Geldirik egon ezin duenarena

  • Bumaye emanaldiaren kronika: Cabezafuego eta Beatriz Sanchez, martxoaren 31n, Gasteizko Apolon, iluntzeko 20:00etan.


2017ko maiatzaren 07an

Bumaye. Horixe irakur zitekeen karteletan urrunetik. Ze bai, oraindik badago kartelei begiratzen dienik. Hori, eta Apolon zela Triangeluk antolatuta. Azken bi izen hauek nahikoa izan ziren bertara joateko gogoa sartzeko; izan ere, azken aldiko kontzertu sail interesgarrienetakoa ari dira antolatzen Triangeluko lagunak: formatu txikiko kontzertuak, gehienetan akustikoak, taberna baten sotoan, eta entzuleriari isiltasuna eskatzen zaiola.
    Kartelera gerturatuta, ordea –ezin Bumaye soilarekin konformatu– Cabezafuego eta Beatriz Sanchez zeudela emanaldiaren atzean irakurri, eta Beatriz ezagutu ez, baina iruindarraren artearen berri bagenuenez, zer espero genezakeen jakin gabe, kontzertuen agendan sartu zitzaigun. Gure baitarako: “Auskalo zer ekarriko diguten oraingoan”. Izan ere, ezagutzen genuen bakarra ezin uztarri bakarrera lotu: Atom Rhumba, Mermaid, Basque Country Pharaons, Bizardunak, Royal Canal... horiek dira artista honen beste proiektuetako batzuk. [aldizkari honetan bertan errepasatu du Iker Barandiaranek haren ibilbidea, musikariarekin elkarrizketan].
    Egon denak badaki Cabezafuego tartean den emanaldietan showa egon ohi dela. Ordena eta logika jakinik gabe taularatzen ditu nafarrak kantuak, komentarioak, dantzak, performanceak...  taula gaineko hiperaktibitate batek jota bezala. Kaosa, itxuraz. Inprobisazio kutsuz janzten du dena, eta ziur nago hein handi batean hala dela, eta horrek emanaldi bakoitza ezberdin bihurtzen du, erakargarri. Eta noski, umorea darabil –autoparodia, batez ere– iskina guztietan.
    Halakoxea izan zen Apoloko emanaldia ere. Oinarrian, artean argitaratu ez zuen Somos Droga laneko kantuak. Erreproduktoreari play eman, eta teklatuarekin lagunduta jo zituen kantuok. Bere hitzetan, Cabezafuego Benidormen balego bezala. Kantuok irudiz janzten, berriz, Beatriz/Beatroz Sanchez: proiektore baten laguntzaz eta hainbat argazki, jostailu eta bestelako bitxirekin collage moduko bideoklipak eginez, zuzenean. Dotore, benetan.
    Kantuetan, hau ere musikariak berak esana, jendearekin sartzen da, nahiz eta maitasun disko bat egin nahi izan zuen. Ez du inor salbu uzten, eta badu, duela urte batzuetako kantu batean zioen moduan, “enperadorea trajerik gabe dago” esateko nahi bat: umorez, parodiaz, eta itxurazko inkoherentzien gainetik –edo azpitik– jendarteari, eta zehatzago, adin jakin batetik gorakooi buruzko kritika zorrotzak egiten ditu. Eta hori guztia kantu eleganteetan. Kaosaren barnean badago ordena.
    Kantuez gainera, Beatrizen irudiek Cabezafuegok berez baduenari ukitu are surrealistagoa eman zioten, jostaria. Janzteko modu ezin egokiagoa iruditu zitzaidan. Eta horren adierazgarri ere bada Somos Droga diskoaren aurkezpen bideoklipa berak egin izana.
    Errepidean da, beraz, Cabezafuego: Bumaye izenpean, bandarekin, bakarka... Geldirik egon ezin duen artista hau ikusteko aukerarik ez nuke galduko, benetan. Eta errepikatzeko aukera baduzu, zortekoa zu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontzertuak
Zuzeneko kronika
Behin baziren baionar batzuk...

Willis Drummonden agur besta

Non: Intxaurrondoko kultur etxean, Donostian

Noiz: Urtarrilaren 5ean

Gonbidatuak: Zetkin, Elvis Caino DJ, Indezen DJ eta Zumitrenko DJ.

------------------------------------------------

... esango dugu noizbait. Joan ikustera, baina... [+]


Eguneraketa berriak daude