Eraldaketarako erresistentziak etxetik datozenean

  • Ezker eraldaketaren gurpilari makila etxekoek sartzen diote sarri, bat datoz horretan Lorea Agirre, Pili Alvarez eta Jokin Azpiazu. Feminismori ezker mugimenduetatik jartzen zaizkion erresistentziez aritu ziren urte hasieran Bilbon, Rosa Luxemburg Konferentzian.

Lorea Agirre, Pili Alvarez eta Jokin Azpiazuren ustez, ezkerreko mugimendu orok jartzen dio erresistentzia feminismoari. Argazkia: Dani Blanco
Lorea Agirre, Pili Alvarez eta Jokin Azpiazuren ustez, ezkerreko mugimendu orok jartzen dio erresistentzia feminismoari. Argazkia: Dani Blanco

Zergatik du generoak halako garrantzia ezkerreko mugimendu eraldatzaileetan? Zer egiten dugu menderakuntza ezberdinekin? Hala hasi zuen Lorea Agirre kazetariak eta Rosa Luxemburgen biografiaren egileak solasaldia, generoak norbanakoari gizartean ematen dion lekuaz ohartarazi eta intersekzionalitateari begira jartzeko. 

Luxemburgek genero eta langile zapalkuntzak azalean bizi eta salatu bazituen ere, feminismo intersekzionala 80ko hamarkadan Angela Davis eta beste hainbat feminista beltz estatubatuarrek abiatu zutela azaldu zuen Agirrek. Honen arabera, zapalkuntzek elkar indartzen duten aldetik, subordinazio denetatik irteteko borrokak ere intersekzionalak, elkarri lotuak, behar dute izan. 

Menderakuntzak esplizitatu egin behar direla adierazi zuen Agirrek, eta interpelatu, zapalkuntzaz gain, pribilegioa non dagoen esanda. Intersekzionalitateak estigmatizaziotik eta biktimismotik aldentzea dakarrela azaldu zuen, eta mugimendu eraldatzaileetan intersekzionalitatea landuko bada, norbanakoek garrantzi handia dutela: “Mugimendu feministak lortu duena ezin du galdu ezkerreko mugimenduetan sartzean”. 

Egun feminismoak, gizon-emakumeen arteko parekidetasunaz gain, demokraziaren garapen eta inklusio politikoaren aldeko lana egiten duela nabarmendu zuen. Olatz Dañobeitia dinamizatzaileak galdera bana luzatzeko eskatu zien hizlariei, eta ezagun dena hautatu zuen kazetariak: Izan zaitezke ezkertiar feminista izan gabe?

Jokin Azpiazu:
“Feminismoa sinplifikatzeko interesa eta ‘susmagarrien’ taldetik ateratzeko presa dira gizonek feminismoarekiko dituzten arazo nagusi bi, baita behin hiruzpalau formula ikasita, amaiera duen prozesu gisa ikustea ere”
Argazkia: Dani Blanco

Erasotzailea etxean 
Agirreren ondotik, Pili Alvarez soziologo eta militante feministak heldu zion hitzari. Eraso matxisten aurkako protokoloak sortzerakoan eta gizarteratzerakoan ezker mugimenduetan antzemandako zailtasunak hartu zituen hizpide. Gaurkoz protokoloak talde gutxitan lantzen direla esan zuen, are gutxiago talde barruko erasoei aurre egiteko barne protokoloak. Askok horren beharrik ikusten ez dutela esan zuen, behiak trenari nola begiratzen diotela.

“Minkorrena da pentsatzea ezkertiarrak garelako errazagoa izango dela protokolo bat onartzea”. Mugimendu asanbleario eta horizontaletan, metodologiaren garrantziaz ez ohartzea oztopotzat du Alvarezek. Protokoloa prozesu gisa irudikatzea kostatzen dela adierazi zuen, eta “erasotzaile” hitzarekiko erresistentziak daudela. “Kide guztiok ez dugu formakuntza feminista, are gutxiago indarkeria matxistaz. Gure artean ez da entzuten ‘langileek ere zapaltzen dituzte beste batzuk’ edo ‘ezagutzen dut langile bat burgesa jo zuena’, bai ordea, neskak gure artean ere gaizki portatzen garela edo guk ere mutilak eraso ditzakegula, eta hori egiturazko indarkeria ez ulertzea da”. Berdin frogen beharrarekin. Alvarezen esanetan, ohikoak dira “eta zigortzen badugu mutil bat froga gabe?” bezalako galderak, neskaren iritziari zilegitasuna emateko erresistentziaren isla, Alvarezen ustetan.

Jai esparruan erasoen afera talde feministen eskuetan uzten dela nabarmendu zuen: “Beste eragileek hitz politak bai, baina inplikazio eskasa. Ni nagoen talde feministan gutxi gara eta disposizio gutxi dugu, adibidez, jaietan protokoloko telefono txandak egiteko”. Eragile ugari daudenean, ordea, zaila da bermatzen protokoloaren ezagutza guztiek dutela.

Ohiko beste traba bat ere aipatu zuen Alvarezek: denbora. Taldearen lan karga eta protokoloaren kargaren arteko talkara ez dira egoten ohituta, eta protokoloak askotan ekimena gainean dagoela presaka egiten direla aipatu zuen, eztabaidatu gabe. 

Espazio “askatzaileetan” ere komunikazio eredu hegemoniko arrazionala nagusi izanik, “masa isilaren” gainetik ahots batzuk nabarmendu ohi direla esan zuen ekintzaile feministak. Eta tentsioen aurrean, teorizaziotik hitz egiten dela sentimenduetatik baino, barne protokoloetan karga emozionala askoz handiagoa bada ere. Asturiasko talde feminista baten testutik irakurri zuen errazagoa dela kide histerikoa irudikatzea, kide erasotzailea baino, eta beraz, gaizki ulertu gisa kokatzen direla, horri aurre egiteak dakarren lana ekiditeko.

Pili Alvarez:
“Gure artean ez da entzuten ‘langileek ere zapaltzen dituzte beste batzuk’ edo ‘ezagutzen dut langile bat burgesa jo zuena’, bai ordea, neskak gure artean ere gaizki portatzen garela edo guk ere mutilak eraso ditzakegula, eta hori egiturazko indarkeria ez ulertzea da”
Argazkia: Goiena

Eta behin protokoloa izanda, nork inplementatu? Alvarezek ikusi ahal izan duenez, “oso jende gutxi dago prest erasoa jaso duen neskari harrera on bat egiteko, eta hori da lehenengo pausoa protokolo batean”. Halere, zailtasunak zailtasun, protokoloa izatearen eta prozesutik talde kohesionatuagoa ateratzearen alde baikorrak azpimarratu zituen. Dañobeitiaren eskakizunari erantzunez, hau Alvarezen galdera: Zergatik jokatzen dugu gure artean sexismorik izango ez balitz bezala? Zelan eraldatu dezakegu hori?

“Feminismoa ez da gizonona”
Gizonetik gizonera zuzendu zen Jokin Azpiazu soziologo eta ekintzailea, oro har: “Onartu dezagun, gizonok klase sozial bat gara eta egiten ditugun gauzak klase sozial horren baitan egiten ditugu; beraz, gustuko edo ez, erasotzaile horiek gure klase sozialekoak dira”. 

Feminismoa sinplifikatzeko interesa eta “susmagarrien” taldetik ateratzeko presa dira Azpiazurentzat gizonek feminismoarekiko dituzten arazo nagusi bi, baita behin hiruzpalau formula ikasita, amaiera duen prozesu gisa ikustea ere. “Bizitzako ordu gehienak pasa ditut feministaz inguratuta, eta ez dut ezagutzen bat bera ere zeinarentzat feminismoa prozesu erraza izan den”. Besteak beste, pribilegioak kudeatu behar direlako: “Zer egiten dugu atetik lesbianak sartu eta gure heterosexualitatearen pribilegioa planteatzen digutenean?”.

Bata bestearen segidan eta aho bilorik gabe zerrendatu zituen gizonengan igarritako erresistentziak Azpiazuk: “Hasteko ez dugu gure burua errudun ikusi nahi. Erruaren inguruan egin den teorizazioa, kontzeptu kristau gisa, ez da gustukoa ezker mugimenduetan. Ez dut esaten errua hartu, etxera eraman, eta azkenean esatea ‘bai, nire errua da, nire errua da’ harik eta emakume batek esan arte ‘bueno lasai, ez da hainbesterako’. Aldiz, mekanismoak sortzen baditugu tarte batez errua esku artean hartu eta esateko ‘ze mailatan da nirea eta zer egingo dut?’, hortik topatuko ditut bideak soluzio politikoetarako”.

