Ikaslea ahalduntzeko, eman hegoak

  • Denok ez dugulako erritmo eta baldintza berdinetan ikasten, gela arruntetan zailtasunak dituzten ikasleek bestelako dinamika batean aurrera egiteko aukera dute Curriculum-Aniztasuneko gelan. Dinamika horren adibide arrakastatsua da Gure Txoriak proiektua, gaitasun ugari lantzeko eta motibazioa, jakin-mina eta autoestimua handitzeko aproposa.

Gaur beraiek dira protagonistak: Irungo El Pilar kristau-eskolako Curriculum-Aniztasuneko gelan ari diren 16-17 urteko hamabost ikasleak. Apur bat urduri, trasteak hartu eta 9-10 urteko ikasleen gelara joan dira. Gaiaren aurkezpena egin eta galdera bota dute segituan: “Zenbat txori espezie ezagutzen dituzue?”.  Esku asko ikusi ditugu altxatuta: usoa, arranoa, kakatua, enara… “Ahatea txoria al da?”, jakin nahi du haurretako batek. Nerabeek eurek egindako bideoa jarri dute ondoren: hegaztientzat eraiki dituzten jantokiak ageri dira bertan, ikastetxeko lorategian nola jarri dituzten eta txoriak nola gerturatu diren horietara alpiste bila. Kaskabeltza, txolarrea, txantxangorria… harrapatu ditu Go-Pro kamerak. Inguruko espezieen ezaugarriak ere azaldu dizkiete haurrei, irudiz lagunduta. “Baina sorbeltzak ez badu inoiz lur hartzen, nola jartzen ditu arrautzak?” jakin nahi du 9 urteko neskak. Nerabeek ordenagailuz prestatu duten jolasean lehiatu dira haurrak, bikoteka: hegaztiei buruzko galdera-erantzun jokoa da, eta ikasle helduenak izan dituzte laguntzaile. Azkenik, lorategira jaisteko unea iritsi da. Aranzadi Zientzia Elkarteak sarea jarri du goizean goiz eta txori asko harrapatu dituzte, hamaika denera (ikasleek egindako jantokiek badute zerikusirik, jakina, txoriak erakarri baitituzte). Hegaztiak pisatu, neurtu eta hanketan eraztuna jartzeaz gain, ikasleen galderak argitu dituzte Aranzadikoek. Harritu ere egin dira elkartekoak, nerabeak txoria ikusi eta berehala zehatz identifikatu duenean. Izan ere, gaian kasik aditu bilakatu dira dagoeneko.

Bukaeran, proposamen eta erronka berri batekin gerturatu zaio ikasle horietako bat Iñaki Sanz biologo, proiektuaren bultzatzaile eta El Pilarreko irakasleari. “Gauza handia da mutiko hau irakaslearengana etortzea, eta ez irakaslea harengana joan behar izatea –aitortu digu Sanzek–. Azken finean, interesa eta jakin-mina sortzea da inportanteena, interes horretatik abiatuta ikasitakoa ez dutelako ahaztuko eta jakin-min hori delako motorra, gainerako guztirako”. Kontzeptu akademikoetatik harago doa aurkezpen egun honetan lortutakoa: jendaurrean hitz egiteak eskatu dien ahalegina, ikasle gazteagoekin harremana gestionatzeko modua, ardura, konfiantza, erronka eta arrakasta sentsazioa… “Bizipen eta sentimendu asko dira; kasu gehienetan, aurretik oso ohikoak izan ez dituzten sentimenduak” [ikusi aurkezpenaren bideoa].

Gai direla konturatzea abiapuntu

Ikasketetan zailtasun handiak dituzten gazteei DBHko titulua ateratzeko eskaintzen zaien baliabidea da Curriculum-Aniztasuneko taldea, bi ikasturte irauten dituena. Normalean, oztopoa ez da gaitasun falta, lanerako gogo edo ohiturarik ez dutela baizik, edo galduta ikusten dutela euren burua, atzerritik etorri eta hizkuntzarekin ez direla moldatzen oraindik, edo bestelako zamak dakartzatela eskolara, heldutasun puntu bat falta dutela… Beste modu batera lan eginez eta ikastetxean beste pare bat urtez aritzeko aukera eskainiz, irabazitako denbora horrek mesede egiten diela azaldu digute Naroa Martinez eta Iñaki Olazabal talde horretako irakasleek, Ana Ollo ikastetxeko zuzendariak eta Iñaki Sanzek.

Iñaki Sanz, irakaslea: “Iristen ez direla sentitu duten ikasleak dira, nota txarrak pilatzen joan direnak. Baina dinamika hori apurtu eta emaitza hobeak ikusten hasten dira, eta norbere buruari balioa emateak estres maila asko jaisten du”

“Orain arte, iristen ez direla sentitu duten ikasleak dira, ebaluazio eredu jakin baten barruan nota txarrak pilatzen eta ikasturteak arrastaka gainditzen, frustratzen joan direnak. Baina dinamika hori apurtu eta arbelari begira sei orduz eserita egoteari uzten diote, proiektu, tailer eta eskulanei ekiten diete, oinarrizko helburuak beste era batera lantzen dituzte (ez hain lotuta curriculum arruntera) eta emaitza hobeak ikusten hasten dira, gai direla konturatzen. Norbere buruari balioa emateak estres maila asko jaisten du eta heldutasunean, arduran, autonomian irabazten dute”, dio Sanzek. Oreka asko zaintzen dutela azpimarratu du Olazabalek: “Ez dugu maila beheregi jartzen, berehala konturatzen direlako eta gainera ahalegina eskatuko dieten erronkei heltzea nahi dugulako. Talde arruntarekin nahastuta ere egiten dituzte ordu batzuk, besteen pareko direla barneratu dezaten, ez isolatu eta berezi”. Talde txikia izatea eta bi irakasle baino ez aritzea abantaila dela diote, elkar ezagutza, gertutasuna eta konfiantza errazten dituelako, harreman pertsonalizatuagoa, eta funtsezkoa da hori: momentuak errespetatzea, arazoren bat baldin badute entzutea, haiekin hitz egiteko denbora hartzea…

Emaitza garbia da: hamar urteotan El Pilarreko Curriculum-Aniztasuneko taldean ikasi duten gazte guztietatik aparteko bi kasu baino ez dira izan titulua ateratzea lortu ez dutenak.

