"Ekuatore Ginean ez dago estatus ofiziala duen hizkuntza autoktonorik"

  • Ekuatore Gineako hizkuntzen egoeraz EHUko Letrak fakultatean hitz egin zuen joan den martxoan Justo Bolekia Boleká irakasleak (Santiago Baney, Bioko uhartea, 1954) Unesco Katedrak eta Manuel Iradier Afrikazale Elkarteak antolaturiko ekitaldian. Bolekia doktore da Madrilgo Konplutentse eta Salamancako unibertsitateetan eta Frantses Filologia Saileko irakasle katedraduna Salamancakoan. Jaioterriko bubi hiztuna da eta haren aldeko ekimenetan saiatua, elpueblobubi.com atarian ageri denez.

Argazkia: Zaldi Ero.
Argazkia: Zaldi Ero.

Zure izenak badu historia, ez Justo ez beste, Busupé zarela esan zenuen hitzaldian.

Ez duzu nolanahiko izena. Herenaitaitaren izena dut, birraitaitarena, aitaitarena, aitarena… Txikitan ere, Busupé hots egiten zidaten aitaren lagunek. Halarik ere, nire adinkideek ez zeukaten horrelako lizentziarik, ez zuten nire baimenik. Horrela da gure kulturan. Nire adineko inork nire oniritzirik gabe niri Busupé deitzea iraintzat hartuko nuke eta aurre egingo nioke. Ni baino zaharragoek, aldiz, haizu zuten niri Busupé hots egitea.

Madrilera heldu zinen 1977an, eta laster zinen unibertsitatean. Lehenengo eskola egunak badu historiarik.

Sartu da irakaslea, eta ni zutitu, gure herrian ohi zenez. Eta gainerako ikasleak, eta irakaslea bera, niri begira. Ni nabarmen, zutik, eta are nabarmenago, beltza dut larruazala. Jarri nintzen halako batean ere, baina segituan, irakasleak: “Hi!”. Ni, neure artean: “Ez da niri ari! Etorri berria naiz!”. Ondoko ikasleari zuzendu nintzaion: “Hiri ari zaik!”. “Ez, ez, hiri ari zaik!”, berak. Zutitu nintzen, eta irakaslea galdezka: “Nola duk izena?”. “Justo da nire grazia”. “Justo? Hi beltza eta Justo? Eta ni zuria izanik, zein ote da bada nire izena?”. Ataka horretan, izena Busupé nuela erantzun nion. Ahoskatzeko gauza ere ez zen izan, jakina.

Zer ekarri zuen pasadizo horrek?

Kontzientziazioa, identitatearen bila ibiltze bat, neure kulturan ez hazia izateagatik datorren haserrea, amorrua, frustrazioa… Gauza asko. Izenak, gure kasuan, identitate jakin bat dakar, hizkuntzak identitate jakin bat dakarren moduan, identitatearen oinarri baita hizkuntza. Madrileko unibertsitateko anekdotak neure kulturaren esentzia berreskuratzen lagundu zidan. Askok ez du hitza maite, “esentzia”, esentzialtasunak singularra esan nahi duelako, eta singulartasunak, partikulartasunak, talka egiten du gauza komunaren kontra. “Ni bubi naiz… ni euskalduna… ni katalana…”. Horrek, dudarik gabe, talka egiten du homogeneotasuna besterik aldarrikatzen ez dutenen kontra, politikoki zuzenaren eta konbentzionalismoaren kontra.

“Bubi hizkuntza galduko bagenu, herri bezala desagertuko ginateke”

Bazen lelo bat, arrazakeriaren kontrako kanpaina baten goiburu sortu zutena: “Berdinak gara, ezberdinak gara”.

Kultura guztietan dago pertsonak garuneko hemisferioak garatu baino lehen hezteko nahia. Pertsonak homogeneotasun hertsi baten barruan hezten direnean, alferrik da hortik ateratzen saiatzea. Neke da delako pertsona hori helduarora iritsi eta gero homogeneotasun horretatik atera dadin saiatzea, inoren singulartasunaren eta esentzialtasunaren kontra altxatzeko jarrera izango baitu. Ez du merezi haien desarrazoiaren aurka jardutea.

Zein da Ekuatore Gineako hizkuntza mapa?

Gure herrialdean, %75ak fan hizkuntza hitz egiten du, %15ak bubi hizkuntza, eta gainerakoek ingeles pidgin-a eta beste hizkuntzaren batzuk. Hala ere, espainola, frantsesa eta portugesa dituzu hizkuntza ofizialak. Bubi hizkuntzak, esaterako, ez du batere ofizialtasunik, estatusik ez, ez ordenamendu juridikoan, ez oinarrizko legean, konstituzioan. Gure herrialdean ez dago estatus ofiziala duen hizkuntza autoktonorik.

