Nagore Legarreta, argazkilaria

"Barrikadaren alde honetatik datozen kolpeek sutzen naute"

  • Nolakoak dira emakumeen arteko harremanak? Izan ote daitezke osasuntsuak, subjektu zapaldu diren heinean? Gisa horretako galderei tiraka aritu da Nagore Legarreta Hysteron proiektuan. Hamabi argazkiko erakusketa osatu zuen aurrena. Gero, idazle, dantzari eta musikariak batu ziren proiektura eta, azkenik, lata baten barruan argitaratu du material guztia. Proiektuaz ez ezik, argazkilaritza ulertzeko duen moduaz ere aritu gara solasean.

Kepa Matxain @kmatxain
2017ko apirilak 16

Hasten zara zerbaitekin jolasean, kuriositate hutsez, eta arituan-arituan ohartzen zara oso tresna baliagarria zaizula bestela adierazi ezingo zenituzkeenak adierazteko. Halako zerbait gertatu zaio Nagore Legarretari argazkilaritza estenopeikoarekin. Lata-poto, paper fotosintetiko eta gainontzeko tramankuluak bilakatu zaizkio adierazpen modu. Haien bidez osatu du lengoaia artistiko bat, gero eta bereagoa duena. Asteazken arratsalde batean, klaseak ematera sartu aurretik harrapatu dugu Hernaniko taberna batean, bafleetatik euskal errepertorio klasikoa ozen erortzen den bitartean.

Orain lau bat urte ikusi omen zenuen argazki bat asko markatu zintuena. Hura izan al zen Hysteronen hazia?
Koktelera bat da burua. Barruan zerbaitek burrunba egiten dizu, eta hasten zara horri erantzuteko gako bila. Argazki hura izan zen gakoetako bat. Emakume gorputzak ageri ziren deformatuta, tenkatuta. Errealitatea deformatu zale izan naiz beti, eta irudiak asko erakarri ninduen. Gero, koktelerari gehitu behar zaizkio nire egonezin pertsonalak, argazkiak lata potoekin ateratzeko zaletasuna… eta azkenean Hysteron atera da. 

Oso pixkanaka mamitu da proiektua, hortaz.
2009an hasi nintzen latekin argazkiak ateratzen. Gertatzen da askotan horrelako teknikak gelditzen direla artifizio hutsean: latekin argazkiak ateratzen dituzu, ados, oso ondo. Une batez argazki lanean zentratzeko beharra sentitu nuen, esateko neukan horretan. Proiektu koherente bat gauzatzen saiatu nintzen. Irungo Mosku auzoko jaietako erakusketa batera gonbidatu ninduten garai bertsuan eraiki nuen aitaren laguntzarekin lau zulodun kamera bat. Lau zulo horien bidez, parean harrapatzen duenaren zatiak fusionatzen ditu, eta ateratzen da emaitza kubista samar bat. Kamera hori eraikinak konposatzeko erabili nuen ordura arte, eta otu zitzaidan berdin balio zuela pertsonen gorputzak fusionatzeko. Konektatu nuen nire baitako ezinegon batzuekin, eta ideia horretatik tiraka igaro nituen bi urte irakurtzen eta argazkiak ateratzen. 2015eko maiatzean Oñatiko ARG! Argazki Festibalean aurkeztu nuen emaitza.

Irudiaren mundua gero eta definizio zehatzagoaren bila dabil. Urte gutxitan igaro gara HDtik 4Kra edo 8Kra. Zuk, ostera, k.a. 500. urtetik erabiltzen den teknika darabilzu.
Denborarekin ohartu naiz teknika horrek ematen didala definizio altuko argazkilaritzak ematen ez didan hizkuntza bat, oso nire egin dudana. Ez dut esan nahi argazki kamera digitala erabiltzen ez dakidanik, horretan egiten dut lan… baina kontua da kamera zerorrek sortzen baduzu, egin dezakeela zuk nahi duzuna. Sortu dezakezu lau kamerako zulo zilindriko bat emakumeen gorputzak fusionatzen dituena. Jokoa ireki egiten da, formatua hautsi egiten duzu. Hori da zoragarria. 

