Hautesleek bozen erabilgarritasuna bilatzen dute etsipenez

  • Apirilaren 23an presidente berria hautatzeko lehen bozketa eginen da Frantzian. Hamaika dira hautagaiak, baina bostek baino ez dute neurriko aukera. Horietatik hiruk dute podiuma hurbilen: Marine Le Pen, François Fillon eta Emmanuel Macron.

Mikel Asurmendi @masurmendi
2017ko apirilaren 16a
Inkesten arabera, bigarren itzulira pasaz gero, Macron izanen da presidente. Frantziako inoizko hauteskunde berezienak dira horregatik. Irudian, ezkerretik eskuinera, Marine Le Pen, Emmanuel Macron eta Fraçois Fillon.
Inkesten arabera, bigarren itzulira pasaz gero, Macron izanen da presidente. Frantziako inoizko hauteskunde berezienak dira horregatik. Irudian, ezkerretik eskuinera, Marine Le Pen, Emmanuel Macron eta Fraçois Fillon.

Lehena, muturreko eskuinaren ordezkaria da, bigarrena eskuin klasikoarena. Hirugarrena, Frantzia liberalarena. Bera da hautagai indefinituena. Inkesten arabera, bigarren itzulira pasaz gero, Macron izanen da presidente. Frantziako inoizko hauteskunde berezienak eta zalantzagarrienak dira horregatik.

Lehen bozketarako bi aste eskas falta dira eta hiru hautesleetako batek baino ez du erabaki, boza nori emanen dion. FNko hautagai Marine Le Pen bigarren itzulian izanen da, inkestek bozen %25 iragarri diote eta. En marche!-ko Emmanuel Macron Le Penen mailan dago, bozen %25a jasoko baitu. Les Réplublicains-eko François Fillon (LR) da hirugarrena, aurreko horiengandik zazpi puntura: bozen %18 jaso lezake. Itxura batez, lehen biak pasako dira bigarren bozketara, alta, Macronen aldeko bozemaileen fideltasuna ez da guztizkoa. Bozak inoiz baino “likidoagoak” dira. Frantziako presidentetzarako hauteskunde hauek paradoxikoak dira inondik ere.

Inkestek honelako emaitzak iragartzen dizkiete gainerako hautagaiei: Jean-Luc Mélenchon, %15. Benoît Hamon, %10. Aurreko hiruekin batera faboritoak dira. Haatik, gezurra badirudi ere, badaude ere beste sei hautagai: Nicolas Dupont-Aignan, % 4. Jean Lassalle, %1. Nathalie Arthaud, %1. Philippe Poutou, %0,5. François Asselineau, %0,5. Jacques Cheminade, %0,5.

Inkestak, inkestak besterik ez dira. Hautagaiekiko bozemaileen erabakitasuna ez da iraganean bezain finko. Halaber, alderdi politikoek bozemaile berrien atxikimendua zehaztugabea da. Bozemaileen ehuneko 60k bozkatuko balu, ustekabeko albiste litzateke. Adituen ustez, abstentzioa %50era hurbil liteke. Areago, uneon, boza emanen duen hautesleen herenak baino ez du erabaki nori eman. Beraz, hautagai faboritoek ez dute bozen aldeko lehia guztiz ebatzia, kanpainan boz asko galdu lezakete ustekabez, baita asko irabazi ere.

Halaber, ez dezagun ahantz, ekainean Hauteskunde Legegileak izanen dira. Presidente izango denak ezin du kanpaina egin, haiek kontuan hartu gabe. Adibidez, Le Pen eta Macron hautagai faboritoek ez dute ia ordezkaritzarik Frantziako Legebiltzarrean. Frantziako azken agintaldietan eskuineko LR eta ezkerreko PS alderdiak dira politikagintzaren oinarria. Macron edota Le Pen presidente izateko posibletasunak Frantziako politika aro berri baten atarian dagoela ematen du aditzera.