Nola bizirauten dute hizkuntza ez-ofizial autoktonoek Ekuatore Ginean?

Hizkuntza zein den. Fan hizkuntza, adibidez, Ekuatore Ginean ez ezik, Gabon, Kongo eta bestetan hitz egiten da, hiztun asko baino gehiago ditu. Bubiari dagokionez, bubi hiztunek beren hizkuntzari eusteko duten borondate irmoari esker irauten du. Are gehiago orain, gazte belaunaldiak kontzientzia hartzen ari baitira, hizkuntza beren identitate eta kulturaren oinarri dela jabetzen. Musikari gazteek bubi hizkuntzan kantatzen dute, antzezleak bubiz ari dira, ohitura eta erritual zaharrak berreskuratzen ari direnak ere bubiz ari dira… Mugimendu horrek hizkuntzari bizirauten laguntzen dio.

Ez-ofizialtasunak ere baditu ajeak.

Ez dugu eskola publikoan irakasterik, kultur etxeetan izan ezik. Eta hori onenean, gobernuak bere burua “mehatxatua” ikusten duen kasuetan kultur etxea herstera jotzen baitu, iaz gertatu zen moduan.

Zertan da familia transmisioa bubi hizkuntzaren kasuan?

Espainola eta frantsesa ahalduntze sozioekonomikoaren hizkuntza bihurtu direnez, guraso askok nahiago dute beren seme-alabek espainolez, frantsesez edota ingelesez hitz egin dezaten, uste baitute hizkuntza horiek jakinez gero errazago inguratuko dutela lana. Familia transmisioak huts egiten duenean, gogo onez hartuko genuke eskolak hizkuntza irakastea. Haurrak ikusten du gurasoek etxean hitz egiten duten hizkuntza ez dela berak eskolan ikasten duena. Egokiera horretan, ikusiko balu irakasleak agintzen diola gurasoei edo aitaita-amamei galdetzeko nola esaten diren gauzak beraien hizkuntzan, jakin-mina piztuko litzateke haurraren baitan, ikasteko bidean jarriko litzateke.

“Erabilera borondate politikoaren gorabehera da, sustatu egin behar da”

Irakasteak erabilera ekarriko luke automatikoki?

Ez, hizkuntza asko irakasten dira eskolan, baina ez dira erabiltzen. Atzerriko hizkuntzen kasua da, adibidez. Irakasten dira, ikasten dituzte, baina ez dira erabiltzen. Lehenengo, ez dagoelako erabiltzeko beharrik. Hemen, esaterako, solaskideak espainolez mintzo zaizkizue, eta denok dakizue espainolez. Ez dakienak ez du zertan ahalegin txikiena ere egin euskaraz ikasteko, edo hitz egiteko. Erabilera ez da, bakarrik, hizkuntza irakatsi eta ikastea. Erabilera borondate politikoaren gorabehera da, sustatu egin behar da, pizgarriak asmatu, erabiltzen duen jendea saritu, merezimendua aitortu. Horrela bultzatuko duzu jendea dena delako hizkuntza erabiltzera. Saririk gabe, nekez.

Zer gertatuko litzateke bubi hizkuntza galduko balitz?

Herri bezala desagertuko ginatekeela. Kulturari dagokionez, desagertu egingo ginateke, pertsona gisa bizirik iraungo bagenuen ere. Bada ondorengo belaunaldiei helarazi nahi diegun ondare bat, eta ezin dugu ondare hori gaztelaniara itzuliz transmititu. Ez du zentzurik.

Europako herrialde askotan arazo da hizkuntza bat baino gehiago izatea. Elebitasunak pena eta neke handiak ditu. Nola kudeatu Afrikako herrialdeetako hizkuntza mordoa?

Afrikako politikarien maila intelektual eskasak eragotzi egiten du hizkuntza politikarik, eta kontinenteko estatu askotako eleaniztasuna kudeatzea. Ez litzateke zaila ere, hizkuntza bakoitza espazio jakin batean lokalizaturik baitago, eta hizkuntza bakoitza legez aski babestua egon baitaiteke espazio horietarik bakoitzean. Eragozpenik gabe irakatsi beharko litzateke Lehen Hezkuntzako eskoletan tokian tokiko hizkuntzan irakurtzen eta idazten, neska-mutilak nahitaez ikasiko baitu atzerriko hizkuntza ofiziala kalera orduko. Aldiz, bere-berea duen hizkuntza autoktonoa ikasteko ez du eskola beste biderik izango.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bubi
Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude