"Denok egin dezakegu zerbait etorkinen laguntzeko"

  • Parisera helduriko etorkinen ibilbideak eta bizipenak askotarikoak izanda ere, elementu bat dute gehienek partekatzen: frantsesa ikasteko beharra. Iritsitako herriko hizkuntza menperatzeak errazten duelako trabaz beteriko bidea. Behar horri erantzun nahian, Thot izeneko frantses hizkuntza eskola sortu zuen Parisen bizi den Heloise Nio kanboarrak, beste birekin batera. Etorkinen egoera okertuz joango dela erranik, elkartasun sarea antolatzeko premia ikusten du.

(Arg.: Léa Domenach)
(Arg.: Léa Domenach)

“Non ikas dezakegu frantsesa” galdera usu entzuten duzu.

Eskaera izugarria da eta Thot eskolak parte batean erantzun arren, ez dugu guztia asetzen. Ikastaro honetan 80 kandidatura onartu ditugu, jakinik 45 toki ditugula. Lehen ikastaroko lekuak 10-12 orduz bete ziren, bigarrenerako bost orduz eta azken honetan 50 minutuz! Kurtso intentsiboak proposatzen dabiltzan irakasle profesionalak ditugu. Lau hilabetez 160 orduko kurtsoa. Horrez gain, eguneroko beste beharretan ere laguntzen ditugu: administraziorako, arlo juridikorako, profesionalerako edota emozionalerako. Horrela kurtsoan direnean, beste kezkek toki gutxiago hartzen dute izpirituan. Hori erranda ere, dena konpontzen dugula erraiteko pretentsiorik ez dugu.

Izan paperekin ala paper gabe, denak onartzen dituzue?

Papergabeentzat konplikatuagoa da. Berez gu asilo babesa lortzeko desmartxan direnekin gara harremanetan. Hots, babes eskubidea eskatzen dabiltzanekin, errefuxiatuekin edota dublinatuekin, hau da, Europara sartzerakoan hatz markak Europako beste herri batean utzi dituztenak eta Dublineko hitzarmenari segi, asilo eskaera herri horretan egin behar izaten dutenekin. Asiloaren errefusa baldin badute, papergabeekin gara ikastaro bukaeran, baina hori ez da arazo bat.

Orokortasunik ezin dela egin jakinda ere, Frantziara heltzen diren etorkinen sentimendua zein da?

Bakoitzak du bere ikuspuntua eta ibilbidea. Hala ere, nahiko orokorra den sentimendua da ez dutela sekula amore ematen! Nahiz eta sekulakoa ikusi eta bizi izan, beti aitzina doaz. Herria utzirik, sekulako bidaia luze hori eginik, ondotik, Frantziako fase lazgarria dute pairatu behar. Sekulakoa da eta ezin dugu geure burua haien lekuan imajinatu. Batzuetan kexu dira, zaila zaielako, baina hala ere beti zutik. Batzuk haserre dira, entzun izan zutelako askatasunaren eta berdintasunaren herria dela Frantzia, baina azkenean ez dutelako batere hori bizi. Beste batzuek diote Frantzian direnetik dena ongi doala, urrezko pertsonak kausitu dituztela. Behin, bati galdetu nion zerk markatu zuen Frantzian eta poliziak zintzoak direla izan zen erantzuna. Halakorik ezin dut erran, baina ulertu behar da Afganistanetik zetorrela, Bulgariatik eta Serbiatik pasa zela, etorkinak hiltzeko poliziak txakurrak bidaltzen dituen herrietatik. Gure ikasleak zailtasun guztiez kontziente dira, ageri ez den arrazakeria ikusten dute, baina elkartasuna ere bai. Noski, kanpoan lo direnentzat biziki zaila da, akiduraz ezinduak dira.

Komunikabide handiak behatuz gero, frantsesek etorkinik ez dutela nahi pentsa daiteke. 