“Gaur egun badago sorgin erretze bat ikusten ez dena, baina geure burua uzkurrarazten diguna, hegoak mozten dizkiguna, antzutzen gaituena”

Ez nuke teknika hutsean zentratu nahi, baina agian komeni da azaltzea Hysteroneko argazkiak ateratzeko erabili duzun kamerak zer ezaugarri dituen.
Bost kiloko Arroyabe hegaluze lata da. Lau zulo dauzka –ipar-hego-mendebalde-ekialde–, eta, barruan, soldatutako erroskilla bat. Paper fotosintetikoa borobilean jartzen da bertan. Hernaniko Iparragirre Sagardotegian teloi beltz bat jarri nuen, eta lagunak –denak emakumeak– gonbidatu nituen bazkaltzera. Gorputzekin figura batzuk planteatu nituen eta, ondoren, latako zulo bat ireki, argia sartzen utzi paperak irudia jaso arte, eta zuloa zintarekin ixten nuen. Segidan, lata jiratu, eta pauso berdinak jarraituz beste figura bat egiten nuen, lau orban lortu arte. Orbanak fusionatu egiten dira izkinetan, eta sortzen da irudien arteko tentsio bat. Batzuetan ematen du ari direla elkartu nahian, beste batzuetan elkarri bultzaka. Ez dakigu oso ondo zer den, gerra edo festa. 

Emakumeen arteko harremanei buruz ari da, funtsean.
Neure buruarekin esplorazio garai batean nengoenean egin nituen argazkiok. Izan zen halako nerabezaro berantiar bat, munduan zeure tokia bilatzen duzuna, zuk zeure buruarekin eta, baita ere, zuk beste emakumeekin. Berraztertu nituen, besteak beste, familiarekin neuzkan harremanak. Txukunketa izan zen, agian ilun puntu batetik hasi zena, baina gerora oso sendagarria izan dena. Uste dut argazkilaritza –artea, orokorrean– norbere burua ezagutzeko tresna paregabea dela. Hysteronek umetokia esan nahi du grekeraz. Casilda Rodrigañezek aipatzen du liburu batean, nola Antzinako Greziako mito batek dioen histeria umetokitik datorrela. Eta teoria hori izan zen aitzakia handia eskala handiko sorgin erretze bat egiteko. Nire gogoeta da gaur egun badagoela sorgin-erretze bat, zoliagoa, ikusten ez dena, baina geure burua uzkurrarazten diguna, hegoak mozten dizkiguna, antzutzen gaituena. Baina nolako harremanak sortzen dira berdin antzututako emakume horien artean? Izan al daitezke naturalak erabat garatuta eta ahaldunduta ez daudenen arteko harremanak? Lehiakorrak dira, agian? 

Horregatik irudien anbiguotasuna, dantzan ala borrokan ari ote diren zalantza hori.
Horixe. Proiektuan parte hartu du, besteren artean, Danele Sarriugartek, eta idatzi du Esklabuak dantzan testua. Han egiten du paralelismo bat, azalduz nola esklabuek elkar akabatu ohi zuten, beren nagusiak akabatu aurretik. Hor zegoen nire amorrua: gauza bat da kolpeak barrikadaren bestaldetik etortzea. Baina barrikadaren alde honetatik datozen kolpeek sutan jartzen naute. Elkartasun loturak sortu beharrean, indarrak batu beharrean, etsaiari ondo apuntatu beharrean, ez ote ginen ari kontrakoa egiten sentitu izan dut beste emakumeekin pasatako esperientzietan.

