"Arrisku sexualaren irudikapen ugariz josten bagaituzte ere, emakumeok ez dugu espazioa doan entregatzen"

  • Nerea Barjolak (Santurtzi, 1980) Alcasserko krimenen inguruan eratutako diskurtsoak aztertu zituen bere doktore-tesian, bereziki, haien artean nagusitu zen arrisku sexualarena. Lan akademikotzat jaio zen ikerketa, baina argi esan digu egileak: “oinarriko feminista naiz ni”, beraz, laster kalean, denok irakurtzeko moduan izango den liburua ontzen aritu da ordudanik. 

Argazkia: Iñigo Azkona
Argazkia: Iñigo Azkona

Alcasserko kasua oso mediatikoa izan zen, Espainiako telebistan mugarria izan zela ere esaten da. Zergatik gertatu zen hori?
Desagertzeak iraun zuen denboran azaldutako ezaugarri askoren ondorioz esplotatu zuten kasua komunikabideek. Hasieran, dena bilaketara mugatu zen: nerabeen gurasoek pentsatu zuten komunikabideak bide egokia zirela alabak aurkitzeko. Garai hartan, nolabait, zor bat sortu zen eta, neskak azaldu ondoren, komunikabide askok zor hori erabili zuen, ordainetan nahi beste informazio eskuratzeko. Hor sortu zen boom-a. Kontua ez da gurasoak prest zeudela edozerri buruz hitz egiteko: konfiantzazko pertsona bati beren gauzak kontatzen ari ziren. Informazio hori gerora nola erabili zen, hori da gaitzesgarria. Hala ere, nire lanaren arabera, komunikabideetan ez zen aldaketarik gertatu: arrisku sexualaren kontaketa eratzeko eta, hala, status quo sexistari eusteko tresna izan ziren. Bestalde, mugarria emakumeen gorputzetan dago, kontaketa haiei buruzkoa baitzen eta haiek jasan baitzuten bereziki. 

“Terrore sexuala”ren diskurtsoa gailendu zela diozu. Zertan datza diskurtso hori?
Foucault-en kontzeptu batean oinarritu naiz: diziplina. Diziplina esaten zaie gorputza kontrolatzeko erabiltzen diren operazioei. Gorputza kontrolatzen dute gorputz otzanak lortzeko. Foucaulten diziplina kontzeptuari “terrore sexuala” erantsi diot nik. Terrore sexual horren irudikapenen ondorioz emakumeek hainbat operazio egiteari uko egiten diogu. Adibidez, komunikabideetan asko azpimarratu zen neskek autostop egin zutela. Hau da, ez zen aztertu zerk bultzatu zituen bi gizon heldu hiru nerabe hartu eta sexualki torturatzera, zer harreman dauden gizartean hori gertatzeko. Nerabeei leporatu zitzaien errua, eta zer egin zuten? Autostopa. Ondorioz, garai hartako nerabe gehienek autostopa zerbait oso arriskutsutzat bizi izan genuen. Horrekin, jarduera bat mugatzen ari zaizkizu, bai eta espazio bat ere, izan ere, leku batetik bestera mugitzeko erabiltzen zen autostopa, mugikortasuna zen. 

Diskurtso horiek agertzea aurrerapen feministekin lotzen duzu. Zer aurrerapenekin?
1975etik 1992ra, neskak desagertu ziren urtera, prentsan agertutako diskurtso guztiak aztertu nituen hemerotekan, kasuaren testuingurua ikusteko. Testuinguruak aztertzen ari garen esanahien ikuspegi globala ematen digu, gizarteak nola ulertzen dituen esaten digu, baita gizarteak zer baliabide duen ere, zer mekanismo, indarkeria sexuala ulertzeko. Hemeroteka-lanean ohartu nintzen kontradiskurtsoen helburua zenbait muga berrezartzea zela, emakumeek iragan behar ez zituztenak. 70eko eta 80ko hamarkadetan mugimendu feministak aurrerapen handiak lortu zituen: lan handia egin zuten mitoen eta estereotipoen inguruan, eta horrekin batera, lege-aldaketak lortzen ari ziren. Horrek eragina zuen gizartean. Dibortzioaren legea onartzeak zuzenean kolpatu zuen familiaren erakundeari buruz zuten ikuspegia. Antisorgailuak, abortuaren legea… emakumeen sexualitatearen autonomiarekin lotuta zeuden. Bestalde, eraso sexualak emakumeek indarkeria matxista jasaten dugunaren adierazle nagusia dira, beraz, 89ko zigor-kodearen erreforma aldaketa handia izan zen maila horretan. Horiek horrela, alde batean jartzen badituzu mugimendu feministak mahai gainean jarritako baliabide eta tresna guztiak, eta bestea aldean, Alcasserko errelatoa eratzen duten diskurtsoak, ohartzen zara mugimendu feministaren aurrerapena ezegonkortzeko helburua zutela.

Argazkia: Iñigo Azkona

Zuk esana da Alcasser ez dela salbuespenezko zerbait izan, egitura handiago baten sintoma baizik.
Bai. Agamben filosofoaren kontzeptu hori erabili dut: salbuespenezkotzat kudeatzen eta ulertzen diren egoerek, berez, arauaren esentzia erakusten digute. Niri kontzeptu horrek Alcasser egunerokoan txertatzeko balio dit. Ez zen salbuespena izan, muga sozialen barruan zegoen.

Alcasserko kasua bizi izan zuten hainbat emakume elkarrizketatu duzu arrisku sexualaren diskurtsoak zer eragin izan zuen neurtzeko. 
Feminismoaren aurkako aparatua indartsua eta Alcasserko kasua garrantzi handikoa izanik ere, ohartu nintzen ez zutela emakumeak otzantzea lortu. Alcasser jasan zuten hainbat emakume elkarrizketatu nuen, eta haietako askok, gerora, berriro autostop egin zuten, beldurra izan arren. Ez dut esan nahi beldurra izanda ere autostop egin behar denik, baizik eta arrisku sexualaren irudikapen ugariz josten bagaituzte ere, emakumeok ez dugula espazioa doan entregatzen. 

Nola hautsi diskurtso hori?
Feminismoan hezita, zeharkakotasunez, maila guztietan. Feminismoa ikasgeletara eramanda: feminismoa, feminismoa eta feminismo gehiago. Ez dago beste biderik. Feminismo hori egiteko pertsona prestatuak jarri behar dira: lan horretan ez baitira formakuntza feminista handia duten oinarriko feministak jartzen. 

Garrantzitsua da horrelako lan akademikoak hedatzea?
Nire kezka nagusia hori zen, ez zedila testu akademiko hutsean gelditu. Tesia defendatu nuenetik gaur arte testua behin eta berriro berridatzi dut, nik irakurriko nukeen liburua lortu arte. Oso pozik nago Bartzelonako argitaletxearekin, argitaletxe konprometitua baita, eta lizentzia askea erabiltzen dute, oinarrizkoa jakintza zabaltzeko. Gogo handia dut ateratzeko eta mugimendu feministarekin partekatzeko. Horrez gain, elkarrizketetan parte hartu zuten emakumeekin konpromisoa dut. Laneko alderdi indartsuena izan zen niretzat: pertsona ezezagunak nola ireki ziren. Hein batean horregatik lan egin dut argitaratzeko asmoz, lan hori itzultzeko. Horrez gain, Valentzian, betiko ildoari jarraitzen ez dion Alcasserri buruzko testu baten beharra sentitzen du jende askok.

Isiltasunari aurre

Nire kezka nagusia Alcasserko krimenari esanahi feminista berria ematea zen, zeren, orain arte, nork hitz egin du Alcasserko krimenari buruz? Forentseek, kazetariek, antropologoek, kriminologoek… Bakoitza bere ikuspegitik. Baina emakumeek ez dugu hitz egin Alcasser, arrisku sexualari buruzko diskurtsotzat, guretzat izan zenaz. Alcasserkoaren inguruan nagusitu den isiltasunaren norainokoa adierazten du gaiari buruz hitz egin ondoren emakume askok lasaitu handia hartu izanak. Bat batean, norbait ez zaie ari krimen beldurgarri bati buruz, kategoria politiko bati buruz baizik, hots, eratutako kontaketa bati buruz: deseraiki dezagun.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Indarkeria matxista
2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Psikologo gutxiago indarkeria matxisten biktimak artatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiko Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko zerbitzuan, lau psikologotik hiru kendu dituzte. Are gehiago, langileek salatu dute indarkeria matxistaren biktimak artatzeko plan berriak emakume ugari uzten dituela kanpoan.


2024-04-16 | ARGIA
Gizon bat atxilotu dute Ziburun, emakume bat hotel bateko bosgarren solairutik jausi ondoren

Emakumea oso larri dago erietxean, Sud Ouest egunkariak jakinarazi duenez. Haren bikotekidea izan daitekeen gizona fidantzarik gabeko atxiloaldian sartu dute, aurrekariak dituelako.


Nafarroan sexu indarkeria pairatzen duten emakumeen %70ak 30 urte baino gutxiago ditu

Indarkeria matxistaren datu "onartezinak" salatu ditu Txibite presidenteak. Izan ere, Nafarroan erregistratutako salaketen %17 sexu-indarkeriagatik dira. Hartara, bihar zabalduko duten Sexu Indarkerien Arreta Integraleko Zentro "seguru eta konfidentzialaren"... [+]


Eguneraketa berriak daude