Thot sortzerakoan kasu egiteko aholkua eman ziguten anitzek. Baina azkenean, ez dugu kasik sekula erasorik ukan, betiko “frantsesa ez dakiten frantsesentzat zer egiten duzue?” esaldiaz aparte. Egia erran, baikorki harrituak izan gara, sekulako harrera ona jaso genuelako: 40 egunez 66.000 euro bildu genituen herri finantzaketari esker! Askok eskertzen ziguten, etorkinen alde zerbait egiteko aukera eman genielako. Laguntzaile izateko eskaerak ditugu ia egunero. Instituzioen partetik ere ez dugu inoiz interesik eza sentitu. Beraz, uste dut hala ere etorkinen egoeraz axola dutela frantsesek. Nahiz eta aurkakoak anitz aipatu, gutxiengoa direla uste dut. Baina, harrera izpiritua nagusitzen dela erraiteak ez du erran nahi etsaigorik ez dela.

Zer nolako geroa ikusten duzu etorkinentzat?

Egia erran, biziki beldur naiz haientzat. Hasteko, Frantziako hauteskundeek zer emanen duten ez delako argi. Nahiz eta alderdi batek guztia erabat ezin aldatu, beldurgarria da. Hotzikara sortzen dit jakiteak Hungariak etorkinak sistematikoki atxilotzen dituela. Etorkinen aurkako politikak pasaraztea lortzen dute gobernuek. Adibidez, lehen Italiako itsas armadak Mediterraneotik ateratzen zituen, orain Libiara edota Turkiara bidaltzen ditu. Asilo babesaren onartze tasa %30ekoa da eta iduriz 2017an are ahulagoa izanen da. Geroa ez dute alaia ukanen, giroa urtez urte okertuz doalako. Haien herrietara bidaltzen dira geroz eta gehiago, ihes egin behar izan duten herrira.

Horren parean, zer egin?

Beldurgarri diren politika horien aurrean eta menperatzen ez ditugun gai horien aurrean segurtasuna ematen digu guk geuk zerbait egiteak. Thot eskola sortuz ikasi dut bakoitzak egin dezakeela zerbait. Milaka eta milaka etorkin daude egoera zinez kaskar eta beltzean, baina badakit ere horietarik batzuk gure eskolan direla eta aterako direla edo behintzat, hizkuntza jakinik egoera hobe batean izanen direla. Gobernuek edota aurkakoek diotenaren parean edo laguntza beharraren handitasun izugarriaren parean ez da durduzatu behar. Denok egin dezakegu zerbait etorkinen laguntzeko.

Tituludunak xede

“Parisko lizeo okupatu batean nengoen, laguntzaile gisa esku ukaldi bat ematen. 500 bat errefuxiatu eta asilo eskubide eskatzaile ziren bertan bizi. Une horretan loratu zen frantses hizkuntza eskola bat sortzeko ideia. Anitzek dituzte frantses kurtsoak proposatzen, baina guk eskola bat genuen sortu nahi, nazioartean eta Estatuaren mailan ezaguturiko diploma bat eskainiko zuena. Behar horri erantzuteko sortu genuen Thot eskola 2016an”.


ASTEKARIA
2017ko apirilaren 30a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Migrazioa
Migratzaileei sarrera gogortzeko ituna onartu du Europako Parlamentuak

Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]


Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


2024-04-10 | ARGIA
Migratzaileei laguntzeagatik gutxienez 117 pertsona auzitara eraman dituzte Europan 2023an

Pertsona migratzaileak laguntzea kriminalizatzen duten politikak nagusi dira Europar Batasunean, eta hori egiteagatik auzitara eraman dituzten pertsonen kopuruak errekor berria ezarri du 2023an: gutxienez 117.


Polizia operazio "arrazista" Donostian: 29 lagun eraman ditu Poliziak identifikatzeko

Ostegun goizeko 8:00etatik 12:20era Polizia operazio handia egon da Donostiako Martutene auzoko etxe okupatu batean. Espainiako Poliziak, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak elkarrekin egin dute operazioa, “atzerritarren bulegoaren operazioa” dela azaldu dute. Donostiako... [+]


Eguneraketa berriak daude