Hysteronek balioko zizun diozun gai hori beste emakume batzuekin elkarbanatzeko.
Proiektuan nabaritu dut joera bat emakumeen aldetik edukian sakontzekoa, eta gizonen aldetik, berriz, teknikan. Banuen beldur hori: gai hau nire harrikada bakarrik da? Edo beste emakumeek antzera sentituko dute? Eta bai, hitz egiten duzu beste emakumeekin, eta haiek ere sentitzen dute beste emakumeekiko beldur bat –norbere buruarenganako beldurra dena, azken batean–. Asko dugu hor askatzeko eta lantzeko. Baina begira, adibidez, lehen aipatu dudan argazki saio hartan zortzi-bederatzi emakume egon ginen, biluzik, sagardotegi bateko pabilioi atzealdean, eguzkitan. Prozesu hori oso interesgarria izan zen. Hasieran hor zeuden betiko lotsak, gure kulturan kontaktuari diogun beldur hori, baina zurruntasun hori pixkanaka bihurtu zen sekulako akelarrea, eta guztiok bukatu genuen errekan bainatzen. Baten batek esan zidan, “estu samar etorri naiz, baina etxera noa etorri baino askoz hobeto”. Horrek asko betetzen nau. 

Argazkiez harago doa Hysteron. Idazleak, musikariak eta dantzari bat ere batu dira proiektura.
Argazkilari lana izan daiteke oso bakartia, eta gogoa neukan nire zilborrari begiratzeari utzi eta beste animo batekin ekiteko. Zorionez, nire inguruan sortzaile zoragarriak daude. Sarriugartez gain, Mariano Hurtado, Aida Torres, Beñat Iturrioz, Gorka Setien, Txaro Untzilla… denak dira ni bezalako zikinbrillo batzuk.

Zikinbrillo?
(Barrez) Pentsatu izan dut manifestu bat idatzi beharko genukeela gure belaunaldiko zikinbrillook. Gauzak egiteko modu bat da, oso ezaguterraza: Amoranteren diskoaren azala, Akauzaztek atera zuena, Ramon Martinez Zabalegiren diseinu eta kartelak… Do It Yourself filosofia zehazgabetasunarekin nahasirik, edo horrelako zerbait. Hitz hori lehen aldiz aitari aditu nion. Hark txikitan esaten zidan ni nintzela zikinbrillo bat. Adibidez, bisitaren bat espero genuelako logelako trasteak jasotzeko agintzen zidatenean, ohe azpian sartzen nituela. Halako garbitasun aparente bat. Hysteronen azken emaitza ikusi nuenean, urre koloreko lata hori, Okene Abregok eskuz idatzitako letra zatar horiekin eta, oro har, barruko zatarkeria horrekin guztiarekin, esan nuen: noski, hau da zikinbrillo estetika. Zakar puntu horrek, zikintasun horrek, akatsak… asko erakartzen nau.

XX. mende amaieran artista askok esperimentatu izan du akatsaren estetikarekin. Adibidez, musika elektronikoaren zenbat korrontetan, edo glitch art mugimenduan, akatsa ez da ezabatu beharreko zerbait. Prozesuan agertzen den unetik obraren parte da. Zure kasuan ere bai?
Gakoa izaten da akats hori errepikatzea eta kontrolatzea. Nola ez naizen sekula izan argazkilaritzako ilustratu bat, ez teknikan, ez korronteetan, bilatu ditut labar-metodo horiek, ez nekielako gauzak beste era batera egiten. Ziur asko izango dira lanerako mila modu errazago, baina beti zailena eta aldrebesena erabili izan dut. Esaterako, lata-potoari papera ilunpetan aldatu behar zaionez, plastikozko poltsa baten barruan sartzen nintzen. Abuztuan, Marokon. Aitak pila petakarekin egindako lanpara gorri bat lepotik zintzilik nuela. Sartu zaitez 40 gradurekin poltsa horren barrura. Izerdi patsetan hasten zara, izerdia erortzen da paperaren gainera, paper guztia ateratzen da orbanez josita, eta orban horietako asko hatz-markak dira. 

Laneko esfortzua obran txertatzeko modu bat. 
Nik uste baietz. Agian norbaitek esango du horrek ez duela balio. Bai, baina ni gogoratzen naiz poltsarekin, eta pasatako beroarekin, eta izandako zailtasun guztiekin… eta horretaz gain, argazkiari zerbait ematen dio. Kendu beharrean, erantsi. Akats bat gertatzen zaizunean konturatzen zara agian balio dizula kontatu nahi zenuen zerbait kontatzeko. Orduan, errepikatu egiten duzu, eta garatu. 

