"Gaur egun Polonian poloniarrak baino ez daude, batzuen ustez"

  • 1989an Tomasz Wicherkiewicz hizkuntzalariak Polonia hego-mendebaldeko Wymysoü herria bisitatu zuen, han hizkuntza germanikoren bat hitz egiten zelakoan. 3.000 biztanleko herria hizkuntza-uharte izan omen zen. Gaur egun 50 wymysoüera hiztun besterik ez dira. Tymoteusz “Tymek” Król (Wymysoü, 1993) hiztun gazteenetakoa eta eragile nagusietakoa da.

Tymoteusz Król-en gurasoek ez zekiten wymysoüera hitz egiten, baina amonak eta zaintzaileak bai. Wymysoüera lehen hizkuntza duen herriko gazteena da. Argazkia: Tymoteusz Król-ek utzia.
Tymoteusz Król-en gurasoek ez zekiten wymysoüera hitz egiten, baina amonak eta zaintzaileak bai. Wymysoüera lehen hizkuntza duen herriko gazteena da. Argazkia: Tymoteusz Król-ek utzia.

Tymoteusz Król Varsoviako Unibertsitatean ari da doktoretza-tesia egiten, wymysoüeraren inguruan. Unibertsitateko kide batzuei hizkuntza eskola eman ostean hitz egin dugu berarekin: nabari zaio pasioa, eta naturaltasunez eta ilusioz darama bere hizkuntzaren ardura.

Gaurko eskolan Mr and Mrs Smith antzezlana wymysoüerara itzultzen aritu zarete; harreman estua duzue antzerkiarekin. Zergatik?

Hizkuntza ideologiekin du zerikusia antzerkiarekin dugun harremanak, beste ezer baino gehiago. Komunitatean gure hizkuntza gauza modernoen aurkari gisa ikusia zegoen, eta horregatik, Printze Txikia wymysoüeraz antzeztea proposatu nuen, eta horrela egin genuen 2014an. Ondoren gure herriko istorio bat aurkeztu genuen. 2015ean Hobbit liburuaren egokitzapen bat, eta geroztik horrela jarraitu dugu. Munduko kultura eta gure berezko ondarea antzezten ditugu txandaka, oreka mantentzeko eta gure hizkuntzak duen balioa eta gaurkotasuna azpimarratzeko.

Joan den egunean Poloniako Antzerkian emanaldia egin zenuten, antzerkia, dantza tradizionalak eta zuen herriko eta mundu zabaleko kantak abestuz. Zer dela eta nahasketa hori?

Esan bezala, saiatzen gara urtero ahal bada, Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunean (otsailak 21) antzerki-saioren bat aurkezten gure hizkuntzan. Hobbit aurkeztu genuenean izugarrizko harrera ona izan genuen, baita herritik kanpo ere, eta geroztik Varsoviako Unibertsitateko Artes Liberales Saila eta Poloniako Antzerkia gurekin elkarlanean aritu dira. Dantza emanaldiari dagokionez, hiztun gehien biltzen dituen herriko eragilea da, eta wymysoüera hiztunak ez diren herritar asko erakartzeko gaitasuna du. Gure esperantza da dantza taldetik hizkuntza eskoletara iragango direla.

Hurrengo egunean, Poloniako estatu mailako egunkarietan agertu zineten. Zer sentitzen duzu hori ikustean?

Berez artikulu horrek ez zuen zerikusirik emanaldiarekin, irailean osatutako erreportaje bat zen, atzerapen nabarmenarekin kaleratua. Irailean, bi gertakari garrantzitsu izan genituen. Alde batetik, gure herrian ospatu zen Hizkuntza Biziberritzearen inguruko Nazioarteko Kongresua, zeinak Wymysoüko herritarrak gure hizkuntzak duen balioaz jabetzeko eta autoestimua izugarri hazteko balio izan zuen. Bestetik, Poloniako Legebiltzarreko Gutxiengoen Inguruko Batzordea eratu zen, eta argi gelditu zen Gobernuak ez duela interesik gutxiengoak duin zaindu eta sostengatzeko. Are gehiago, beregatik balitz, denok poloniera hutsean mintzatuko ginateke. Poloniar nazionalistentzat, ezberdina mehatxua da, ezabatu behar den zerbait txarra.

Zorionez, badirudi pixkanaka poloniar xeheen ideologiak laxatuz doazela eta Polonia eleanitz baten alde egingo lukeen geroz eta jende gehiago dago.

Nolakoa da poloniarren ikuspegia eskualdeetako hizkuntzekiko?

Imajinatu dezakezun txarrena, benetan diotsut. Kazcinskyren alderdia [boterean dagoen PiS alderdiko buru da Kazcinsky] oso nazionalista da eta ez du dirurik ematen guri laguntzeko, zeuden diru-laguntza urriak kendu dituzte, gureganako mezu iraingarriak zabaltzen dituzte... Oposizioa alde dugu, hein batean Poloniako hizkuntzak txikiak direlako eta ez garelako ‘arriskutsuak’.