Boz erabilgarriaren etsipena

Ziurgabetasuna nagusi izan da kanpainaurrean, herritarren etsipena agerikoa da, eta hauteskunde giroa ez da hobetu. Hala ere, hauteskundeak egoki landutako kanpainaren bidez irabazten dira, baita politikarien trebetasunari esker. Programak herrialdea gobernatzeko baino hauteskunderako “bitartekoak” dira. Ukatu gabe, hautagaien programak eskergak direla. Marine Le Penen programan 144 gai aipatzen dira. Hala ere, Europa eta immigrazioa hitzak nagusitzen dira bere diskurtsoan, jakin baitaki horien erabilpenaren arabera lortuko duela boz gehien. Berea omen da programa ekonomiko indefinituena. Bera da herritar gehienengan “beldur” handiena sorrarazten duena, eta bera da frantziar nazionalista sutsuenen esperantza bakarra. Le Penek frantziarren identitatearen ahultasuna egungo Europan jartzen du ezbaian. Hautagai guztiak dira elkarrekiko arerio, alabaina, Le Pen da beste lau faboritoentzat “etsai” nagusia. Horrek bigarren itzulira pasatzeko indarra ematen dio, eta bigarren itzulian galtzaile agertzen da Macron edo Fillonen aurrean. Inkestek Le Pen eta Macronen arteko lehia izanen dela aurreratu dute jada: Emmanuel Macron presidente litzateke, bozen %66 jasoko luke.    

Macron da presidente izateko aukera gehien duena, baldin eta bigarren itzulira pasatzen bada. Horra Macronen berezitasuna! Eta paradoxikoki ere, Fillon da arerio zuzena. Fillon ordea, “ukitua” iritsi da kanpainara, Hollande presidenteari haren aurkako “kabinet beltza” muntatu izana leporatu dio, Macronen aldeko apustua egin duela dio Les Républicains-en hautagaiak. Fillonen programa ere eskerga da, besteak beste, fiskalitatea bateratu nahi du eta Europakoarekin harmonizatu. Erretreta 65 urtean finkatu eta Hollanderen gobernuaren 35 orduko lan-astea kendu nahi du. Horiek guztiak ez dira txartzat jotzen, adituek baina “ez dituzu nola eginen duzun ondo zehazten” aurpegiratzen diote, baina beste hautagaiei ere gauza bera aurpegiratzen diete. Adituak betiere, hautagai bakoitzaren ideologiari atxikiak izan ezean, bistan da. Macronen programan ere fiskalitatea arautzearen asmoa ageri da, berau optimizatzearen beharra. Frantziako BPGaren defizit estrukturalak ez duela %3 gainditu behar dio, baita 2022. urterako %0,5ean ezarriko duela esan ere.

Macron Fillonen fotokopia dela dio Le Penek. Fillonek, berriz, Macron Hollanderen oinordekotzat jotzen du. Hollanderen ekonomia ministro ohiak, ordea, arazoak ditu Hollanderen bost urteko gobernuaren gestioa “ontzat” emateko. Ez da arazo bera duen hautagai bakarra, Hamoni gauza bera gertatzen zaio. Macronek baina, urrats sendoa eman du, lehen ministro ohi Manuel Vallsek babestu baitu presidente izateko. Macronek dio ez dela eskuinekoa ez ezkerrekoa, ezta zentrista ere. Nolanahi den ere, zentristek haren programa ontzat eman dute. UDI alderdi zentristaren aitortu gabeko atxikimendua du Macronek eta MoDem-arena aspaldi jaso zuen François Bayrouren bitartez. Macronek, uneon betiere, hautesle gehien biltzen duena da, baina haren aldeko bozen bi herena baina ez da erabat finkoa. Hautagai guztien artean, bere profila da bitxiena. Politikan ibilbide urriena dauka, baina bera da Frantziako presidente baten erabakietan –arlo ekonomikoan hain zuzen ere– parte hartu duen bakarra, Hollanderen magalean jardun baitu azken agintaldian.

Hamon sendo hasi zen kanpainaurrean,  bozen %15 agindu zioten inkestek, baina azkenaldion, %10era erori da. Vallsen erabakiak hainbat bozemaileren asmoa aldarazi du, antza. Bozen “erabilgarritasuna” haizatu du Vallsek eta horrek amorrua eragin du Hamon hautagai sozialistaren sostengatzaileen artean; Vallsek PS noraezean jarri du inola ere. Macronen ibilbidea erraztu du Eliseora eta Hamon hondoratu. Aldi berean, Frantzia intsumisoa-ren lemapean ari den Jean-Luc Mélenchoni nolabaiteko bulkada eman dio. Bozen %15 auguratu diote inkestek. Haatik, horiek ez dira nahiko bigarren itzulian egoteko. Mélenchon da hautagai guztien artean “gerri politiko” gehien daukana, kanpainan hobekien moldatzen dena. Bere programan sei proposamen ekonomiko nagusi daude: pobrezia apaltzeko soldatak igotzea, gazteekiko begirunea, 35 orduko lan-astea ongi zehaztea, iraultza fiskala ezartzea, finantzak ongi arautzea eta estatu protekzionistaren ideia berritzea. Hala ere, bere liluramendua ez da aski ezkerreko herritarrak konbentzitzeko, promesen garaia pasa da lur jotako ezkerreko bozemaileentzat. Hamon da horren lekuko. Ehun mila funtzionario gutxiago nahi du estatuaren egituretan. Errenta unibertsala delakoa ezarri nahi du. Kanpainaurrean horiek utopikotzat jo zituzten herritar gehienek, orain bere proposamenak aintzat hartuak izan daitezen buru-belarri ari da. Ez dauka lantegi erraza. Bera da faboritoen artean gaizkien paratutako hautagaia.   

Hautagaien arteko partida nagusia Macron eta Fillon artean jokatzen da. Irudi luke, bi horien bozak Le Pen, Hamon eta Mélenchonen hautesleen erabakien esku daudela. Ez ditzagun beste sei hautagaiak ahantzi, hala ere. Dupont-Aignan eskuindarrak –Sarkozyren bidaidea iraganean, LRen aurkari sutsuena da egun– bozen %4 jaso lezake. Fillonek arerio bat gehiago dauka. Poutou eta Arthaudek bozen %1 jaso dezakete. Beren hautagaitzek ez dute Mélenchon ez Hamon sendotzen. Lassalle, Asselineau eta Cheminade hautagai zentrista, eskuindar eta liberala hurrenez hurren, eskuineko disidentziaren ordezkariak dira. Alegia, bozak ez dira ebatzita. Hamaika lagunen arteko lehiakortasunak hautagai nagusiak ahultzen dituzte. Hautesleek beren bozen “erabilgarritasuna” bilatzen dute etsipenez.


Frantziako hauteskunde presidentzialak kanaletik interesatuko zaizu...
Ezkerra bidegurutzean

Azken hamarkadetan ezkerraren barruan gertatzen ari dena “iraultzailea” da. Bere baitan topa dezakegun perfil soziologikoen arteko aurkakotasuna oso nabarmena da. Alde batetik, balio posmaterialistetan –labur esanda: feminismoa, ekologismoa, arrazakeriaren aurkakoa eta abar– oinarritzen den taldea dugu, gehienetan klase ertainetan kokatzen dena eta egoera sozioekonomiko eta ongizate altua duena. Bestetik, globalizazioaren galtzaileak ditugu, jende prekarioa, askotan... [+]


2017-05-21 | Itxaro Borda
Zapatak

Iragan astean, mendiko zapata berriak erosi ditut, izendatuko ez dudan kostalde oparo honetako kirol denda batean. Ez naiz alpinista, ez naiz itsuki gailurren lehian dabilen horietarik ere, maldetan gora eta behera ibiltzea maite duen hiritar hutsa baino: gustatzen zait hatsak nola urratzen dizkidan birikak, demagun Larrunen hondar malkarretan ernatzen naizenean. Iparla, Okabe eta Ehüjarre erantsiz osatzen dut nire tontor lauko kuttuna.