Zure lanean pisu handia du zoriak. Artistak artefaktua prestatzen du, eta gero gerta bedi gertatzen dena…
Bai, baina hori ez da nik asmatutako zerbait. William Kleinek, adibidez, aldarrikatzen du zoria, edo batere lotsarik gabe aitortzen du kamerari begiratu gabe enkoadratzen duela. Lan egiteko modu bat da eta, pentsatzen jarrita, ez da erabateko zoria ere. Gertatzen zaizun guztia ez da erabateko kasualitatea. Zuk markatzen duzu marko bat, eta horren barruan inprobisatzen duzu. Jazz musikan bezala, parametro batzuk markatzen dira, ea hor zer gertatzen den.

Aurrerantzean ere lengoaia horretan jarraitzeko asmoa al daukazu?
Bai. Hysteronekin motxilatik harriak atera ditut, eta orain askoz arinago sentitzen naiz. Pentsa, koloretako argazkiak eta guzti ateratzen hasi naiz. Duela lauzpabost urte Indian argazki bidaiak antolatzen hasi ginen, eta hara ez nuenez sekulako tramankulua eraman nahi, sortu nuen kamera bat pospolo kaxarekin egindakoa. Sartzen dut karrete bat, eta pintza batekin jiratuz, posible dut 20 bat argazki ateratzea, aldiro papera aldatzen ibili beharrean. Orain gogoa daukat bizitza ospatzen hasteko. Bizitza eta heriotza. Indian ikasi dudan bezala, dena bat da, eta heriotza ez da itzuri egin beharreko zerbait. Badago Dirty Three izeneko banda bat, Nick Cave-ekin biran ibili izan dena. Ba nik ere aurkitu dut nire Dirty Three-a, eta nahi dut jarraitu musika banda koskor bat osatzen argazki lan bat aurkeztean. Oraingoan, Indiako instrumentuekin. Hori bai, argazkiak Indiako folklorean erortzen ez diren bezala, haiek ere debekatuta dute hango musika jotzea. Beraz, batetik daukat Indiakoa. Bestetik, Urumea ibaiari buruzko lan bat egiten ari naiz. Latak uretan sartuta, erreka subjektu bihurtu nahi dut. Guk erreka ertzetik ikusten dugu beti, baina errekak nola ikusten gaitu gu? Hor ere musika banda bat osatu nahi nuke, ontziak eta ura nahastuta. Eta azkenik, Elodie Baffalio pianojole zuberotarrarekin beste proiektu bat egiten ari naiz, Pirinioen bi aldeak lotuko dituena. Bera ere beste zikinbrillo bat da: inprobisatzen ibiltzen da, eskuekin sokak jotzen ditu… Ez dadila epe luzeko proiekturik falta. Horrek mantentzen nau bizirik.

Kanal honetan artxibatua: Argazkilaritza

Argazkilaritza kanaletik interesatuko zaizu...
2017-09-01 | ARGIA
"Munduko argazki lehiaketarik handiena" Euskal Herrira ekarri dute

Wikipedia osatzen laguntzen duten bolondresek antolatutako argazki lehiaketa da "Wiki Loves Monuments". Monumentu eta ondarearen inguruko argazkiak denen eskura jartzeko asmoz sortu zen ekimena. Egun 76 herrialdetan antolatzen da eta aurten, lehen aldiz, Euskal Herrian parte hartzeko aukera izango da.