Gizon “gaiztoak” karikaturizatu eta “gizon onen multzoan” kokatu nahia aipatu zuen, bestetik. Azken sanferminak adibide: “Gainditu beharreko gizontasun eredua ezin da izan guardia zibil bortxatzailearena. Nahi ez dugun gizon eredua muturrera eramaten dugu, gutariko gehienak hortik ateratzeko, gure marra gorriak zeintzuk diren eta egunean zenbatetan zeharkatzen ditugun pentsatu ordez”.

Lorea Agirre:
“Mugimendu feministak lortu duena ezin du galdu ezkerreko mugimenduetan 
sartzean”
Argazkia: Jaizki Fontaneda / Argazki Press

Feminismora hurbildu eta “gizon perfektu” bilakatzeko nahia aipatu zuen Azpiazuk: “Etxera ailegatu eta gure heterosexualitatea 2.0. edo 3.0. praktikatuta, oso gizon berdinzaleak izan gaitezke baina sakonean gertatzen zaiguna da aurrekoan lagun batek kontatzen zidana, minduta dagoela bere karrera profesionala pikutara joan delako ume bat izatean, eta bere bikotearena ez”. Marina Garcés filosofoaren hitzak baliatu zituen, politika arriskuan jartzean egiten dela azaltzeko. “Politika feministan zerbait esan nahi badugu gizonok, edo ez esan, gure burua ere arriskuan jarriz izan beharko da”.

Eraso duen gizonak ez du definitzen hori eraso bat den edo ez. Hartara, egoera definitu ezina ere erresistentzia dela aipatu zuen soziologoak. “Klase sozial berean, gizon horren egoera definitzeko ezgaitasunarekin identifikatzen gara. Horregatik, gizontasunari traizio handiak edo txikiak egin beharra”. 

Beste apunte bat “Denok gara feministak” leloaren harira: “Gizonok garbi izan behar dugu feminismoa ez dela gurea, agian guretzat, agian gurekin izan daiteke, gurea ez da”. Gizon dezente konpromisoa hartzeko prest ikusi arren, hori ikusgarri egiteaz duda azaldu zuen, gizonak feminismoaren alderik ikusgarrienera ez ote diren batzen. “Lagun bat erasotzen dutenean, gizonezkook ematen dugun ostia matxirulo heroiko hori oso ikusgarria da, baina eraso horren ondorengo lanak ikusezinak”.

Zuzen gizonei zuzenduz amaitu zuen solasa: “Ez planteatu feminismora gerturatzea igerilekura buruz bota eta guztien aurrean bainujantzia erakusten ateratzea denik”. Eta Luxemburg gogoan, azken galdera, ez horregatik garrantzi gutxiagokoa: “Prest al gaude gizonok gure burua klase sozial gisa identifikatzeko eta ez soilik subjektu gisa? ‘Ni ez naiz horrelakoa’ alboratuta, gure ardura gure gain hartzeko?”.

Hitzaldia osorik multimedia kanalean: www.argia.eus/multimedia/solasaldiak/ezker-erresistentzietan-feminismoari-erresistentziak-zer-egin


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
Analisia
Ez iskin egin zaintza sistemari

Arabako Foru Aldundiaren erabaki batek etxez etxeko zerbitzurik gabe utzi ditu 150 pertsonatik gora, EH Bilduk salatu duenez. 700 euroren truke etxe barruko langile edo interna jarri behar izaten dira emakume etorkin asko, ez dutelako logela bat ordaintzeko modurik, Nafarroako... [+]


Gorputz hotsak
"Literatura izan da tristezia ulertzen lagundu didana"

Erantzunik gabeko galderez inguratuta eta “tristezia sakona” sentituz bizi izan da Daniela Cano. Artista kolonbiarra da, eta pandemia betean Madrilera ihes egin behar izan zuen Kolonbian mehatxatuta zegoelako. Arteaz, bereziki literaturaz baliatzen da erantzunak... [+]


Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


2024-04-02 | Euskal Irratiak
Maialen Berra Zubieta: "Baionan ere queer mugimendua bada"

Bitxi Bitxi queer kolektiboa sortu dute hogei bat kidek berriki Baionan. Queer izatea, heteronormatibitatetik kanpo izatea da besteak beste. Baita genero ezberdinen adierazpena sustatzea ere.


Eguneraketa berriak daude