"Beste alor askotan ohikoa den logika asanblearioa musikara eraman dugu, besterik ez"

  • Zer da? Diskoetxea? Zigilua? Lagun taldea? Kolektiboa? Marka? Abizenak abizen, 10 urte bete berri ditu Bidehutsek, denera 39 lan argitaratuta. Karlos Osinaga eta Eneko Aranzasti Lisaböko kideak elkartu ditugu urte hauetan guztietan egindakoaz eta euren antolatzeko moduaz hitz egiteko.

Lisabö 2011ko kontzertu batean, Durangoko Plateruenan (argazkia: Oier Elorriaga,
Lisabö 2011ko kontzertu batean, Durangoko Plateruenan (argazkia: Oier Elorriaga, "Kostelo").

Agenda estua dutela-eta, arratsaldeko 20:00etan elkartu gara Bonbereneako estudioan. Sei urte inguru daramate Lisabörekin ezer kaleratu gabe, eta hala ere, jarraitzen dute Bidehutseko asanbladatara joan, iritzia eman eta halako elkarrizketak egiten. Hori omen da Bidehutsen osasunaren eta indarraren seinale onena. Haien ingurune naturalean gaude, mikrofono eta instrumentuz inguratuta.

Zein zen egoera orain 10 urte, Bidehuts sortu zenutenean?

Karlos Osinaga: Ez dakit zenbat den benetan gertatu zena, eta zenbat den errepikatzearen errepikatzeaz gogoratzen duguna: Lisabön aspalditik genuen argi noizbait lanak geure kabuz kaleratuko genituela. Orain hamaika edo hamabi urte gu Metak diskoetxearen egituran sartuta geunden, baina orduan jada bagenuen Inoren Ero Ni-rekin batera single bat gure kabuz egiteko gogoa. Biniloa nahi genuen, eta Metaken ez zuten horrelakorik egiteko ohiturarik. Haiekin adostu genuen baietz, noizbait single autoeditatu hori kaleratuko genuela

Karlos Osinaga:
“Gure jarrera
profesionala izan da
ahal izan dugunean,
baina benetan profesionalak izan gabe”

2006an Metak itxi zuten ordea. Diskoetxe bat ixten denean lehenengo pena sentitzen duzu, baina segituan dator galdera: orain zer egingo dugu? Une hori izan zen aitzakia onena zerbait berria egiten hasteko. Asko hitz egin eta eztabaidatuz erabaki genuen Lisabö, Anari, Hotel eta Inoren Ero Ni elkartuta Bidehuts sortzea.

Eneko Aranzasti: Pentsa, azkenean, buruan genuen single hori ez zen lehenengo erreferentzia izan, zazpigarrena baizik. Oso denbora laburrean lan asko kaleratu genituen. Oso urte intentsoak izan ziren lehenengo haiek, baina dibertigarriak ere bai. Gauza asko egiten ez genekien, eta berria izan zen guretzat…

Lau talde hasi zineten, eta gerora, beste mordoxka bat ere bidera batu da. Laguntasuna garrantzitsua izan da horretan?

E. Aranzasti: Niretzat Bidehuts da lagunarteko proiektu bat, eta hori funtsezkoa da. Batzuetan pentsatzen dut: galdetuko balidate zein talde ekarriko genukeen Bidehutsera, orain 10 urte esango nituen mordoxka bat, eta orain, uste dut bakarra ere ez nukeela esango. Ez da musika soilik, erabakiak hartu behar dira, eztabaidatu… eta horretarako afinitate berezia behar da.

K. Osinaga: Kanpotik edo distantziatik gauzak beste modu batera ikusten dira, baina hau ez da beste munduko gauza bat. Zerbait behar duzu, antolatzen zara eta aurrera eramaten duzu. Normala den bezala proiektuak zure inguruko jendearekin jartzen dituzu martxan, eta guk ere halaxe egin genuen.

Eneko Aranzasti:
“Ez dugu inoiz oso urrunera begiratu, pixkanaka egin ditugu gauzak”

E. Aranzasti: Gauzak pausoz pauso egiten dira, batzuetan atzera ere eginda. Bidehutsen ez dugu inoiz oso urrunera begiratu, pixkanaka egin ditugu gauzak, erabakiak hartu… Planifikazio handirik gabe. Gauzak eztabaidatu ditugu zetozen bezala, eta pixkanaka egin dugun horrek eman dio forma Bidehutsi.  Barne funtzionamenduan jarraitzen dugu adibidez, oraindik ere nola izan behar lukeen eztabaidatzen (barre egin du). Agian lortuko dugu hogeigarren urteurrenerako.