Zapata onak behar ditut, hala ere. 2007an eskuratu... [+]


2017-05-14 | Mikel Asurmendi
Macron presidente: promesak egia bihurtuko balira

Emmanuel Macron da Frantziako presidente berria, hautesleen bozen %65,5 jasota. Marine Le Penek, berriz, %34,2 boz bildu ditu. Macronek 20,7 milioi herritar inguratu ditu eta Le Penek 11. Sei milioi hautesle abstenitu dira.


Ipar Euskal Herrian Macron garaile, alde handiagoarekin

Ipar Euskal Herrian ere atera da garaile Emmanuel Macron, botoen %76,52 lorturik. Abstentzioak, baliogabeko botoek eta boto zuriek ere presentzia handia ukan dute, orokorki, aurreko hauteskundeetan eta zehazkiago, lehen aldiz Le Pen bigarren itzulian kokatu zen 2002 urtean baino askoz handiagoa.


2017-05-14 | Juan Mari Arregi
Zeini ematen dio boza langile klaseak?

Zergatik irabazi dute eskuinak eta ultraeskuinak Frantzian? Hori ere garbi dago. Frantziar ezkerrak, europarra bezain zatitua, bide eman du azken urteetan egoera hori gerta dadin.


2017-05-14 | Asier Blas
Bost urteko su-eten konplikatua

Artikulu hau idatzi dudan unean oraindik ez da Frantziako hauteskunde presidentzialen bigarren itzulia izan. Halere, inkesten arabera, Emmanuel Macronek Frantziako presidente berria izan beharko luke. Bruselan pozik egongo dira urteko bigarren match point-a salbatu dutelako. Herbehereetako kasuan bezala, bakar-jokoan tranpak eginez bada ere, europar teknokraten bulegoetan arnasa berreskuratzen laguntzen dien haize ufada bat sentitzen arituko dira orain.

Macron Frantziarako Matteo Renziren... [+]


Ipar Euskal Herrian Macron garaile, alde handiagoarekin

Ipar Euskal Herrian ere atera da garaile Emmanuel Macron, botoen %76,52 lorturik. Abstentzioak, baliogabeko botoek eta boto zuriek ere presentzia handia ukan dute, orokorki, aurreko hauteskundeetan eta zehazkiago, lehen aldiz Le Pen bigarren itzulian kokatu zen 2002 urtean baino askoz handiagoa.


Ezkerra bidegurutzean

Azken hamarkadetan ezkerraren barruan gertatzen ari dena "iraultzailea" da. Honen barruan topa dezakegun perfil soziologikoen arteko aurkakotasuna oso nabarmena da.


2017-05-08 | Jakes Bortairu
Nehoiz ez ikusia

Emanuel Macron Frantziako V. Errepublikako zortzigarren presidentea atera da bigarren itzulitik. Haatik, ezustez beteriko ziklo elektorala ez da horretan bukatzen.


2017-05-08 | Itxaro Borda
31 eta paso?

Hara, frantsesek hautatu dute datozen bost urteetan buruzagi gisa edukiko duten lehendakaria: adinez gaztea, bankari eta ministro ohia, suhi ideala askorentzat, kontraesanez betea, beldurgarria neurri handi batean erreforma drastikoak eramango dituelako ekonomia eta sozial mailan, alderdi klasiko bat baino mugimendu heteroklitoa den En Marche!-en sortzailea, politikaren xake jokoaren taula uhertzen duela ezkerra eta eskuina olde berdinean urtuz. Makronismoaren uhinak irentsi gaitu hondarrean,... [+]


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude