzesaren eskaerei jaramonik egin.

1894an Hawaiiko Errepublika ezarri zen, Robert Louis Stevenson txikitako laguna hil zen eta Kaiulaniren berezko osasun pattala gehiago ahuldu zen. 1897an itzuli zen printzesa Hawaiira, Annie ahizparen heriotzaren berri izan ondoren eta ahalegin diplomatiko guztiak porrot eginda. Hawaiiko klima tropikalaren erruz, haren osasunak okerrera egin zuen. Iritsi eta berehala, igerian ari zela, hotzeria harrapatu zuen eta, geroago, 1898an pneumonia, zaldian ibiltzen ari zela ekaitzak harrapatu ondoren.

Eta, azkenik, 1898ko abuztuaren 12an AEBek Hawaii anexionatu zuten. "Tronua galtzea baino askoz mingarriagoa izan da gure bandera eraisten zutela ikustea”, adierazi zuen oinordekoak. Anexioaren zeremonian, errege familia jauregian bildu zen eta, hawaiiar gehienak bezala, dolutan egon ziren, lutozko jantziak soinean. Jantziak ez zituzten luzaroan gordeko.

Kaiulanik izebari, Hawaiiko azken erreginari, idatzi zion azken gutuna: “Dena kendu digute, bizia besterik ez zaigu geratzen”. Eta handik gutxira hil zen, 1899ko martxoaren 6an, 23 urte zituela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hawaii
Eguneraketa berriak daude