Ez duzue tentaziorik izan globalagoa den zerbait egiteko? Nik zer dakit: elkartu ahal beste musikari eta…

K. Osinaga: Bat ere ez, eta nahita ere, ezin izango genukeen. Bilera guztiak gure aisi denboran egiten ditugu, inork ez du honetan lan egiten, eta beraz, aukerarik ere ez dugu izan zerbait handiagoa egiteko. Gure jarrera profesionala izan da ahal izan dugunean, baina benetan profesionalak izan gabe.

E. Aranzasti: Ez dugu izan, ez, eta horren islada da Txinaurriak diskoa. Ez zuen izan nahi belaunaldi batek Mikel Laboari egindako omenaldi bat, lagunartekoa baizik. Bestelako asmo handirik gabea, eskerrak emateko modu bat. Bidehutsen egiten dugun beste guztian ere, oinarrizko ideia hori da.

Lisaböri buruz esan izan duzue esplizitua ez bada ere, badagoela atzean zera etiko edo politiko bat. Gauza bera esango zenukete Bidehutsez?

K. Osinaga: Egia esan, ez dakit. Ez dugu inoiz denen artean adostu.

E. Aranzasti: Bakoitzak buruan izango du bere filosofia, baina uste dut lan egiteko duen moduan badagoela politikoa den zerbait. Modu asanblearioan funtzionatzen duen diskoetxe bat gara, azken finean.
Internetek ekarri dituen aldaketekin eta abar, orain asko dira autoekoizpenaren bidea hartu dutenak. Modu indibidualagoan egin dute ordea, talde bakoitzak bere kabuz…

Karlos Osinaga:
“Badugu eredu garbi bat: Washingtonen sortutako Dischord Records,
besteak beste Fugazi taldeak bultzatua,
eta beraien filosofia”

K. Osinaga: Orain dela 10 urte autoekoizpenak bazuen puntu kutre bat, “zuk egiten duzu inork ez duelako diskoa atera nahi”. Gero, izen handiko musikariak hasi dira gauza bera egiten, eta asko aldatu da pertzepzioa.

Gure kasuan, badugu eredu garbi bat: Washingtonen sortutako zigilu bat, Dischord Records, besteak beste Fugazi taldeak bultzatua, eta beraien filosofia. Guretzat, gure jarrera underground eta industriaren logikaren kontrakoa izan da beti. Hasieratik argi genuen talde batzuk biltzea nahi genuela. Ez genuen handitu nahi, baina bai guk irekitako bidea baliagarri izatea beste batzuentzat ere. Ni edozein tokitan egon naizenean norbaiten laguntzarekin izan da, eta hori bera egiten ere saiatu gara gu. Konpartitzen, eta irekita dagoen bide bat, beste batzuei ere zabaltzen.

E. Aranzasti: Aurreko galderarekin lotuz, niretzat, jarrera politiko bat badago horretan: guk bidea egin genuen, eta bagenituen beste lagun batzuk hori aprobetxatu zezaketenak… Baina ez genien esan, “hau dut, nahi duzu aprobetxatu?”. Esan genien, “guk hau egin dugu, hemen duzu mahaia, mailua, iltzeak, etorri eta egin zuk zeuk”.

K. Osinaga: Batzuek egin dute bide hau ekonomikoki interesgarriagoa iruditu zaielako, eta hori ere legitimoa da, eta ulertzekoa gainera. Batez ere diskoetxe askotan taldeentzako portzentajeak oso txikiak zirelako garai batean, Esan Ozenki bezalako salbuespenekin. Horregatik, gaur egun bere egitura propioa duen talde batek autoekoizpenerako saltoa egitea normala da.

Errazagoa ere izango da, ziur asko, beste talde batzuekin eztabaidatu gabe erabakiak hartzea…

E. Aranzasti: Bada errazagoa, bai. Zurea egiten duzu, taldekideen artean eztabaidatu, eta listo. Bidehutsen kasuan, taldean eztabaidatu ondoren, asanblada dator. Eztabaidatzen jarraitu behar duzu, zure lagunak direnekin, gainera. Pauso hori emateak asko eskatzen du.

Dena den, Euskal Herrian hau ez da berria, horrela egin da beste mila alorretan. Musikalki baditugu eredu batzuk, baina eguneroko bizitzan milaka eredu daude. Guk musikara ekarri dugu egiteko modu hori.

Txuma Murugarrenek zioen ARGIArako elkarrizketa batean berak sortu egin nahi duela, beste lan guztiak ere bere gain hartu behar izan gabe. Nola ezkontzen da hori autoekoizpenaren ideiarekin?