Hizkuntza biziberritzen herritarrak soilik ari zarete lanean ala erakunderen baten laguntza duzue?

Wilamowiane elkartea da eragile garrantzitsuena, baina azken urteotan herriko agintariak, dantza taldea, lehen aipatutako Artes Liberales Saila eta Varsoviako Unibertsitateko Etnologia eta Antropologia saila gehitu zaizkigu, nahiz eta azken horrek interesa bereziki gure janzkeran agertzen duen, hizkuntzan baino gehiago.

Azkenetako wymysoüera hiztun baten hileta elizkizuna. Argazkia, Tymoteusz Królek utzia.

Zu zara hizkuntza horretako hiztun gazteena.

Ez, ez! Wymysoüera lehen hizkuntza duen hiztunen artean gazteena naiz ni, gerora ikasi eta jariotasunez mintzatzen diren hiru lagun gazteagoak izango dira herrian.

Eta nola jaso duzu hizkuntza?

Amonak erakutsi zidan, harreman berezia bainuen berarekin. Duela bi urte hil zen. Nire gurasoek ez zekiten hitz egiten eta herritarrengana jotzen nuen praktikatzeko, amonaz eta nire zaintzaileaz gain. Hizkuntza nola edo hala mantendu nuen harik eta 18 urterekin, gogor saiatu ondoren, izugarrizko jauzia eman nuen arte.

Zu eta beste hiru zarete erabateko etena nolabait saihetsi duzuenak. Sentitzen duzu ardura?

Jakina nabaritzen dela ardura, jakingo bazenu zenbat lan egindakoa naizen. Egoera normal batean biologoa izan nahiko nuke, eta Amazonian bizi, lasai-lasai. Toki askotatik eta era askotara jasotzen dut presioa. Bitxikeria gisa, Tomasz Wicherkiewicz adituak, bidaia batean ginela, McDonald’s-eko ilaran ikusi ninduen bazkaria eskatzeko zain, eta: “Tymek!, ez ezazu hanburgesarik jan, wymysoüeraren azken hiztuna zara-eta!”, esan zidan. Baina hanburgesa jan nuen [dio barrezka].

Europa Erdialdeko beste hizkuntza gutxitu batean ere mintzatzen zara, silesiera hiztuna era bazarelako. Nola definituko zenuke zure hizkuntza identitatea?

Nire beste hiru aiton-amonek jatorri silesiarra zuten eta amak silesieraz hezi nau. Lehenik eta behin, wymysoütarra naiz, zalantzarik gabe, gero silesiarra, ondoren austriarra eta bukatzeko, alemaniarra. Pentsa, Wymysoütik urrutien dagoen laugarren hiriburua da ‘gure’ Varsovia, gertuago baititugu Bratislava, Viena eta Budapest, hurrenez hurren. Gure etxean Txekiako telebistan ikusten genituen marrazki bizidunak, inguruko herrialdeetako hiritarrekin arazorik gabe eta adeitsu egiten dugu wymysoüeraz edo silesieraz. Austria-Hungariako Inperioan nazio asko geunden elkarrekin eta aniztasun horretan gustura biziko nintzateke, baina gaur egungo Polonian poloniarrak baino ez daude, batzuen ustez.

Flandriarrengandik omen zatozte.

Antza, XIII. mendean izurrite bortitza izan zen Flandrian eta hona etorri ziren bizitzera nire arbasoak, gaitzetatik ihes egiteko. Oker ez bagaude, flandriar horien hizkuntzaren ahaide bat darabilgu.

Ez dugu harreman handirik gure jatorriarekin, baina flandriar batzuk etortzen dira bisitan eta duela urte batzuk hango telebista batek erreportajea egin zuen gure herrian. Dena den, eta Historia nolakoa den jakin dezazun, Bigarren Mundu Gerraren hondarrean poloniarrak etorri ziren hona bizitzera eta gure herrikide batzuk etxetik bota edo hil egin zituzten. Gaur egun, poloniar horien seme-alaben ondoan bizi gara eta egindakoa ideologikoki zilegitzat hartzen dute, ‘alemaniarrak’ garelako. Edo pentsa Silesiarekin zer gertatzen den, betidanik independentea izan da, edo Austria edo Txekoslovakiaren parte. Azken 60 urteak daramatza Poloniarena izaten eta Poloniak ez dio inolako bereizgarritasunik eta nortasunik aitortu. Nolakoa den poloniar nazionalismoa!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Wymysoüera
2018-03-05 | ARGIA
Polonian wymysouerak lortu du eskualdeko hizkuntza gisa aitortzea

Poloniako hego-mendebaldean dago Wymysoü herria. 3.000 biztanle ditu eta gaur egun 50 wymysoüera hiztun besterik ez dira. Eskualdean hizkuntza estatusa lortu duela jakinarazi du sare sozialetan bost urtez Polonian bizitako Garabide Elkarteko Maialen Sobrinok.

 


Eguneraketa berriak daude