Haurdunaldi solidarioa?

  • “Merkatuak gure uteroak alokairuan uzteko eskaintza ez dugu emakumeok sortu. Pertsona aberatsen eskariak sortzen du emakume txiroen eskaintzarako beharra”. Auziari ikuspuntu feministatik heldu dion EHUko Zuzenbide Fakultateko irakasle Arantza Camposen hitzak dira.

Hego Euskal Herrian 100 familia inguruk hautatu du gestazio subrogatuaren bidea 2016an. / Formato7.com
Hego Euskal Herrian 100 familia inguruk hautatu du gestazio subrogatuaren bidea 2016an. / Formato7.com

Gestazio subrogatuak kontraesanak sortzen ditu jendartean. Emakumeen gorputzaren askatasuna edo erabilera, legala edo ilegala, negozioa, elkartasuna... Arantza Campos irakasleak ikuspuntu feministatik hitz egin digu, “emakumeen eta euren eskubideen defentsan”.

“Ekintza honen arrazoi nagusia negozioa da, oso emakume gutxik edo inork ez baitu egiten tartean dirurik ez badago”, dio Camposek. Dioenez, bizitzako beste hainbat esparrutan bezala, dirua duen eta dirua behar duen jendea dago eta, hortaz, finantza-interesek uteroen alokairua babesten dute: “Zenbat emakume aberatsek erdituko dute bitartekorik gabeko emakume txiroentzat? Hortaz, zer da haurdunaldi solidarioa? Gizon aberatsek emakume txiroak erosten dituzte; hori da errealitatea”.

Gestazio subrogatua legezkoa da Europako hainbat lekutan: Errusian, Ukrainan, Grezian, Georgian eta Erresuma Batuan, esaterako. Espainian legez kanpokoa da; erditzen duen emakumea da legalki umearen ama. Frantzian ere delitua da eta isun ekonomikoarekin zein kartzelarekin zigortu daiteke. Hala ere, bada bide horretara jotzen duen jendea. “Ezkutukoa denez, ezinezkoa da zifra zehatza jakitea, baina ‘Son nuestros hijos’ (Gure seme-alabak dira) gestazio subrogatu bidezko familien elkartearen baitan, 100 bat izan dira 2016an hautu hori egin dutenak Hego Euskal Herrian”, kontatu digu Camposek.

Haurra jaio ostean ere, inkubagailu lana egin duen emakumea arretagai

“Emakumeen gorputzen alokairua legeztatzeak, bederatzi hilabetez euren askatasuna eta autonomia desagertzea ekarriko du. Gorputz horiek erosleen eskuetan egongo baitira”, dio Camposek. “Saldu eta alokatzen diren gorputzak emakumeonak dira eta eurak dira jabeak. Baina apenas jartzen den arretarik haien gain. Garrantzia ematen zaio inkubagailu lana egiteari eta denbora horretan haurrari jana, edana, odola eta berotasuna emateari. Behin haurra jaio ostean emakumearen gorputza eta haren osasun mentala ez dira inorentzat lehentasuna. Obulo ernalduak ezartzean, haurdunaldia aurrera daraman emakumea “desagertu” egiten dela esan digu. “Jada garantzia gutxi ematen zaio emakumeari, orain indar handiena beste baten obulo batek izateko ere”.

Feministen ‘Gure gorputzak gureak dira’ aldarrikapenaz ere hitz egin digu EHUko irakasleak. “Baina esaidazu: uteroa alokatu duen emakume batek abortatu dezake ageriko esplotazio eta esklabotza pairatzen ari denean? Noiz arte da gorputzaren jabe? Kontraesan handia da emakumeen eskubideez hitz egitea inkubagailu lana egiten duen emakumeari gertatzen zaiona axola ez zaienean”.

Camposen ikuspuntutik emakumea objektu eta produktu kontsideratzen du jendarteak eta kasu honetan baita umea ere. “Beti izan naiz kritikoa amatasun biologikoarekin, zure odol bereko haurrak izateko obsesioarekin. Bitartean milaka haur miserian bizi dira, mugetan edo gerretan desagertzen dira. Baina nork bere odoleko haurrak eta perfektuak izan nahi ditu. Gaixotasunarekin jaiotzen dena, adibidez, zer? Zalantzan jartzen dut erosleak haur inperfektua nahiko duenik”.


Azkenak
Kokaina gaindosiaz heriotza, Donostiako Tabarin kabaretan

Kabaretak, parrandak, emakume biluziak dantzan, kokaina, heroina eta morfina salgai farmazietan... Pelikula bateko eszena dirudi, baina Donostiaz ari gara. Orain 100 urte baino gehiago, aristokratentzat eta burgesentzat festa latzak izaten ziren hiriko kabaretetan. 1917an,... [+]


Apunte batzuk atarikoan

Autonomia erkidegoa eratu zenetik, datorren apirilaren 21ekoak hamahirugarren hauteskundeak izango ditu Eusko Legebiltzarrak. Behin baino ez du gobernua osatu EAJ ez beste alderdi batek; orduko hartan, 2009an, ezker abertzaleari aurkeztea galarazi zitzaiola baliatuta, PSE-EEk... [+]


Sugoi Etxarri Zabaleta, EHE-ko kidea
“Euskararen borroka gaztetzen ari da, oso azkar”

Euskal Herrian Euskarazek apirilaren 22tik 28ra egingo du lehen aldiz Harrotze Astea. EHEk bost ekintza nazional prestatu ditu, eta hortik aurrera, herriz herri hainbat dinamika antolatuko dituzte euskaltzaleek. Sugoi Etxarri EHEko kidea elkarrizketatu dugu. Haren ustez,... [+]


PPk euskararen irakaskuntza presentziala ezabatu du Valentzian, EAEko hauteskunde kanpaina betean

Valentziako Hezkuntza Kontseilaritzak 16 hizkuntzetatik bederatzietan murrizketak jakinarazi dizkie Hizkuntza Eskola Ofizialei, eta euskal hizkuntza da okerren geratu dena.


Eguneraketa berriak daude