Eneko Aranzasti:
“Bidehutsen ez dugu kontraturik. Bakoitzak egiten du bere bidea eta une batzuetan elkartu gaituen bezala, beste batzuetan
urrundu egiten gaitu”

K. Osinaga: Hori ere ulertzekoa da. Nik ez dut esaten tade bakoitzak bere kabuz egin behar duenik diskoa. Esfortzu handia da. Lisabören kasuan, sorkuntzarako denborarik ez dugu beste motibo batzuengatik… Baina egia da, energia eta denbora eskatzen duela autoekoizpenak, denean aplikatzen bada batez ere.

E. Aranzasti: Txuma Murugarrenek esandakoa oso zintzoa iruditzen zait. Batzuk esaten dute: “Autoekoizpena egiten dut eta horrela nire lana kontrolpean daukat”. Baina ulertzen dut Murugarrenena ere: “Ni musikaria naiz, kantuak egin nahi ditut, eta hortik aurrera datorren lana egingo du besteren batek…”. Gure kasuan, kanpoko enpresa batek eramaten duena zabalkundea da, eta posta-salmenta edo prentsa bezalako ardurak ere banatuta ditugu. Horrek lan pixka bat kentzen die taldeei, baina hala ere, promozioa, ekoizpena eta beste guztia talde bakoitzaren esku geratzen da.

Willis Drummond taldearen azken diskoa ez du Bidehutsek kaleratu. Nola kudeatzen dira erabaki horiek?

E. Aranzasti: Bidehutsen ez dugu kontraturik. Bakoitzak egiten du bere bidea, eta une batzuetan elkartu gaituen bezala, beste batzuetan urrundu egiten gaitu, naturaltasunez, bizitzaren beste alor guztietan bezala. Bidehuts denerako eta eskatzen duen denerako, 10 urtean talde bakarrak bidea utzi izana, oso zenbaki ona da.

K. Osinaga: Beste modu batera esanda, gauza handia da bertan gaudenok oraindik hor jarraitzea. Adibidez aurten, Anarik Epilogo bat kaleratu izana niretzat opari bat izan da, fan eta musikazale bezala, eta baita Bidehutseko kide bezala ere.

E. Aranzasti: Lisabören kasua, adibidez, berezia da. Sei urte inguru daramatzagu ezer kaleratu gabe, eta hala ere Bidehutsen jarraitzen dugu. Taldeetako kideak daude, eta gero Lisabökoak, jo gabe, diskorik kaleratu gabe, baina hortxe… (barre egin du). Horrek, asko esaten du, nire ustez.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bidehuts
Inoren ero ni-ren 'Il cercatore di perle' diskoa alderantziz entzuten Okene Abregorekin

Duela 18 urte hasi zuen ibilbidea Inoren ero ni taldeak, 2002an, kapikua baita palindromoaren lagun numerikoa. Ordutik sei disko atera dituzte. Azkena Il cercatore di perle (Bidehuts, 2019), “perla bilatzailea”, alegia. Izenburu horrek zeharo laburbiltzen du... [+]


Aida Torres, musikaria
"Bizitza eta musika batera doaz"

Musika du arnas. Bateria jotzeak eta kantatzeak ematen diote hatsa. Hor kokatzen du erronka: aldi berean bateria jo eta kantatzeko arnasa nola neurtu, hatsa nola bideratu. Jupiter Jon-en bere ahots eta arnas propioak landu ditu azken urteetan. Duela hogei urtetik gora eman... [+]


Lisabök disko berria argitaratuko du zazpi urteren ondoren

Eta edertasuanaren lorratzetan biluztu ginen (Bidehuts) diskoarekin itzuliko da Lisabö: larunbat honetan aurkeztuko du Irungo taldeak lan berria.


2018-03-11 | Xalba Ramirez
Audience
Kubatik ekarritakoaren isla

20 urte betetzera doa Audience talde gernikarra. Estilo ugaritatik bidaiatuak, oholtza gainean batetik bestera ibiltzen dira, instrumentuak aldatuz. Esperientzia lagun, beti beste salto bat egitera ausartzen da taldea. Oraingo honetan Kubatik ekarri dute euren zortzigarren lana... [+]


Elkarri egindako bertsioekin ospatuko dute 10 urteko ibilbidea Bidehutseko musikariek

Hamar urte bete ditu Bidehutsek eta ospakizun berezia prestatu dute abenduaren 16an Donostiako Intxaurrondo kutur etxean: kontzertu kolektibo bat izango da, Mirailak diskoaren zuzeneko aurkezpena.


Eguneraketa berriak daude