Martin San Gregorio, Eneko De La Fuente, ikasleak:
“Aurkezpenean gustura ikusi ditugu haurrak
eta bikain atera da dena. Azpimarragarriena,
bat egin dugula eta
denok elkar hartuta
atera dugula aurrera proiektua”

Jolas gisa sortu zena, egitasmo egonkor bilakatua

Jorratzen dituzten proiektuen adibide interesgarria da natura eta hezkuntza lotzen dituen Gure Txoriak. Ekimena duela sei urte jaio zen, ikastetxeko lorategi-zelai zabala aprobetxatzeko asmoz. Habia-kutxak jarri zituzten eta hegaztiak hasi ziren hurbiltzen; txoriak identifikatzeari ekin zioten, grabatuko zituztela ere erabaki zuten ikasleek… eta joko gisa sortu zena egitasmo egonkor bilakatu da. Unitate didaktikoa dute garatuta, baina urtero sartzen dituzte berrikuntzak, ikasleen proposamenei tiraka: aurten esaterako, alpistea automatikoki –eta ez eskuz– berritzen duten jantokiak egin dituzte, eta plastikozkoak ez, material naturalekin eraiki dituzte. Lorategia haurrekin zeharkatzeko ibilbide bat diseinatzea edota inguruko hegaztiak antzemateko prismatikoekin irteerak antolatzea dira ekintzetako beste bi. Hegaztiekin zerikusia duten puzzle eta jolasak ere egin dituzte eta irrikaz daude, ikasle gazteenak jolastera noiz etorriko. “Egiten dutenak zentzua eta erabilgarritasuna izango duela ikusten dutenean, segituan heltzen diote erronkari, txikienak buruan”. Ekintzen bidez, adar ugari lantzen ditu proiektuak: biologia, teknologia, informatika, hizkuntzak, ahozko eta idatzizko komunikazioa… eta arestian aipatu moduan, eduki akademikoak ez diren ikaspenak.

60.000 biztanletik gorako Irun urbanoan, irakasleek nabarmendu dute benetako altxorra dela hirigunean dagoen El Pilar ikastetxeak horrelako lorategia eta gune berdea izatea, ikustea ezerezetik bat-batean nola hegaztiz betetzen den, liburuetara jo behar izan gabe etxetik hain gertu duten aniztasunari erraparatzea ikasleek, aberastasun hori bizi eta barneratu ahal izatea. Urteotan, irakasleek eurek ezusteko handiak eraman dituzte; lorategian 18 hegazti espezie aurkitu dituzte eta ez zuten halakorik espero, hain inguru urbanoan.

Altxorra da hirigunean halako lorategia izatea eskolak, ikustea ezerezetik bat-batean nola hegaztiz betetzen den, liburuetara jo behar izan gabe etxetik hain gertu duten aniztasunari erraparatzea, aberastasun hori bizi eta barneratzea

Ikasleei ere berdina gertatu zaie: “Hemen inguruan, usoa, txolarrea eta beste espezieren bat baino ez genuela aurkituko uste genuen, eta askoz gehiago izan dira azkenean”, kontatu digute Martin San Gregoriok eta Eneko De La Fuentek. Ohiko klaseetatik aldentzen den ekimena dela aipatu dute, interakzio gehiago duena, dinamikoagoa… eta aurkezpen egunarekin pozarren daudela: “Haurrak gustura ikusi ditugu eta bikain atera da dena”. Egitasmotik zer azpimarratuko luketen galdetu diegu: “Gure arteko laguntasuna, bat egin dugula eta denok elkar hartuta atera dugula aurrera proiektua”. Eta indarrak batzen direnean, gauza handiak lor daitezke.

Aurkezpen egunean, ikasle txikiagoen aurrean hitz egin dute nerabeek eta hegaztiei buruzko jolasarekin lagundu diete (irudian). Ardura, konfiantza, erronka, arrakasta... moduko sentimenduak bizitu dituzte, “kasu gehienetan, aurretik oso ohikoak izan ez dituzten sentimenduak”, zehaztu du Iñaki Sanz irakasleak.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Palestinaren aldeko unibertsitate-sarea

EHUk Tel Aviv-eko unibertsitatearekin etorkizuneko lankidetzarako bideak ahalbidetzen dituen zibersegurtasuneko katedra bat sortu izanaren harira, bertako langileok interpelatuak izan gara hainbat lekutatik, eta esan beharra dut neurri handi batean lotsatuta sentitu naizela,... [+]


2024-04-18 | Euskal Irratiak
Tulalaika besta, Xiberoako ikastolei bultzada emateko

Hirugarren urtez Xiberoako ikastolei bultzada emanen die Tulalaika bestak.


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


"Eskolan ortu xume bat lantzeak testuingurua ematen digu planetan ditugun arazoez aritzeko"

Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako baratzeak ikertu ditu Iratz Pou EHUko ikasleak. Zenbat eskolek dute ortua? Nolako erabilera ematen diote, zein helburu eta asmorekin? Probetxu pedagogiko eta didaktikoa ateratzen al diote baratzeari? Pourekin eta Igone Palacios... [+]


Eguneraketa berriak daude