2017-08-29 | Hiruka .eus
Globalizazioaren ondoko efektuen gaineko hausnarketa egingo du Getxophotok

Abuztuaren 30etik urriaren 1era arte, munduko 23 artistaren lanak ikusi ahal izango dira Getxoko Nazioarteko Irudi Jaialdian; hainbat gunetan erakutsiko dituzte ikus-entzunezko lanak, batez ere aire zabalean. Oraingo honetan, "Trantsizioak" goiburuaren pean, egileek globalizazio ondoko efektuen gainean hausnarketa egingo dute. "Opening" izeneko inaugurazio-ekitaldi ofiziala bariku honetan, irailaren 1ean, egingo dute; Areetako Andrés Isasi musika-eskolan ipini dute... [+]


2017-07-18 | Hiruka .eus
Globalizazioaren ondorioak erakutsiko ditu Getxophotok

Datorren abuztuaren 30ean abiatuko da Getxophoto, izendapen berri bategaz: Nazioarteko Irudiaren Jaialdia izango da. Argazki-erakusketa, ibilbideak, laborategiak, jarduerak eta narrazio berriak urriaren 1era arte gozatu ahal izango dira, "Trantsizioak" goiburu pean.


2017-06-18 | Xabier Gantzarain
Argazki bidezko eskultura

Euskal Herriko artista gehienei gertatu ohi zaien bezala, mundu zabaleko museo eta galerietan bueltaka ibiliagatik, bertan ez da oso ezaguna Naia del Castillo Aira (Bilbo, 1975eko uztailaren 17a). 2002an Okzitaniako Tolosan egiten den Le Printemps de Septembre festibalaren katalogoko azalerako bere lana hautatu zuten, Bulego orduak, eta Le Monde egunkarian atera zen gero. “Harrapatuta” sailekoa da, Espazio domestikoa - Etxeko lanak hau bezala.

Zu eta ni gaude egunerokotasunak... [+]

2017-05-29 | 52 milimetro
Ramadan Munduan zehar

National Geographic aldizkariko 2017ko Bidaia Argazkilaritza Sariak  izan dira berriro ere, eta bertan izugarrizko artelanak aurki ditzakegu. Oso zaila litzateke guztien artean bat aukeratzea, baina Ramadam-aren hasierarekin hau hautatu dugu asteko laburpenaren protagonista bezala.


2017-05-23 | 52 milimetro
Aurrez aurre

Astean zehar Venezuelan buruturiko protesten hainbat eta hainbat irudi jaso ditugu komunikabideen bitartez. Irudietan polizia, manifestariak, zaurituak… ikusi ditugu elkarren arteko borroka amaigabe batean murgildurik. Honako irudiak, berriz, protesten testuinguruarekin zerikusi gutxi duela ematen du eta gehiago hurbiltzen da lasaitasun eta erlaxaziozko egoera batera.


2017-05-18 | 52 milimetro
Moskuren agurra

Lehenengo begiradan paradisuzko hondartza baten ondoan dagoena dirudi. Baina ikusten dugun logela hustu eta hondatua Moskukoa da. Laister, udalak Sobietar Batasunaren garaian eraikitako 4000 etxebizitza inguru eraitsiko ditu.


2017-05-08 | 52 milimetro
Laukizuzen batek kontaturiko istorioak

Baloia, panpina edo puxika haurrentzako jostailu ohikoak dira. Tankeak, ordea, gutxitan ikusten ditugu jostailu katalogoetan eta, are gutxiago, benetako tankeak.


2017-02-05 | Aritz Galarraga
Bidaia zapuztu baten kontakizuna

Marianne Breslauer argazkilari alemanak Euskal Herrian zehar egin zuen bidaia 1933ko udaberrian, Annemarie Schwarzenbach idazle suitzarrarekin batera. Iruñea helburu, sei bat egun eman zituzten bazterrotan, eta bederatzi argazki atera guztira. Berlinera itzuli zirenean, ordea, gauzak ez zeuden partitzean utzi bezala.


2017-01-09 | Arabako Alea
Arabako herriak, goitik begiratuta

Arabako Foru Aldundiak aireko argazkiak egin dizkie herrialdeko hemezortzi udalerriri. Lehendik beste hamalau eginak zeuzkan eta Aldundiak Arabako udalerri guztiei egingo dizkie airez hartutako kalitate handiko argazkiak.


ASTEKARIA Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude