El Salvador, munduan metalen meatzaritza debekatu duen lehena

  • Meatzaritza irentsarazteko, salvadortarrei era guztietako ametsak eskaini zizkieten, industriak bezala garapenerako laguntzak, lanpostuak, administrazioaren diru iturri berriei esker eskola eta ospitale berriak. Baina amesgaiztoak laster erakutsi zuen belarria, uraren kutsadura eta korporazioen bortizkeria tarteko. Azkenean martxoan, herri mugimenduen mobilizazio luzeen ondoren, El Salvador bilakatu da munduan metalen meatzaritza debekatu duen lehenbiziko herrialdea.

‘El Universo’ hedabidearen argazkian, 
El Salvadorreko legebiltzarkideak metalen meatzaritza debekatzen duen legea eztabaidatzen martxoaren 29an, aurrean dauzkatela “Meatzaritza ez. Bizitza bai” dioten banderolak. Gizarte mugimenduek urte luzez borrokatu
‘El Universo’ hedabidearen argazkian, El Salvadorreko legebiltzarkideak metalen meatzaritza debekatzen duen legea eztabaidatzen martxoaren 29an, aurrean dauzkatela “Meatzaritza ez. Bizitza bai” dioten banderolak. Gizarte mugimenduek urte luzez borrokatu behar izan dute, herritarrez gainezka bizi den Erdialdeko Amerikako herrialde txikian uraren pozoitzea gelditu, lurren lapurreta eragotzi eta jendeen osasuna bermatzen duen legea onar zedin. Historian mugarria ezartzea lortu dute.

Martxoaren 29an El Salvadorreko legebiltzarkide guztiek –abstenitu zen dozena bat ez beste guztiek– beren botoekin berretsi zuten herrialdean metalak erauzteko meatzaritza debekatzen duen lege berria, horrek ingurumena eta gizakien osasuna kaltetzen dituela eta “familien garapenarentzako eta ongizatearentzako mehatxua dakarrela” dioena.

Legeak debekatzen du metalak eskuratzeko prozesu oro, izan bilaketa, erauztea, ustiatzea edo ekoiztea, lurpean bezala egun argitan, horretarako edozein kimiko toxiko erabiltzea bezala. Meatzaritza den arren munduko paraje askotan kezka eta istilu eragile nagusienetakoa, munduan ez da beste herrialderik El Salvadorrek eman duen urratsa egitera ausartu denik.

Erabakiaz Legebiltzarreko lehendakari Guillermo Gallegok esan zion BBC telebista britainiarrari: “Ebazpen historiko, adoretsu eta erabakigarria izan da. Gure herria oso txikia da lurrez eta bertan metal meatzaritza egitea suizidioa litzateke”.

2005etik mobilizazio handiak zeuden arren debekuaren bila, garrantzi berezia eduki du mugimenduari Eliza Katolikoak bere babesa eman izanak. Omar Téllezek kontatu duenez Así es como El Salvador logró prohibir la minería metálica en todo el país kronikan, hierarkia katolikoaren urratsean erabakigarria  gertatu zen 2015ean Frantzisko aita santuak argitaratu zuen Laudato si entziklika, zeinak kristauen konpromisoa aldarrikatzen baitu klimaren aldaketaren eta honek batik bat munduko txiroenen artean dakartzan kalamitateen aurrean. “Entziklikan Frantzisko oso gogor mintzatu da meatze-konpainiez  eta ura giza eskubide oinarrizkoa dela predikatzen du”. Elizaren jarrerak asko erraztu du jarduera horren kontrako kontsentsua El Salvadorreko gizartean, eta ondorioz legebiltzarreko bozketa.

Lurraren Lagunen elkarteko liderretakoa den Ricardo Navarro salvadortarrak The Ecologisten azaldu du lege berriaren garrantzi historikoa: “Hamarkada luzez iraun duen gatazka honetako garaipenak erakusten du jendeak gaina hartu diezaiekeela korporazioen interesei eta irabazi. El Salbadorreko herria gailendu zaie meatzaritzako erraldoiei”. Ez galanki borrokatu gabe.

Lurraldez oso txikia izanik biztanlez gainezka dagoen El Salvadorren –310 biztanle kilometro koadroko, kasik Gipuzkoak adina– meatzaritzak iragan beltza dauka. Urte luzez araurik gabe garatua, agintariek atzerriko konpainiei bidea erraztu zieten beti: metal erauzte eta ustiatzeak erreka, aintzira eta gainerako ur guztiak kutsatuak zituen, jendeak bezala soroak eta kabalak.

Agintariek are gehiago babesten zituzten meatze-konpainiak 2004an  Erdialdeko Amerikako herrialdeek eta AEBek CAFTA nazioarteko ituna sinatu zutenetik, praktikan El Salvadorreko landa eremuen jabetza utziz Holcim, Monsanto eta Pacific Rim konpainien eskuetan. Lekuko elitearen kolaborazioarekin, multinazionalok ekin zioten El Salvadorreko natur baliabideak esportatzeari. Atzerriko inbertsioak hazi ziren 1992ko 30 milioi dolarretatik 2008ko 5.900 milioietaraino.

Kutsadurak nozitzera kondenatutako herritarren artean are gehiago handitu zen haserrea 2012an zabaldu zenean  gobernua 22 eskari ari zela aztertzen urre meatzeak baimentzeko, El Salvadorreko lur eremu guztiaren %4,3 desjabetzea ekarriko zuen horrek. Jendeak ondo zekien berehala zetorkiela lur lapurreta, multinazionalek ez galdeketa, ez negoziazio eta ez kalte-ordain txukunik gabe egina gainera.

Eta hedatu zen erresistentzia: protestak, auzitegietara jotzea, elkarretaratzeak, lur okupazioak... Ibilaldi nazional bat ere antolatu zuten presidentearen jauregiraino. Jendeak lehenbiziko aldiz gogor egin zien aurre multinazionalei.

Odol markak urretan

Disidentzia beren biziarekin pagatu zuten meatzaritzaren kontrako hiru militantek. Eta askok Pacific Rim konpainiaren esku beltza salatu zuten.

2002tik zebilen El Salvadorren Pacific Rim kanadarra. 2008an San Salvador hiriburutik 65 kilometrora El Dorado meategia ustiatzeko baimena eskaturik, gobernuak ukatu egin zion herri mugimenduen eta Elizaren presioz. Pacific Rimek auzitara jo zuen kalte ordainetan 700 milioi dolar eskatuz eta giroa oso gaiztuta zegoen El Dorado dagoen Cabañas probintzian.

2009ko ekainaren 30ean Marcelo Riveroren gorputza azaldu zen San Isidro de Cabañaseko iturri baten ondoan, hil aurretik torturatua izanaren marka beldurgarriz. 37 urteekin, Pacific Rimen kontrako kanpainetan liderretako bat zen. Abenduaren 20an Ramiro Rivera hil zuten M-16 fusil militar baten tiroz Sensuntepeque herrian; aurretik beste eraso bat jasana, poliziak babestuta zeukan... ustez. Sei egun geroago, herri berean, fusil beraren suz hil zuten Dora Alicia Sorto, 32 urte, zortzi hilabeteko haurdun, errekara zihoala gobada egitera. Konpainiak ukatu zuen zerikusirik zuenik, agintariek ez zuten hiltzailerik atzeman, herrietan zabaldu ziren familien arteko istiluen zurrumurruak...

El lado oscuro del oro. Impactos de la minería metálica en El Salvador liburuan Florian Erzinger, Luis Gonzalez eta Angel Ibarrak kontatua dute garai hartan “urrearen sukar” berria bizi zela Erdialdeko Amerikan, urrearen prezioak ontzako 1.000 dolarreko muga gaindituta. 2005-2009an agintzen zuen Antonio Saca eskuindarra hasieran multinazionalei eskuak libre uztearen aldekoa zen, baina atzera egin zuen hauteskundeak gainean zituela eta. 2009an ARENA alderdiak galdu zuen bozketa, eta meategirik ez baimentzeko promesa zekarren FLMN Nazio Askapenerako Farabundo Marti Fronte ezkertiarrak irabazi.

Gerrillari-ohiek patata beroa heredatu zuten. 25 meatze-proiektu zeuzkaten aurkeztuta korporazioek, argudiatuz 12 milioi ontza urre –336 tona– eta 78 milioi zilar –2.185 tona– ekoiztuko zituztela. Hori bai, 22 milioi litro ur xahutuz eta 950 tona zianuro toxiko erabiliz.

Gizarte mugimenduek zabaldu zuten Biziak urrea baino gehiago balio du leloa. MOVIAC Klimaren Aldaketak eta Korporazioek Kaltetutako Jendeen Mugimendua eta No a La Minería bezalakoak indartu ziren eta gatazka internazionalizatzea lortu zuten. Pacific Rim boteretsuak txirotasunean murgildutako El Salvadorri kalte-ordainak ezarri nahi izateak mugiarazi zituen berez ingurumen aferekin oso sentiberak ez diren hainbat politikari nazionalista.

Goldman Ingurumen saria irabazia den Ricardo Navarrok esan duenez, “El Salvadorren garaitu arren, mundu justu eta jasangarriago baten aldeko borroka ez da bukatu. Baina itxaropenez egin dezakegu aurrera, ikasi dugulako jende normalak elkarrekin lana eginez alda dezakeela mundua”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kutsadura
2024-04-12 | ARGIA
Espainiako Estatuan karbono dioxido gehien isurtzen duten hamar enpresen artean: Repsol, Iberdrola eta ArcelorMittal

2023an, karbono dioxido isuriek %5,3 egin dute behera Espainiako Estatuan. Gehien isurtzen duten hamar enpresen artean, bakarrak egin du gora, Iberia hegazkin konpainiak, %10,7ko igoerarekin. Kutsatzaileen zerrendan aurrena Repsol dago.


Giza karenan ere aurkitu dituzte mikroplastikoak

AEBetako ikertzaile-talde batek 62 giza karena edo plazenta analizatu ditu, gas-kromatografia eta masa-espektrometria baliatuta, eta frogatu du lagin guztietan mikroplastikoak zeudela. Toxicological Sciences aldizkariak argitaratu du ikerketa. Haren arabera, karen batzuetatik... [+]


2024-02-09 | Euskal Irratiak
Alice Leiziagezahar, Europa Ekologia-Berdeak
"Pestizidek ez dute laborarien egoera hobetuko, haien osasuna okertuko baizik"

Laborariak karrikara atera dira Europa osoan, bizi eta lan baldintza hobeak aldarrikatzeko. Mobilizazioek eragin duten krisi politikoari, pestizidak apaltzeko planaren gibelatzearekin iharduki dio Europako Batzordeak.


Arbonako eskolara bideratu lurren kutsadura aztertzeko eskatu du Paueko Administrazio Auzitegiak

40 urtez zabortegi gisa erabilitako eremu batean ari dira eskola publikoa eraikitzen. Kutsadura arriskuak kontuan harturik, leku aldaketaren alde dabil borrokan Hats Berri Bat Arbonari deitu oposizioko taldea. 2024ko irailean abiatuko den ikasturterako bukatu nahi ditu obrak... [+]


Eguneraketa berriak daude